Auñamendi Eusko Entziklopedia
Fondo Bernardo Estornés Lasa

Buscador

Home > Auñamendi > Aurreskua

Aurreskua


toolbox

  • editions:
  • other languages:
    • ver en castellano
  • escuchar
  • share

Historia eta eboluzioa

Soka-dantza, bereziki momentu ospetsuetan, kohesio sozialaren zeremonia bat baldin bazen, aurreskuaren papera kohesio sozial horren barneko hierarkia erakutsi eta gauzatzea zen. Agirian dago, ikusi dugun bezala, dantza osoaren pisua lehen eta azken dantzariek eramaten zutela. eta azkena beti bestearen pean. Iztuetaren hitzetan, adibidez (1824:78): batez-ere aurrenengoac, nai izaten dituztena aguertaratu beren buruac, lecu aguiricoan, icusleac jakin-dezaten, nor, nongoac, norenac eta zer guisatacoac diraden, edo (ibid:114): Azquendari-onec dantzatu-ditzake nai dituen aimbat zortzico, baita soñu zarrac ere, baldin aurrecariac dantza-artan dantzatu baditu, baña ez bestela; zergatic ichuskidan aurrendaria baño jakintsuago bere burua eguitea.

Postu hori hartzea ohorea zen argi eta garbi, eta istilu handiak sortzen ziren bereganatzeko, dueluak eta guzti sarturik, Carlos Rilova Jericók (1998), adibidez, eta bereziki XVI. eta XVII. mendeetako dokumentazio politarekin frogatu duen bezala. Horregatik, XVIII. mendetik aurrera ez da batere arraroa agintarien soka-dantzak aurkitzea, eta argi dago soka-dantzaren burua hartzea agintarien pribilegio zela batzuetan. Iñaki Irigoienek 1991, 1987:21) erakutsi du batez ere Bizkaian nola alkatearen izendapena soka-dantza batez ospatzen zen, alkate berriak lehen postua hartuz. Garmendia Larrañagak (1973:246), René Cuzacqek (1942), eta aita Donostiak (1932:19) Gipuzkoan, Laburdin eta Nafarroako beste erreferentzia batzuk eman dituzte, soka-dantzak agintearekin duen erlazioa adierazten dutenak. Honek azaltzen du, adibidez, zergatik Lakuntzako aldaerak Alkate-dantza duen izena.

Txistulariaren errepertoriori erreparatzen badiogu sinestekoa da, adibidez, bai bikoteka dantzaturiko dantza berriek (balsek, habanerek...) bai kontradantzek, dantzari guztien eten gabeko mugimenduetan oinarriturik, kendu ziotela bere lekua soka-dantzari. XIX. mendearen amaieran eta XX. mendearen hasieran esan daiteke soka-dantza desagertu zela euskal hirietan, eta gero eta gutxiago dantzatzen zela herrietan. Testuinguru horretan, halere, XIX. mendearen buruan, sortzen da Euskal berpizkunde kulturala izenarekin normalean ezagutzen dugun mugimendua. Bere helburua euskal ohiturak, eta bereziki desagertzeko zorian ikusten zituztenak bultzatzea zen. Horretarako erabiltzen zituen aldizkari batzuk -hala nola Euskal Erria edo Euskalerriaren Alde- eta batez ere Lore-Jokoetan egindako lehiaketak. Jakina. lore-joko hauetan derrigorrezkoa izan zen bai aurreskuen lehiaketak -izen hau, ez dakigu ongi lehiaketa hauei esker ala ez, arruntena bihurtu baita une honetan- baita askotan aginteen ohorezko aurreskuak ere. Lehenago ikusi dugun guztia ikusita, alegia, erraz ulertzen da aurresku izenak sinekdokez soka-dantza osoarena hartu eta ordezkatu duela.

Lore-Joko hauetan, jakina, ez zuten lekua izaten euskal adierazpen kultural guztiek: horietako batzuk hautatu eta nolabait estereotipatu ere egin ziren. Soka-dantzaren kasuan, adibidez, lehiaketak bakarrik gizonezkoenetakoak ziren, nahiz eta emakumezkoen soka-dantzak, jakina, ugariak izan une horretan ere (Larrinaga 2004). Ohorezko aurreskuen kasuan, esleitu zitzaion esanahia Iztuetak emandakoaren antza handia zuen: klasearteko batasun nazionala, aginteek edo klase altuko pertsona ospetsuek besterik ez dantzatu arren. Eta beste alde batetik, sortu berria zen EAJren papera garai honetan oso garrantzitsua izan zen dantza batzuen berreskuratzeko, zuzenean sortzeko edo zabaltzeko. Dudarik gabe, prozesu honetan dantza gogokoena ezpata dantza (Durangoko Merinaldeko Dantzari-dantza, alegia) izan zen, eta esan daiteke jelkideen ekintzetan, aurreskuak bere lehentasuna galdu zuela.



Karlos Sánchez Ekiza
2009


Images

Our Sponsors