Auñamendi Eusko Entziklopedia
Fondo Bernardo Estornés Lasa

Buscador

Home > Auñamendi > Espainiako Estatua

Espainiako Estatua


toolbox

  • editions:
  • other languages:
    • ver en castellano
  • share

Erregimen parlamentarioa

Parlamentua edo Biltzar Nagusiak, aurretik desegin ezean, lau urterik behin hautatua, legitimitate demokratikoaren ikuspuntutik organu giltzarria da. Espainiako parlamentua bi kamerak osatzen dute --Kongresua eta Senatua- eta lehenengoa, 350 ordezkariz osatua, gailendu egiten zaio bigarrenari. Kongresuak du azken hitza funtzio legegileari dagokionez eta gobernuaren eraketa eta kontrolaren funtzioari dagokionez ere ia gauza bera esan daiteke. Senatua, berriz, boto mugatuaren gehiengozko formula erabilita aukeratzen dena, ez da Konstituzioak aurreikusten zuen lurralde ordezkaritzarako kamera izatera heldu. Hautaketa probintzia barrutian oinarritzen da, kameraren zati bat autonomia erkidegoetan eta berorien populazioaren arabera aukeratzen bada ere. Beraz, goi-kameraren kopuru-osaketa aldatuz joan da denboraren joan etorrian. Egun, 2009an, 263 ordezkari biltzen ditu.

Espainiar herritarren subiranotasunaren adierazpena izateaz gain, Gorteek funtzio legegilea bere gain hartzen dute eta, beste parlamentuzko sistematan bezala, botere exekutiboaren eraketa eta kontrola ere bai. Konstituzioak jasotako gobernuaren kontrolerako tresnak berorri egonkortasuna emateko sortu ziren, ondorioz, izaera eraikitzailedun zentsura mozioa eta konfiantza arazoa, egoera lar gatazkatsuetan ere oso gutxitan erabilitako mekanismoak izan dira 80. hamarkadaren azken urteez geroztik. Ondorio zuzena gobernuko presidentearen gailentasuna garbia da.

Gorteak, arrazionalizaturiko parlamentarismoa deiturikoaren joerari jarraiki, boterea galduz joan dira, botere exekutiboaren mesedera eta, gauzak horrela, Espainiako sistema politikoa presidentzialismorantz hurbildu da argi eta garbi. Honi guztiari alderdien diziplina gogorra edo eztabaidak eta erabaki politikoak beste instantzia publiko -komunikabideak edo epaitegiak-, nahiz pribatuetara bideratzeko joera gehituz gero, Parlamentuaren ahuleziaren inguruko kezka zabaltzea ez da harritzekoa, herritarrek zuzenean aukeratutako Estatu-organo bakarra baita. Europako nahiz autonomia-erkidegoetako erakundeen mende geratu diren konpetentzien galerak prozesu hau areagotu baino ez du egin.

Parlamentuaren ahulezia horren ondorio zuzena politikaren judizializazioa da, ondoriozko justiziaren politizazioarekin. Izan ere, botere judizialaren gobernu-organoak eta judikatura, bere osotasunean, baita Epaitegi Konstituzionala ere, alderdien arteko lehiaren esparru bihurtu dira, organo gorenen eraketa, Gorteetako gehiengo politikoen edo Gobernuaren beraren mende dagoen heinean. Azken honen adibide da, esaterako, Estatuko Fiskal Nagusia, legalitatearen, hiritarren eskubideen eta legeak babestutako interes publikoaren izenean justiziaren ekimena sustatzeko ardura duena (CE 124.1. art.).

Hain zuzen ere, eskubide eta askatasunen defentsaren inguruan 1978ko Konstituzioak ezartzen duen berrikuntza nagusienetarikoa Konstituzio Auzitegia da, konstituzioaren interprete nagusia dena. Herritarrei eskubide eta askatasunen inguruan babesa ematea eta autonomia-erkidegoetako administrazioen eta administrazio zentralaren arteko gatazkak ebaztea izan dira urteotako jokaera esanguratsuenak, baita eztabaidagarrienak ere. Hori gutxi balitz, konstituzio kontrakotasunezko errekurtsoak ebazteko ahalmena erabilita bere egin duen funtzio kuasi-legegilearen eskutik, Epaitegi Konstituzionalak leku gorena hartu du Espainiako erregimen politikoan, ia "hirugarren" kamera bihurtzeraino.

Gauzak horrela, ez da inolako berrindartze alternatiborik bultzatu demokrazia partehartzaile edo zuzenaren mekanismoetan, tresna hauek oso murriztuak egon baitira erregimenaren hastapenetik. Izan ere, eztabaida konstituziogilean argi asko zehaztu zen erabaki politikoaren kuasi-monopolioa alderdi politikoei eurei esleitu behar zitzaiela. XX. mendearen azken urteetan baino ez dira inplementatzen hasi demokrazia partehartzailearen hainbat mekanismo, beti ere toki-mailan eta modu apalean. Ildo beretik, Espainiako ordenamendu juridikoak autonomia-erkidegoekiko nahiz administrazio zentralarekiko menekotasun politiko eta ekonomiko handian utzi ditu udalak, beraien gaitasuna mugatuz. Noiz eta tokiko erakundeen komunitatearen gaineko eragina handituz doanean, eta, ondorioz, ekintza politikorako mekanismo partehartzaileagoak inoiz baino beharrezkoagoak direnean.

Nolanahi ere, edozein maila instituzionaletan alderdi politikoek duten gehiegizko protagonismoak ekidin egiten du gardentasun instituzionala, eta gai publikoen gaineko eztabaida arrazionala bermatzea ahalbidetuko lukeen iritzi publiko kritiko eta autonomoa sortzerik.

Mario Zubiaga
2009

Our Sponsors