Ikastolak

Herrikoa Ikastola

Portugalete (1969)

1969an, Elai Alai ikastolako batzordeko kideek bazuten Gobernu Zibilaren baimena Santa Ageda ospatzeko, aurreko urteetan legez. Baimen eskaria egiteko, otsailaren 4a baino lehen ekitaldiaren berri eman zen, nork deituta zegoen adierazi, eta abestien letra itzulita eman. Baina ikastolarekin zerikusirik ez zeukan elementu batek oztopatu egingo zuen ekintza tradizional hura. ETA sendo zegoen hamarkada amaieran, eta aparatu politiko eta sozial gero eta ahaltsuagoa zeukan. Francoren gobernuari presio egin nahirik, ETAk Santa Ageda ez ospatzeko deia egin zuen.

Ikastola altxatzeko hainbat neke, ahalegin, oztopo eta denetariko bizipenak izan zituzten sortzaileek, eta bi lotura mota zuten haiekin, bihotzekoa eta burukoa. Bihotza ipini zuten egitasmoan, eta bere sentitzen zuten, mundura eurek ekarri baitzuten. Baina buruarekin ere pentsatu zuten, eta ondo hausnartuta heldu zioten gurasoek heziketa bideari, eta zehaztu zein irizpide pedagogiko eta didaktiko nahi zuten seme-alabentzat. Ikastolak laster hasi ziren eta horrek homogeneitatea kendu zien. Pertsona berri asko sartu ziren, denetarikoak, eta askotan ez ziren lehengoen iritzikoak. Ezta elkarren iritzikoak ere. Kontua zen argitzea norena zen ikastola. Ikuspuntu kontrajarri bi zeuden. Batzuen ustez, gurasoena zen, seme-alaben erantzule eta zentroaren erantzule legala baitziren, eta bere gain hartuta baitzeukaten esukara suspertzeko ardura. Ikuspuntu horrek bazterrean uzten zituen andereñoak, euskara bultzatzen urteak eman eta gero. Irakasleek autonomia pedagogikoa gehiago eskatzen zuten eta beste taldekoekin egin zuten bat: ikastolak herriarentzat behar zuen, herriaren zerbitzura.

Gai arantzatsu bat, erlijiorik eman behar ote zen. Erlijioa irakaskuntzari lotuta bazegoen, are lotura estuagoa zuen euskararen irakaskuntzarekin. Eztabaidaren beste atal bat euskara bera zen. Alde batetik batua sortu berria zegoen, "h" eztabaidagarri harekin, eta bestetik euskalkiak. Diru kontuek ere tirabira ekarri zuten. Kuotak garestiegiak ziren familia batzuentzat, eta eskola publiko eta doakoa eskatzen zuten.

Aipatu ditugun borroka gaietako batzuk ez ziren agertu Elai Alai ikastolan, kasurako "h"-arena, bestelako eztabaidak, ostera, asko izan ziren; baina Santa Ageda eskean irten behar zen. Erabakitzeko bozketa egin nahi izan zuten 1969ko urtarrilaren 8ko batzarrean, baina atzeratu behar izan zuten, gaien zerrendan ez zegoelako. Bozketa egin zenean baietza izan zen emaitza, egin egingo zela. Baina gutxienekoa zen. Elai Alai erdibitu egin zen. Urte hartan bertan beste ikastola bat sortu zen. Izen esanguratsua eman zioten, Herrikoa. Arrazoiak hainbeste izan ziren, eta Elai Alai bezain heterogeneoa zen. Baina bazkideen erdiak eraman zituen, ikasleen erdiak baino gehiago eta andereño guztiak, erregimen frankistaren aurkako greba eta manifestazio guztiekin bat egiteko prest. Alde egindakoak pertsona batek emandako 600.000 pezetako emateaz jabetu ziren eta honekin egoitza berrirako lehen ordainketa egin zuten.

Eztabaida ideologikoaren ildotik etorri ziren liskarrak hain izan ziren latzak, ikastetxe biek inoiz ez zuten harreman bakezkorik izan. Harrezkero borroka sutsua hasi zuten ikastola biek. Portugaleten giza baliabideak ez dirubideak ez ziren nahikoa biek aurrera egiteko. Biek ala biek ezinbestekoa zuten dirua eta ikasleak bereganatzea hilko ez baziren. Borroka honek urteetan iraun zuen.

Portugaleten gertatutako zatiketa ez zen apartekoa izan, beste leku batzuetan antzeko banaketa traumatikoak jaso ziren, baina Ezkerraldean bakarra izan Elai Alaikoa. Beharbada osaera sozial oso heterogeneoa zuelako gertatu zen, edo asko aurreratu zelako ikasleen kopurua, bazkideetan eta legeztatzen bidean. Beharbada barruko funtzionamenduagatik izan zen, ez zutelako jakin tentsioak bideratzen. Beharbada norgehiagoka pertsonala sortu zelako ikastolan agintzeko. Beharbada kontrol politikoagatik. Beharbada heziketa bideetan bat ez zetozelako. Eta ziurrenik, gai guztiongatik batera.