Dantza

Aurreskua

Gerra zibilaren eta gerraostearen hasierako parentesi luzearen ondoren, euskal tradiziozko dantzaren uztea gero eta azkarragoa izan zen. Bere ordez, eta askotan euskal nazionalismoaren jarrera posibilistarekin lotuta, dantza gehienak folklorizatu egin ziren tradiziozko dantza taldeen esku. Testuinguru berri honetan, non ikusgarritasuna helburu nagusienetarikoa zen, leku gehienetan soka-dantzak galdu zuen garrantzia (adibidez Araolaza 2006) desagertu egin ez bazen, eta aurreskuak ordezkatu zuen. Mundu mailan gertatzen den bezala, aurreskua dantzatzea jakinduri espezializatu bihurtu zen, pertsona gutxik dakien zerbait alegia. Pausoak, orduan arte aldaera askotan gutxienez inprobisatuta neurri handi batean finkatu ziren gero eta modu zailago batean, eta gaur egun derrigorrezkoa da behar bezala dantzatzeko sasoian egotea eta ordu asko entseguetan aritzea. Ikusgarritasun hau, noski, txapelketa ugarien bidez azaltzen da askotan dantzariaren birtuosismo ikaragarria erakutsiz, eta maila honetan inprobisazioa biziki baloratu egiten da.

Testuinguru honetan uler daiteke aurresku hitzaren lekualdaketa semantikoa: dantza da aurreskua, eta ez, hasieran gertatzen zen bezala, aurreko eskua zen dantzaria. Beraz, dantzariari beste izen bat bilatu behar zaio, eta aurreskulari neologismo sortu behar izan da. Eta ildo berean oso nabaria da Tradizioan sortu izan den oinarrizko aldaketa: orain aurreskuaren ohorea eta omenaldia ez da dantzatuz gauzatzen, dantza jasoz baizik. Pentsaezina da, alegia, horrelako birtuosismoa adineko pertsona batek, demagun, erakustea. Eta gizarte garaikidean aurreskuaren bertsio laburtuaren arintasuna eta murriztasuna (minutu bat pasatxo normalean) askoz ere egokiagoak dira soka-dantza osoaren konplexutasuna baino. Aurreskuaren garrantzia, zentzu honetan, azpimarratu da esker abertzale berriaren ekintzetan (Aretxaga 1988, Arzoz 1998). Une honetan, omenaldi funtzio hau izugarri demokratizatu egin da, eta ez da derrigorrezkoa ez lehendakaria ez alkatea izatea, ezta ezkondu berria jasotzen ahal izateko: omenaldi, inaugurazio, lehen harri edo mota guztietako ospakizun gutxi egiten dira gaur egun aurreskurik gabe.

Bere doinua identifikatzen da une honetan kontrapas bakar batekin, beste asko erabiltzen zirela bere garaian esan badezakegu ere. Hona hemen melodia, txistuaren errepertorioaren ezagunena, eta doinu horien artean sakelako telefonoetan, adibidez, entzuten dugun bakarra:

Agurra

Kontrapasa batez ere txistularien errepertorioko genero bat da. 4/4ko edo batzuetan 2/4ko konpasean idatzirik, XVIII. mendearen erdialdeko deituriko estilo adeitsuaren ezaugarriak betetzen ditu: esaldi oso erregularrak aurrekaria eta atzekariarekin, apaindura asko, bukaera femeninoak, eskala eta kromatismo ugariak... Ezaugarri hauek eta bere abiadura ez oso arinak -partituran tempo aipatzekotan allegretto moduan agertzen da- nahi eta nahiez ematen dio lotura garai bereko bai minuetoarekin bai 2/4 zortzikoarekin.

Txistuak gaur egun benetako gizarteko gailentasuna hartzen duen une gutxienetarikoa da aurreskuaren interpretazioa. Hori, jakina, Patxi Lópezen lehendakari kargu-hartzeko adibidea zabaltzen ez bada: esteka honetan ikusten den bezala, bere ohorez egindako aurreskuan oboeak txistua ordezkatu zuen, ziur aski orain arteko EAJko lehendakarien izandako eredutik (atorra kanpoan ere, bide batez) urruntzeko.

Aurresku garaikidean, bukatzeko, beste gai ezinbesteko bat generoarena da. Hasieran aipatu dugun bezala, tradiziozko soka-dantza batzuetan (hala nola Iztuetak aipatu zituen eche-andre-dantza eta escu-dantza nescachena) emakumezkoek egiten zuten benetako dantza, gizonezkoei omenaldia barne. Euskal Berpizkunde Kulturalaren garaian, halere, bai lehiaketetan bai noski ohorezko aurreskuetan gizonezkoek eramaten zuten paper nagusia, andrearen papera derrigorrez oso pasiboa izanik. Ezin argiagoa da zentzu honetan José Castro y Serranoren deskripzioa, Euskal-Erria aldizkarian 1880n argitaratuta, non aurreskua zorzico deitzen du:

Zortzikoan andreak ez du dantzatzen, andreari dantzatzen zaio. Mutilak edo mutilek publikoaren agerian jartzen dute, beren flexio koreografikoen erdian. Hor zutik, Ederrak, publikoaren disimulurik gabeko begiradek aztorazten duten estatua bizirik baten jarrera hartuta, apaltasun lotsakorragatik begi baxuak, jasotzen duen ohorez betea, jainkosa primitiboa bezala dantza egitea uzten du, zintez eta lorez apainduta, jendetzak txaloturik, dantzarien hitz politek goraipaturik eta intsentsaturik, ederra eta gatzduna bera; aintza profanatzen duen ekintzarik gabe, apoteosia desegiten duen keinurik gabe.

Ikuspegi hau, noski, ezin da bateratu gaur egun gizarteak duen genero ikusmoldeekin, ezta andreak arlo honetan ere merezi duen paperarekin. Azken urteotan, jakina, ez da batere arraroa emakumeak ere aurreskua dantzatzen ikustea, bai gizonezkoekin batera (ezkontzaren bideoan ikusi dugun bezala), bai bakarrik. Azken ekintza hau bereziki garrantzitsua izan da partidu abertzaleen zeremonietan, batez ere omenaldia jaso duena gizonezkoa zenean (Aretxaga 1988). Dena den, bitxia da kasu hauetan, neskak normalean mutilek egiten dituzten pauso beraiek egiten dituztela, eta ez azken boladan berreskuratu, berritu edo zuzenean sortu egin diren emakumezkoen soka-dantza eta aurreskukoak (hala nola Lekeition, Iurretan edo Deustun egiten direnak: Larrinaga 2004).

Iraganean Euskal Herrian gehien dantzatu den dantzaren eboluzioa, euskal jatorriko demokraziaren frogatzat hartuta, hierarkia eta boterearen erakustaldia, omenaldiaren hartzeko era, nortasun ikurra, ikono folklorikoa (Sánchez Ekiza 1999), agian arinki hartuta une honetan ere -ezkontzetako eskaintzek eta txapelketek betetzen dituzte emaitzak "aurresku" bilatzen duzunean edozein internet nabigatzailerekin- zalantzarik gabe euskal kultur tradizionalarekin zerikusi duen alde ezagunenetariko bat dugu aurreskua bai euskal eremuan bai Euskal Herrian bai kanpoan.