Kontzeptua

Espainiako Estatua

1978ko Konstituzioak honela definitzen du Espainia1: deszentralizaturiko monarkia parlamentarioa gobernu-formatzat duen zuzenbidezko estatu sozial eta demokratikoa. Egungo izaera juridiko hau Estatuaren eta nazio espainolaren eraikuntza historikoaren emaitza da. Ingurumariko Estatuak ez bezala, espainolak sortze prozesu bereziki liskartsua izan du eta indar modernizatzaile eta berorien aurkako mugimendu atzerakoien arteko talkak etengabeak izan dira.

Aldaketa hauen izaera ziklikoak ezin ezaba dezake garai aurrerakoi eta atzerakoien artean izan den desoreka. Garai progresistek iraun bitartean, eskubide zibil, sozial eta politikoen onarpenean aurrerapauso nabarmenak ematen ziren, baita Estatuari nazio-aniztasuna aitortzeko unean ere, batez ere garai Isabeldarraren amaieran, federalismo progresistaren eskutik. Garai modernizatzaile laburretako gobernu formulak bi izan dira batik bat: monarkia konstituzionala eta errepublika. Garai atzerakoietan, aldiz, erregimenak, diktadura hutsean ez bada, monarkia autoritarioan edo mugatuan oinarritu dira. Salbuespen bitxia, nolanahi ere, Cadizeko Konstituzioa (1812) izan zen, lehenengo "Karta magna" liberala izanik ere, Estatuaren konfesionaltasuna onartzen baitzuen. Garai aurrerakoietan eliza-Estatua bereizketa ohikoa izan da, garai kontserbadoreetan ez bezala.

XIX-XX-XXI Mendetako Espainiako sistema politikoaren bilakera ziklikoa

Agerian jarri nahi dugun azken bi mendeetako Espainiako historia liskartsua eta Europako estatu hurbiletakoa nahikoa ezberdinak dira. Espainiaren berezitasuna ingurumariko estatuei dagokienez honako ezaugarri bereizgarri hauetan oinarritzen da:

  1. Espainian iraultza burgesak eta, beraz, hemeretzigarren mendeko liberalismoak izan zuen ahulezia erlatiboa, eta, honekin lotuta, mugimendu anti-liberal indartsuak etengabe sortu izana. Bi horien arteko lehiakortasuna ez da ondo errotutako iritzi publikoaren esparruan ebazten, elkarren arteko borrokan baizik. Aurreikus daitezkeen ondorioak partehartze militar errukigabea eta azken bi mendeetan Espainia astindu duten liskar zibilak dira.
  2. Espainiar proiektu nazionalaren ahulezia, Katalunia, Euskal Herria edota Galizia bezalako herriekin kontrajarria, azken hauek antzinatik defendatzen baitzuten izaera politiko bereizgarria. Herriok proiektu nazional alternatiboak garatu zituzten, hain zuzen ere, sozial eta ekonomikoki suspertuen ziren estatuko lurraldeetan.
  3. Kolonien galera, bereziki Europako potentziek euren inperio globalen eraikuntzari ekin ziotenean eta, beraz, nazio horiek euren lur-zabalkundearen inguruan bizi izan zituzten prozesu demokratizatzaileekiko Espainiaren isolamendua.
  4. Gerra zibilaren pizte berantiarra, eta bertan bat egiten dute Europan gaindituta dauden XIX. mendeko eztabaidak -deszentralizazioa, Estatu-izaera, erlijioa- eta XX. mendeko Europan argitzeko dagoen arazorik garrantzitsuena: Estatuen eredu demo-liberalen, faxisten edo sozialisten arteko aukera. Diktadura frankista luzeak, gerra hotzaren interes geoestrategikoek lagunduta, Espainiako isolamendua areagotu baino ez zuen egin.
  5. XX. mendeko azken herenean Espainiara demokraziaren behin betiko etorrera, Europako gerraostean ongizatearen Estatuaren hitzarmen historikoaren ildotik erdietsitako eskubide sozial, zibil eta politikoen uzkurdura-testuinguru globalean gertatu zen.