Olerkariak

Arana Ezpeleta, Juan

Olerti Egun antolatzen jarraitu zuen Euskaltzaleak elkarteak, Aitzolen eraginaz. Eta 1935eko ekainaren 2an, Bedoñara eraman zuten ospakizuna, hain zuzen Loramendiri hil ondoko gorazarre egiteko. Egun hartan Koldo Jauregi Jautarkolek, bere Maite opari olerkariarekin irabazi zuen zilarrezko Haritz Adarra saria6. Besteak beste, beren presentziarekin jai hura ondratu zutenen artean Lauaxeta olerkari handia eta Jose Maria Lojendio euskaltzalea egon ziren.

Euskaltzaleak elkarteak oroitarri bat eskaini zuen Loramendiren irudia gogorarazteko. Bertan irakurtzen da: "Loramendi. Bedoña'tar Iokin. 1907-1933. Arana'tar Jon. Mendibitsuko lekaide olerkariari. Euskaltzaleak. 1933-VI-2"

Beste omenaldi bat 1959ko irailaren 20an izan zen, baita Bedoñan ere. Orduko hura Euskeraren adixkideak elkarteak antolatu zuen. Mendibitzu baserrian oroit-plaka bat jarri zen, Loramendiren beraren amak estalki zapia mugiaraziz agertu zuena. Bertan irakurtzen da: "BEDOÑA'TAR J. AITA, "LORAMENDI" (1907-1933) Euskal olerkari bikain eta Jaungoiko Maitasunaren Oyulariari, bere jayotetxean, EUSKERAREN ADIXKIDEAK, 20-IX-1959. Nora noake maitasun eske, neregan baidet ederrik oro berezko ditun maitalea".

Bigarren omenaldi hartan, milaka euskaltzaleren aurrean, Antonio Arrue euskaltzainak hitzaldia egin zuen eta Basarri eta Lizaso bertsolariek ere parte hartu zuten. Egunerako ireki zen elerti norgehiagoketan, bestalde, Gabriel Aresti bere Maldan behera olerkiarekin suertatu zen garaile, Bitoriano Gandiagaren aurretik.

Ehun bat urte eman dira Jontxu Arana Ezpeleta munduratu zenetik eta zenbait gutxiago hura Loramendi olerkaria bihurtu zenetik. Edertasunaren bideetatik barrena egiteko gonbitea luzatu zigun bedoñatarrak bere obrarekin eta kitatu ezinik geratu da betiko harekiko zorra.