Ekonomikoak eta sozialak

Innobasque Berrikuntzaren Euskal Agentzia

Innobasque Berrikuntzaren Euskal Agentzia 2007an sortu zen Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Kontseiluaren ekimenez eta Bizkaiko Teknologia Parkean dago kokatuta, Zamudion. Irabazi asmorik gabeko elkarte pribatu bat da.

Elkarte honen xedea da Euskadiko berrikuntza koordinatzea eta bultzatzea alor guztietan, espiritu ekintzailea eta sormena sustatzeko. Berrikuntzaren arloan Euskadi Europa mailako erreferente bihurtzeko eta arlo guztietan Euskadi gizarte berritzaile izateko lan egiten du. Horretarako, lehentasunak zehaztu, eragile publiko eta pribatuen arteko lotura lantzen du. Berrikuntza helburu nagusia izanik, jomugara iristeko jarduera ezberdinak gauzatzen ditu eta Innobasque Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako Euskal Sareko agenteek, enpresa pribatuek, euskal erakunde publikoek, enpresen eta langileen erakundeetako ordezkariek eta berrikuntzarekin zerikusia duten bestelako antolakundeek osatzen dute.

Eredu operatiboa berrikuntzarekin lotuta dauden balioak eta jarrerak sustatzen dituzten jardueretan oinarritzen da, baita Euskadi berritzailearen irudia (I+B+Gan gune aurreratu bezala) atzerrian zabaltzeko egiten diren jardueretan eta euskal enpresa eta antolakundeetan berrikuntza dinamikak sortzen dituztenetan ere.

Innobasquek lau jarduera arlo nagusi ditu: Internalizazioa (INSIDI), Berrikuntza soziala, Sustapen eta Komunikazioa, Enpresa Berrikuntza eta Inbertsioak.

Internalizazioari dagokionez, alde batetik, I+G+b aktibitatearen igoera eta euskal erakundeetan izan duen eraginkortasuna laguntzea bilatzen du, horien funts mugatuak eta I+G+b-ren eta aurrerapen sozialaren arteko erlazio zuzena kontutan hartuta, lehiakortasun, enplegu eta gizarte-orekarekin. Bestalde, Innobasque "Euskal I+G+b-ren Estrategia Koadernoa"-ren helburuak betetzearen jarraipenaz arduratzen da, hau da, Euskadiko funtsak % 37n gehitzea lehen aldirako (2007-2010) eta % 60n bigarrenerako (2010-2013) VI. Esparru Programa errespetatuz.

Biztanleriaren pixkanakako zahartzeak, globalizazioak, teknologiaren bilakaerak, mundu digitalak, informazioaren gizarteak, teknologia garbien eta iraunkortasunaren aldeko apustuak eta bestelako erronkak ditu gizarteak. Europa 2020 Estrategiaren ildo beretik, Innobasquek, proposatutako Berrikuntza Sozialerako estrategiak hazkunde adimentsua eta integratzailea lortzeko xedea bultzatuko duten berrikuntza sozialaren garapenerako hainbat alor estrategikori lehentasuna ematen die: gobernantza, hezkuntza, enplegua, zahartzapena, balioak.

Sustapen eta Komunikazio arloaren eginkizun nagusia, eremu guztietan gizarte berritzailea eraikitzeko hasitako lanean sakontzea da, pertsona guztiek bizi ditzaten berrikuntzari loturiko balioak. Gizartea sentsibilizatu eta mentalizatzea bilatzen du, berrikuntzak duen garrantziaz herritarren bizi-kalitatea hobetzeko.

Bestetik, Enpresa Berrikuntzaren lehentasunen artean daude, ezagutzan eta berrikuntzan oinarritutako ekonomiaren garapena (Hazkunde adimentsua); baliabideak eraginkorrago erabiliko dituen, berdeagoa izango den eta lehiakorragoa izango den ekonomiaren sustapena (Hazkunde iraunkorra); eta kohesio ekonomikoa, soziala eta lurralde mailakoa ekarriko dituen enplegu maila altua duen ekonomiaren sustapena (Hazkunde integratzailea). Modu horretan, Enpresa Berrikuntzak, ezagutza publiko zein pribatuko eragile guztien arteko lankidetza sustatzea du xede: IKTak, berrikuntza irekia, elikadura osasungarria; zahartzapen aktiboa; kronikotasuna; osasun-teknologietako sektorearen garapena; garraio eta mugikortasun iraunkorra; hirigintza eta eraikuntza iraunkorra; energia eta eraginkortasun energetikoa eta energia berriztagarriak.

  • Web orria Euskadi+innova. [Kontsulta data: 2012ko urtarrilak 18].
  • Web orria innobasque. [Kontsulta data: 2012ko urtarrilak 18].