Pintoreak

Benito Gastañaga, Ángel

1962ko uztailaren 10ean Gasteizen jaiotako artista polifazetikoa.

Bere sormen-jarduna pintore, marrazkilari, ilustratzaile, diseinatzaile grafiko eta barne-diseinatzaile gisa garatu du. Orobat, irakaskuntzan aritu da, bere estudioan marrazketa- eta pintura-eskolak emanez.

Kolaboratzaile modura aritu da Copyright eta Octopus fanzineetan eta Habeko Mik, Zona 84 eta Tótem el Comix aldizkarietan.

1984. eta 1985. urteetan Bartzelonako Komiki eta Ilustrazioaren Aretoan parte hartu zuen. Bere obra erakusten jarraitzen du modu kolektiboan nahiz bakarka. Horrela, 1985ean Los felices 85 izeneko erakusketa ibiltarian (Gasteiz, Zaragoza, Bartzelona edo Madril zeharkatu zituena) parte hartu zuen. Era berean, bere jaioterrian egindako Dibujos e Ilustraciones izenekoan parte hartu zuen. 1988. urtean Gasteizko San Prudentzio Aretoan Makoki paratu zen.1997an Arabako hiriburuko San Prudentzio Aretoan bere akuarelak ipini zituen ikusgai, eta hurrengo lau urteetan beste akuarelista batzuekin batera jarri zituen Arte eta Ofizioen Eskolan (1998), Gasteizko Luis de Ajuria Aretoan (1999), edota Durangon (2000). 2001. urtean Gasteizko Arte Activo Galerian paratu zuen bere obra eta 2003an Iradier Galerian. 2004. urtean Sevillako Artearen Nazioarteko Ferian parte hartu zuen eta 2006n Gasteizko Zuloa Espazioan egindako 30 x 30. Dimensiones de nuestra historieta erakusketan. 2011. urtean bere obra Miranda de Ebron jarri zen ikusgai, Con otra mirada izeneko erakusketa kolektiboan.

Angel Benito zineman, antzerkian eta telebistan ere murgildu da. Juanma Bajo Ulloa zuzendariarekin kolaboratu du, diseinuak eta ilustrazioak eginez Alas de mariposa eta El reino de Víctor filmetan. Halaber, La Dama de Amboto (1991) telesailerako dekoratuaren diseinuan parte hartu zuen, eta Olentzero izenekoaren eszenografia diseinatu zuen Gasteizko Udalerako (1998).

Ilustratzaile modura, hauek argitaratu ditu: Olentzero (1995), La estrella de Belén (1996), Las increíbles aventuras del Capitán Sensible y otros piratas (2003) edo Angélica 1. Entre el Cielo y la Tierra (2009).