Kontzeptua

Espainiako Estatua

Estatuaren eraikuntza-prozesu historikoak, erreinu kristauak Espainia musulmanaren konkistari hasiera ematearekin batera garatu dena, Gaztelaren nagusitza gero eta handiagoaren pean penintsulako lurralde askoren borondatezko nahiz indarraren bidezko integrazioa suposatu zuen. Integrazio formulek, askotan, Hinsley-ek estatu segmentario deituriko eredua jarraitzen dute: Estatu subirano itxura hartzen ari zen erreinuak bermatu egiten zuen bere barrutian gelditzen ziren lurraldeen nolabaiteko fideltasuna, euren berezko antzinako erakunde, ohitura eta usadioak errespetatzearen truke.

Foru-erregimen hau integrazio tresna egokia izan zen Erdi Aroan eta Aro Garaikidearen lehenengo mendeetan. Penintsulako antzinako erreinuen nortasun sendoak, askotan talde-nortasun, kultura eta etnia oso bestelakoetan euskarrituta, monarkia eredu nahikoa deszentralizatua mantentzea ahalbidetu zuen, XVIII. mendean Borbon dinastia frantziarra heldu arte. Borboiek zekarten Estatu eredu berria Estatu absolutu frantziarrean oinarritzen zen, guztiz zentralista zena. Foru erregimenaren indargetzea Europako iraultza liberalen piztuerarekin eta Estatu-nazio berriek sustatzen zituzten eraikuntza prozesuekin areagotu zen. XIX. mendearen lehen erdian, ideia liberal zentralistak eta foru-karlismo atzerakoia aurrez aurre ditugu Espainian, harik eta ekuazioa iraultzen den arte: izan ere, XIX. mendearen amaieran Espainiako talde aurrerakoien zati batek Estatuaren nortasun aniztasuna onartzearen alde egin zuen, eta talde atzerakoi kontserbadoreek edota ezker jakobinoak, berriz, unitarismoaren alde. Estatuko nazioen aitorpena ukatze aldera, honako bi indar politiko hauen arteko akordio omen "naturaz kontrakoak" maiz ikusiko dira ordutik hona.

1939an errepublikar erregimenaren amaiera bortitza Estatu deszentralizatuaren azken aurrekariaren akabua izan zen. Gure kasuan, Euskal Gobernu autonomoa sortzea ahalbidetu zuen eta bere ekintza-esparrua -gerra egoera zela eta, kuasi-Estatu batek berezkoa zuena bazen ere-, Bizkaira eta Gipuzkoako eta Arabako lurralde zati batzuetara mugatu zen. Estatu espainiarraren barruan Hego Euskal Herriko lurralde guztiak hartuko zituen entitate autonomo bat sortzeko saiakera guztiak porrot egin zuten garai hartan, gai honetan bederen batera zetozen sektore errepublikar eta tradizionalista nafarren ezadostasunagatik, batetik, eta Nafarroan eta Araban altxamendu militarrak izan zuen arrakasta berehalakoagatik, bestetik.

Behin gerra zibila amaituta, erregimen frankistak II. Errepublikak ahalbidetutako deszentralizazio politikoa bertan behera utzi zuen, Araba eta Nafarroako kontzertu ekonomikoak salbu.

Franco hil ostean hasitako trantsizio politikoak bi prozesu ireki zituen: erregimen autoritarioa mendebaldeko demokrazia bihurtzea, batetik, eta deszentralizazio politikoa, alegia, Estatu zentralista autonomiko bihurtzea, bestetik.

1978ko Konstituzioak eta ondorengo estatutu-garapenak 16 erkidego eta 2 hiri autonomoren eraketa -Zeuta eta Melilla-, ekarri zuten, baita Nafarroako foru erkidegoaren aitorpen berezitua ere, abuztuaren 10eko 13/1982 lege organikoaren onarpenarekin, (Nafarroako Foruaren Hobekuntza eta Berrezartzeari buruzkoa. Hasiera batean, kontuan hartuta deszentralizazio prozesuari hasiera emateko arrazoi nagusia nazio historikoen asea jasotzea zela -Euskal Herria, Katalunia eta neurri txikiagoan Galizia-, autonomia erkidego eredu bi bereiztu ziren, autonomiarako sarbide modua, konpetentzia maila eta instituzio egituraren arabera. Nazio mailako bi alderdi politiko nagusien arteko itun autonomikoen ondoren (1981-1992), -1981eko otsaileko estatu-kolpearen ondoriozko presio militarrak sustatutako itunak, hain zuzen ere-, mapa autonomikoaren ia erabateko homogeneizazioa eman zen.

Estaturik gabeko nazio periferikoen aspirazioen eta beroriek sistematikoki ukatzen zituen estatu zentralistaren arteko oreka lortu nahi zuen konpromiso autonomikoa krisialdian murgildu zen aurreko mendeko 90. hamarkadan, indar nazionalista periferikoen ikuspuntutik eskuduntzen hustea estrukturala bihurtu baita eta ezin baita gainditu hauteskunde-emaitzen koiunturazko logika araberako nazionalista kataluniar eta euskaldunen eta estatu mailako indar nagusien arteko unean uneko akordioen bitartez.

Prozesu historiko honen emaitza honakoa da: filosofia deszentralizatzaile soilaren eta Estatuaren berezko nazio-aniztasuna jasoko lukeen logikaren arteko hasiera-hasierako kontraesana ezin izan da ebatzi eredu autonomikoaren bitartez. Jakina, "autonomien Estatuari" deszentralizazio eredu sui generis iritzi ahal diogu, eta estatu erregionalen taldean sartu. Akordio federalen ahalmenik ez du, are gutxiago berorien adierarik garatuena diren konfederazio-eredu asimetrikoena, zeina marko egokia izan zitekeen Estatuaren nazio-aniztasuna kudeatzeko. Izan ere, estatu autonomikoa ez da Estatu konposatua, bakuna baizik.

Ferran Requejoren iritzian, eredu autonomikoa konstituzionalismo garaikidean gailentzen den federalismotik bereizten dituen elementuak honako hauek dira:

  1. AA.EEak ez dira unitate konstituziogileak. 1978ko Konstituzioa iraunkortzat hartzen den desideratum baten gainean ezarri zen: "Espainiako nazioaren batasun deusezta ezina" (2. art.), Espainiako herria nazio-subiranotasunaren subjektu bakarra izanik. (1.2 art.)
  2. Botere legegileen banaketa ez da argia. Botere zentralak bere hegemonia mantentzen du "oinarri-legeen" eta Auzitegi Konstituzionalak eskuduntza banaketari emandako interpretazioaren bidez.
  3. AA.EEek ez dute botere judizial autonomorik. Kasurik onenean, justiziaren administraziorako beharrezko diren baliabide materialen gaineko eskumenak bereganatzen dituzte.
  4. Senatua ez da AA.EEen ordezkaritzarako gunea; senatari gehienak probintzia barrutietan hautatzen dira. Senatuaren berezko eskuduntzak, AA.EEei dagokienez, eskasak dira oso. Autonomia Erkidegoek ez dute parte hartzen Estatu zentralaren legegintzan, ezta konstituzioaren erreforma prozesuan ere.
  5. Ez dago zerga-federalismorik, Hego Euskal Herriko foru-lurraldeetan izan ezik, non eskubide historikoen babespean, ia konfederazio kutsua duen zerga-hitzarmena indarrean dagoen.
  6. AA.EEei ez zaie nortasun politikoa aitortzen Europa Batasuneko erakundeekiko harremanetan, Europako Estatu federalei ez bezala.