Auñamendi Eusko Entziklopedia
Bernardo Estornés Lasa Fondoa

Buscador

Hasiera > Enciclopedia Auñamendi > Iker García Barrenetxea

Iker García Barrenetxea


1979an Donostian jaiotako pintore, ilustratzaile eta muralgilea. Halaber, Londreseko Vyner Estudio-Galeriako sormen-zuzendari eta sortzailea da.

21 urterekin Londresera jotzea erabaki zuen, Santanderren lehen erakusketa egin ostean. 2003an formatu handiko marrazki koloretsuak jarri zituen ikusgai bakarka Londresen, eta bitartean Spitalfields Market azokan marrazkidun kamiseta inprimatuak saltzen jarraitzen zuen. Urte hartan bertan serigrafien edizio mugatu bat aurkeztu zuen paperean. "I Dreamt In The City" izan zen The Mall Gallery izeneko galerian beranduago jarri zituen lanetako bat. Haren ondotik, nabarmentzekoa da Miguel Marin (Arbol) musikari sevillarrarekin gauzatutako lankidetza, bi artisten pintura eta musika uztartu eta hainbat erakusketa paratuz Bartzelonan eta Donostian.

Bartzelonan egindako egonaldia baliatuz, 2006an Bartzelonan ospatu zen Arte Garaikidearen Nazioarteko Jaialdiaren VII. Ediziorako lan egin zuen hainbat hilabetez.

Bitartean, hainbat lagun aritu ziren donostiarraren pintore alderdia babestuz, esate baterako, Alessia Avellino ("The Hugh Casson Drawing Prize" Royal Academy Summer Exhibition 2004 erakusketan), eta Francisco Centoffanti ("Carroll Foundation Award" 2003).

Londresera itzulita, adiskide batzuen laguntzarekin, Hackney Wick inguruan kokatutako biltegi bat eraberritzea erabaki zuen, eta bere bizileku eta lanleku bilakatu zen.

2008an Hackney Wicked izeneko Arte Jaialdian parte hartu zuen eta zuzeneko sormen-lana burutu zuen, "Corona Save The Beach Party" izeneko lana sortuz jaialdira hurbildutako 700 gonbidatu baino gehiagoren aurrean.

Halaber, kaleko eszena ugaritan parte hartu du, East End zonaldean olio-pinturako mihiseak pintatuz.

Halaber, 2011n pintura murala landu zuen Londreseko Forman's Smokehouse Galeriaren babesarekin, eta 2012. urtean WLSER (Western LifeStyle Everyday Recipee) izeneko lana eta bizi den hirian 2012an ospatutako Joko Olinpikoen itxiera-zeremoniarako sortutako lana nabarmentzen dira.

Egun, Vyner Estudioaren kudeaketan lan egiten du, ilustrazio-lanak eginez eta erakusketak antolatuz (bere lanari eta beste artista askoren lanari buruzkoak).

Artistaren web gunea: Iker Garcia Barrenetxea.

Auñamendi Eusko Entziklopedia
2016