Arkitektura

Andre Maria eliza. Bermeo

Andre Mariaren elizak aiurri egoeran zegoen Talaiako Andre Mariarena ordezkatu zuen. Dena den, Bermeoko herrigunetik gertuago eraiki zen berria. Bere bolumenak ematen du lehendabizi arreta, Bizkaiko eliza handienetakoa baita.

Tenplua XIX. mendearen lehen erdialdekoa da eta haren eraikuntza-prozesuak mende ia guztia hartzen du, izan ere, XVIII. mendearen amaieran erabaki zen eraikitzea eta inaugurazioa 1866. urtean izan zen. Kutsu klasizista argia dauka. Hori argi ikusten da arkupea gordetzen duten zutabe dorikoen gaineko frontoidun fatxada nagusiari so. Gurutze latindarreko oinplanoan badira zantzu barrokoak, esate baterako, altuera-bolumen ezberdinetan edo eragin herreriarra duten alboetako dorretan erreparatuta. Barnealdean, petxina gaineko kupula handia gailentzen da erdiko espazio osoan zehar. Espazio hori gardena da eta gurutzadurako besoekin eta abside erdizirkularrekin egituratzen da. Gainera, erdi-puntuko garaipen-arkuz dago hornitua eta labe-gangaz estalia. Korua ere badu eraikinak eta perimetro osoan zehar hainbat kapera ikus daitezke. Kanpoaldetik begiratuz, fatxada nagusiaren aldamenetan dauden bi dorretako baten azken atala deigarria da oso. Atal hori beranduago egin zen (1898) eta jatorrizko egitura hausten du apur bat, hala estiloari begira, gainerakoa baino eklektikoagoa baita, nola materialen ikuspegitik, tonu grisagoa duen harlanduzkoa. Beranduago lan gehiago egin diren arren, jatorrizko egitura ia aldagaitz mantentzen da.

Arte higigarriari dagokionez, bilduma oparoa aurki daiteke bertan. Garrantzi gutxiagoko erretaula ugari dago, esate baterako, Arimena, San Joan Bataiatzailearena, Arrosarioarena, Sortzez Garbiarena eta San Joserena, guztiak Pedro Belaunzaranek egin eta Jose Alcoberrok zizelkatuak, tenplua inauguratu zen garaikoak biak. Horiez gain, Andre Maria Doloretakoaren eta Arazketaren erretaulak ere aipatu behar dira. Erretaula nagusia absidera egokitua dago eta gorputz batek, bost kalek eta atiko batek osatzen dute, 1917koa da eta Jasokundearen irudi erromanista bat nabarmentzen da bertan. Gainera, mihise eta altzari gehiago ere badira, gehienak, neoklasikoak.