Kontzeptua

Espainiako Estatua

Honen harira, 1978ko Konstituzioak oniritzitako sistema politikoa, trantsizio demokratikoa gertatu zen uneko -1975ean Francisco Franco diktadorea hil eta geroko-, konstituzio materialaren isla da. Konstituzio material honi, betiko akatsez gain -gizarte zibilaren eta burgesia aurrerakoiaren ahulezia, zainpe militarra (bunkerra)-, gerra zibilaren errepikaren beldurra gehitu zitzaion, komunikabide nagusiek modu egokian bultzatuta2. Era berean, konstituzio material horri dagokionean, aipatzekoa da ezkerreko indar nagusien zentralismoa ere, geroko bilakaera ulertzeko esanguratsua oso. Trantsizioaren ikuspegi idilikoa eta orduan lortutako kontsentsu edo adostasunaren gorespena, Estatu Espainiarra erabat errotu gabeko demokrazia delegatzaile gisa definitzen duen ikuspegi errealistagoari kontrajartzen zaio.

Trantsizioaren kontsensua, egungo estatu espainolaren oinarria, eragile guztien amore emate konpromisoan gauzatu zen. Bertan, sektore anti-frankistek euren hasierako eskaera muturrekoak moteldu zituzten -behin-behineko gobernua eta berehalako gorte konstituziogileak-, Europan indarrean zeuden erregimen demokratikoen antzeko bati ateak irekiko zizkion erreforma lortzearen truke, hori guztia elite frankistak boteretik baztertu gabe. Espainiako Estatua bere esparru geografikoko nazioarteko bi erakunde nagusietan sartzeak, NATO eta Europar Batasuna, (1985/1986) agerian jartzen du homologazio edo bateratze hori gertatu dela, soberaniaren arloan nolabaiteko galera suposatu duen arren. Estatua Europar Batasuna bezalako nazioz gaindiko erakundeetan integratzeak, gobernu-ekimen markoaren aldaketa sakona ekarri du. Egun, estatu-ekintza subiranotasun klasikoaren kontzeptuari lotuta ez badago ere, finean, subjektu erabakitzaileak, nazioarteko esparruetan ere, Estatuak dira. Izan ere, "independentzia erlatibo" batetik "autonomia erlatibo" batera igaro da Espainiako Estatua.

Aurrekora itzulita, trantsizioaren konpromiso haren mugek ondorengo erregimen politikoaren bilakaeran eragina izan dute, eta gaurko gatazka askoren jatorri dira. Besteak beste, nazio-arazoari edota oroimen historikoaren berreskuratzeari dagokionez.

Ildo honetatik jarraiki, gerra zibilaren oroimenaren gaineko eztabaida garaikide mingots honetan ez da ahantzi behar frankismoaren kontrako presoentzat aldarrikatutako amnistiaren ordaina amnesiaren onarpen orokorra izan zela, eta ez bakarrik frankismoak burututako krimenen gainean, edo bere legez kanpoko jatorriaz, baita diktaduraren biktimen oroimen hutsaren gainean ere.