Auñamendi Eusko Entziklopedia
Fondo Bernardo Estornés Lasa

Buscador

Home > Auñamendi > Santa Maria Katedrala edo...

Santa Maria Katedrala edo Katedral Zaharra. Gasteiz


toolbox

  • editions:
    • 2012
  • other languages:
  • escuchar
  • share

Santa Maria katedrala, Gasteizko hiriaren habia izan zen muinoaren iparraldean dago kokatua, lehenengo harresiek mugatutako esparruan.



Ver mapa más grande

Arkeologia ikerketek, Villasusoko muinaren iparraldeko muturrean, herri zaharra kristo ondorengo VIII. menderako ageri zela argitu dute. Herri honek, X. eta XI. mendeetan zehar garapen nabarmena izan zuen eta XI. mendearen bukaerarako Gasteizko lehen harresia eraiki zuten. Katedralaren eraikuntza, ordea, geroago etorri zen. 1200. urtean, Gaztelako erregeAlfontso VIII.ak Gasteiz konkistatu zuen eta bi urtera jazotako sute handiaren ondorioz, hirian eraikuntza lan garrantzitsuak egin behar izan zituen. Hirigunea mendebalderantz zabaldu zuen eta hiribilduaren iparraldeko perimetroa hobeto ixteko asmoz, defentsarako horma sendodun eliza handia eraikitzea planteatu zuen.

Alfontso X.aren garaian (1252-1284), aurrez hasitako proiektua errotik aldatu zen, aurrekoa oinarritzat hartuta, proiektu gotikoa planteatu zuenean. Bi epeetan garatu zuen proiektua; lehenengoan, Alfontso VIII.aren garaitik eraiki gabekoak osatzeaz gain, harlanduzko estaldura gotikoak eraiki eta leiho batzuk ireki zituzten. Bigarren epean aldiz, urte batzuetan geldi egon ondoren, perimetroa itxi, Santa Ana Portada eta Santiago kapera eraiki eta triforioa altueran hazi zuten presentzia handiagoa izan zezan.

XV. mende bukaeran, Armentiako Kolegiata Gasteizera ekartzeko baimena eman zuten eta honela, katedralak, lurralde osoko elizen ardatz izatera pasata, XVI. mendean zehar garapen handia izan zuen. Aurrez bukatu gabe utzitako goialdeko zatiak eraiki zituzten, zati berrietan harrizko gangak erabiliz eta antzinako egurrezkoak harrizkoekin ordezkatuz. Interbentzio honekin gehiegizko gainkarga aplikatu zuten eraikuntzan eta egonkortasun arazoak hasi ziren.

XVII. mendearen erdialdera, erortzeko arriskuaz jabetu ziren eta XVIII.-XIX. mendeetan zehar eginahalak egin zituzten arazoari aurre egiteko: bi ostikoak eraiki zituzten eta gangak berregin, harrizkoaren ordez egurrezko estaldura erabilita karga arinduz.

Hurrengo mendeetan ez zen aldaketa nabarmenik izan, 1960an M. Lorenteren zuzendaritzapean, zaharberritze lanekin hasi ziren arte. Irizpide estetikoak hartu zituen oinarri, eta katedralak sekula izan ez duen itxura gotiko garbia berreskuratzea hartu zuen helburutzat. Horretarako, Santa Ana portada agerian utzi eta luzitu historikoak kentzeaz aparte, ukondo-arkuak kendu eta bao berriak ireki zituzten, egitura arazoak larriagotuz.

Mende amaierarako, egituraren desoreka oso larria zenez, ikerketa prozesuari hasiera emanez, Santa Maria Katedralaren Zaharberritze Osoa egiteko Plan Gidatzailea garatu zen. Interbentzioa, monumentuaren materialean aplikatzeaz aparte, arlo sozio kulturalera zabaltzeko intentzioarekin Santa Maria Katedrala Fundazioa sortu zen.

Zaharberritze proiektu hau, Europar Batasunak, Vatikanoak, Espainiako Kultura Ministerioak eta nazioarteko zenbait arkitekto eta arkeologo entzutetsuk goraipatu dute "gaur egun, Europan egindako eraikin historiko baten birgaitze proiekturik onena" dela aitortuz. Gainera, Europar Batasunak Espainiako kultura ondareari berreskuratzean eta kontserbazioan emandako Europako saririk handiena jaso zuen 2002an, Europa Nostra izenekoa.

Era berean, World Monuments Fund mezenas pribatuak bere monumentu babestuen katalogoan sartu du Santa Maria katedrala, zaharberritzearen eta kultur ondare-kudeaketaren eredu berezia delako.

Irati Otamendi Irizar
2012


Images

Our Sponsors