Auñamendi Eusko Entziklopedia
Bernardo Estornés Lasa Fondoa

Buscador

Hasiera > Enciclopedia Auñamendi > Francis de Blas

Francis de Blas


tresnak

1960. urtean Bilbon jaiotako pintore erretratugilea.

Ilustrazioaren eta komikiaren arloan hasi zuen ibilbidea 80ko hamarkadaren hasieran. Garai hartan argitaratu zuen Neo Ama de Kass fanzinea.

90eko hamarkadan Parisen finkatu zen eta bertan antzinako maisuen teknikak ikertu eta ikasteko prozesu bat burutu zuen. 1999. urtetik aurrera Madrilen finkatu eta bertan lan egin zuen.

Bere obra bilduma pribatu eta instituzio askotan dago ikusgai, horien artean La Caixa edo Bizkaiko Foru Aldundia nabarmendu ditzakegu.

Francis de Blasek erretratugile modura garatutako jardunean hainbat alderdi ukitu zituen, izan ere, modeloari buruzko erretratua, era berean, garaiko erretratutzat ere har daiteke, izan ere, erretratuan agertzen dena ezaugarri historiko eta mitologikoen pean irudikatzen du. Orobat, bere obran aurreko pinturetan oinarritutako erretratu historikoak sartzen dira, esate baterako, Bizkaiko Foru Aldundiarentzat egin eta 2003an aurkeztu zen Galería de Ilustres Vizcaínos izenekoa. Horrez gain, irudizko erretratuak egin ditu iturri historikoetatik abiatuz. Horren adibide da 2004. urtean "La Caixa" Fundazioak eskatuta Done Jakue bidearen sustatzaileei eskainitako erretratuen seriea.

Azkenik, Francis de Blas espezialista da etxeko abereen erretratuetan, bereziki txakurrenak. Horietan, sarritan, animaliari gizaki itxura ematen die garaiko janzkiarekin atonduta.

1985. urtetik erakusketa kolektibo zein bakarkako ugaritan parte hartu du. Horien artean, hauek nabarmendu ditzakegu: 1985ean: "Ertibil-85" (Bizkaiko Foru Aldundia), Bartzelonako Komiki eta Ilustrazioaren 5. aretoa, "Arte-Diseño 15" Getxoko kultura aretoaren barnean (Bizkaia), "Bilbao" (Bilboko Juan Larrea Aretoa). 1986: "Bizkaiko Artea" (Bizkaiko Foru Aldundia), "Imaginate Euskadi" (Banco Central Hispano), "Arthletic" (Elkano Kultura Aretoa), Artearen-Alde. 1988: Erretratuen bakarkako erakusketa Banco Hispano Americano bankuaren aretoan (Bilbo). 1993an Enrique VIII y sus seis mujeres bilduma aurkeztu zuen Madrileko Casa Decor aretoan. 1995: Bakarkako erakusketa Prado Hotel Palace hotelaren (Madril) galerian. Bertan Parisen egindako lanen hautaketa bat eta Familia Tudor eta Habsburgo bildumak aurkeztu zituen. 1996: María de Médicis de Rubens seriea aurkeztu zuen Madrileko Casa Decor aretoan. 2001: Museo Celestial izenekoan antolatutako Ángeles, mensajeros de los Dioses erakusketa ibiltarian parte hartu zuen "El ángel consolador" lanarekin. 2003: Galería de Ilustres Vizcaínos erakusketarako erretratuak aurkeztu zituen Bilbon (Bizkaiko Foru Aldundia, Foru Agiritegiaren Aretoa). 2004: Done Jakue bidearen sustatzaile nagusiei eskainitako irudizko erretratuak aurkeztu zituen "Europa fue camino" izeneko erakusketa ibiltarian. 2007an eta 2009an: Txakurren erretratuekin egindako erakusketa Torrepachecon (Murtzia). 2010ean: "Retratos caninos" izeneko erakusketa Madrileko Eboli Galerian.

Informazio gehiago Francis de Blasen web-orrian


Auñamendi Eusko Entziklopedia
2016


Irudiak: