Auñamendi Eusko Entziklopedia
Fondo Bernardo Estornés Lasa

Buscador

Home > Auñamendi > Eugenio Maria Aguinaga Azqueta

Eugenio Maria Aguinaga Azqueta


toolbox

  • editions:
  • other languages:
    • ver en castellano
  • escuchar
  • share

Arkitektoa, gehienean arrazionalista. 1910eko urriaren 25ean Donostian jaio eta 2002ko uztailaren 12an zendu zen Negurin.

Maro Aguinaga Barona abokatua eta Juana Azketa Monasterioren seme bakarra. Amaren familiak Donostiako Ategorrieta auzoan eraikitako Villa Eugenian bizi izan ziren 1913tik aurrera. Etxetik gertu, Marianisten Eskolan ikasi zuen batxilergoa, eta ondoren Arkitektura ikastea erabaki zuen. Bere familian itsasgizonak, itsasontzi-jabeak eta legelariak nagusitzen ziren, baina bere lehengusu Jose Manuel Aizpurua arkitektoa marrazten ikusteak eragin ahal izan zuen hartutako erabakian.

1926an familiak Madrilen pisua erosi zuen, eta Eugenio bertara joan zen Arkitektura Eskolarako sarrera prestatzeko. Unibertsitate Zentraleko Zientzien Fakultatean ikasgai teorikoak egin zituen eta aurreikusita zeuden bi urteen buruan gainditu zituen. Arkitektura ikasketak 1928ko urrian hasi zituen, eta Modesto López Otero eta Luis Vegas irakasle izan zituen. Arkitektura Eskolan, besteak beste, Félix Candela, Fernando Chueca, José Antonio Domínguez Salazar, Carlos de Miguel eta Salvador Gayarrerekin batera ikasi zuen. Carlos Miguelekin urte luzez Arquitectura aldizkaria zuzenduko zuen geroago, eta ikasketetan zehar elkarrekin lan egin zuten Luis Gutiérrez Sotoren estudioan. Egonaldi horietan arkitektura asko ikasi zuen eta aurrerantzean bere lan egiteko moduan eragin handia izango zuen; luze iraungo zuen adiskidetasunaren eta kolaborazio profesional batzuen hazia izan zen.

José Manuel Aizpurua lehengusuak ikasketak amaitu zituenean hasi zituen Eugeniok bereak. Elkarrekin bi lehiaketara aurkeztu ziren: bata, Cartagenako Instituto batentzat, eta bestea, Madrilgo Mendi Ingeniarien Eskolarentzat. Biak irabazi zituzten baina ez zuten bat bera ere eraiki. Harrez gero Eugenio Aguinaga ez zen berriro inongo lehiaketan aurkeztu.

1934ko ekainean bukatu zituen ikasketak, bere promozioko lehena izanik, eta estudio bat jarri zuen Madrilgo bere etxean bertan, dagoeneko alargun zen bere amarekin bizi zenean. Urte hartan joan zen Eugenio Aguinaga Ingalaterrara lehen aldiz. Aurrerago, arkitektoaren tradizio ingelesarenganako zaletasuna igarri ahal izango genuen bere ibilbide profesionalaren zati garrantzitsu batean. Bere lehen enkargua 1934ko azaroan jaso zuen: bere amaren anaiak Donostiako Ategorrietan landetxe bat eraiki nahi zuen. Proiektua 1935eko martxoan entregatu zuen eta obrak 1937ko martxoan amaitu zituzten, Gerra Zibilean zehar. Garai hartan Sollube txaleta Revista Nacional de Arquitectura-n argitaratu zuten eta egilearen ezagunenetakoa da.

Gerra Zibilak bere Madrilgo lana geldiarazi zuen, eta lapurreta egin ziotenetik estudioak ez zuen berriro funtzionatuko. 1936ko irailean, Eugenio gerra-tokian zegoela, non Artilleriako Ofiziala izan baitzen Requete izan ostean, Matilde Churrucarekin ezkontzea hitzartu zuen, eta 1937ko otsailaren 14ean ezkondu ziren Donostiako Loiolako San Ignazio Elizan. Dantzaldi batean ezagutu zuten elkar 1936an. Gerra Zibila amaitzean, hilabete batzuez Madrilen ostatu hartu zuten. 1940an Bizkaiko Aldundiak arkitekto postu bat betetzeko deialdia egin zuen, eta Eugeniok bere burua aurkeztea erabaki zuen. Postua lortuta, Bilbora joan ziren bizitzera, eta Eugeniok estudio bat ireki zuen bertan, Luis Gana eta Rafael Basterretxearekin partekatuz. 1940ko abuztuan bere lehen proiektua egin zuen "Ledo Arteche" izeneko Tuberkulosiaren Aurkako Patronatu Nazionalarentzat. Bere lehen proiektu garrantzitsua izango zena egiteko enkargua, berriz, 1941eko martxoan jasoko zuen: Franco Jeneralisimo "Santa Marina" Tuberkulosikontrako Eritetxea zen. Bezero pribatu batentzat egindako bere lehen lan garrantzitsua ere 1941ean eskatu zioten: Seguros Bilbao-ren Egoitza izango zen, Gran Vía kalean. Proiektua 1942 urtearen amaieran entregatu zuen arren obrak 1947ra arte luzatu ziren. Izan ere, garai hartan diru-eskasia larria zegoen, Europa Bigarren Mundu Gerran sartuta zegoen eta erabateko artisau-arkitektura egiten zen, ez baitzegoen inolako produktu industrializaturik. Horren erakusgarri da Santa Marina Eritetxeko zoladuraren baldosak lekuan bertan egin behar izan zituztela. Hala ere, berreraikitzeko bidean zegoen herria zenez, arkitektoentzat lan asko zegoen. Azken bi eraikinok oraindik obratan zeudela, Eugenio Aguinaga beste lan batzuen proiektuekin ari zen dagoeneko: Donostiako Novedades Zinema, José Antonio Domínguez Salazarrekin elkarlanean; Gandarias familiarentzat Panteoi bat; Bilboko Txabarri Jauregiaren zaharberritzea eta José Azkoagarentzat etxe bat Durangon. 1941ean bertan Negurira etxez aldatu zen. Bertan jaio ziren bere zortzi seme-alabak, euren artean Eugenio Aguinaga Churruca arkitektoa (1943).

Geroago, 1950az geroztik, bere bulegoa Gran Vía kalera behin betiko eramango zuen. Estudioak bi bulego nagusi zituen, bata Luis Ganarentzat eta bestea berarentzat, eta horrez gain aparejadoreek, idazkariek eta delineanteek ere lan egiten zuten bertan. Bere ohiko lantaldean Manuel Gabiola aparejadorea eta Martín Sáiz arkitekto kolaboratzailea dira aipatzekoak, azken hau Aguinagak egindako krokisen interpretatzaile eta marrazkigile trebea. Estudioan arkitekto gazte batzuk ere izaten ziren boladaka, batzuk atzerritarrak. Euren artean zegoen Iñigo Eulate, Aguinagaren bazkide izatera heldu zena 1972-1980 urteen bitartean, eta berarekin, besteak beste, Los Tiloseko etxea edo Atxekolandetako etxebizitzak egin zituen.

1947-1949 urteen bitartean Eugenio Aguinaga Euskal Herriko Arkitektoen Elkargo Ofizialaren Gobernu Batzordeko Diruzaina izan zen, Ricardo Bastida, miretsia zuen arkitektoa, Dekano zenean. Geroago Eugenio bera jardun zen Dekano lanetan 1954tik 1956ra.

1957an, Industri Ministerioak Aguinaga aukeratu zuen Estatu Batuetako prestakuntza teknikoko bidaian parte hartzeko. Bidaia-lagun Carlos de Miguel, Fernando Cassinello, Salustiano Albiñana eta Cayetano Cabanyes arkitektoak izan zituen. Hiru hilabetez Washington, Puerto Rico, Tampa, Houston, Phoenix, Los Angeles, Chigaco, Boston eta New York bisitatu zituzten, eta Frank Lloyd Wright, Mies Van der Rohe, Richard Neutra eta José Luis Sert ezagutu ahal izan zituzten. Skidmore, Owings and Merrill-en bulegoari ere bisita egin zioten New Yorken. Halaber, Eugenio Aguinagak bere ibilbide profesional osoan zehar kanpoaldearekin harremana mantendu zuen bidaien eta argitalpenen bidez. Madrilen ikasten ari zenean ere garai hartan argitaratzen zen guztia erosten zuen. Bere arkitektura liburutegiaren zati garrantzitsua osatzen dute Ingalaterrako Architectural Review, Alemaniako Moderne Bauformen eta Baumeister, edo Estatu Batuetako Architectural Forum, Architectural Record eta Progressive Architecture bezalako aldizkariek. Honela, Wright, Van der Rohe eta Neutra izango dira arkitekto garaikideen artean bere lanean eragin handiena izango dutenak. Bestalde, ingeles kulturaren eragina ere aipagarria da, Robert Adam eta Edwin Lutyens-en lanena adibidez.

1963an eraiki zen La Galea Golf Kluba, behar bada Aguinagaren lanik garrantzitsuena. Funtzionala eta logikoa, Wright-en erreferentziaz eta ingeles jakinduriaz betea, eta euskal kostaldearen testuinguruan arretaz kokatua. Arkitektoak berak "arkitektura estilo zehatzik gabeko" eraikina bezala deskribatzen du. Zonaldeko material tradizionalen erabilera bilatu da, harri-horma, adreilu kareztatua eta zurezko egitura ikusiak esaterako. Teknika hauek landa-eraikuntzarekin harmonian daude garaiko baliabide eta baldintza arkitektonikoen alorrean erabilita ere. Egitura azpimarratzeko intentzioa nabari da, kanpo eta barneko elementu adierazgarri gisa, zutabeen arteko baoak beirate finko edo horma zuriz estalita. Proiektuaren ideia ikuspegi funtzional batetik sortzen da, klubeko bazkideen eta zerbitzuko langileen zirkulazioak era independentean ebatzi eta zelaieko bistak bilatzen dira. Eraikin honi esker urte hartako Euskal Herriko Arkitektura Eskola Ofizialeko Pedro de Asúa Saria jaso zuen.

Eugenio Aguinagaren obra osoaren bereizgarria da proiektuen kalitatea, bere marrazketarako aparteko abileziari eta eraikinak hitzartutakoaren arabera zehatz mehatz gauzatuko zirela ziurtatuko zuten lankide ezin hobeen lanari esker. Bestalde, Aguinagak etxebizitza eraikin handiak eta masiboak baztertu zituen, bere interesa etxebizitza unifamiliar edo bloke txikietara bideratuz.

Xehetasunen kalitatearen eta tradizio ingelesaren aplikazioaren adibide da 1965ean Domingo Guzmán-entzat eraikitako etxebizitza: adreiluz eraikitako etxe honetan, estilo georgiarra da nagusi. T formako oinak programa orientazioaren arabera antolatzen du, eta aldi berean ipar-mendebaldeko haize bortitzengandik kanpoaldea babestea ahalbidetzen du. Baina eraikin klasiko bat irudi dezakeen arren, egongela, liburutegia eta jangelaren arteko erlazioak, eta hauek terraza eta portxearekin lotzeko moduak arkitektura modernoarekin dauka zerikusi gehiago, kanpoaldeko itxura klasikoarekin baino.

Guztira laurehun proiektu inguruko lan oparoa egin zuen Eugenio Aguinagak, gehienak Bizkaian zehar eraikiak. Egun Nafarroako Unibertsitateko Arkitektura Goi Eskola Teknikoan gordetako fondoan aurkitzen da 1934-1983 urteen bitartean egin zituen lanen bilduma zabala. 2000.urtean Arkitekturako Munibe Saria jaso zuen bere jarduera profesional osoagatik.

Elixabete Beraza Sorarrain
2012


Images

Our Sponsors