Musikologoak

Barandiaran Balanzategui, Gaizka

Gaizka Barandiaran Balanzategi 1916ko martxoaren 3an jaio zen Oñatin eta 2006ko uztailaren 20an hil zen Loiolan.

Gaizka Barandiaran Oñatin jaio arren, Arrasaten eman zituen ia-ia haur urrats guztiak, bi urterekin aldatu baitzen sendia sarrailgintzako herrira. Julian eta Dorotea ziren gurasoak eta bikoteak sei seme alaba hazi zituen: Jose Mari, Julio, Bixente, Carmen, Salvador "Gaizka" eta Maria Luisa. "Mentu" baserrian ekin zioten arrasatear abenturari baina handik gutxira, 1922an, "Marko Etxeberri" etxea jaso zuten eta huraxe izan da gaur egunera arte sendiaren habia. Gaizkak ederto oroitzen zituen ume zeneko egun haiek, zentzu eta sentimendu osoz bizi izandakoak. Berak ziostan:

"Aita goizetik abiatzen zen basalde hartara eta eguerdiko bazkaria neronek eramaten nion. Bost bat urte izango nituen... Zoli zegoen aita basoko isiltasunean eta bazkaltzen zuen bitartean hango bazterrak behatzen nituen. Bitartean zizareren bat hango muinoetan idoroten ote nuen nenbilen...".

Gaizkak bat egiten du naturarekin. Bertatik bertara ezagutzen du izadia eta horren sekretuak ez dira horrenbeste mutikoarentzat.

"Noxien bein, ontzak Loroko txaran oyu eiteauen, gabaz lorik eztau eiten-ta... Zer eiten dok, ba, euzkixa Oñati aldetik jagi ta Muru mendi ostien sartuten dan bitartien?... Laister, ba, izkutatuten bai-az lurpien udazkeneko euzkixak indarrik etxaukakenien eta Udalatx gañetik ipar axe otzak joten jokenien..." 1.

Zalantzarik gabe, herrikideak ziren arren -hamar urteko aldearekin- Gaizka eta Iokin Zaitegiren arteko desberdintasunik sakonena bata eta bestearen bizitza moduan eraikitako heziketan zetzan, Gaizkak baserritar iturrietatik edaten zuen bitartean Zaitegi "señorito" bat zen, hitzaren adierazpenik borobilenean.

Mesedeetako mojekin urtebete bat eman ostean udal eskolara igaro zen Gaizka sei urterekin. Eta laster lehen jaun hartzea egitea egokitu zitzaion, Arrasateko parrokian, garaiko abaderik estimatuenak Jose Joakin Arin erretorea eta Jose Markiegi2 izan zituelarik. Jaun hartzea burututa, Markiegirekin ekin zion eliz mutil lanari eta haren eragina handia izan zen herriko neska mutikoak euskal kulturaren ildotik zuzentzeko orduan. Adibidez, 1927ko irailean Arrasaten ospatutako Euskal Eguna edo Euskararen Eguna izan zen, Eusko Ikaskuntza, Euskaltzaindia eta Euskeltzaleak erakundeekin antolatua. Gaizka Barandiaranek esku hartu zuen, hamaika urterekin, eta Markiegik hautatutako irakurgaiak publikoaren aurrean esan zituen. Hirurogeita hamar urte beranduago Gaizkak oroitzen zuen:

"Bukatu zen Azokako jaia eta bazen hantxe jende gazte pilotxo bat eta oso gartsua zirudien, haien txalokada halakoxea zen eta. Gazte haietako batzuek amen batean aupaka jaso ninduten".

Eta Jose Markiegi bera izan zen Gaizka jesuiten bidetik abiarazteko lehen saioa egin zuena, herriko apaizak eraman baitzuen mutikotxoa Durangora. Eta Antonino Atutxa zeanuritarrarekin elkarrizketatu ondoren komentuan onartu zuten Gaizka, 12 urterekin. Lau eman zituen Durangon eta Bigarren Errepublikaren sorrera bertatik bizi izan zuen. Nolabaiteko inflexio puntutzat joten zuen Gaizkak une hura, abertzaleekin lerrotu baitzen. Eta jarrera hori ez zuen bizitza osoan aldatuko. Euskaltzale izateari abertzaletasunetik eustea eta elikatzea erabaki zuen, eta baita deliberamendua praktikara eraman ere. Euskararekin ez ezik, dantzak ikasteari heldu zitzaion.

Batxilergoa amaituta Belgikako Tournaira aldatu zen eta nobiziagoko bi urteez gain Gizabidea, Hizkuntzak eta Zientziak ere ikasi zituen. Hizkuntza klasikoen ikasbidean esfortzu ugari eman zituen... baina, berak sarritan esan ohi zuen moduan, garai hartako ahalegin guztiak ongi inbertitutzat zeuzkan, euskararekin lan egiteko aukera ezin hobea ikusi baitzuen. Bere biografian dio:

"Gerkerazko ikasketak barruaz samintzen ninduen eta asuna bezain bizierregarria gertatzen zitzaidan. Beti nengoen pentsatzen euskaraz larre-hizkuntza izatetik kultura-hizkuntza izatera pasatu ahalko genuen".

Homeroren Iliadaren itzulpena testuinguru horretan kokatu behar da, maila horretako lanak bere bizkar hartu beharrean zegoela uste baitzuen Gaizkak. Hogei urte zituela ekin zion Homerorena euskaratzeari. 1936-37 ikasturtean Iliadaren zazpi kanta itzuli zituen. Garai hartakoa da Gaizkaren adiskidantza Aita Estefaniarekin. Bien artean itzuli zituzten frantsesera Lizardi eta Orixeren zenbait poema, josulagunek Parisen argitaratzen zuten Études aldizkarian atera zirenak. Izena egiten ari zen Gaizka euskaltzaleen artean eta horrek ere Aita Jose Agirre-Zeziagarenganako aukera ahalbidetu zion Tournain bertan.

Musikan ere aurrera egiteko parada eskaini zion Belgikako egonaldi hark. Hiri hartan Azkueren hamar euskal kantaren koadernoak aurkitu zituen eta handik aurrera egunero saiatzen zen melodia haietaz zein hitzen esanguraz jabetzen. Euskal dantzetan ere aurrera pausuak eman zituen, poliki-poliki apunteak hartzen zihoalarik, urte batzuen buruan hain obra garrantzitsua izango zenari abiapuntua ipiniz.

Eta Tournain ere ezagutu zuen pertsonalki Iokin Zaitegi herrikidea, garai hartan -Venezuelatik bueltan- Marneffen teologiako ikasketak burutzen ari zena. Eta bi nortasun ausart haien uztarketatik emaitza aberatsa sortu zen, bien arteko lankidetza zintzoa elkarri agindu ziotelarik. Tournairaino heltzen zen Marneffeko euskal taldearen oihartzuna, eta gazteagoek zin egin zioten Zaitegik, Agirre-Zeziagak eta gainerakoek adierazten zuten izpirituarekin bat zetozela.

Baina espainiar gerrak haustura ekarri zuen gazte sutsu haientzat. Haietako askok, beldurrak eraginda, bertan behera uzi zuten euren asmoa eta Konpainiaren uneko tronpetaren martxara egokitu ziren, buru makur. Gaizkak, ordea, aurrera egitea erabaki zuen, zuhurtasunez, hori bai, izan ere itsu-mustuan jotzeak betiko galera adieraz zezakeen. Une itzel haietan ezagutarazi zion Aita Estefaniak Arrasateko Arin, Markiegi eta Guridi abadeak fusilatu zituztela. Albiste gogorra, bere lanaren bitartez Ad Maioren Dei Gloriam ez ezik baita Euskal Herriaren eta horren kulturaren aintzaz saiatzen ari zen gaztearentzat.

Hurrengo ikasturtea Marneffera joan zen Gaizka filosofiako ikasketak egiteko baina urtebete bat bakarrik egin zuen han, Konpainiak Espainiara bidali baitzuen, Oñara. 1938an soldadutzara joan behar izan zuen, Bartzelonan. Gerra amaituta ostera itzuli zen Oñara. Filosofiako ikasketak amaituta Xabierrera bidali zuten, magisterio egiteko. Nafarroako egonaldi hura primeran etorri zitzaion Gaizkari, alemanera ongi ikasteaz gain txistuaren sekretuetan barrena egin baitzuen. Folkloreari helduta ere, nafar dantzak jasotzen saiatu zen. Noski, euskalgintzako lehengo betebeharrak ez zituen ahaztu eta Iliadaren itzulpenekin jarraitu zuen.

Xabierretik Oñara itzuli zuten Gaizka 1944an, Teologia egin zezan. Hala egin zuen eta bitartean Salas de Bureba herriko erretoreak eskatu zion bertako eta inguruko dantzen bilduma gauzatzea. Baita horrela egin ere.

Oñako San Salvador elizan apaiztu zen Gaizka, 1947ko uztailaren 27, 28 eta 30ean burutu ospakizunen barruan, Zenon Aranburu gotzainak eskuak jarri zizkiolarik. Hilabete bat geroago, abuztuaren 24an, lehen meza eman zuen Arrasateko parrokian.

Ikasketa guztiak amaituta Tuteran izan zuen Gaizkak lehen lantokia. Ordurako Konpainiaren barne txostenen arabera Barandiaran "regionalista exagerado" bide zen. Eta Tuterako ikastetxean mutilen begirale ipini zuten, lan gris batean hain zuzen, nolabaiteko zigor gisa. Gaizkarekin, ordea, ez zihoan bat etsipena ezta amore ematea ere eta Tuteratik sekulako lana irradiatu zuen Erriberako herrietara: Murtxante, Kaskante, Milagro, Kortes eta abar luze bateko folklorea jasotzen ahalegindu zen hamalau urtetan zehar.

Tuteran filosofia irakasten zuen eta lan horrek ateak ireki zizkion itzulpengintzan segitzeko. Kant, Aristoteles, Sokrate, Seneka, Heidegger, Scheler eta beste filosofo askoren obra ikertu ahal izan zuen, geroko lanetarako gaia emango ziona. Eta iturri originaletatik irakurri ahal izateko hizkuntzak sakon ikasi behar izan zituen. Euskara, gaztelera, frantsesa, ingelesera, alemanera, heberkera, gerkera, latera, errusiera eta katalanaz irakurtzeko eta hitz egiteko gai zen.

Homeroren Iliasena guztiz itzuli zuenean -gogoratu Tournain bukatu zituela aurreneko zazpi kantak- liburu gisa argitaratzea otu zitzaion baina ez zuen laguntzarik lortu. Hori horrela, bere kabuz egitea erabaki zuen. Rafael Moneo ikasle ohiari eskatu zion liburua bere irudi eta marrazkiz apaintzea eta 1956ko maiatzean kaleratu zen liburu hura. Idatzi zidan behin:

"Azkenik irten zan nire adimeneko lehen semea. Iliasena, merezi zuen, bada, Homerek eta euskarak".

Eta liburuaren hitz aurrean honela irakur daiteke:

"Gaur, erabat, euzkera'k apaingarri berria jantzi du ta zeiñen ederki dagokion, gero! Euzkera, ba, gerkera bezaiñ zarra, gerkera bezaiñ agurgarria duzu. Ta euzkera ta biyek aldi antxiñakoak diranez askotan asmo bateko ta gogo berdiñeko ageri dira"

Iliasena-ren agerpenak euskal zirkuituetan denetariko kritikak ekarri zituen, kolore desberdinetakoak. Orixe-k, adibidez, eginiko itzulpena laudatzen zuen bitartean, Mitxelenak jipoi ederra eman zion. Honela zioen errenteriarrak:

"Ollarrak goizegi jo digu, eguna argitu baiño leen. ..Iliada inork itzuli nahi badu aurkituko du laguntza Aita Barandiaran'ek egin duen lan izugarrian. Baiña oraindik itzultzeko daukagu" 3

Baina Gaizka ez zen kikildu Mitxelenaren iritzi eta isekarekin. "Nire aierua zera da, ausaz, aurrea hartu niola Mitxelenari ustekabeko lan horrekin" esan zidan bere biografian. Egia da, nolanahi ere, lehen Zaitegiren Platon, Sofokles, Euripides eta beste klasiko batzuen itzulpenekin gertatu bezala, euskal gizartea ez zegoela Homeroren irakurgaietarako. Barandiaranek, ordea, horretan ere Zaitegiren kasta gogorrekoa, azken hatsa eman arte -eta mende erdi bat igaro zen Iliasena kaleratu eta Gaizkaren heriotza gertatu arte- bere itzulpenekin eta greziar zein erromatar filosofoen obren ikerketarekin jarraitu zuen, "merkatuak" zer eskatzen zuen eta bere eskaintzari zer jaramon egiten zion ezagutzeak bost axola ziolarik.

Iliasena-k, berriz, kanporako ateak ireki zizkion Gaizkari, Alemaniarako gonbitea jaso baitzuen 1964an eta Mainzen egon zen denboralditxo batez. Israeli buruzko ikerketak egiteko aprobetxatu zuen. Horretaz lan egiten jarraitu nahi zuela eta Konpainiari egin zion eskabidea Alemanian geratzeko baina ezetza jaso zuen. Temati bere jarreran, Innsbruckera aldatzeko lizentzia eskatu zuen eta, haren buru gogortasunaz jabetuta nonbait, Ignazioren armadako buruzagiek amore eman zuten. Innsbrucken hiru urtez aritu zen Gaizka, besteak beste, heberkera eta akadierazko4 gramatikak ikasten.

Iliasena-k irekitako ildotik Gaizka Barandiaranek bereganatutako ospea dela eta Euskaltzaindiak euskaltzain urgazle izendatu zuen 1961eko abuztuaren 25ean. Ponteko izenaz gain, Aitzarte, Aranargi eta Bertze izenordeak erabili zituen Gaizkak bere lanetan. Horiek, gehien bat, ASJU, Arbor, RSBAP boletina, Cuadernos de Etnologia y Etnografía de Navarra, Dantzari, Dantzariak, Egan, Euskonews & Media, Euzko Gogoa, Fontes Linguae Vasconum, Goiz Argi, Gipuzkoa, Journal of the International Folk Music Council, Principe de Viana, RIEV, Txistulari eta Zeruko Argia aldizkarietan argitaratu zituen.

Euskal Herrirako bidea hartu zuen 1967an. Irakaskintza zuen helburu berria, Donostiako jesuiten ikastetxean. Euskararekin segitzeko aukera handiagotu zitzaion baina, gehien bat, dantzaren munduko lanari heldu zion, gogoz. Euskal Dantzarien Biltzarra bihurtu zen bere bigarren aterpe-lekua, bertatik irradiatu baitzuen indarra, euskal dantzen gaineko teorizazioan. Benetan lan mardul eta bikaina burutu zuena.

Iztuetaren obra ikertu zuen maisuki eta bere jarraitzailerik zintzoentzat zeukan bere burua Barandiaranek. "Gure tradizio koreografikoari eutsi behar diogu, desagertzeko zorian egon daitezkeen dantzak zainduz, Iztuetaren denboretatik asko galdu dira eta" zioen bere biografian. Folkloreari eskainitako esfortzuak nolabaiteko errekonozimenduak ekarri zizkion Gaizkari, euskal esparrukoak ez ezik europar mailakoak ere bereganatu zituela. IFMC (International Folk Music Council) deritzan erakundeak, adibidez, formalki gonbidatu zuen Gaizka kide bezala sartzera. Eta baita berak onartu ere. Hortik etorri zitzaion Euskal Herriko folklorea Mac Millan argitaletxeak argitaratzen zuen munduko bilduman sartzeko enkargua: idazlana burutu zuen Gaizkak.

Basque Music izenburupean, azalpen orokor bat egin zuen Barandiaranek Mac Millan argitaletxearen The new Grove Dictionary of music and musicians izeneko liburuan: ezaugarri nagusiak, dantzak eta instrumentuak. Euskal Herriko herrialde desberdinetatik egindako ikerketak euskal musikari buruzko ideia orokorra ematen dio irakurleari. Bestalde, Estatu Batuetako Indianako Bloomingtongo Unibertsitatetik jaso zuen gonbitea bertako "member" izateko, musika eta folklorearen arloan. Orduan hasi zen Ethnomusicology deritzan aldizkariarekin lankidetzan. English Folk Music Society-k ere Gaizkaren lankidetza eskuratu nahi izan zuen... baina kasu horretan alperrik gertatu zen Konpainia berriz ere oztopoak jartzen hasi baitzen, eta Donostiako Ikastetxeko irakasleari obedientziaren zina gogorarazi zioten.

Ordurako Gaizkak hiru liburu argitaratu zituen Auñamendi bilduman: Danzas de Euskalerri I, II eta III tomoak, 1963 eta 1969 urteetan kaleratuta. 1980an, titulu berdinarekin tomo berri bat atera zuen. Hiru hizkuntzatan idatzia, bakoitzari zati berezia ematen dio. Liburua, aurrekoak bezala, bere osotasunean Markiegi Olazabal sendiari eskaini zion, hau da umetan euskalgintzarako garra piztu zion abadearen senitartekoei. Liburu berri horren lehen atala, ordea, Arrasaten fusilatutako hiru apaizei eskaini zien. Folklore Vasco: su meta titulupean honela idatzi zuen:

"Nuestra meta es simplemente que el Pueblo y Nacion Vasca mantengan en vigor su herencia popular. Euskalerri debe perfeccionar su identidad y su personalidad ante los demás pueblos, como éstos deben asimismo por imperativo de la naturaleza misma llegar al cénit de su personalidad propia..."

Durangoko urteetatik bere baitan bizirik zirauen zaletasunean ehundu zuen Gaizkak bere teorizaziorik funtsezkoena, egiazko autoritate bat bihurtuta folklore gaietan. Beraren ustez - ziostan argi eta garbi- aberriaren gaineko ezagupideak naturatik, historiatik, filosofiatik, ohituretatik eta gizarte arazoak aztertzeko diren pentsamolde desberdinetatik datoz. Baina baita - azpimarratzen zuen- dantzaren urratsetatik ere eta -pede libero pulsanda tellus hau da, oinak gogoz lur gaina zapaltzen, behetik bihotzera eta adimenera igotzen da pertsonen hatsa. Honela idatzi zuen Gaizkak dantzen gaineko ikerketa lan baten amaieran:

Dantza! Dantza Herria!
Dantza Euskalerria.

Bizkaia, Gipuzkoa
Araba, Naparroa,
Laburdi, Zuberoa,
Dantza! Herri osoa.

Anboto eta Haizkorri
Gorbea ta Txindoki
Aralar, Orimendi
Dantza! Orain da beti!

Azken urteotako bere ekoizpen berezia Gaizkaren kultura ibilaldiaren islapen adierazgarria dugu. Klasikoen gaineko ikerkuntzatik hasita, gerkerazko zein laterazko testuetan oinarritua, filosofiaren alorrean hain murritza den euskarazko eremua aberastuz. Aristoteles izan zuen, batez ere, Gaizkak ardatza: Aristotel'en Adierazkuntzaz Gaur eguneko filosofoei buruzko kritika zentratuan ere aritu zen, luze aritu gainera, Filosofika eta Gauzaki Izaki Gizaki 5 liburuki marduletan egiazta daitekeen moduan: Heidegger, Kiekegaard, Jaspers, Sartre eta beste filosofo handiekin. Zer esan, berriz, Israelgo mitologiaz eta izaeraz ezagutzen zuenari buruz?. Maitemindua zegoen, zeharo, hebraieraz eta Israelgo kulturaz. Horra hor, adibide gisa, Yahweren Irazkuntza ta heberkel Mitologia Ezker-eskumia: Israel'en Kultur Oiñarria edota Zuhaitz gurgarriak Israelen bere lan interesgarriak.

Horiezaz gain, Gaizkak bere iturburuetara itzuli nahi izan zuen bere azken hilabeteotako langintzan eta Saski Naski titulatu zuen bildumako hiru tomoak prestatu zituen. Dantzak, hizkuntza, artea eta musikari eskaini zizkion ordu ugari, xehetasun bikaina erabiliz. Eta, azkenik, niri helarazten zizkidan bere idazki enkuadernatuetatik nire gustuko gaiengatik gehien hurbiltzen zaizkidan beste bi aipatu behar ditut, derrigorrez: Tres mitos vascos (euskaraz eta gazteleraz) eta Folklore eta gizartea

1Lurreko piztien ekiketak (Arrasate'ko-Mundrau'ko euzkelgiz) (Euzko Gogoa 1955eko Urtarrila-Otsaila)

2Aipatu bi abade horiek eta Leonardo Guridi fusilatuak izan ziren 1936an.

3Michelena, L. "Egan" 1956 (3-4 zenbakiak) 102-105 orr.

4Akadiera kontzeptuan, babiloniera, asiriera eta abar sartzen dira.

5Ikerketa lan honekin Andima Ibiñagabetia Saria irabazi zuen. "Mensajero" 1989.