Ikastolak

Txingudi Ikastola. Irun

Irungo Ikastolak bere ibilbide luzean izen ezberdinak izan ditu: Escuela Vasca de Irun-Irungo Euskal Eskola, lehenbizi; geroxeago Junkaleko Ama Birjinaren Eskola, ondoren Irun-Hondarribi Ikastola eta azkena Txingudi Ikastola.

Ikastolaren sorrerari buruz esan behar da hirurogeigarren hamarkadan euskararen egoera larria areagotzen ari zela Euskal Herri osoan. Erdara nagusitu ahalean ari zen eta zer esanik ez, Irunen. Giroa erdalduntzen ari zenez euskara eta euskal hezkuntza suspertzeko zerbait egin beharraren premia ikusi zuen guraso talde batek. Ikastola, edota euskal eskolaren asmoa, bilera erdi-klandestino batean sortu zen. Gipuzkoako bihotzean kokatzen den Bidaniko sakristian bildu ziren bost euskaltzale eta hauek hitz-solas luzeen ondoren nor bere herrian zerbait egiteko hitza eman zuten. Asmoa ez nolanahikoa, alajaina; herriko neska-mutilak euskaraz heziko zituen eskola sortzea. Baina, hasi baino lehen ikastetxea itxiko ez bazuten lana isilpean egin behar izan zuten. Horrela, J. Goenak, bera baitzen Bidanian izandakoetariko bat, beste hiru lagunekin batera, E. Garmendia, A. Elosegi eta R. Muiñorekin elkartu eta aurreneko urratsak ematen hasi ziren. Taldetxo hau ugaldu (Arzak, Ugalde, De la Cava, Olaizola anaiak eta hainbat eta hainbat guraso) eta berehala hasi zen lanean. Bitartekorik gabe, baina ilusioz.

1962an abiatu zen Irungo Ikastola. Lokala bilatu behar eta II Errepublika garaian Batzokia izandakoa aukeratu zuten, gero Irungo Atseginak erabilitako lokala, kale Nagusian. Aurreneko andereñoa Joxepi Etxeberria izan zen, eszedentzian zegoen 56 urteko maistra zaldibitarra. Egoera honetan l962ko azaroaren 22an inolako baimen ofizialik gabe, ez Elizarena, ezta Udalarenik ere eta hamaika ikaslerekin, martxan jarri zen Ikastola. Han ez zegoen ez mahairik, ez aulkirik, ezta liburu edo kartilarik ere. Irakurtzeko Xabiertxo erabiltzen zuten eta irakaskuntza metodoa Elvira Zipitriak erabiltzen zuen antzekoa zen, Joxepi Etxeberria Karmele Esnal-ekin ibilia baitzen ikasten denboraldi batean.

Bigarren ikasturtean hirurogei ikaslea zituen Ikastolak eta Joxepi Etxeberriak andereñoak, M. Jesus Lertxundiren laguntza izan zuen. Ondoren andereño berriak hasi ziren, Miren Urrutia eta Asentxi Otxoteko. Ikastolak lehen urte haietan toki ezberdinak ezagutu zituen: La Salle ikastetxea, El Pilar ikastetxea, Oargi Elkartea, etab... Urte haietan kostata baino, lortu zen ikasleek Lehen Jaunartzeak ere euskaraz egitea, euskaraz Lehen Jaunartzea ez baitzegoen ondo ikusia. Urte horietan Gobernuak gogor egin zuen Ikastolen aurka, testuinguru horretan Elizak izan zuen jarrera aipagarria da, ikastola askok Elizaren babesean ofizialdu behar izan zuten bere egoera txarrera joan ez zedin eta normalkuntza bidean sartzeko. Irungo Ikastolak ere egoerari aurre egiteko Elizaren laguntza izan zuen eta bere babespean izen berria hartu zuen Junkaleko Ama Birjinaren Parroki Eskola-Escuela Parroquial Nuestra Señora del Juncal.

l972an Irungo Ikastolak legeztapena lortu zuen, Junkaleko Ama Birjinaren Parroki Eskola-Escuela Parroquial Nuestra Señora del Juncal, izenarekin. Titular Santiago Balenciaga eta helbidea Jaizubia auzunean azaltzen zelarik. Aipatu behar da orduko Guraso Batzordeak eskuartean zuen ondasuna babestearren, Enseñanzas Bidasoa, S.A. sortu zuen, baina legeztapena planteatu zenean, Elizaren babesa komenigarria zela pentsatuz, Enseñanzas Bidasoa, S.A., entitate juridikoa alde batera utzi zela. Legeztapenaren prozesu honetan Iñaki Zubeldia apaizaren gestioa azpimarratu behar da. Legeztapena formalizatua zegoela kontutan izanik Irun eta Hondarribiko Ikastolak, nahiz ordurarte berezita aritu, elkartu egin ziren. Legalizazioarekin batera beste proiektu garrantzitsu bat mamitzen hasi ziren, Ikastolarentzat eraikuntza berria. 1970ean Jaizubiko orubea aukeratu zuten eraikuntza berria egiteko. 1976an hasi zen eraikuntza eta orduan eztabaidatu Ikastolak Elkarte Anonimoa ala Kooperatiba izan behar zuen; horrela berreskuratu zen Enseñanzas Bidasoa S.A. entitate juridikoa, zeina legeztapena prozesuan bazterturik gelditu zena.

1970-1980 hamarkadak ezin besteko garrantzia izan zuen Ikastolaren sendotze eta finkatzen prozesuan. Kartilak sinatzeko ere beste Ikastetxeren laguntza izan zuten, hala nola, El Pilar eta La Salle ikastetxeak. Gelak erabiltzerakoan ere laguntza izan zuten, Hondarribiko Hijas de la Cruz ikastetxean ere egon ziren.

1983an Ikastolaren titular berria izendatzen zen, entitate propioa bultzatu nahian Txingudiko Ikastola Kultur Elkartearen izenean jarri zen jabetza eta Ikastolaren izena Txingudi Ikastola izango da aurrerantzean. 1993ko otsailaren 19an Euskal Eskola Publikoari buruzko Legearen Proiektua onartu zuen Eusko Legebiltzarrak. Lege honek eztabaida ekarri zuen Ikastolara eta baita herrira. Ikastolak aukera egin behar zuen: pribatu gisa jarraitu ala publikoan sartu. Bidegurutze horretan Ikastolak sare publikoan sartzea erabaki zuen eta bere titularitatea Administrazioaren esku utzi zuen. 1994ko martxoan Ikastola publifikatu eta titular berria Eusko Jaurlaritza egin zen. Ikastolak izen berdinarekin jarraitu zuen. 1996an Ikastola bitan banatu zuen Hezkuntza sailak: alde batera HH eta LH (Txingudi Ikastola Publikoa) eta bestera DBH (Txingudi BHI) sortu zuen.