Kontzeptua

Ekonomia Ituna

XIX. mendearen ostetik, Hego Euskal Herriko lau Lurralde Historikoak eta gobernu zentrala zerga itunaren errejimenapean aritu dira, antzinako Foru sistemaren ondorio edo hondakin bilakatu direnez Itun eta Hitzarmen Ekonomikoa. Honela, gaur egungo zerga sistema berezi hauek jatorria lehen gerrate karlistaren amaieran (1833-1839) aurkituko dugu. Izan ere, 1841eko Itundutako Legea (Ley Paccionada) gauzatu zen Nafarroa eta Espainiako gobernuaren artean eta ondorioz Nafarroak etengabe ezagutu duen Hitzarmen Ekonomikoa abian jarri zen. Ez zuten, ordea, honela egin beste hiru Lurralde Historikoek, hau da, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoak, eta, nolabait bada ere, antzinako sistemari heldu zioten. Hala ere, behin bigarren gerrate karlista bukatu ondoren, Cánovas del Castillo Presidenteak 1876ko Espainiar Konstituzioa derrigorrez betetzea behartu zituen euskal lurraldeak, baina ateak ireki zituen Ekonomia Ituna gauzatzeko.

Araba, Bizkaia eta Gipuzkoak beren Ekonomia Ituna abian jarri aurretik aldaketa ekonomiko handiak ematen hasi ziren herrialde hauetan, batik bat Bizkaian eta gutxixeago Gipuzkoan. Izan ere, Enkarterrietatik Ibaizabalera burdin meatze garraiatzeko azpiegiturak egiten hasi ziren, finantzen antolakuntza areagotu zen, 1857an jaio baitzen Bizkaiko burdingintzan eta beste zenbait sektore ekonomikotan hainbateko garrantzia izan duen Banco de Bilbao, eta abar. Gipuzkoan, aldiz, ehungintzak eta papergintzak izango dute protagonismoa. Oro har, euskal ekonomiak ezagutuko zuen industrializazioaren lehen "take off"erako baldintza erosoak zeuden bigarren gerrate karlista hasi zenerako.

1876ko Espainiar Konstituzioak erresumako probintzia guztien parean jarri zituen euskal Lurralde Historikoak, nahiz ordurako Nafarroak bere berezitasun apurra gorde 1841eko Itundutako Legea zela eta, baina hurrengo urtean, 1877ean, Hitzarmen Ekonomikoa berritu zuen, orduko egoerak eskatzen zituen aldaketak jaso ostean; beraz, gobernu zentralarekiko harremanetan bere bidea hartua zeukan Nafarroak. 1878an gauzatuko zen gainontzeko euskal lurraldeentzat lehenengo Ekonomia Ituna, zeina 1878ko otsailaren 28ko Erret Dekretuaren bidez onetsi baitzen zortzi urterako.

Ekonomia Ituna indarrean jartzearen zergatiak egon, badaude, baina ezin daiteke esan ezagutza objektiborik dagoenik. Izan ere, batzuek diote zergen bilketa Foru Aldundien esku utzi zirela iraganeko daturik ez zegoelako aberastasunez, ezta hiritar eta nekazaritza jabetzez, eta horrek ezinezkoa egiten zuela zergak ezartzea eta eskatzea Lurralde Historikoetan; estatistika ezak ere zailtzen omen zuen zergak behar zen bezala eskatzea; eta azkenik, euskal burgesiari gozokiren bat eskaini behar omen zitzaion Espainiar Konstituzioa onar zezan, jadanik euskal liberalak foruen galeren ondorio kaltegarriak pairatzen hasi baitziren.

Lehenengo Ekonomia Itunean hiru alderdi nagusi azpimarratuko nituzke. Alde batetik itundutako zergak daude, hala nola ondasun higiezin, abeltzaintza, laborantza, industria, merkataritza, gatza eta abarren gaineko zergak. Halaber, zerga bakoitzarengatik zenbateko kopurua ordaindu behar zitzaion gobernu zentralari edo azpikupoaren antzeko diru kopurua zeinen baturak kupo guztia osatzen baitzuen; honela ateratzen zen zenbait ordaindu behar zion Lurralde Historiko bakoitzak ogasun zentralari; Foru Aldundiek ahalmena zuten zerga berriak sortzeko, baina aurretik baimena eman behar zien gobernu zentralak eta kupo gehigarria onetsi, zerga bakoitza kupoarekin lotuta baitzegoen.

Bigarrenik, Foru Aldundien eskuduntzak azaltzen dira. Izan ere, gobernu zentrala ez da arduratuko errepideez, hezkuntzaz, osasunaz, eta abarrez. Eta azkenik, udalen aurrekontu jardueraren gaineko ardura eta beronen finantziazioan partehartzea ere Foru Aldundiena izango da.

Honela jarri zen indarrean Ekonomia Ituna eta epea amaitu bezain laster, 1887ko ekainaren 29ko Aurrekontu Legeak bigarren Ekonomia Ituna jaso zuen. Itun honetan Kupoa ehuneko 50 igotzen da, nahiz Foru Aldundien nahia ehuneko 42 gehitzea izan, baina lortzen dute iraupenak datarik ez izatea. Hala ere, bigarren Itun honek iraupen oso laburra izan zuen, zerga berriak itundu behar zirela eta, 1894ko otsailaren lehenean, Erret Dekretu baten bidez, onartu baitzen hirugarren Ituna.

Hirugarren Ekonomia Itunaren arabera gobernu zentralari Kupo handiagoa ordaindu behar zitzaion, hain zuzen, milioi bat pezeta gehiago, zeina Bizkaiak 700 mila irentsiko zituen eta Gipuzkoak gainenontzako 300 mila; baina zerga berriak sartuko dira Itun berri honetan eta ondorioz, Foru Aldundien zerga etekinak ere handituko dira. Itundutako zerga berrien artean udal langileen eta probintziako erakunde ofizialetako langileen soldaten gaineko zergak, bidaiari eta merkantzien garraioen gaineko zergak eta luxuzko gurdien gainekoak daude. Berantago, 1900ean, jokoetxe, elektrizitate eta gasaren gaineko zergak ezarriko ziren eta ondorioz Kupoa ere egokitu egin zen.

Laugarren Ekonomia Ituna 1906ko abenduaren 13ko Erret Dekretuak onetsi zuen eta euskal gizarteko eragile gehienek begi onez ikusi zuten Itun berri hau. Bertan azpimarra daitezke 20 urterako onartu zela, Kupoa 2,5 milioi pezeta igo zela eta kopuru hori kopuru horretan mantendu 1916ra arte; urte horretatik aurrera, urtero 500 mila pezeta igoko zen; beraz, Kupoaren nolabaiteko eguneratzeko irizpidea sartzen hasi zen, nahiz bilakaera ekonomikoarekin loturarik ez izan. 1920ean zerga berriak onetsi ziren hala nola meategien gainekoa eta tinbrea paketegintzarentzat.

Esan denez, laugarren Ekonomia Itunaren iraupena 20 urtekoa zen, baina epe hori amaitu baino 18 bat hilabete lehenago hasi ziren bosgarrena negoziatzen. Negoziaketa honen aurreratzearen zergatia Bizkaia aldeko meatzegintza jasaten ari zen krisialdian dago; izan ere, meatze enpresak ezin zituzten kredituak ordaindu eta ondorioz banketxeak arriskuan zeuden, krisialdiaren eragina finantza erakundeetara ere iritsi zelako; eta diru-etxeek Bizkaiko Foru Aldundira jo zuten laguntza eske eta honek egokia ikusi zuen Ekonomia Itun berria negoziatzea, jadanik arras kritikatua baitzegoen zerga sistema berezi hau Madril aldean eta Hego Euskal Herrian susmo handiak baitzeuden Itunaren berritzeaz.

Egoera honetan, eragin handia izan zuten Bilboko oligarkiak Madrileko erakunde politikoetan eta, azkenik, Calvo Sotelo Ogasun Ministroak onespena eman zion bosgarren Ekonomia Itunari, zeina 1925eko ekainaren 9ko Erret Dekretuaren bidez onetsitako baitzen. Aurreko Itunek ez bezala, bosgarren hau erregalamenduak garatzen zuen, zeina 1926ko abenduaren 24koa baitzen. Gero, Espainiako gerra zibilaren garaian, Franco jeneralak Bizkaia eta Gipuzkoari kendu zien Ekonomia Ituna, Arabarena mantendu zuen bitartean; neurri hau 1937ko uztailaren 27koa da.

Ekonomia Itun honen ezaugarri nagusiak honako hauexek dira: Lehenik, oinarrizko Kupoa 40 milioietan finkatu zen, nahiz Foru Aldundiek 37 milioi pezetakoa izan behar zuela proposatu eta gobernu zentralak 60koa; iraupena 25 urtera luzatu zen, aurrekoak baino 5 urte gehiago; lau urtetik behin Kupoa handituko zen, azken urtean, 1951ean, 50 milioi pezetara iritsi arte; 13 zerga sartu ziren eta negozioen zifra erlatiboak indarra hartu zuen lurralde komunean eta Foru Lurraldeetan negozioak zituzten sozietateei aplikatzeko; Itunaren jarraimena egiteko Batzorde Misto bat sortu zen eta beronen eginkizunen artean zerga bakoitzaren etekinak ikuskatzea zen eta etekin hauen arabera determinatzen zen Kupoa.

Bosgarren Ekonomia Ituna 1951era arte indarrean egon zen Araban, ez beste bi lurraldeetan, eta Arabak, bere kabuz, seigarrena negoziatu zuen zeina 1976ra arte indarrean egon baitzen. Beronen ordez zazpigarrena sinatu zen, baina urte horietan gauzak aldatzen hasi ziren eta 1978an Konstituzioa onetsi eta hurrengo urteko urrian Autonomia Estatutua, zeinek Ekonomia Itunen izaera eta garapena jasotzen baitzituen. Ekonomia Itun hau 1981eko maiatzaren 13ko 12/81 Legea da. Beraz, Autonomia Estatutua onartu eta bi urte berantago, Estatutu horren Ogasun Publikoaren atala garatu zen eta indarrean egon 2002ko maiatzaren 24ra arte.

Beraz, hauek izango dira, laburbilduta izan arren, Ekonomia Itunaren aurrekariak. Begi-bistakoa da, egun indarrean dagoen Konstituzioaren aurrekoak direla Ekonomia Itunak eta zerga sistema honek ondo funtzionatu duela eta ez dela pribilegio zantzurik nabarmendu, nahiz honelako egozpenak egin diren Madrileko agintarien aldetik, estatuko lurralde guztia berdin-berdin eta soilduta utzi nahi baitzuten, hain zuzen. Gaur egun ere badago zenbait jende honelako planteamenduak egiten duena eta gustura kenduko zuena Foru zerga sistema berezi hau.

Ekonomia Itunaren edukian ezaugarri ugari azpimarratu daitezke eta horien artean, esanguratsuena, testu aldakorra dela esan daiteke, behin eta berriz egokitu baitaiteke. Horretarako prozedimenduak jasota daude Ekonomia Itunaren Bigarren Xedapen Gehigarrian. Xedapen horren arabera, estatuko zerga sistema aldatzen baldin bada, zerga berriren bat sortu eta zergaren bati dagokion arautegia ukitu, bi administrazioek testuaren egokipena negoziatu behar dute eta legean sartu. Zentzu honetan, aldaketa hauek nabariak izan ziren 1981-2001eko Ekonomia Itunean, sakonki eraldatu zelako. Hauek guztiak beherago azaltzen dira, hain zuzen A) epigrafearen barruan, B) eta C) epigrafeetan, aldiz, beste zenbait ezaugarri azalduko dira.

a) Aldaketa Nagusiak

Ekonomia Itunaren ezaugarrietako bat bere egokitzapenarena dela azpimarra daiteke. Ituna, ezaguna denez, lege bat da eta lege batek, edozein izanda ere, hutsuneak dituenean aldatu egin behar da. Legea gizarte harremanak, kasu honetan zerga eta finantza harremanak, arautzeko izan behar du eta harreman horiek beste era batera arautu behar direla susmatzen denean, aldatu egin behar da. Honela egin zen, behin baino gehiagotan, 1981ko Ekonomia Itunean . Aldaketak burutzeko ateak irekita zeuden Itunean, bere Bigarren Xedapenak horrela jasotzen baitzuen eta ondorioz gauzak hobekiago funtzionatzea ekarri du.

Lehenengo aldaketa garrantzitsua 1985eko abenduaren 27ko 49/85 Legeak jasotzen du. Lege honen bidez Ekonomia Itunari Balio Erantsiaren gaineko Zerga (BEZ) egokitu zitzaion. Izan ere, espainiar estatua Europako Erkidegoan sartuko zen 1986eko urtarrilaren lehenean eta behartuta zegoen Balio Erantsiaren gaineko Zergak indarrean zegoen Enpresa Trafikoen gaineko Zerga Orokorra ordezkatzea, eta ondorioz Ekonomia Ituna aldatu behar izan zen.

Bigarren aldaketa 1990eko ekainaren 8ko 2/90 Legeak burutu zuen. Lege honen bidez, Ekonomia Itunari Toki Ogasunen Lege Arautzaile eta Tasa eta Prezio Publikoena egokitu zitzaion. Lege honek tokiko zerga sistema aldatu zuen eta zerga berriak sortu. Eta Ekonomia Itunak toki zergak, tasak eta prezio publikoak jasotzen dituenez, testu zaharra egokitu egin behar zen.

Urte berean, Ekonomia Itunak Sozietateen gaineko Zergaz zioena aldatu zuen, bederatzi urtetako eskarmentuak agerian utzi baitzituen atal horrek sortzen zituen disfuntzioak; gainera, 1990ko Nafarroako Ekonomia Hitzarmen edo Komenio berriak jadanik jasotzen zuen eragiketa erlatiboen gaia era objektiboagoan, eta berau EAEko testura eraman zen. BEZa ere ukitua geratu zen Sozietateen gaineko Zergaren edukia berriarekin eta berau ere jaso zuen aipatu 1990ko abenduaren 29ko 27/90 Legeak.

Laugarren aldaketa 1993ko abenduaren 13ko 11/93 Legeak gauzatu zuen, BEZa eta Zerga Bereziak egokitu egin baitziren Ekonomia Itunean. Egokipen honen zergatia Europako Erkidegoak zerga harmonizaziorantz daraman bidean ipini behar da. Jakina da urte horretan Europako Batasunaren barruan ondasunen zirkulazio librea areagotu zela, estatu kideen arteko merkatal harremanak errazago bilaka zitezen; eta ordura arte BEZak zituen zenbait oztopo ezabatu egin ziren. Honela, espainiar estatuko zerga sistema hurbilago bilakatu zen gainontzeko estatu kidekoengandik, eta berdin EAEkoa.

Modu honetan, mugetan sortzen ziren kamio ilarak ekidin nahi ziren eta eskuratze-edo adkisizioa- BEZa biltzeko ondasunen jasotzaileen gain geratu zen eta honen lurraldeko ogasunaren eskuduntza bilakatu zen zerga honen etekinez profitatzea, salmenta jatorrizko estatutik kanpo egiten baldin bazen, baina beti EBren barruan.

Azkenik, 1997ko abuztuaren 4ko 38/97 Legeak jasotzen ditu Ekonomia Itun honek ezagutu dituen aldaketa garrantzienak, gainera, aldaketa horrek zerga bat baino gehiago ukitzen ditu. Hasteko, zerga zeharkako berri bat sortu zen espainiar estatuko zerga sisteman, Aseguru Primen gaineko Zerga, hain zuzen, eta zerga zeharkako moduan Itunean sartu behar izan zen. Horrez gain, bi administrazioen arteko harmonizazio eremua aldatzen da, ez-egoiliarren zerga, Pertsona Fisikoen gaineko Zerga, sozietate taldeena, eta Zerga Bereziak ere sartu ziren Itunaren barruan, estatu monopolioak desagertu ostean. Aldaketa hauen guztien ondoren, Kupoaren kalkuluan konpentsazioak erabat urrituta geratu ziren eta horren ondorioz, bere kopuru likidoa handitu.

Aldaketa hauek guztiek 1981eko Ituna perfekzionatu egin zuten eta 2002ko testuak aldaketa hauek jaso egingo ditu, beste gehigarri batzuekin batera. Baina aldaketa hauek ez dute bultzatuko itun berria onartzea, baizik 1981eko Ekonomia Itunak berak zioen indarrean hogei urte egongo zela, alegia, 2001eko abenduaren 31era arte. Haatik, beste itun bat negoziatu zen garai berrietarako.

b) Beste Ezaugarriak

Zerga eta finantza harremanak. Gaur egungo Ekonomia Itunak EAE eta estatuaren arteko zerga eta finantza publikoen harremanak arautzen ditu, inolako zalantzarik gabe. Horrela, Aurrekontuaren Egonkortasunerako Lege Orokorra aplikatzerakoan, hain zuzen 2001eko abenduaren 13ko 18/2001 Legea, Nafarroan bezala, tratu berezia izango du EAEk, bere zerga eskuduntzak direla eta.

Mugagabeko iraupena. Orain arte ezagutu diren Ekonomia Itunak iraupen finkokoak izan dira, bigarrena eta orain indarrean dagoena salbu. Iraupenak mugarik ez izateak alde baikorrak ditu, ziurtasun juridikoa bermatzen baitu, baina bigarren Ekonomia Itunean horrek ez zuen askorako balio izan, ezagutu den denbora gutxien iraun baitzuen, 1887tik 1894ra bitartean; zerga berriak sartu behar zirela eta, Ekonomia Ituna bertan behera garatu zen eta hirugarrena negoziatu, 1894tik 1906ra bitartean indarrean egon zena.

Gaur egun indarrean dagoen Ekonomia Itunak iraupen mugagabea dauka eta hori oso abantailatsua da ekonomiarentzat eta gizartearentzat, eragile ekonomikoei, batik bat enpresaburuei, ziurrago jokatzeko aukera ematen baitzaie, zergen ikuspegitik bederen. Bestalde, Autonomia Estatutuak ere ez du eperik eta bertan kokatzen denez Ekonomia Ituna, zentzuzkoa da honek ere iraupen mugagabea izatea.

Hitzartutako legea. Ekonomia Itunaren testua Batzorde Misto batek adosten du eta gero, Espainiako Legebiltzarrean artikulu bakarrean aurkezten da, atxikita testu artikulatua daramala. Legeak artikulu bat du eta beraz, onetsi edo atzera bota daiteke. Orain arte, beti aurrera atera da Batzorde Mistoan hitzarturiko testua, horregatik esatea itundutako legea dela. Ekonomia Itun hau garatzeko badaude, egon ere, beste bi batzorde, aipatu Batzorde Mistoaz gain.

Zergak arautzeko gaitasuna. Azkena indarrean egon zen Ekonomia Itunak zergak arautzeko gaitasuna onesten zitzaien Lurralde Historikoetako Biltzar Nagusiei eta indarrean dagoenak ere gauza bera egiten du. Beraz, Biltzar Nagusiak izango dira zerga arauak onartuko dituztenak lurralde bakoitzean eta hiru lurraldeen artean gutxiengo koordinazioa egon dadin, Eusko Legebiltzarrak 1989ko maiatzaren 30eko 3/89 Legea, EAEko Zergak Harmonizatzeko, Koordinatzeko eta Elkar Lankidetzarako Legea pasatu zuen, eta bertatik dator Zergak Koordinatzeko Organoa non hiru kide Eusko Jaurlaritzakoak diren eta beste hirurak Foru Aldundien ordezkariak.

Autonomia zergen kudeaketa. Foru Aldundietako Foru Ogasunek, bakoitzak bere Lurraldean, erabateko autonomia izango dute zergak ordainarazteko, kudeatzeko, likidatzeko, ikuskatzeko, berrikusteko eta biltzeko. Beraz, edozein estatuko ogasun publikoaren autonomia eta eskuduntzak izango dituzte Foru Ogasunek, Goi Ikuskaritzaz kanpo, zeina estatuari baitagokio.

Alde bateko arriskua. Ekonomia Itunak adierazi nahi du estatuak ez duela parte hartuko EAEko zerbitzu publikoen finantzaketan, hauek jadanik transferiturik baldin badaude. Lurralde komuneko autonomia erkidegoren batean zerbitzu publiko baten eskaintza estatuak finkatzen duen gutxiengo mailara ez bada heltzen, estatuak berak lagundu egingo dio maila horretarainoko eskaintza egon dadin. Horretarako, estatuak bere aurrekontu orokorretan partida bat du finkatuta. Baina partida hau ez da erabilgarria EAEn, ezta Nafarroan ere, Foru Sistema dutelako eta arrisku oro beren gain dagoelako.

Kupoa gastuarekiko lotua. Aurreko Ekonomia Itunera arte, Kupoa itundutako zerga sarreren arabera kalkulatzen zen. Baina 1981-2001ko Ekonomia Itunean Kupoa kalkulatzeko metodologia aldatu egin zen eta estatuak EAEn burutzen dituen gastu publikoen arabera determinatzen da. Oraingo Itunean ere metodologia berau dago indarrean, apenas aldaketarik gabe.

c) Batzordeak

Ekonomia Itunaren Batzorde Mistoa. Ekonomia Itunaz diharduten batzorde guztien artean garrantzi handienekoa Batzorde Mistoa da eta berau 12 lagunek osatzen dute. Horiek guztietatik sei gobernu zentralaren ordezkari dira, hiru Eusko Jaurlaritzarenak eta bana Foru Aldundi bakoitzetik. Batzorde honetatik irten behar du Itunaren testua aho batez onartuko da.

Batzorde honen funtzioen artean hauexek dira azpimarragarrienak: 1) Ekonomia Itunaren aldaketak adostu; 2) aurrekontuaren estabilizazioak eskatzen dituen koordinazioa eta elkarlana burutu; 3) Kupoa kalkulatzeko metodología adostu; 4) Arbitraje Batzordearen hiru kideak adostu, nahiz izendapen formala Ogasun Ministroak, eta Ogasun eta Administrazio Publikoko Sailburuak egingo duten, baita adostu ere beronen funtzionamendurako arauak; 5) zerga edo finantza gaietarako beharra egonez gero, Batzorde honetan adostuko da.

Araugintza Koordinatu eta Ebaluatzeko Batzordea. Zortzi kidek osaturiko Batzordea da. Lau Administrazio zentralaren ordezkari dira eta besta lauak EAErenak, hiru Foru Aldundien izenean eta besteak, laugarrenak, Eusko Jaurlaritza ordezkatzen du.

Batzorde honen funtzioak hauek dira: 1) Ekonomia Itunean egin behar diren arau aldaketak ebaluatu; 2) lotura guneetan sortzen diren arazoak konpondu; 3) ikerketa egokiak behar direnean egin, lurralde komuneko eta Foru Lurraldeetako zerga sistemak uztartzeko; 4) ikuskapen arloan administrazio zentral eta Foru Aldundien artean sorturiko arazoak aztertu; 5) bi zerga administrazioen arteko informazioa trukatu eta bitarteko egokiak erabili, zerga bilketa eroso eta efizientea izan dadin.

Arbitraje Batzordea. Gorago esan denez, Ekonomia Itunaren Batzorde Mistoak onetsitako hiru kide jakitun eta adituk osatzen dute Batzorde hau eta 6 urterako izendatzen dira. Kide hauetako edonork bertan behera uzten badu bere postua, aurreikusita dago bere ordezkapena.

Batzorde honen eginkizunen artean hauexek azpimarra daitezke: 1) Administrazio zentral edo edozein autonomia erkidegotako administrazio eta Foru Aldundien artean auziak sortzen baldin badira, ebatzi; 2) Sozietateen gaineko Zerga eta BEZa administrazio bati baino gehiagori badagokie, lotura puntuen arabera banatu zerga bi hauen etekinak; 3) banakako zerga harremanak administrazioen artean sortzen dituen arazoak konpondu, Ekonomia Itun hau behar den moduan ulertu ostean; 4) zergadunen egoitza dela eta sortu daitezkeen arazoak ebatzi; 5) eskuduntzak direla eta eragindako administrazioan sortu daitezkeen gatazkak konpondu. Azkenik, Batzordeak zuzenbidean oinarrituko ditu bere ebazpenak eta berauek betetzeko exekuzio formula zehatzak emango ditu; eta beronen erabakiak errekurri daitezke Auzitegi Gorenean.

Espainiar estatuko Konstituzioaren 157.1 artikuluak adierazten digu zein diren autonomia erkidegoen finantza baliabideak, zeinak Autonomia Erkidegoen Finantzaketarako Lege Organikoak (AEFLO) garatuko baititu. EAEren Autonomia Estatutuak, bestalde, azken finean, Konstituzioaren ondorio eta garapen juridikoa besterik ez denez, zerbait gehiago zehazten du. Honela, Autonomia Estatutuaren 3. atala, Euskal Autonomia Erkidegoaren Ogasun eta Ondareari buruz dihardu, gainontzeko autonomia erkidegoek bezala, EAEk ere eskubide guztia baitu bere ogasun propioa izateko eta beraz, dagokion talde politikoak, hain zuzen gobernuak, bere programa politikoa aitzinera eramateko bere aurrekontu publikoak izango ditu.

Estatutuaren artikulatuan sartuz gero, 41.ean esaten da EAE eta Estatuaren arteko zerga-harremanak Ekonomia Itunaren bidez arautuko direla, baina itundutako zergen gaineko eskuduntza guztia, honela espresuki onesten da, Lurralde Historikoetako Erakundeek izango dute. Izan ere, Erakunde hauek "zerga sistema mantendu, ezarri eta arautzeko" ahalmena eta gaitasuna izango dute, Lurralde Historiko bakoitzean.

Artikulu berak xehetasun ugariago ere ematen du. Foru Aldundiek, halaber, zerga-exazio, -kudeaketa, -likidazio, -bilketa eta -ikuskatze egiteko eskuduntza izango dute. Salbuespen, estatuak bere gain gordetzen dituen monopolio zergak eta mugetakoak izango dira. Beraz, zerga sistema itundua EAEn aplikatzeko da, baina beronen gauzatzea Foru Aldundietako Ogasunei dagokie.

Autonomia Estatutuaren 41. artikulu honek, beste gauza batzuen artean, EAEk estatuari Kupo bat ordainduko diola azaltzen du, estatuak EAEn egiten dituen gastuak finantzatzeko. Foru Aldundiak, azken finean, izango dira Madrileko Gobernuari ordainduko diotenak. Izan ere, gobernu zentralak EAEn gastuak egiten ditu bere eskuduntzak burutzeko eta gastu horiek nolabait finantzatu behar dira, hain zuzen, Kupoaren bidez. Baina Kupo honen kontzeptupean ez dira bakarrik gastu arruntak eta inbertsio gastuak sartzen, elkartasuneko funtsa ere hor baitago, gero ikusiko denez; beraz, Kupoaren kontzeptua nahiko zabala da, ez bakarrik legediak ematen duen definizio zehatza, edukia konplexuagoa baitu.

Aurrera jarraituz, Autonomia Estatutuak esaten digu zein izango diren Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasunaren sarrera garrantzitsuenak. Era honetan, bere 42. artikuluan sarrera publiko hauen zerrenda azaltzen da eta ondoko hauexek dira, izan ere, garrantzi handienekoak:

1) Hiru Foru Aldundiek Jaurlaritzaren Ogasun Autonomoari egiten dizkioten ekarpenak, 2) Euskal Autonomia Erkidegoak berak sortutako zergen etekinak, 3) Euskal Autonomia Erkidegoak zergei ezartzen dizkien gainkargen bidez erdietsitako sarrerak. 4) Lurralde-arteko Konpentsaziorako Funtsetik eskuratutako dirutzak, 5) Zor Publikoa jaulkita lortutako sarrerak, 6) Tasak, eta 7) Beste zenbait iturritatik sortutako sarrerak.

Sarrera garrantzitsuena, dudarik gabe, lehenengo iturrian aurkitzen da. Beraz, Foru Aldundiek, lehenbizi zerga-bilketa egiten dute, azken finean, Ekonomia Itunean transferituta edo, hobekiago, itunduta agertzen diren zergak Foru Aldundiek gauzatzen baitituzte eta gero, eskuratutako dirutza horren zati bat, Ekarpen Legearen arabera, Ogasun Autonomora transferituko dute. Hain zuzen, Jaurlaritzaren sarrera guztien ehuneko 91 inguru da Foru Aldundiek egiten duten ekarpen hauen portzentaia.

Sarrera publiko hau ez da azaltzen Konstituzioaren 157. artikuluan, beraz nolabaiteko hutsunea dagoela ematen du ordenamendu juridikoan. Izan ere, gainontzeko autonomia erkidegoetan, Nafarroakoa salbuespena da ere, aipatu artikulu hori aplikagarria da, ez ordea EAEn. Nola estaltzen da hutsune hori? Horren erantzuna Konstituzioaren Lehen Xedapen Gehigarrian aurkituko dugu, bertan onesten baita Foru Sistema eta sistema honen garapenean oinarritzen dela, hain juxtu, Ekonomia Ituna.