Eskultoreak

Araoz, Andres de

XVI. mendeko euskal eskultorea. Haren abizenak islatzen du jatorriz Oñatikoa zela, baina oraindik ez dakigu non jaio zen (1518?).

Billarren (Araba) jaso zen haren berri lehen aldiz. Diego izeneko anaia izan zuen, seme bat, Juan, eta iloba bat, Andres, guztiak ere eskultoreak, baina ez haren neurrikoak. Estiloan Berrugueteren eraginak ikus daitezke. Bere lan gorena Genevillako San Esteban (Nafarroa) parrokiako erretaula nagusia da. Bereak dira Lapoblacioneko, Bustoko eta Armañantzaseko erretaulak ere. Urangaren ustez, haiek guztiek, segurtasun osoz, errenazimendu platereskoko Nafarroako erretaulen multzo onena osatzen dute. Gipuzkoan lan egin zuen azken urteetan, Aiako, Eibarko, Oikiako eta Zarauzko erretauletan.

1565ean Getariako parrokiko koruko aulkietan lan egin zuen, gerora 1833 eta 1839 artean gerrako suteek suntsitu egin zutena. Horrez gain, Itziarko santutegiko erretaula ere egin zuen, eta 1567an, Eibarko elizakoa. 1580 inguruan hilko zen seguruenik, Eibarko eta Zarauzko erretaulak amaitu gabe, beste hainbat lanekin gertatu zitzaion moduan, ziurrenik hainbat lan batera egiteagatik; ondorioz, hartutako konpromiso guztiak ezin izan zituen bete. "1587an amaitu ziren Juan de Araoz eskultorearekin kontuak, erretaularen konturako Andres de Araoz aitak jasotako dirutik..." (itzulpen moldatua gazteleratik) Eibarko Monografian G. de Mugicak idatzi zuenaren arabera (125. or.). Bere obrak artista eta kritikarien laudorio onenak jaso izan ditu. Eibarko aldarearen eta Araozen obraren gainean, oro har, Camon Aznarrek iruzkin hau egin zuen:

"Erretaula honek hainbat eraldaketa jasan zituen XVII. eta XVIII. mendeetan; euskal probintzietako monumentaletakoenetakoa da. Bere artean Briviescako berezigarriak diren heroizazio-islak daude, baita ezaugarri formalak ere. Hala ere, Araozek atzeratutakoaren joera du, batez ere Berruguetek eraginda. Eta Berrugueteren estilokoa da duen urduritasuna ere, zapietan eta jarreretan ikus daitekeen mugikortasuna, Paredes de Navako maisuaren arteak islatzen duen aurpegiko adierazkortasuna. Carderak berari egotzitako Debako erretaula ezin da berea izan; Weissek Donemiliaga Kukullako pulpitua egozten dio" (itzulpen moldatua gazteleratik).

  • BIURRUN, Tomás. La Escultura Religiosa y Bellas Artes en Navarra, durante la época del Renacimiento. 191 or. Iruña, 1935.
  • URANGA GALDIANO, José E. Retablos navarros del Renacimiento. 11-17 orr. Iruña, 1947.
  • CAMÓN AZNAR, José. El escultor Juan de Ancheta. Iruña, 1943.
  • ARRÁZOLA, M.ª Asunción. El Renacimiento en Guipúzcoa. II libk., 145 or. Donostia, 1967-68.
  • ECHEGARAY, Carmelo de. La tradición artística del pueblo vasco. 39 or. Bilbo: Euskal Kultura Biltzarra, 1919.