Zinekoak

Euzkadi

Teodoro Ernandorenak zuzendu zuen metraje luzeko dokumental hau 1933an. Euskal zinemagintzaren historian, gai politikoari buruzko lehenengo dokumentala da.

Ernandorena Euzko Alderdi Jeltzalean afiliatutako mediku odontologoa zen. Gaztetan Dublinera joan zen Euzko Gaztedi Batzarekin hitzaldi bat ematearren, bertan ikusi zuen lehen aldiz zinea, eta horrek eskaintzen zuen propaganda egiteko aukera.

1933ko apirilean Donostian ospatu zen Aberri Eguna, "Euzkadi-Europa" lelopean, eta Ernandorena horretaz baliatu zen bere asmo politiko eta artistikoak bideratzeko, Eusko abertzaletasunaren aurrerakada erakusteko aukera ezin hobea zelakoan, Bartzelonako ZINE-FOTO etxearekin harremanetan jarri zen, bi zinemagile kataluniar kontratatzeko, eta hauek Donostian agertu ziren 35 mm-ko kamerak eskuan. Horrela, ekitaldi politikoaren hartualdi batzuk egin ziren, eta bereziki nabarmendu ziren mitin nagusiko adierazpenak. Kamaren bidez filmatu ziren garai hartako politikari nagusien mintzaldiak, hala nola José Antonio de Agirre, Telesforo de Monzon edo Ernandorena bera, orduan Euzko Gaztedi Batzaren presidentea baitzen. Aberri Eguna izan osteko egunetan, Teodoro Ernandorenak EAJren gonbidatu galiziar, suitzar eta kataluniarrak atera zituen bere filmean Gipuzkoan egin zuten egonaldian, ZINE-FOTO etxeak bidalitako kamaren laguntzarekin, eta hurrengo hilean gauza bera egin zuen politikari kataluniarren ordezkariak Euskadi bisitatzera etorri zirenean. Filmatutako lehen material hori ikusitakoan, lortutakoarekin pozik geratu zenez, Ernandorenak material gehiago filmatzen jarraitzeko aukera sendoaren alde egin zuen, Euskal Herria gai nagusitzat zuen filma egiteko asmoz. Horrela jaio zen Euzkadi.

Ernandorenak txandaka egiten zituen mediku lana eta filmazioa, eta zinegile kataluniarren laguntzaz errodatzen jarraitu zuen, film bat osatzeko adina material izan arte. Material horrekin guztiarekin lau zatitan banatutako filma osatu zuten. Lehenengoa euskal paisaiei buruzkoa zen. Bigarrena kiroletan eta dantzaldi nahiz kantaldietan oinarritzen zen. Hirugarrenak kultura zuen gai nagusi. Azkenik, laugarrenaren alderik garrantzitsuena gai politikoa zen, eta aberria goratzeko kantua zenez, bertan sartu ziren Aberri Egunean egindako hartualdiak, horiexek baitziren azken finean film luze horren sorburua. Euskal Estatutuari buruzko eranskin bat gaineratu zen azken momentuan, Jose Antonio Agirrek berak hala adierazi zuelako. Ernandorenak egin zuen dokumentalaren lanik handiena, ekoizpenaz, zuzendaritzaz, muntaketaz eta gidoiaz arduratu baitzen. Dena dela, garai hartako intelektual nabarmenen laguntza izan zuen, esate baterako, Bernardo Estornés Lasak gidoia egiten lagundu zion, eta Aita Donostiak eta Aita Hilario Olazaranek musika egiteko ardura izan zuten. Zentzura gainditutakoan, emanaldi pribatu bat egin zen Donostiako Kursaal Zinean, eta Euzkadi 1933ko abenduaren 27an erakutsi zen estreinako aldiz ofizialki, Bilboko Buenos Aires Antzokian. Horren ondoren, Euskal Herriko hainbat lekutan erakutsi zuten, eta hasierako interesa astiro-astiro txikitu zen, ia erabat ahaztua izan arte. Izan ere, 1936an tropa frankistak sartzear zeudela, Donostia hustu zutenean, filmaren negatiboa eta horren kopia positiboa EAJren egoitzan utzi zituzten, eta bertan geratu zen, denek ahaztuta. Faxistek latak topatu zituzten, erretzea erabaki zuten, eta horrela betiko galdu zen metraje luzeko lehenengo euskal dokumental politikoa, soldadu frankisten inkisizio espiritu basatiari esker.

  • Gutiérrez, Juan Miguel: Sombras en la caverna. El tempo vasco en el cine, Donostia, Eusko Ikaskuntza-Sociedad de Estudios Vascos, Ikusgaiak-Cuadernos de Cinematografía, 2 zkia, 1997, 235 orr.
  • Larrañaga, Koldo; Calvo, Enrique: Lo vasco en el cine (las películas), Donostia-San Sebastián, Euskadiko Filmategia/Filmoteca Vasca-Caja Vital Kutxa Fundazioa, 1997, 583 orr.
  • Roldán Larreta, Carlos: Los vascos y el séptimo arte. Diccionario enciclopédico de cineastas vascos, Donostia-San Sebastián, Filmoteca Vasca-Euskadiko Filmategia, 2003, 351 orr.
  • Unsain, José Maria: El cine y los vascos, San Sebastián, Eusko Ikaskuntza /Sociedad de Estudios Vascos-Euskadiko Filmategia/Filmoteca Vasca, 1985, 355 orr.
  • Zunzunegui, Santos: El cine en el País Vasco, Bilbao, Bizkaiko Foru Aldundia/Diputación Foral de Vizcaya, 1985, 603 orr.
  • Zunzunegui, Santos: Euzkadi: Un film de Teodoro Ernandorena, Bilbao, Certamen Internacional de Documentales y Cortometrajes-Caja de Ahorros Vizcaína, Bizkaiko Aurrezki Kutxaren Film Labur eta Dokumentalen Nazioarteko Zertamena. 1983.