Arkitektura

Santa Maria Katedrala edo Katedral Zaharra. Gasteiz

Santa Maria eliza eraikin nagusia izanik, haren inguruan, erabilera ezberdinetarako eraikinak jaso dira denboran zehar:

  • Santa Maria eliza

Gurutze latinoko oinplano garbia du, ekialde-mendebalde norabideko ardatzarekin. Espazioa 3 nabetan antolatzen da eta erdikoa aldamenetakoak baino askoz altuagoa izanik, kanpoaldetik bolumen ikusgarria ageri da. Aldamenetako nabeetan, goiko arbotanteetako estribuen abiaburuen artean, kaperak daude.

Burualdean deanbulatorio edo girola aurki daiteke eta kapera erradialak haren inguruan.

Tradizio gotikoari eutsi dio eraikinak baina hainbat garaitako teknikak eta apaingarriak ditu, aurrez aipatutako bilakaeraren ondorio.

Girola: Dekagonoan oinarritutako geometria du eta trapezio itxurako bost atalez osatzen da deanbulatorioa. Atal horietako bakoitzean abside-kapera baterako sarbidea dago.

Kaperak, nahiz eta harresiko horma sendo itsuetan egon, guztiak ondo argiztatuta daude.

Gurutzadura ikusgarria du, altu eta estua. Erdiko nabearen eta aldameneko kapera eta girolaren arteko altuera-desberdintasun handiak, kanpoaldetik bolumena argi nabarmentzea ahalbidetzen du.

Orokorrean harlangaitza erabili zuten eraikuntzarako baina atal batzuetan harlandua ageri da.

Gurutzadura handiaren muturretan, ekialdealderantz, kapera angeluzuzenak daude harlangaitzezko lan bikainak diren bi dorretzarren oinarrietan.

  • Santiagoren kapera

Bi atalez osatutako nabe bakarreko espazio hau, XIV. mendearen bigarren erdian eraiki zen Santa Maria elizaren gurutzaduraren hegoaldeko muturrean.

Katedrala hegoaldetik ixten duen harresiari atxikita eraiki zutenez, asimetria bitxia ageri du kaperak.

Gotiko berantiarreko ezaugarri diren beirate handiak aurki daitezke bertan.

  • Mendebaldeko elizpea

XV. mendean eraiki zutenean, elizaren trazadura lerroei eutsi zieten elizpean, baina geroago, XVI. mendean, konposaketa ardatza aldatu zuten elizpearen iparraldeko muturrean fondo absidatua sartu zutenean.

  • Kanpandorrea

XVI.-XVIII. mendeen artean eraiki zuten elizpeko lehen atalaren gainean eta XIX. mendean jazotako sute baten ondorioz, xapitela berritu egin behar izan zuten. Azken hau, zurezko egitura interesgarria da eta zurezko eta arbel-teilazko kapitel txiki batek estalitako linterna txiki bati eusten dio.

Dorrearen oinarri sendoan, hegoaldeko fatxada harlanduzkoa da, gainontzeko hormak aldiz, harlangaitzez eraikiak.

  • Sakristia eta erantsitako beste gune batzuk

Gurutzaduraren eta girolaren arteko hego-ekialdeko txokoan, sakristia ikusgarria eraiki zuten XVIII. mendean, oinplanta oktogonalekoa eta adreilu mehez osatutako gangaduna.

Sakristiaren inguruan, erabilera anitzeko beste gune batzuk eraiki zituzten kalearen eta katedralaren zoruaren artean kokatutako bizpahiru solairuetan. Horretarako, karga hormen eraikuntza sistema erabili zuten.

Santa Maria Katedralak, Gasteiztarrentzat Katedral Zaharra bezala ezaguna denak, 1994an bisitariei ateak itxi behar izan zizkien. Erabaki mingarria izan bazen ere, eraiki zutenetik egitura arazo larriak zituen eta egonkortasuna guztiz galtzeko arriskuan zegoen.

Zaharberritzerako diseinatutako Plan Gidatzailearen barnean, eta Santa Maria Katedrala Fundazioa kudeatzaile izanik, katedrala "Obretan eta Irekita" egitasmoa jarri zuten martxan. Herritarrak katedrala jasaten ari den prozesuaren lekuko izan daitezen, katedrala zaharberritzeko lanak ikusteko bisita gidatuak antolatzen dituzte. Gainera, programa honi esker, Gasteizko Santa Maria Katedrala, hiriko eta Euskal Herriko gune turistikorik garrantzitsuenetako bat da. Hau horrela, Eusko Jaurlaritzak, Turismo Saria eman zion 2000. urtean eta 5 urte geroago CIVITAS saria jaso zuen Espainiako Udal eta Probintzien Federazioaren (FEMP) eta Europar Batasunaren eskutik.