Dantza

Zurrume-dantza

Baztango irri-dantza.

Zurrume-dantza da Baztanen egun duen izena, baina Azkuek (XX. mendearen hasieran) Zurruma dantza bezala jasotzen du. Dantzaren melodia kanta daitekeen beste hainbat dantzen antzera, honetan ere koplaren lehendabiziko bertsoko lehen hitzak har ditzake izenburu gisa eta horrela Iaz hil zitzaitan edota Iaz hil zitzaitan senarra izenekin aurki dezakegu kantutegietan. Bere izena oina edota zapataren atal batetik dator: orpoa edo takoia, atal honen gainean saltoka egiten diren urratsengatik, hain zuzen ere.

R.M. de Azkueren Cancionero Popular Vasco delakoan Gan nintzen baratzera izenburupean agertzen da, baina Azkue esaten digu Zurruma dantza dela. Aita Donostiak ere hainbat aldaera jasotzen ditu Iparraldean nahiz Baztanen bertan. Millafrangakoan (Lapurdi) Baztango Zurrume dantzari buruzko informazioa ematen digu, hala nola dantza hau dantzatzen zen uneaz:

"...se baila golpeando el suelo con el talón. Según Antonio Elizalde, este baile se ejecutaba especialmente con ocasión de la comida o cena que se hacía al terminar la fabricación de la cal. También se le da el nombre de "Kito-dantza"; y en Baigorri se le llama "Hartz-Dantza", es decir, "baile del oso". (Donostia, 1994)

Kito-dantza, Miguel Angel Sagasetaren arabera, ijito dantza bati buruz ari zaigu.

Gerora Maurizio Elizaldek bere 1943ko bilduman jasoko du, orain bai, bere egungo izenarekin (Zurrume-dantza) eta bere egungo egitura musikal eta melodikoarekin.

Melodia errepikatzen diren zortzi konpasetako esaldi musikalek osatzen dute. Esaldi musikal bakoitzak berezko koreografia bati eusten dio. Francisco Arrarasen arabera, lehendabizikoa "mutildantza arrunt baten antzera" dantzatuko litzateke (Arrarás, 1987-II; 40). Bigarrenak koreografia berbera luke baina zurrumen gainean dantzatuta:

"Estos dieciséis compases tienen la misma coreografía explicada para la primera frase musical, únicamente habrá de tenerse en cuenta de resaltar exageradamente el taconeo." (Arrarás, 1987-II)

Lekaroz herrirako Arrarásek esango du dantza hau dantzatzen dela "(Elizondorako) deskribatutako koreografia berdinarekin, errenkadan eta erlojuaren orratzen kontrako norabidean. Mutildantza arrunta da zeinean zurrumearekin eta oinpuntarekin gauza harrigarriak egiten diren" (Arrarás, 1987-II; 55). Aita Donostiak, herri berberari buruz ari zaigularik, aldiz, "1 edo 2k dantzatzen dute soilik" esango digu (Donostia, 1994; 1939). Bigarren esaldi horri gero eta handiagoa den azelerazioa eman dakioke dantzatzeko zailtasuna handiagotuz ere bai.

Baina Maurizio Elizalderen tradizioan parte hartzaileak aurrez aurreko jarritako bi errenkadetan paratzen dira. Bi lerro horiek elkarrengandik urrutiratzen eta hurbiltzen dira. Horretarako dantzariek urrats sinpleak (oin askearekin apainduak) egingo dituzte lehendabiziko esaldi musikalean. Bigarrenean, zurrumeekin egindako saltotxoek urrats horiek ordezkatuko dituzte, saltotxo horiek kortxean egiten direlarik. Lehendabiziko esaldiko lehen lau konpasetan ilarak aldentzen dira hurrengo lauetan hurbiltzeko (hau guztia errepikatzen da); bigarren esaldian, aldiz, alderatzeak zortzi konpas irauten du eta bizkarra emanda itzultzeak beste zortziak (azkenean hasierako jarrera berreskuratzen da azken konpasean emandako jauzi jiratu batekin).

Txistulari ez dagoelarik edota dantzariek eta ikuslegoak hala nahi izanez gero, dantza hau izan daiteke kantatua. Kantutegietan aldaera askoa urki daitezke. Hona hemen adibide bat:

Iaz hil zitzaitan senarra
Neronek nahi nuen bezala.
Zahartu zen, konkortu zen
Itsutu zen, maingutu zen.
Txartu zen eta il bedi,
Etzituen balio lau zorri.

De Amaiur, en Donostia, 1994; 1906

"Tilili eta talala
Kantu guzien ama da
Niretzat ogi eta xingerra
Hiretzat idien adarra"
Piriri eta parara

De Arraioz, en Donostia, 1994; 1914

  • ARRARÁS, Fco. Danzas e indumentária de Navarra. Merindad de Pamplona, I y II. Iruñea: Institución "Príncipe de Viana", 1987.
  • AZKUE, R.M. Cancionero Popular Vasco. Bilbo: Gran Enciclopedia Vasca, 1968.
  • DONOSTIA, J.A. Cancionero Vasco. IV Danzas. Donostia: Eusko Ikaskuntza, 1994.
  • SAGASETA, M.A. Luzaideko Dantzak. Herritar Berri/Astero. Zamudio (BI), 2011.