Kontzeptua

Udala

Ahots hau azaltzeko zereginean, Euskal Autonomia Erkidegoan eta Nafarroan udal foru sistemak dauzkan berezitasunak azpimarratuko dira batik bat, Espainiako eraentza komunari ere erreferentzia jakinak eginez beharrezkoa suertatzen den kasuetan. Lan honetan, Iparraldeko udalen eraentzari buruzko aipurik ez da egingo, izan ere, ikuspegi juridikotik, Frantziako udalek duten eraentza komunarekin alderatuta, inolako eraentza desberdinik ez baitzaie aplikatzen.

Frantziako Errepublikan, alkate edo auzapezari (maire) eta udal kontseiluari (conseil municipal) dagokie komuna edo udalaren gobernua eta administrazioa. Frantziako Estatuko komuna guztientzat eraentza berbera aplikatzen da. Udal antolakuntza berdintasunean arautzea Frantziako Iraultzak bizitako obsesio baten adierazpena izan da, xedeetako bat baitzen komunen arteko desberdintasunak saihestea eta garai hartako Erreinuko gizarte-klaseen arteko bereizkeriak baztertzea.

Espainiako ordenamendu juridikoan, Espainiako Estatua antolatzeko erabiltzen diren lurralde instantzien artean oinarrizkoetako bat da Udala, Autonomia Erkidegoarekin eta Probintziarekin batera. Euskal Autonomia Erkidegoaren eremuan, gainera, Lurralde Historikoak eratzen dira, Erkidegoko lurralde antolaketa egituratzeko entitate gisa. Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa dira hiru Lurralde Historikoak, eta beren egungo mugak izen bereko probintziek zituztenekin bat datoz.

Udal erregimenaren barruan, udal ororentzat komunak diren arazo batzuk azpimarratu behar dira. Hasteko, izaera juridikoari dagokionez, berezko nortasun juridikoa dute udalek eta, eremu juridikoan, legezko gaitasuna errekonozitzen zaie, hau da, kontratuak egin, ondasunak eskuratu, eduki eta besterendu, zerbitzu publikoak kudeatu edo obligazioak beren gain har ditzakete udalek. Berau erabateko gaitasuna da, mugarik gabea eta beste lurralde erakunderen baten zaintzapetik kanpo dagoena, udal erkidegoen gaitasuna deuseztatu izan den hainbat garai historikotan ez bezala.

Udalaren gobernua eta administrazioa Udalbatzari dagokio. Beraz, udala gobernatzeko eta administratzeko organoa da Udalbatza. Berau Alkateak eta gainerako Zinegotziek osatzen dute.

Euskal Autonomia Erkidegoko eta Nafarroako Udalbatzak, oinarrian, Espainiako estatuan udalei aplikatzen zaien eraentza orokorrera meneratzen dira. Hala eta guztiz ere, foru erregimenetan badaude zenbait berezitasun, zeinen arabera haien lurralde-eremuan eraentza komunaren aplikazioa modulatzen eta, zenbaitetan, salbuesten baita.

Gainerako lekuetan bezala, 1978ko Konstituzioa eman aurretik, Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroako udalak, toki erregimeneko beste udal-korporazioen moduan, udal-eskumenak sistematikoki inbaditzen zituen erregimen autoritarioaren eragina jasaten zuten. Udal-erakundeek emandako egintzak geldiarazteko aukera zuten Estatuko administrazioaren menpeko gobernu-agintariek. Udalen alde eskumen orokorra ezartzen zuen klausula 1955eko Toki Erregimenei buruzko Legean agertzen bazen ere, aldiro-aldiro urratu izan zen. Bestalde, Udalei emandako eskumenak askotan ezin ziren baliatu, izan ere udalen diru-kutxetan zeuden baliabide ekonomikoak oso urriak baitziren. Mendekotasunean egon eta autonomiarik ez izateaz gain, defentsa gabeziako egoera ere jasaten zuten udalek, administrazio zentraleko erakundeek emandako zaintza-egintzei kontra egiteko helegiteak jartzeko legitimaziorik ez baitzien errekonozitzen auzitegiek udal-erakundeei. Horrexegatik, 1978ko Espainiako Konstituzioak udalen autonomia ezartzen du, beren interesak kudeatzeko gaitasun osoa duten erakundeak egituratu ahal izateko hain zuzen ere.