Arkitektura

San Nikolasen eliza. Bilbo

San Nikolasen elizak estilo barrokoa du eta Bilboko Areatzan kokatzen da. Toki paduratsua zen, Nerbioi ibaiaren ibilgutik gertu. Lurzoru ezegonkor honetan, baseliza soil bat eraiki zen Erdi Aroan. Urteak para ahala, bilbotar auzo txiker hau garrantzia ekonomiko handikoa bilakatu zen eta bertako populazioa nabarmen ugaritu. 1463.ean, eliztarren kopurua ere handia zela ikusirik, baimena eskatu zen baselizaren zabaltzeko. Eraikin berri bat altxatu zen, ezelako hondarrik utzi ez duena. 1501.ean, parrokiaren kategoria jaso zuen. Lurzoruaren ezegonkortasuna etengabeko mehatxua izan da beti zimenduetarako eta, ondorioz, eraikinaren egiturarako. 1553.ean, Bilbok sekulako uholdeak pairatu zituen. Dorrea eraitsi zen eta parrokia osoa erortzear egon zen. XVII. mendean, Juan Bengoetxeak parrokia berreraikitzeko proposatu zuen, trukean bera hiltzerakoan bertan ehorzteko besterik eskatu ez zuelarik. Lan hauek 1611.ean amaitu ziren. Fabrika berri honek 1740. urtera arte iraun zuen. Berriro ere, amiltzeko beste arrisku larri baten eraginez, kulturako itxi beharra izan zuten. 1743. urtean, udalak lehiaketa berri bat programatu zuren tenplu berri bat eraikitzeko, Areatzako alde horren erakusgarri eta apaingarri. Ignacio Ibero trazatzailea izan zen erakin berria altxatzeko agindua jaso zuena. Iberoren laguntzaile, Bernardo Anillo trazatzaileak jardun zuen. 1743.eko abenduaren 6an, San Nikolasen bezperan, jarri zen lehendabiziko harria. Aurreikusten zen obrak sei urtetan amaituko zirela. Hala ere, zailtasun teknikoak eta, bereziki, ekonomikoak direla medio, parrokia ez da inauguratuko 1756.eko abuztuaren 11 arte.