Orkestrak

Euskadiko Orkestra Sinfonikoa

Dena den, desadostasunen, bizikidetzaren eta aniztasunaren aroan, gure orkestra izaki bizia da, konplexu eta aldabera, eta aktualitateari atxikia. Horri dagokionez, gero eta balio handiagoa ematen dio kulturaren beste eremu batzuekin esperimentatzeari. Eta horri loturik, esate baterako, bere lana modernitatearekin bat egitearren, kontzertu-aretoak alde batera utzita Bilboko Guggenheim-en Mike Oldfield-en Music of the Spheres diskoa aurkeztu zion munduari; era berean, 2001. urtean kontzertu telematiko bat egin eta internet bidez eman zuen, bertan parte hartu zuten musikarietako batzuk zuzendaria zegoen tokitik hainbat kilometrotara zeudela, zuntz optiko bidez konektaturik.

Euskadiko Orkestra Sinfonikoa, autonomia erkidegoko mailako orkestren artean, estatuan sortu zen lehen orkestra sinfonikoa da. 1982an sortu zen, Eusko Jaurlaritzaren Kultura Saileko Musika zuzendari Imanol Olaizolari enkargatutako proiektu baten emaitza gisa. Orkestraren antolakuntza-egituraren organo gorena Administrazio Kontseilua da, Kultura sailburua eta orkestraren presidentea buru dituena. Horiez gain, Kontseiluak beste hainbat kide du: Eusko Jaurlaritzaren Kultura sailburuordea eta Kultura zuzendaria, hiru lurralde historikoetako kultura diputatuak eta hainbat erakundetako ordezkariak. Bestalde, Batzorde Artistiko batek orkestraren musika-ibilbidea zehazteko eta garatzeko lanetan parte hartzen du.

Euskadiko Orkestra sinfonikoa, sortu zenetik (1982), Espainiako Orkestra Sinfonikoen Elkarteko kidea da. Halaber, Hezkuntza Kontzertuen Antolatzaileen Sareko kidea da sare hori 2010ean sortu zenez geroztik.