Kontzeptua

Euskal haur eta gazte literatura

Euskal literatura idatzia berandu hasi zela aitortu dute gure zenbait historiagilek, Villasantek berak, esaterako, honako hau dio bere historia liburuan: "La literatura culta o libresca es más bien tardía, escasa y de no muy alta calidad." (Villasante, 1979: 19), egoera hori, baina, areagotu egiten da Haur eta Gazte Literaturaz ari garenean, izan ere mundu mailan haurrentzat sorturiko literatura oso berandu sortu zen (besteak beste, haurraren izaera propioa, berezko nortasuna duen gizaki moduan duela mende eskas batzuetako kontua delako).

Euskaraz haurrentzat idatziriko estraineko liburua 1803an Tolosan Juan Bautista Aguirre asteasuarrak plazaratutako katixima bat da: Confesioco eta Comunioco Sacrementuen gañean Eracusaldiac, lenvicico Comunioraco prestatu bear diran Aurrentzat, eta bidez Cristau acientzat ere bai. Idazlan berantiarra eta erlijio tradizioaren sailekoa. Urtebete beranduago, aldiz, 1804an, Ipui onac izeneko lana kaleratu zen. Esoporen alegi bilduma dugu Bizenta Mogelek itzulitako liburu hori eta hitzaurrean aitortzen duen gisan:

"Ipuiok atera nai ditut gaztetxo, ta nekazarientzat (...) Deritzat enzuten nagoala mutiltxo, neskatxatxo ta nekazari askoren farra ta algara gozoak irakurri edo aituaz ipui onek"

(Mogel: 23-28).

Egileak obraren izenburuan garbi utzi zuen bezala, bere asmoa "irakatsi gozaraziz" egitea da eta asmo honen ildotik bere alegiak eta berauek dakartzaten irakaspenak kontrajartzen ditu xede pedagogiko garbirik ez duten beste ipuin batzuekin, hots, gazteentzat kaltegarriak direnekin.

XIX. mendean zehar Iturriagak eta Goyhetxhek alegi bildumak plazaratu zituzten baina obra didaktiko horiek izan ezik, ez dago bestelako lanik, ez zuzenean ez zeharka, haurrekin zerikusirik duenik 1890ean Antero Apaolazak plazaraturiko Patxiko Txerren nobela erromantikoa (Truebaren El Judas de la casa eleberrian oinarrituta dagoena) kenduta.

Egora pobre hori XX. mendearen hasierara arte izan zen, mende bukaeran egoera politikoa aldatu zen (foruen galera, sentimendu jeltzalearen sorrera,...) eta horrek eragina izan zuen euskal kultura osoan.