Kontzeptua

Postmodernitatea

Agian egokiagoa zatekeen beste izendapenik ez dagoenez, gure garaia postmodernitate gisa izendatu izan da. Ikuskera orokorrenean Jean-François Lyotard pentsalari frantziarrak sortu zuen kontzeptu horretan hainbat jarrera eta teoria ezberdin barneratzen dira. Hala, kontzeptu horri erreparatu gabe erabili denez, nolabaiteko nahasmena gertatu da.

Bitxia da Lyotard berak kontzeptu hori gogoeta filosofikoan ironikoki barneratu zuela, ia izenorde modura, hirurogeiko hamarkadan Mendebaldean ongizatearen Estatuaren krisiarekin eta neoliberalismoaren garapenarekin gertatutako aldaketei buruzko eztabaida irekia eragiteko tranpa modura jarritako izen gisa. Izen-tranpa horrek arrakasta izan zuen zalantzarik gabe.

Edozein kasutan, postmodernitate hitzarekin gure garaia astintzen duen etengabeko krisi egoera islatzen asmatu da, hitzak berez eragiten duen zalantzarekin batera. Trantsizio, bidegurutze kulturala, erreferentziarik eza: badirudi modernitatearen proiektua gure muturren aurrean desegin dela, eta haren tokian hizkuntzazko praktika eta joko etengabe bat ageri da norgehiagokan eta, bakarrak ere ez du lortzen behin betiko legitimitatea.

Postmodernitatearen koordenadak hainbat norabidetan ematen diren aldaketetan bilatu behar ditugu; ekonomia arloko aldaketatik komunikazioaren eta teknologia berrien arloko aldaketetara, "anabasa maitagarri berritik" krisi ekologiko eta energetikoaren kontzientziara. Kasu horietan guztietan postmodernitatearen ideia-indarra horrela laburbil daiteke: azalpenezko kontakizun handien desagerpena, ugaritasunaren eta zatiketaren ernalketa. Garrantzitsua da hasiera batetik adieraztea postmodernitatea ez dela errealitateari eragiten dion zerbait, interpretatzeko esparru berri bat baizik, ikuspegi berri bat, non gertatzen zaiguna bestelako premisa eta aurreikuspen batzuen arabera egituratzen baitugu. Esan daiteke postmodernitatearen garaiak irristakorrak eta aldakorrak direla eta ez dutela aro historiko bat zabaltzen, baizik eta itxura batean bere ezegonkortasunean eta iraunkortasunik ezan desegiten ari den errealitatea aipatzeko eta jorratzeko beste modu bat. Horrenbestez, dagoeneko ez gaude gertatu behar duen hura inposatzeko egoeran, izan ere, apustu moral handiak bertan behera geratu dira. Iragarpenak egitera ere ez gara ausartzen, gertatuko dena aldaera askoren baitan gertatuko baita. Agian ezer ez du adierazten arriskuaren etengabeko sentipen horrek, hauskortasun kontzientzia orokor horrek bezain argi mundua eratu aurretiko ikuspegi baterako mugimendua, Aro Modernoaren parametro ideologikoetatik oso urrun kokatzen dena. Apalki, beraz, munduaren ezdeuskeria eta etengabeko desegituraketa batetik abiatuta hasi beharko gara pentsatzen, pertzepzio horretara eramaten baikaitu postmodernitateak.

Horrenbestez, postmodernitatea analitikoki kontsideratzeari ekin behar diogu, hiru ikuspunturen bidez. Lehenik eta behin, eraldaketen edo egonkortzeen ikuspuntutik, modernitateari buruzko definizioak osatu ahal izateko materialak. Diskurtsoetara, postmodernitateari berez dagokion begiradara eraman gaituzten aldaketa eta haustura guztiak berrikusiko ditugu oso laburki. Ekonomia arloan, postmodernitatean Bigarren mundu-gerraren ostean sortzen den eta jite keynesiarra duen kapitalismo industrial batetik jite neoliberala duen kapitalismo industrial baterako jauzia gauzatzen da. Horrela, finantza-espekulazioaren garrantziak ikaragarrizko tamaina hartzen du "globalizazio" izenez ezagutzen den etengabeko prozesu baten barnean. Politika publikoak orokorrean ospea galtzen dute, hala modernitatearen bertsio pribatu berritzaile bat azaleratzen da. Azken joera horretan funtsean norbanako bakoitzak du irizpideak eraikitzeko eta porrotaren erantzule izateko ardura.

Politikoki, Sobiet Batasunaren kolapsoa gertatzen denean eta sozialista izendatutako herrialdeak merkatu-ekonomian sartzearekin bat ematen da globalizazio hori. Badirudi 1989an Berlingo murrua erori zenean, iragarrita zegoen "ideologiaren amaiera" (Daniel Bell) berretsi zela, eta Margaret Thatcherrek Erresuma Batuetako hauteskundeetan (1979) eta Ronald Reaganek Estatu Batuetako hauteskundeetan (1981) lortutako garaipenei esker hasitako "iraultza kontserbadoreak" panorama berri bat eskaintzen du politikaren barnean. Une horretatik aurrera, norbanakoaren askatasunaren erretorika eta edozein abentura kolektibo abiatzearen arriskuari gailentzen zaion ekimen pribatuaren erretorika topiko saihestezin bilakatzen direla, "pentsamendu bakar" (Ignacio Ramonet) gisa izendatu den korrontearen barnean. Modernitateko prozesu ustez harmonikoetako desordena, gehiegikeria, bizkorraldi eta desbideratzeen eraginez mesfidantza sortu da berriz ere; giro horretan, ezinbestekotzat jotzen da desberdintasun eta zalantza guztiak modu pribatuan kudeatzea.