Kontzeptua

Nazionalismoa eta Ilustrazioa

Modernitateak gizateriari buruzko ikuspegi panoramiko eta handia finkatu du pixkanaka. Ikuspegi horretako erdigunea Europan kokatzen da, ezbairik gabe, eta korronte horretako aurrerabidearen ideiari jarraiki, denbora dagoeneko ez da etsaitzat hartzen, aitzitik, fenomeno lagungarria da.

Mitologia berri eta anitzen eraginez, Iraganarekiko obedientziaren ordez Etorkizunarekiko fede ekidinezina barneratzen da; orokorrean, Ilustrazioko zirkulu hertsienetan gizateriak aurrera egin ahala bidegabekeriak gainditu egingo zirela, morrontzak desagertu egingo zirela eta oinazeak arindu egingo zirela uste zen.

Xede horiek eskuratzeko irrikaren eraginez, gero eta premiazkoagoa zen mugimendu historikoaren funts eta zentzuari buruzko galderari erantzutea. Espekulaziozko digresio berriek kontrako ikuspegietatik heltzen diote arazoari, modu horretan, Ilustrazioaren eta Erromantizismoaren arteko lubaki arras erabilia ireki zen. Bi mutur horien artean tentsioa handia zen eta horrek modernitatearen garapena baldintzatu zuen eta egoera horren arrastoak gaur egun era nabari daitezke. Ez dugu ahantzi behar ibilbide historikoa behartutako industrializazio-prozesu geldiezin baten, Frantziako Iraultzaren eta Bonaparteren aldeko erregimenaren sorreraren, eta aldaketa berriek sorrarazten duten galera eta zatiketa sentsazio atsekabetuaren mende dagoela.

Ilustrazioko ordezkari ospetsuena Inmanuel Kant da (1724-1804). Bera izan zen, zalantzarik gabe, subjektuaren tesia sutsuen defendatu zuena, ezagutzaren eta ekintzaren, fisikaren eta moralaren unibertsaltasunaren tesi gisa. Kanten arabera, giza espezie guztiarentzat, salbuespenik gabe, uniformea eta berdina den Naturaren plan bat dago nolabait. Plan horretan Ilustrazioa eta jakinduriaren hedapena dira azken helburuak. Historian linealtasun bakarra dago, politikoki ideal bakarra duena jomuga: errepublika konstituzionalez osatutako gizarte kosmopolita bat, legearekiko eta nazioarteko zuzenbidearekiko esanekotasunaren arabera eta haren baitan garatzen direnak. Kanten iritziz, historia, eraikitzeko ekintza batera dago bideratua ezinbestean, herri, herrialde eta kultura guztiak barneratzen dituena; baina prozesu hori bakana da, izan ere, gizateria, azken finean, bakarra eta bera da alde guztietan.

Kanten kosmopolitismo zintzo horri jarraiki, arrazoiaren eta ezagutzaren garaipenei esker, gizateria eraldatu egingo da apurka, heziketa eta adostasun handiago baterantz abiatuko delarik. Hala ere, antropozentrismo gordinena nabari da, izan ere, zilegi ikusten da ahalegin horretan parte hartzen ez duten herriak gizateria osoarena den baterako lantegi horretan barneratzea, indarra erabiliz bada ere. "Tahitiko biztanle zoriontsuak" aipagai dituen bere pasarte ezaguna paregabea da: "nazio zibilizatuen" bisita jaso ezean, haien axolagabekeria baketsuan biziko ziren milaka urtez. Kanten ustez, soilik animaliak sortu dira gozamena ukanez iragaite hutsa bizitzeko: izaki arrazionalak eta historia beraren etorkin izanik, gizakiok lege moral bat eta konstituzio bidezko bat ezarri behar dugu.

Johann Gottfried Herder (1774-1809) teologo eta literatura-kritikaria Kanten jarraitzaile trebea izan zen eta, Goethe eta Schillerrekin batera Sturn und Drang delakoa bultzatu zuen. Horrez gain, Ilustrazioko kritikaren esparrua hedatu zuen, Kantek proposatutako ikuspegi lineala, Europa erdigunean kokatzen zuena, kritikatzean; horren ordez, balizko bideen aniztasuna aldarrikatu zuen, herrien bilakaera modu gisa. Herderren aburuz, Kantek eta Ilustrazioko pentsalari gehienek, planteamendu zinez analitikoa zuten, bereiztea eta kontrajartzea eragiten zuena, lotzea eta sintetizatzea baino gehiago. Dagoeneko orpoa erromantizismoaren bidean urratuz, Herderrek munduarekin bateratze modu berri bat bilatzen zuen, eta norbanakoaren, gizartearen eta naturaren elkartze naturala proposatu zuen, modernizazio eta industrializazio prozesu erdian. Ez zuen subjektibotasun modernoa ukatzen, aitzitik hartan sakondu egiten zuen eta kontzeptu berrien eraginpean jartzen zuen, esate baterako, "espresioa", "kidetasuna" eta "komunitate organikoa". Horrela, Herder nazionalismo kulturala izendatzen denaren jatorrizko sortzaile gisa azaltzen da.

Gizateria osoa aldarrikatzen duen Ilustrazioko ideia defendatzen zuen zintzotasunez eta leialtasunez, eta ez zuen batasun horretatik at uzten herrien, kulturen eta nazioen aniztasun osoa; aitzitik, aniztasun hori legitimitatearen eta berdintasunaren bermea dira, hala, inork ezin du bere nagusitasuna eta gainerakoekiko menderakuntza gauzatu. Hain zuzen gizateria bakarra delako, haren alde bakar batek ere (izan arrazoi geografiko, historiko, kultural edo politikoen ondorioz) ezin du gizateriaren esentzia osoa baitaratu eta, horren arabera, beste alderdien gainetik gailendu edo haiei eskubiderik kendu. Modu horretan, Herderrek, aurrerabidezko plan kosmiko baten barnean, herrien eta kulturen natura, aniztasun eta aberastasun amaigabe osoa barneratzen zituela aitortu zuen. Kanten aldebakartasunari aurka eginez, probidentziaren planak aberastasun amaigabea hartzeko adinako gaitasuna zuela berresten zuen beti.

Herderrek Ideas sobre la filosofía de la historia de la humanidad lan luze eta emankorrean islatu zuen bere pentsamendua. Lan hori 1784-1791 bitartean argitaratu zen lau liburukitan. Liburu benetan hedatu eta txundigarriak, digresio, ohar antropologiko eta ideia ausartez beteak, historiaren zentzuari buruzko espekulazioak azaltzeaz gain, olagarroen tentakuluen papila itsaskorrei, Uzbekistango emakumeen begiei edo Mongoliako, Pertsiako edo Indiako higiene-azturei buruzko ohar burutsuak barneratu zituena. Kantek zera esan zuen: "Bere begiradak guztia baitaratzen du, deusetan sakondu gabe". Lan hartan Herderrek historia ikertzeko metodo berri bat planteatu zuen, eifühlung, enpatia edo "barneratze atsegin" modura itzul daitekeena: arrazionalki interpretatu beharrean, sentitzea, munduko pluraltasun eta ikuspegi ezberdinekin emozionalki bat egitea. Hala, Eskandinaviako poesia ulertu ahal izateko, Ipar Itsasoko ekaitz baten erauntsia sentitu behar da; Biblia irakurtzeko, Canaaneko lurretako artzain nomada baten modura sentitu behar da.

Modernitate liberalari dagozkion lehiakortasun eta gatazkak sortutako atomismo indibidualistari, eta hartako ideal politikoen batasun abstraktuari aurre egiteko, Herder norbanakoaren eta gizartearen arteko harmonia eta oreka baten zilegitasuna pentsatzen saiatu zen, giza espeziearen eta bere barneko aniztasunaren arteko batasuna, prozesu historiko orokorraren eta hartako errealitate kultural eta nazional ugarien garapen partzialen arteko oreka. Dena den, nazionalismo orokor baten aldeko bere apustuak ez du sekula alboratzen gizateriaren baterako plana: herri bakoitza, kultura bakoitza eta zibilizazio bakoitza polifonia bereko nota bikainak lirateke. Modu horretan, berak proposatzen duen nazionalismoa erlatibizatzearen bulkada batek adoretzen du, Ilustrazioko apustua barnerakoiagoa, arriskutsua izaterainoko ausart bilakatzen duena: espezie bereko izaki diren aldetik, elizgizon protestante horren arabera, duintasun eta estimu bera merezi dute "Zeelanda Berriko kanibal batek eta Isaac Newtonek".

Herder izan zen, hizkera nazionalistan erabilitako alemanezko hiztegia landu eta, neurri batean, ezagutarazi zuena. Berak sortutakoak dira honako espresioak: hizkuntza nazionala (Nationalsprache), hezkuntza nazionala (Nationalerziehung), eta baita nazionalizatu (Nationalisieren: espiritu nazionala sustatzea) aditza ere. Bitxia dirudien arren, hari maizen esleitzen zaion kontzeptua, Volksgeist edo "herriaren espiritua" deus ez zuen erabili, gerora, era guztietako giro nazionalistetan berehala hedatu zena. Aitzitik, Herderrena da Geits des Volkes espresioa; dena den, sekula ez zuen ikuspuntu esklusibista edo xenofobo batean erabili: nazio bat besteen gainetik gorestea gaitzesterakoan esplizitua izan zen beti. Nazio bakoitzak bere "zoriontasun egoitza" zuela usten zuen eta berezko hizkuntza, berezko adierazpide kulturalak eta berezko baliabideak izan behar zituela. Erromantikoekin, bizitza nazional modu guztiak partekatzen zituen; ezagutza historikoaren amaiera eta mitoekiko eta literatura unibertsalarekiko gertutasuna ezberdintasun nazionalak sentitu eta gozatzeko bitartekotzat jo zituen.

Bide horretatik, Herderren filosofiako alderdi emankor eta eraginkorrenean barneratzen gara bete-betean. Ilustrazioko unibertsaltasunaren aurka hauspotu zuen "testuinguruaren mendekuan", Herderrek hizkuntzaren jatorri eta adarkatzeetan jarri zuen arreta zolitasun handiz, zeina, aldi berean, espiritu herrikoi horren espresio modura eta aldarrikapen politikoa egiteko arma gisa ulertuko den. Hizkuntzari buruz egin zituen gogoetak hizkuntzalaritza modernoaren eta ikerketa etnografiko eta antropologikoen oinarrietan lekutzen dira, izan ere, goi-literatura bilatu beharra alboratu eta tradizioen eta dialektoen iturri bizira jo zuen, baladen eta folklorearen bila, ipuinen, alegien eta erromantzeen arrastoan, mintzaeraren berezko adierazpideak baitira horiek. Horietan bulkada jainkotiar baten arrastoak bila daitezkeela uste zuen: hori dela eta, Herderren arabera, hizkuntzazko ezberdintasunak eta berezitasunak aitortu eta babestea, finean, Jaungoikoaren obra mantentzea da.

Dena den, ezinbestekoa litzateke eztabaida historikoki kokatzea. XIX. mendearen hasieran ez zen Alemaniarik: berrehun bat lurralde ziren, gutxi gorabeherako independentzia zutenak, horietako zenbaitek nolabaiteko lotura zuen gerora austrohungariarra izendatu zen Inperioarekin, hiriburua Vienan zuena; bazen Britainiako koroarekin lotutako lurrik ere, dinastiaren bidea hartuta. Prusia militarista izan zen batasunari bultzada eman ziona. Batasun hori ezinbestekoa zen Napoleonek Germaniako herrialdeak astindu eta Rineko Konfederazioa sortu zuenean; urak bere bidera itzuli zirenean, estatuko lehen egitura hori behin betiko bultzada izan zen proiektua gauza zedin. Industrializazioa berehala garatu zen eta harekin batera lehen uniformetasun-prozesu bat gauzatu zen, aldez aurretik Hohenzollerndarren etxetik bultzatu zena. Egoera horrek arriskuan jartzen zituen militartutako printzerri txikietako askatasun eta autonomiak. Printzerri horietan subiranoak dena kontrolatzen zuen. Gainera, kontuan izan behar da Napoleonen inbasioaren aurretik, probintziako Versailles haietan frantziar kutsua zuen oro modan zegoela eta kultura eta dotoreziaren ikur zela. Prusiako Federico Handia, Voltaireren anfitrioia, despotismo ilustratuko ordezkari motelena izan zen eta haren ustetan alemanak lekaioekin eta zakurrekin mintzatzeko baino ez zuen balio.

Egoera arkaikoa baina egonkorra zen. Bestalde, modernizazioa indarrez ari zen sartzen. Hala, tentsioa gero eta handiagoa zen eta gatazkak eta desberdintzak sortu ziren. Horrekin batera, Hogeita Hamar urteko gerraren, izurrite berrien eta emigrazio etengabeen ondorioz txirotasuna eta despopulatze demografikoa areagotu egin ziren. Panorama horretan eratu zen testuinguru berria. Berebat, pentsalariek ere, alde batetik mirabekeria burokratikoa pairatzen zuten eta, beste alde batetik, sormen-askatasuna zuten, irudimenezkoa baino ez zena; konbinazio hori ezin hobea izan zen gerora idealismo izango zena sortzeko, zehaztasun abstraktuarekiko tentazioa erakusten zuena.

Herderrek bere kideak kondenatu eta lotsagarri utzi zituen Alemaniako kutsua zuen oro gaitzetsi eta Frantziako hizkuntza, kultura eta azturak maite zituztelako. Bere nazionalismoaren aldarrikapenak desintegrazioaren eta endekapenaren aurkako borroka ageri zuen, erruz. Hain zuzen, Frantziako Iraultzak norabide napoleondarra hartu zuenean nazionalismo ezberdinak indarberritu egin ziren ustekabean, orduz geroztik Estatu-nazio eredu berria hartu zutelarik erreferentzia modura. Ildo horretatik, Iraultza hartako gauza harrigarriena 1790-1792 bitartean gertatutakoa izan zela esan daiteke, izan ere, iraultzaileek munduan bakea eskatzeari utzi eta bizilagunak inbaditzen saiatu ziren. Atzerriko esku-hartzearen beldur, nobleziak erbestetik hauspotu zuena, Rousseauren peuple kontzeptua, herriaren borondatea, alboratze bidean zen. Haren ordez, patrie kontzeptua ari zen nagusitzen, nahimen eta lotura berak zituzten herritarren komunitatea. Horrela, Iraultzari esker gailendu ziren itxaropen eta berezitasunak arintzen ari ziren homogeneotasun sinboliko baten eskutik, hiru koloreko bandera utzi eta aldare aberkoia eskuratu nahi zuena; egoera hartan, burgesia moderatua kaos gisa interpretatu behar zena saihesteko ahaleginean zen.

Ikuspegi ideologikotik so, aristokraziak Frantziako herriari soilik zegokion askatasuna ostu zuelako ustea zegoen eta, horrenbestez, berreskuratu egin behar zen. Hortaz, monarkiaren amaierarekin batera, eskualdeko pribilegioak, zatiketak eta norbanakoaren eta estatuaren artean zeuden milaka instituzio eta korporatiboak amaitu egin behar ziren. Horrela, bulkada nazionalistak antzinako fede erlijiozkoa ordezkatu zuen. Egoera hartan, Iraultza gelditu egin zen, Termidorrek alde napoleondarrean emandako estatu-kolpearen, Foucheren eta zentralismo administratibo boteretsu baten ondorioz.

Germaniako lurraldeetan ere, independentziaren aldeko borroka, haien izaera bereziaren ezaugarritzat jo zitekeen ondare ororen defentsa bilakatu zen berehala. Zenbait tradizio, ohitura eta gurtza (sineskeriekin oso lotuta izanagatik ere), poesia eta kantu herrikoi aldarrikatu ziren Alemaniako arimaren adierazpen gisa, hain zuzen, hirigintza-plan modernoak abiatu ziren une berean. Orduan ere ondorioak harrigarriak izan ziren. Iraultzaren ondotik kosmopolitismo ilustratua eraldatu eta Frantziako nazionalismo asaldatu bilakatu zen; ilustratuen aurkako erreakzioaren eraginez, bestelako nazionalismo batzuk sortu ziren, esparru sinbolikoan borrokatu zutenak eta, azkenean, beste paradoxa bat aldarrikatu zutenak, hots, Estatu-nazioa. Asmakuntza berri hori gero eta indar gehiago zuen burgesiak ekarri zuen, ordena feudaleko estamentu zaharrak boterearen aparatu zentralizatu batekin ordezkatzeko asmoz, Industria-iraultzaren beharrizanekin bat zetorrena. Napoleonen itzal handiak, jakobinoen grina eta Eguzki Erregearen kontserbadorismoa batzen zituen. Horrek agerian uzten du garai haietan bizi zen nahasmena. Ilustrazioko modernismoa herrialdetik kanpo hedatu nahi zen indarrez, horren ondorioz, nazionalismoak agertu ziren han-hemen mendebaldeko Europa osoan. Dena den, benetako helburuak bestelakoak ziren: alde batetik, barneko ordena mantentzea eta burgesiaren erregimen berria sendotzea; beste alde batetik, iraultzak ekarritako eta dagoeneko espedizio militar bilakatutako amorrua arintzea.

Nazionalismoen ustekabeko oldarraldi horrekin batera testuinguru kulturala aldatu egin zen goitik behera. Ilustrazioko filosofia iraultzako bortizkeriaren akuilu zela uste zen, hori dela eta, filosofia harekiko "zero tolerantzia" aldarrikatzen zuen politika bat ari zen nagusitzen. Filosofia hartako ideien eginkizun zibilizatzailearekiko sineskortasuna galtzeaz gain, erlijiozko axolagabetasuna edo abertzaletasunik eza bultzatzen zuen oro sediziozkotzat jotzen zen: Frantziako iraultzaileen aurkako gerrak kritika arrazionalista desagertzeko mehatxuen aurkako borroka orokor baten ezaugarriak zituen. Ikerketa hertsiki zientifikoak edo espekulazio zinez abstraktuak baino ez ziren mantendu; gogoeta soziala zentsuratu egin zen erabat eta arrazoiarekiko fedearen ordez agintearen eta betiereko baloreen berrespena barneratu zen.

Gertaera horien guztien ondorioz, are premiazkoagoa zen historiaren xedea eta zentzua berrikustea. Hala, Hegelen eraikuntza espekulatibo handia iritsi zen bere "arrazoiaren maltzurkeriarekin" batera. Edozein kasutan ere, nazionalismoa indartsu ari zen areagotzen Alemaniako intelektualen artean, beren kultura berresteko premiak bultzatuta eta espiritu erromantiko berriak kutsatuta.

Johann Gottlieb Fichte (1762-1814) ere Kanten jarraitzaile izan zen eta filosofiaren barnean beste hizkuntza bat barneratu zuen, Nia ikerketa guztien muinean kokatzen zuena. 1810ean, Berlinen, Discursos a la nación alemana mintzaldi ospetsua eman zuen, Alemania osoa Frantziaren mende zegoela. Fichtek aldarrikatzen zuenez, zilegi zen hezkuntzaren bidez belaunaldi berri bat eratzea, bere herrialdearen norabidea zuzentzeko eta espiritu germaniarra lehenesteko gai izango zena. Haren arabera, Luteroren erreforma eta Kanten filosofia ekarri dituen Alemaniako herria, halabeharrez, askoz ere sentiberago agertuko zen hezkuntzazko asmo horren eraginpera, eta inork baino lehenago baitaratuko zuen askatasunaren eta independentziaren espiritua.

Ikus daitekeenez, Fichteren eskutik, mugimendu berria azaleratu egiten da. Ilustrazioko kultura eta hezkuntzaren aldarrikapena ondare tradizionalaren defentsa bilakatu da eta antzinako ezaugarriekiko erakarpen sutsua. Fichtek herrialdea eraberritzeko asmo horren ondotik, herrialdearen jatorrizko izaeraren aldeko aldarrikapenak eta bere etorkizun dirdiratsuaren aldeko kantuak ugaldu ziren. Egoera dramatikoa zen zinez; eta fanatismo eta sineskeria oro ezabatu nahi zituen modernitateak nazioaren eredua eta batasun politikoaren ametsa zabaldu zituen Europa osoan.

XIX. mendean gero eta gehiago murgildu, orduan eta argiago azaltzen da nazionalismo kultural eta politikoaren arteko bateratzea, eta estatuek parametro etnolinguistiko uniformeen bidez sendotzeko erakusten duten asmoa; historiaren zentzu partekatua zabaltzen da, mito eta erritu jakin batzuk, dogma bilakatutako harrotasun nazionala eta, ahal dela, etorkizunean grandeur izateko proiektua (Globoan zehar koloniak izanez gero) edo mundua behin betiko birpopulatzeko nahia (subiranotasunen lurralde-banaketatik at geratu bada, Estatu indartsuago batek xurgatuta). Dena den, aski da mapamundi bat zabaltzearekin Estatu eta nazioaren arteko bat etortze hori araua izatetik urrun, salbuespena baino ez dela ohartarazteko. Errealitate etniko, linguistiko eta kulturaletatik haratago, bere estatu propioa izango duen nazioa osatuko duten komunitateen hautua erabakiko duena kapitalismo industrialaren garapen desorekatua eta nazioarteko orekaren jokoa da. Horrek, estrategia diplomatiko trebeak, potentzia berrien arteko negoziazioak eta berrarmatze orokorra dakartza. Ez da ahaztu behar lehen ejertzito erregularrek garrantzia handia izan zutela estatu modernoen eraketan, bai izaera sakratua hartu zuten muga berriak defendatzeko, bai hedapen kolonial basatiena gauzatzeko.

Hala ere, azpimarratu beharrekoa da Herderrek ez zuela arlo etniko eta kulturaletik arlo politikorako urrats erabakigarria eman. Komunitate natural gisa jardungo zuten nazioetan sinesten zuen, bakoitza bere gertaera bereizgarrien jabe, estatu berrien homogeneotasun irrikak geldiaraziko zituztenak. Berez, ez zuen uste nazio bakoitzak bere estatua izan behar zuenik ere, eta estatuaren ideia horrek, Fichte buru zela, giro intelektualean sorrarazten zuen liluran ere ez zuen sinesten. Hala, Elizaren artzain horrek estatua antolaketa politikorako eredu gisa ukatu egiten zuen, hainbeste indarrez non Bakunin edo Kropotkin gogorarazten baitzituen.

Garrantzitsua da hori azpimarratzea, izan ere, Herder gaizki-ulertu handiekin lotu izan da, nazionalismoaren bultzatzaile eta korronte horretako gehiegikeria guztien akuilu gisa kokatu delarik. Herderrek gizakien berezko gizartekoitasuna zuen abiapuntu; izaera natural batean, gizakiek kooperatzeko gaitasuna zuten haren ustez, eta odolezko, ahaidetasun eta sentimenduzko elkarrekiko loturen ondorioz are gehiago sendotzen zen gaitasun hori. Berezko lotura hori are argiagoa da hizkuntza bera, lurralde bera eta munduari buruzko ikuspegi bera partekatzen dutenen artean; dena den, ez da hor ahitzen eta, izaera natural batean, gizadi osoan zehar barreiatuko litzateke. Aitzitik, estatuak azaleko eraikuntza gisa hautematen zituen, iruzurpean eta indarrez herrietan barneratu direnak, gizarteak antolatzen eta arautzen dituzten mugimenduak hausten dituztenak eta tirania esnatzen dutenak. Herderrek mintzaldi gogorrak eman zituen nazioaren kontzeptu abstraktu eta juridikoaren aurka, estatuaren idolatria mota guztien aurka, gizartea teorikoki berdinak diren eta antzeko berekoikerien eraginez mugitzen diren norbanakoen pilaketa aritmetiko gisa hautematen duen ikuspegi liberalaren aurka.

Aipatu beharrekoa da, Herder, azken finean, berezitasun kulturalen joko gisa hautematen zen Historiaren teorialari handia izan zela. Egile horren arabera, kultura horietako bakoitza komunitate zehatz bat, herri bat (Volk), bailitzan hedatzen da, eta bertan gizateriak berezko alderdi baten adierazpena egiten du modu ukaezinean. Nazioaren beheraldi une batean kulturaren profil jakin bat eta Alemaniako espiritua zehazteko ahalegin iraunkorrean, hark utzitako ondareak era guztietako ustekabeko formak hartu ditu. Zalantzarik gabe, desagertzen ari den eta kutsu idilikoa hartzen ari den mundu baten etsipenezko ahotsa da berea, Alemania pietista eta "atzeratu" bateko komunitate txiki eta sinpleen ahotsa, sortu berria den estatu nazionalaren ibili irmoaren aurka; estatu berri horrek bere subiranotasuna ezartzen du antzinako eskubideetan, elkarrekiko betekizunetan eta tradizioetan erreparatu gabe, ordura arte, estatuen eta bertako gobernarien arteko harremanen sostengu izan direnak. Hori da, ezbairik gabe, Sabino Aranak (1865-1903) eta lehen euskal nazionalismoak laztasun gehienaz jaso zuten alderdia.

Identitate eta kidetasun sentimenduak korapilatsuak, heterogeneoak eta eragin etengabekoak ziren eta, gainera, modernizazio-prozesuek inposatutako kulturaren despertsonalizatzeak astintzen zuen mundua. Egoera horretan, Volksgeist kontzeptuak indarra hartu zuen komunitate batek komunitate izaera hori aldarrikatu nahi zuen lekutan. Estatu berriak homogeneotasun kultural eta linguistiko baterantz abiatu ziren, beharrezkotzat ikusten ez zituzten indibidualtasunak alboratzeko eta baterako balore eta memoria batzuk helarazteko xedez. Egituraketa errituzko eta sinboliko hori ezinbestekoa zen, zentzuaren gabezia orokorra beteko zuen mobilizazio espiritual garbia maila gorenean mantendu nahi bazen. Berezko estatua sortzea erdietsi ez zuten komunitateek beren Volksgeist-a zehaztu eta bultzatu behar zuten derrigorrean, desagertzeko arriskua handia baitzen. Nazio osoak baitaratu ziren, hizkuntzak desagertu ziren, gutxiengoak alboratu, inperio handiak desagertu eta era guztietako indarkeria nagusitu zen; egoera horretan, Kanten humanismo kosmopolita sendoak eta Herderren desberdintzaren aldarrikapen ozeanikoak aurreikusi gabeko ondorioak izan ziren.