Kontzeptua

Oinordetza-ituna

Legegileak mortis causa oinordetza antolatzeko modu ezberdinak aurreikusten ditu. Kausatzaileak berak diseinatu dezake bere oinordetza eta, hala egiten ez badu, legegileak erabakiko du, kausatzailea hiltzean, transmitigarriak diren eskubideak eta betebeharrak nori dagozkion. Lehenengoari, borondatezko oinordetza deritzo, hots; kausatzaileak berak, legegileak aurreikusten dituen baliabide juridikoak erabiliz, hil osteko bere ondarea nola banatuko den erabakitzea. Borondatezko diseinurik ezean, legezko oinordetza jartzen da martxan, hau da, legegileak kausatzailearen ondarea nola banatuko den xedatzeko jasotzen duen arau bilduma. Mistoa ere izan daiteke oinordetzaren antolaketa, borondatezkoa eta legezkoa konbinatzen direnean; kausatzaileak bere ondarearen zati batekiko xedatutakoa eta legeak xedatu gabe geratzen denari buruz erabakitakoa batuz.

Kausatzaileak, bere hil osteko ondarea nola banatu erabakitzeko eta erabakitakoa adierazteko baditu hainbat tresna juridiko: testamentua (pertsona-bakarrekoa edo ermandadekoa), komisario bidezko xedapena eta oinordetza-ituna. Azken honek, kausatzailearen eta bere oinordekoaren artean haren oinordetza arautzea du helburu. Testamentuak ez bezala, oinordetza-itunak kausatzaileari ahalbidetzen dio, hil aurretik eta bere oinordekoarekin paktua eginez, bere ondarea nahi bezala banatzea. Horrela, kausatzaileak eta oinordekoak, bakoitzak bere baldintza, erreserba eta klausulak ezarriz, haren ondasunen xedea erabakitzen dute. Testamentua, kausatzailearen hil osteko borondatea jasotzeko euskarri juridiko errebokagarria den bitartean, oinordetza-ituna akordio bat da: kontratu bat. Oinordetza-itunaren baitan bi borondate biltzen dira, gutxienez: kausatzailearena eta oinordekoarena. Biek adosten dute kausatzailearen ondarearen (edo zati baten) hil osteko antolaketa; eta, hain justuki, adostasunaren oinarrian egindako diseinua izateak bilakatzen du ituna baliabide errebokaezina. Ituna osatzen duten alderdiek ezingo dute, beraz, euren kabuz, adostutakoa aldatu, horretarako beste kontratugilearen oniritzia beharrezkoa izango baita.

Euskal Herrian, berezko Zuzenbide zibila duten beste hainbat autonomia erkidegotan, zein Europako herrialde batzuetan, berezitasunak berezitasun, era berean gauzatu izan da itun hau mendetan zehar: familia-ustiapen baten jabe diren senar-emazteak zahartzen doazen heinean, haien seme-alaben artean egokiena deritzotena aukeratzen dute ustiapena haren esku uzteko. Gehienetan, seme edo alaba horren ezkontza izaten da oinordetza ituna sinatzeko aukeratu ohi den unea. Kontratu edo paktu bidez [oso erabiliak izan dira, honetarako, ezkontza hitzarmenak], bikote zaharrak aukeratutako seme-alaba oinordeko izendatzen du eta ondarearen jabetza soila transmititzen dio, haientzat transmititutakoaren gozamena erreserbatuz [edo jabetza osoa, oinordekoak kausatzaileak hil arteraino mantentzeko betebeharra bere gain hartuz]. Horrela, bikote zaharra eta ezkonberria elkarrekin arituko dira elkarbizitzan zein ustiapen lanetan, azken hauen egokitze prozesua erraztuz, familiaren eta ondarearen 'buruzagitza' aldaketa era automatikoan eta berme ororekin burutu dadin. Bikote zaharra hil egitean, bikote gaztea, jadanik etxeko lanetan trebatua, ustiapenaren jabe bihurtzen da. Kausatzaileak bere hil osteko ondarearen banaketa oinordekoarekin itundu ahal izanak, elkarbizitza zein elkarlana ahalbidetzeaz gain, familia barneko ondarearen transmisio katea bermatzen du.

Itun hauen helburu nagusia -gehienetan nekazal eta abeltzaintza ustiapenetan garatua-, familiaren ondarea, belaunaldiz-belaunaldi, osoa eta zatiezina transmititzea da, sistema ekonomiko hauetan jarduteko ezinbesteko baldintza. Hain zuzen ere, bi dira aipatutako kate-transmisio hori bermatzen duten elementuak: 1) Alde batetik, oinordetza-ituna onartu eta arautu egiten duten sistema juridikoek seniparteari dagokionez jasotzen duten erregulazioa; berau materialki ezabatuz (Nafarroa eta Aiara) edo eta, portzentaje zehatzak aurreikusita ere, familiaren ondarearen muina oinordeko bakar bati transmititzeko aukera jasoz (Bizkaia eta Gipuzkoa); 2) Beste alde batetik, itunak, aldebiko paktua izanik, kausatzaileak adostutakoa oinordekoaren baimenik gabe aldatzeko ezintasuna bermatzen du, honek, agindutakoa jasoko duela ziurtzat hartuz. Oinordekoak duen ziurtasun hori da, hain zuzen, kausatzailea bizirik egonik ituna egiteko arrazoia, ondarearen transmisioa progresiboa eta egokia izan dadin bermatzen baita. Oinordekoak kausatzailearen eskutik ikasten du familiaren ustiapenaren buruzagitza bere gain hartzeko haina eta, hura hiltzean, prest dago bere tokian jartzeko, ondarearen produkzioak etenik izan gabe. Oinordekoak badaki, ituna sinatzen duenetik, berari egokituko zaiola, kausatzailea hiltzean, ondarearen kudeaketaz eta familiaren sostenguaz arduratzea.

Mendetan zehar, oinordetza-ituna izan da, hainbat sistema juridikotan, familiaren ondarea mortis causa transmititzeko gehien erabili den baliabide juridikoa. Auto-hornidura oinarri duten nekazal ekonomiatan, baserria eta familiaren ustiapena osoa eta zatiezina mantentzea biziraupenerako berme bilakatzen da. Familiak, baserritik ekoiztutakoa behar du bizitzeko eta, ustiapenak aurrera egin dezan, ezin da berau, belaunaldiz belaunaldi, seme-alaba guztien artean banatu. Familiaren ondareak jabe eta buruzagi bakarra behar du izan belaunaldi bakoitzean haren zatiezintasuna babesteko eta taldearen biziraupena bermatzeko. Hori da, hain zuzen ere, oinordeko bakarraren sistemaren arrakasta, hainbat eta hainbat ordenamendu juridikok faltan bota izan dutena oinordetza banatzeko zurruntasunak eragin duen minifundismo kaltegarriaren aurrean.

Bere ezaugarriei bagagozkio, beraz, oinordetza-ituna aldebiko kontratua dela argi islatzen da. Kausatzailearen hil-osteko ondarea antolatzea eta banatzea helburu izanik, mortis causa negozioa eta xedagarria, alegia. Haren baliozkotasunak forma publikoa galdatzen du eta, bere baitan, oinordetzazko izendapenaz gain, bestelako klausulak, kargak, baldintzak eta erreserbak hitzartu ditzakete alderdiek. Printzipioz, aldebikotasuna dela medio, ituna errebokaezina da. Hala ere, mortis causa negozioa izaki, oinordetza-ituna arautzen duten ordenamendu juridiko guztiek jasotzen dituzte kausatzaileari izendapena errebokatzeko ahalmena dakarkioten kausa zehatzak, baita izendatzea suntsiarazteko aukera ere. Finean, oinordetza-itunaren helburua familiaren ondarea osoa eta zatiezina mantentzea bada, kontratuak jasotzen duen oinordetzazko izendapena aldatzeko beta aurreikustea xede harekin koherentea da oso, beti ere itunean adostutakoa betetzen ez badu oinordekoak, hau esker-txarrekoa bada edo eta kausatzailearekin elkarbizitza aldrebestean.

Orohar, hiru oinordetza-itun mota daude: oinordetzeko itunak edo itun positiboak, ez oinordetzeko itunak edo errenuntziazkoak eta, azkenik, hirugarren baten herentziari buruzko itunak. Bereiz ditzagun, laburki bada ere:

  1. Oinordetzeko ituna edo itun positiboa da orain arte azaldu duguna eta erabiliena. Itun honen bidez, kausatzaileak bere ondarearen edo ondarearen zati baten oinordetza ituntzen du bere oinordekoarekin, hura hiltzean oinordekoak bizirik iraungo duenaren baldintzapean. Testamentua ez bezala, itun edo kontratu hauek aldebikoak dira eta, esan bezala, aldebikotasun horren ondorioz, printzipioz, errebokaezinak.
  2. Ez oinordetzeko itunaren bitartez, ordea, oinordekoa da, kausatzailearekin sinatzen duen kontratua dela medio, bere oinordetzazko eskubideei uko egiten diena. Errenuntziazko itun hauek (itun negatiboak ere deitutakoak), seniparteak zurruntasunez arautzen dituzten sistema juridiko batzuek ahalbidetzen dituzte batez ere, aipatu ondarearen zatiezintasun preziatua lortzearren. Familiaren ondarea, derrigorrez, seme-alaba guztien artean banatu behar bada, errenuntziazko itunaren bidez posible da oinordeko bakarraren sistema aurrera eramatea, beti ere, senipartedunek uko egiten badiete euren oinordetzazko eskubideei bakar batek izan ezik, hots; kausatzaileak aukeratutakoa. Oinordetza-itun positiboa lortzeko aurre-pausua izan ohi da errenuntziazkoa, senipartedunetatik bakar bat askatasunez aukeratzeko posibilitatea arautzen ez denean.
  3. Hirugarren baten herentziaren gaineko paktuan [xedatzailea ere deitutakoa], hiru dira, ordea, itunaren protagonistak: kausatzailea, bere oinordetzazko eskubideei uko egiten dien oinordekoa eta oinordekoa ez den hirugarrena. Egiturari erreparatuz, errenuntziazko itunaren antzekoa dela ondorioztatu daiteke, izan ere, kausatzaileak onetsi egiten du oinordekoak uko egitea eta berari dagozkion eskubideak hirugarren bati lagatzea, normalean kostubidez.