Historialariak

Echegaray Corta, Carmelo de

Historialaria. 1865ko uztailak 3, Azpeitia - 1925ko azaroak 4, Gernika.

Carmelo Echegaray definitzeko erabiltzen den lehenengo ezaugarria autodidakta izango litzateke, ia prestakuntza akademikorik ez baitzuen eduki, hala ere honek bere kasuan ez du inolako demeriturik ekarri, alderantziz, foraltasunaren ikerketa historiko eta iturrien antolaketan egindako ikaragarrizko lana goraipatzen du.

Aberastasun edo ondasun baliabiderik ere ez zuen eduki, horregatik nerabezaroan senitarteko baten babespean egon behar izan zuen eta segituan ordainduriko lan-jarduera bat bilatzera behartua egon zen. Behar hauek Azpeitira eraman zuten, bere jaioterria, eta Zumaiako portuko kapitaina zen bere aitaren heriotzaren ondoren, 1880ko apirilean, Santanderrera joan zen hiru urtez bere osaba batekin bizitzera hau hil zen arte, 1884an Donostian ezarri zelarik Gipuzkoako Aldundiko langile bezala.

Bi baldintza hauek, Santanderren bizi izan zen denboraldia eta erakunde foralarekin edukitako lotura hain zuzen, Echegarayren lanbide-karrera trazu nagusitan azaltzen dizkigu. Santander, ez bertan egin zituelako frantses, ingelesa eta ekonomia politikari buruzko ikasketa bakarrak 1881-1882 eta 1882-1883 urteetan, baizik eta bere auzokide izan zen Menendez y Pelayo ospetsuarekin harreman emankor eta iraunkor bat ezarri zuelako. Maisu eta dizipulu arteko oinarrizko harremana izan zen, hauen kanpo adierazpen nagusiak alde batetik 1890tik bien artean mantendu zuten korrespondentzi oparoa eta bestetik, Echegarayk ziur aski bere maisu zuzen bakarra izan zenaren aparteko liburutegi eta oroimenena mantentzen eduki zuen zeregina izan ziren.

Gipuzkoako Aldundian lan egiteko aukera gure pertsonaiak zituen literatur zaletasun goiztiarraren dohainei esker eskaini zitzaion, foru alorrean egin zuen lanarekin alderatuz, zaletasun honen garrantzia bigarren planoan gelditu delarik: Donostiako 1883ko Euskal Lore Jokoetan aurkeztutako eta saritutako euskarazko olerkiak, bertako epaimahaiak Echegarayen alde egin zuelarik Aldundiko bulegotan postu bat eskuratuz. 1884tik 1896ra historiarekin loturarik gabeko zereginak burutu zituen, nahiz eta hauek izan ziren jakintzaren oinarria eskuratzea egin zutena eta profesionalki aurreratzen lagundu ziotenak. Hasiera batean artxiboetako antolatzaile, ondoren liburuzain eta 1892tik aurrera ikertzaile historiko gisa batez ere, Aldundi beraren enkarguz Gorteko artxiboetan esploratze lan garrantzitsua egin zuenean.

Historialari hutsetik ezberdinak diren alor intelektual horietatik, bere bizitza guztian zehar intentsitate handiago edo txikiagoarekin lan egin zuenetan, Echegarayk gizarteari oinordetzan lan zehatzak utzi zizkion. Artxibo antolaketaren alorrean, metodo bateratu batez Udal Artxiboen konponketari ekin behar zitzaiola adierazten zuen Memoria bat aurkeztu zuen. 1891ko urriak 31an Aldundiari aurkeztua, 1898an argitaratu zen Archivos municipales de Guipúzcoa, orden en que han de ser arreglados y sistema definitivamente adoptado para la organización de los mismos izenburupean. Bibliotekonomia alorrean, eta argitaragabe gelditu ziren beste batzuk alde batera utzirik, ondoren argitaraturiko bi txosten egin zituen Bizkaiko Aldundiaren enkarguz. Lehena 1898an, "La Biblioteca de Sagarmínaga" bezala, funts bizkaitar horren eduki, katalogazio plana eta sustapen sozialaren inguruan. Bigarrena, 1906koa baina 1961an argitaratua, Manuscritos procedentes de la Biblioteca del Príncipe Luis L. Bonaparte bezala; Aldundiak eskuraturiko eskuizkribu taldeari (nahiz eta jatorriz filologia bilduma garrantzitsuenetako batena izan, batez ere euskal hizkuntzaren dialekto eta azpidialektoei dagokionez) eman behar zitzaion balio, kontserbazio era eta ordenaren ingurukoa. Echegarayk bete-betean parte hartu zuen euskararen literaturaren berrezarkuntzaren mugimenduan, euskal filologia gaietako egile, iruzkingile eta aholkulari ikuspegi hirukoitzean. Inoiz ez zuen alde batera utzi bere ama-hizkuntzaren literatura erabilera hitzaldi, konferentzia eta 1925an hil zen arte parte hartu zuen lehiaketetara bidalitako lanetan. Hauetariko lan batzuk Bilintx eta Otaegui bezalako egile euskaldunen eta beraien lanen inguruko ikerketa kritikoak izan ziren eta Euskal-Erría eta Euskalerriaren-alde aldizkarietan argitaratu zituen.

Historia lantzea da, fazeta kontzeptuala Menéndez y Pelayok bideratua eta praktikan Gipuzkoako iraganaren ikerketara bideratua, 1896an Euskal Probintzietako Kronikari gisa egin zitzaion izendapena justifikatzen duena. 1893 eta 1895 artean argitaratu zituen liburuen eta Historiako Errege Akademiak emandako enkargu berezi bat izan ziren bere ibilbide profesionalaren gailurra. Bere kargu berriarekin bat zetozen betebeharrekin, Bizkaiko Aldundiaren proposamenez sortua, Echegarayk bere bizilekua Gernikara aldatzea komenigarri uste izan zuen eta bertan bizi izan zen1925ko azaroaren 4an hil zen arte. Egin zitzaion azken esker ona 1922ko urte bukaerako Euskaltzaindiko kide izendapena izan zen, euskal hizkuntzaren literatura erabilera eta etengabeko lantzearen omenaldi gisa. Honez gainera jaso zituen beste ohore batzuk aipatu behar dira, hala nola, Historiako Errege Akademiaren urgazlea eta Arte Ederretako Errege-Delegatua Gipuzkoan. Zuzendaritza eginkizunen jardueran ere ibili zen, hala nola, Bizkaiko Euskal Kulturaren Batzordean, Euskalerriaren-alde aldizkariko Kontseiluan eta batez ere Eusko Ikaskuntzan, sortu zen unetik bere Batzorde Iraunkorreko kide izan zelarik.

Echegarayk foraltasunerako eduki zuen gailentasuna, berari dagokion testuinguruan, eta gaur egun ekarpen horrek suposatzen duena, aspektu ezberdinak osatzen ditu, besteak beste, kronikari moduan idatzitako lan zabal bat ezezaguna delako. Foru historiaren gaiaren inguruan egin zituen argitalpenetatik etekin zuzena atera genezake baina zorizkoa da XX. mendeko lehen laurdeneko euskal instituzioetako joera forulari-autonomistan berari dagokion zati zehatza aztertzea. Badakigu kronikari gisa aholkulari zereginak bete zituela, historia alorrean hainbat garrantzizko kudeaketa prestatze lan osoak eginez herrirako oinarrizko ziren negoziotan, batez ere informazio iturrien aukeraketa eta aurrekarien ikerketan. Lan hau gauzatzerakoan txosten kopuru anitza idatzi zuen, berehalako interesei balio zioten erreferentzia historikoak eskainiz, Foru Instituzioen eskakizunez eta ekintza politiko zehatzetan erabiltzeko. Dirudienez Aldundietako dekretu batzuen testua ere idatzi zuen eta artikulu anonimoak argitaratu zituen prentsan Gorteko bitarteko politikoetan Kontzertu Ekonomiko erregimenerako mesedegarri izango zen giroa sortzeko helburuarekin.

Historia arloan zeukan prestakuntza akademiko eza adore eta kemenez ordezkatu zituen garaian indarrean zeuden egiteko modu eta jokabideen ikasketa pertsonalaren bidez, honek ospe intelektual handia eskuratzen lagundu ziolarik. Honela, arlo honetan garai hartan gehienezko aginte zen Menendez y Pelayok argi utzi zuen guztia hau, beretzako Carmelo de Echegarayren ahalmen ikertzaile eta kritikoak ez zeukala parekorik garaiko Espainian. Echegarayk egiten duen historiak zientifikoa izan nahi du metodo aldetik, egia ikur gisa datuetan tinko oinarritua, gizartearena izan nahi duena, norbanakoaren batuketa diren komunitateena, jarduten denean pertsona historikoa osatzen duena bere segidako jokabideak biltzea interesgarri delarik, ez baitira aukera partikularren adierazpen (egoeraren araberako eta ausazkoak), baizik eta, arrazoiz esplikatu daitezkeen erabakiena eta guztien bilakaera eraikitzen duten indar espiritualena.

Datuari heldutako historia, iturrien ikerketarekin funtsez eta zuzenean lotzen ditu. Euskal Herriari buruzko iturri dokumental nazional eta nazioartekoen zenbait bilduma eta analisia lan argitaratu zituen. Heldutasunez beteriko lanak dira, XX. mendean argitaratuak, bai berezko ekimenez eginak, Los archivos municipales como fuentes de la historia de Guipúzcoa bezala (Donostia, 1905), bai Eusko Ikaskuntzak eskatuta egindako Informe acerca de los documentos referentes a la historia vasca que se contienen en archivos públicos (Donostia, 1919) bezala eta erakunde berak zuzentzeko eskatu zion Índice de documentos referentes a la historia vasca que se contienen en los archivos de Brujas, bera hil ondoren argitaratu zena. (Donostia, 1929).

Argitalpen ordena hau Echegarayk Informean euskal historiaren ikerketarako goraipatzen zuen egitasmora egokitzen da: udal, parroki eta etxe pribatuetako artxiboetan hasi ikerketak burutzen eta ondoren bilaketa-eremua gaiari buruzko dokumentuen artxiboetara zabaldu. Lanerako tresna oinarrizkoena lekuko artxiboak zirenez, logikoki lehenengo ikerketa historikoak eremu geografiko horretara mugatu ziren. Echegaray sistema hori sutsuki defendatzen zuen, ez nekazari abertzaletasunarengatik baizik eta koherentzia metodologiko huts batengatik baizik. Burutzen dituen lekuko ikerketetan osagarriak diren bi ardatz ezberdindu behar dira: alde batetik udal foruetan, hiri-gutunetan eta hiribilduen sorreren baldintzetan zentratua dagoena eta bestaldetik, zenbait herriei zuzenduriko monografia historikoetan. Lehenengoen artean azpimarratzekoa da, Fuero de repoblación de San Sebastián, concedido por D. Sancho el Sabio, Rey de Navarra. Trabajo sobre este tema, 1909an argitaratutako liburua. Euskaraz idatzitako lan baten gaztelerazko itzulpena da eta 1906ko Donostiako Euskal Festan saritua izan zen. Bigarrengoen artean, Biblioteka Nazionalean, Historiako Errege Akademian eta El Escorialen burututako ikerketek Noticias históricas de San Sebastián, de Rentería y de Deva idazteko materialaz hornitu zuten, Investigaciones históricas referentes a Guipúzcoa lanean integratuak izan zirenak. Izenburu honen pean argitaratu zuen 1893an Gipuzkoako Aldundiak artxibo nazionaletan foruei buruzko dokumentuak aurkitu eta kopiatzeko egin zion enkargua justifikatzeko Memoria. Udal iturriak erabiliz, Serapio Mugicarekin batera, herri historia oso bat osatu zuen eta Villafranca de Guipúzcoa. Monografía histórica bezala 1908an argitaratu zen. 1922an Gernikan ospatu zen Euskal Ikaskuntzen III. Kongresurako "Guernica. Síntesis histórica" idatzi zuen, urte horretan bertan Euskalerriaren Alde aldizkarian agertu zena.

Datuak jasota eta herri eremu mugatuko iragana argiturik, Echegarayk bere lan orokorretan bilatzen duena bilakaera organikoa modu arrazoituan berreraikitzea da, zergati-ondorio erlazioa bezala ulertua, aurrerapenaren araberako, euskal herrian korronte bat sortzeko eran. Modu honetako lau argitalpen utzi dizkigu, fidagarritasuna bermatu duen artxibo erudizio batean oinarritua eta beraz, erabilgarri mantendu dira urteetan zehar. Irudi hori historia moduan proiektatzea, ez da iragana ulertzeko espresio modu egoki bakarra, baizik eta ezagutzaren metaketaren prozesuari eginiko ekarpen iraunkor eta garrantzitsua da.

Los provincias vascongadas a fines de la Edad Media: ensayo histórico izenburua daramana denboran goiztiarrena izan zen, 1895ean argitaratu baitzen. Ez da oro homogeneoa, hiru zati ezberdinez osatua bait dago Euskal Herriko Erdi Aroari dagozkion gertakari bikainenekin: kristautasunaren sarrera eta zabalkundea, bandoen gudak eta hiribilduen fundazioak. Hirugarren zati hau, liburuaren erdia baino gehiago betetzen duena, nire ustez interesgarriena da, horrek aurrekoak gutxietxi gabe, autoreak sorkuntzek edukitako zirkunstantzien, oinarri juridiko eta sozial eta euskal hiribilduen ondorengo bilakaeren berrikusketa bat egiten baitu.

Dudarik gabe, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa Probintzietako Kronikari izendapenak ikasketen lehentasuna gai foraletarantz zuzentzea baldintzatu zuen, hau baitzen euskal autoritate politikoei kezkatzen zitzaiena. Genero honi buruzkoa da Apéndice a la obra Noticia de las cosas memorables de Guipúzcoa de D. Pablo de Gorosabel lanaren zati nagusia, helburua 1868an hildako Gorosabelen lana osatzea zelarik, 1901ean argitaratutako Apéndice lanaren aurretik emaniko eraldaketa haiekin. Garai garrantzitsua da foraltasunarentzat 1876ko foruen abolizioaren legearekin eta hau ordezkatu zuen kontzertu ekonomikoen erregimenean. Horregatik, filologia, literatura eta Gipuzkoako usadio-ohiturei eginiko hitzaurrearen ondoren, Echegaray probintziako antolaketa politiko eta administratiboan zentratzen da, autonomiko eta pribatibo duen aldetik, hau da, 1901ean oraindik Aldundiari zegozkion fakultate berezien aldetik. Fakultateak testuan gehitzen doazen araudiari (legeak, errege dekretu eta errege ordenak) atxikirik aztertzen dira eta bukaeran, zerrenda oso bat eskaintzen da.

Eduki forala duten beste bi lanak, alde batetik Compendio de las instituciones forales de Guipúzcoa da, Gipuzkoako Aldundiak eskaturik, 1924ean argitaratua, eta bestetik urtebete beranduago agertu zen honen laburpena Epítome de las instituciones forales de Guipúzcoa izenburupean. Echegaray historialariaren gailurra adierazten dute hauek, entitate itxi eta osoak osatzen bait dituzte, zentzua bere horretan dute eta ez besteren osagai bezala edo bere lanen zati ezberdin bezala. Compendio delakoa azalpen lana da alde batetik foru erregimena garapen betean zegoenekoa eta bestetik Fernando VII.aren erregealditik jasandako eraldaketena. Osotasun aldia modu zehatzean aztertua dago, Zuzenbideari egokitua eta erakunde foralen barne funtzionamendua, monarkiarekin dauzkan harremanak eta bere gorabehera historikoak zehatz ikertuak, arreta berezia gatazkatsuak diren berezitasun foraletan ipiniz: Gudarako gizonekin eta Ogasunerako zergekin Estatuari egiten dion ekarpena. XIX. mende hasierako foru bilakaeraren tratamenduan datu eta arauei are lotuago agertzen da eta liburuaren hirugarren zati zabal bat osatzen du. Gorosabelen lanerako berak Apéndice-rako bildutako material nagusia erabiltzen du eta 1901-1924 garaiari dagozkion iturri ezberdinez areagotuz. Ia legegintza-kronika bat da, izugarri baliagarria erreferentzia eta testu arauemaile oso edo beraien zati mamitsuak eskaintzen bait dizkigu, foru eraetzari dagozkion haietan ordenatu eta aukeratuak.

Kronikari gisa aritu zen garaikoak dira ere orokorrean historia eta zehazkiago foru gaiak lantzen dituzten artikulu batzuk. Bizkaiari buruz, "Las hermandades de Vizcaya en 1394", Boletín de la Comisión de Monumentos Históricos y Artísticos de Vizcaya-n 1910ean argitaratua eta Las "ocurrencias de Vizcaya" o causa y consecuencias de la Zamacolada, Euskalerriaren Alde-n 1921ean argitaratua. Gipuzkoari buruz aldiz, "El mayorazgo de Oñate: escritura fundacional del mayorazgo de la villa de Oñate en el año de 1149 de la Encarnación del Señor" Euskalerriaren Alde-n 1918an argitaratua eta "El concierto económico y los municipios guipuzcoanos" aldizkari berean 1921an argitaratutakoa.