Auñamendi Eusko Entziklopedia
Fondo Bernardo Estornés Lasa

Buscador

Home > Auñamendi > Antero Apaolaza Aranguren

Antero Apaolaza Aranguren


toolbox

  • editions:
  • other languages:
    • ver en castellano
  • escuchar
  • share

Botikari eta euskal idazlea. Urretxun jaio zen 1845eko urtarrilaren 3an. Antzuolan hil zen 1908ko abenduaren 21ean.

Batxillergoa Bergarako Seminarioan egin ondoren Botikari ikasketak egitera Madrileko Unibertsitatera joan behar izan zuen. Bertan eskuratu zuen 1869an botikari-titulua. Hurrengo urtean Bergaran ekin zion bere lanbideari. 1899an Gipuzkoako Sendagaigileen Elkartea sortu zutenetako bat izan zen. Bergarako Felipa Azcárate Licetarekin ezkondu zen eta bost seme-alaben guraso izan ziren.

Ideologia liberaleko gizona, 1881ean Bergarako alkate izatera iritsi zen, baina politika arteko tirabirak zirela eta, hurrengo urtean kargua utzi eta Antzuolara joan zen familiarekin bizitzera. Aldaketa hura ez zitzaion bat ere gazki etorri euskal letrei, izan ere, Antzuolako bakardadean eta lasaitasunean denbora gehiago izan baitzuen Anterok irakurtzeko eta idazteko. Inguratzen zuen giro zaila gainditzeko literatura ihesbide eta babesleku bilakatu zuela esan daiteke. Tamalez, lan bakarra iritsi zaigu gureganaino: Patxiko Txerren (1890) izenburupean euskaratu zuen Antonio de Truebaren El judas de la casa lana, hain zuzen ere. Elaberriaren jatorrizko prosa kargatuegia arintzea izan zen Anteroren ekarpena.

Resurrección María de Azkuek 1923an argitaratu zuen Morfología Vascaren "Índice de autoridades" atalean mota hartako lan gehiago idaztera bultzatzen zuen Antero:

"Apaolaza, farmacéutico de Anzuola (G). Autor de una linda obrita titulada Pachico Cherren, adaptación vasca de la novelita El Judas de la casa, de Antonio de Trueba. Tuve el gusto de escribir al autor felicitándole por su obra e incitándole a que escribiese otras por el estilo. Inútil fue mi empeño".

Beste lan batzuk ere idatzi zituen arren, Antero hil ondoren bere senitartekoek erre zituzten idatzi haiek guztiak.

Auñamendi Eusko Entziklopedia
2014


Images

Our Sponsors