Kontzeptua

Ikus-entzunezkoen alfabetizazioa

Informazio osagarria



Gizakiok edozein motatako komunikabideak sortzeko, informazioak kodetzeko eta deskodetzeko, nahiz mezuak eta eduki sinbolikoak ebaluatzeko eta aztertzeko dugun gaitasun kritikoa da ikus-entzunezkoen alfabetizazioa (Media Literacy). Komunikabideak interpretatzeko beharrezko diren gaitasunak, trebeziak eta ezagutzak eskaintzen dizkigu diziplina honek. Ikus-entzunezkoen alfabetizazioa edozein euskarritan sortutako komunikabidea aztertzeko baliagarria da, dela papera, ikus-entzunezkoa edo elektronikoa. Gaitasun honen bitartez, hiritarrak askeagoa izateko erremintak eskura ditzake, eztabaida publikoan parte hartze aktiboagoa lortuz.

Premiazkoa da heziketa, Ikus-entzunezkoen alfabetizazioa lortzeko bidean. Horren beharraz, nazioarteko komunitatea ohartarazi zuen Unescok 1979an, Parisen egindako batzarrean: Heziketa honen bitartez, gizakiak hobeto ulertzen du zein den masa-hedabideek gaurko gizartean betetzen duten funtzioa, zein beren oihartzun soziala, baita zeintzuk diren komunikazio mediatizatuaren ondorioak ere.

Ikus-entzunezkoen alfabetizazioa helburua bada, tresna baino ez da komunikazioaren heziketa (Media Education). Gaur egun, aditu gehienen ustez, komunikazioaren heziketa eskola curriculumean txertatu beharreko diziplina da, nahitaezko irakasgai modura edo zehar lerroko beste bat bezala. Komunikazioaren heziketan Célestin Freinet maisu frantziarra aitzindaria izan zen. Hark sartu zuen prentsa ikasgelan lehendabizikoz, 1920tik aurrera. Hamarkada batzuk geroago, esperientzia interesgarriak landu zituzten Pedagogia askatzailea garatu zuten herrietan -Argentina eta Txilen, kasu , Paulo Freire eta Mario Kaplun-en bitartez, adibidez. 70eko hamarkadaren amaieran, gauza bera egiten hasi ziren Erresuma Batuan, Australian eta Kanadan, besteak beste. Komunikazioaren heziketa funtsezkoa da, batez ere gaur egun, teknologia berriek agintzen duten gizarte modernoaren garaian.

HGH ikerketa-taldea