Orkestrak

Euskadiko Orkestra Sinfonikoa

Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren jarduera ondo egituratua eta dinamikoa da, eta euskal kultura-bizitzan errotuta dago. Horri esker, gure orkestrak 100 kontzertu baino gehiago ematen ditu denboraldi bakoitzean, hainbat ziklotan banatuak eta estatuko nahiz nazioarteko hainbat musika-erakunderekiko lankidetzan.

Bere jardueraren ardatza den Abonu Denboraldiaren baitan, gure orkestrak lau kontzertu-ziklo ematen ditu modu iraunkorrean, Bilboko Euskalduna Jauregian, Donostiako Kursaal Auditoriumean, Gasteizko Principal Antzokian eta Iruñeko Baluarte Auditoriumean. Kontzertu horietan, EOSek lehen mailako zuzendariekin jardun du eszenatokian, besteak beste Yehudi Menuhin, Krysztof Penderecki, Christopher Hogwood, Paul McCreesh, Yakov Kreizberg, Oleg Caetani, Jerzy Semkov, Lawrence Foster, Giovanni Antonini, Jesús López Cobos, Cristóbal Halffter, Arturo Tamayo, Kery Lynn Wilson eta Gloria Isabel Ramos zuzendariekin. Orkestrarekin jardun izan duten bakarlarien zerrendak ere izen handiko interpretatzaileak biltzen ditu, hala nola Maria Joao Pires, Frank Peter Zimmermann, Mischa Maisky, Antonio Meneses, Christian Zacharias, Leonidas Kavakos, Radu Lupu, Arcadi Volodos, Heinrich Schiff, María Bayo, Carlos Alvarez, Carlos Mena, Ainhoa Arteta, Asier Polo eta beste asko eta asko. Horri dagokionez, ezin ditugu alde batera utzi Hélène Grimaud edo eta Vadim Repin, beste askoren artean. Orkestraren kontzertu-eskaintza beste bi ziklok osatzen dute: bata ganbera-musika ardatz duen formatu txikiko eta kalitate handiko zikloa da, "Miramongo Matinéeak" izenekoa, eta bestea haurrentzat da eta orkestraren Hezkuntza Departamentuak diseinatu du: "Musika Familian". Gainera, 2010-2011 denboraldi honetan KlasikAT ziklo berria hasi dugu, izenburuak berak iradokitzen duen bezala, musika klasikoaz aratago doazen errepertorioak lantzea du helburu, horretarako Orkestrak artista ezagunak bidelagun.

Gainera, ekoizpen propioko kontzertuez gain, bada gure orkestraz zuzenean gozatzeko beste modurik, hainbat musikalditan orkestra gonbidatu gisa parte hartu ohi baitu, besteak beste Donostiako Musika Hamabostaldian, Operaren Bilboko Lagunen Elkartearen (OLBE) denboraldian, etab., baita gure lurraldeko hainbat herritan ere, "Orkestra Herrietan" ekimenarekin. Eta etxetik urrun ere bai: nazioarteko biretan; gure herriko kultura-ondarea transmititzen duen aldetik, bira horiek oso garrantzitsuak dira gure orkestrarentzat. Austria, Argentina, Alemania, Brasil, Txile, Suitza, Frantzia, Britainia Handia eta Italia dira bira horien jomugetako batzuk. Bertan, arrakasta handia lortu izan du gure orkestrak, hala nola Vienako Konzerthaus, Buenos Aireseko Teatro Colón, Municheko Prinzregententheater, Berlineko Kontzerthaus, Sala Sao Paulo eta Milaneko Auditorio areto ospetsuetan. Horri dagokionez, nabarmendu behar da gure orkestrak estatuko eta nazioarteko beste orkestra batzuekin trukeak egiteko duen politika. Izan ere, horri esker, EOSen musika beste leku batzuetara eramateaz gain, kanpoko orkestrak gure auditorioetara etortzen dira.