Kontzeptua

Hizkuntza-jarrerak

Soziolinguistika Klusterraren lankidetzarekin eta gidaritzapean

Jarrerei buruz aritzea, gizabanakoek (eta taldeek) objektu, pertsona, erakunde edo ekimen zehatzen aurrean, alde edo kontra erantzuteko joerei buruz hitz egitea da (Icek Ajzen, 1988: 4). Joera da jarrera, eta jarrera ezagutuz jokaerak aurreikusi nahi dira, ikuspegi psikologikotik abiatuz psikologia sozialera joanez.

Kontuan izan behar da jarreren nolakotasunak ezagutzeak erkidego jakin baten pentsaera, sinesmenak, lehentasunezko gaiak eta nahiak ezagutzeko aukera ematen duela (Colin Baker, 1992: 9). Beraz, jarrerak aztertzean, norbanakotik taldera igarotzeko bidea egiten da.

Jarreren inguruko azterketetan bi tradizio nagusitu dira (Ralph Fasold, 1996: 229): ikuspegi mentalista eta ikuspegi behaviorista (konduktista).

  • Ikuspegi mentalistatik abiatuta jarrera jokaerarako prestutasuna garatzen duen barne-sentimendua da, eta, beraz, ezin da zuzenean atzeman. Horregatik, haren izaera hainbat faktore kontuan hartuta ondorioztatu behar da. Ikuspegi horren baitan, jarrerak estimulu zehatzen aurrean nolabaiteko prestutasuna eragiten dituzten aldagaiak dira (Fasold, 1996: 229). Ikuspegi horrekin aritu dira lanean, besteak beste, Icek Ajzen (1988), Rebecca Agheyisi eta Joshua Fishman (1970), Robert Cooper eta Joshua Fishman (1974) eta beste hainbat ikertzaile.
  • Ikuspegi behavioristaren tradizioan, ordea, jarrerak giza jokaeretan bertan daude, gizarte-egoerei erantzunez. Beraz, ikuspegi horretatik, jarrerei buruzko informazioa biltzeko nahikoa da jokaera horiek behatzea eta aztertzea. Hau da, jarrerak pertsonen portaeretan aurkitzen dira, estimuluari emaniko erantzun modura, eta, horrela, gertaeren deskribapenak eta azalpenak egin daitezke. Aztertzeko moduarengatik, erraztasun handiagoak ditu ikuspegi behavioristak, baina arazoak ere baditu, portaerak ezin dituelako iragarri; hau da, azalpenak ematen ditu, baina ezin du iragarpenik egin.

Esan bezala, jarreren azterketek norbanakoen esparrutik (psikologiatik) giza taldeetara doaz (psikologia soziala). Ezagutza-eremu horren ikuspegitik jarrerek giza taldeen garaiko pentsaera, sinesmen, hobespen eta nahien adierazleak eskaintzen dituzte.

Hizkuntzen jarreraz aritzea, zehazki, hizkuntza edo aldaera desberdinetako hiztunek euren edo gainerakoen hizkuntzekiko duten jarreraz hitz egitea da. Hizkuntza jakin batenganako sentimendu baikor edo ezkorrak adieraztea, hizkuntza horren konplexutasun edo soiltasun linguistikoaz inpresioak ematea izango da; ikasteko duen erraztasunaz edo zailtasunaz, hizkuntza horren garrantziaz, dotoreziaz, estatus sozialaz eta abarrez. Aldi berean, hizkuntza jarrerek hizkuntza hori hitz egiten duten hiztunei buruzko pentsamenduak adieraz ditzakete (Fasold, 1996: 231).

Hizkuntza-jarrera: hizkuntza edo aldaera zehatz baten aurrean, alde edo kontra erantzuteko edo ekiteko joera da.

Ikuspegi mentalistaren arabera jarrera barne sentimendua da, eta, beraz, ezin da zuzenean atzeman.

Ikuspegi behavioristaren ikuspegitik, aldiz, jarrerak giza jokaeretan daude. Nahikoa da jokaera hori behatzea jarrerak definitzeko.

Hizkuntza-jarrera kontzeptuak oso gai-sorta zabala biltzen du bere baitan. Colin Baker-ek honako azpigaiak azpimarratzen ditu: hizkuntza baten aldaera soziala (soziolektoa), geografikoa (dialektoa) eta hizkera-moduen inguruko jarrerak; hizkuntza bat ikasteko jarrera; hizkuntza minorizatu baten inguruko jarrerak, hizkuntza bat erabiltzearen inguruko jarrerak; hizkuntza bat ikasteko gurasoen jarrerak eta hizkuntza-lehentasunezko jarrerak (Baker, 1992: 29).

David Lasagabasterrek beste azpigai hauek ere gaineratu ditu azken urteetako hizkuntza-jarrerei buruzko ikerketa-lerro nagusi modura (Lasagabaster, 2003: 76): atzerriko hizkuntzei buruzko jarrerak eta horien ikasketa-prozesuetan duten eragina aztertzen dituzten ikerketak; ingelesa lingua franca izatearen inguruko jarrerei erreparatzen dietenak; alboko hizkuntzei buruzko jarreren ingurukoak, eta norberarengan duten eragina aztertzen dutenak. Bestalde, ikerketa ugarik frogatu dute hizkuntzen arteko ulergarritasun-mailan ere eragina dutela hizkuntza-jarrerek, esate baterako, jarrera positiboak erraztu egiten duela ondo ezagutzen ez den hizkuntza bat ulertzea.

Hizkuntza-plangintzaren ikuspegitik hizkuntza-jarrerak aztertzea oinarrizko betebeharra da, hala, bere osotasunean, nola, hizkuntz(ar)en jabekuntzan eta jokaera sozialetan duten eragina ezagutzeko. Hizkuntza-plangintzarekin harreman estua duela esaterakoan komeni da honako ideia gogora ekartzea:

"...azken finean, hizkuntza-plangintzak ez ditu helburu linguistikoak. (...) Giza jokaeretan eragina izateko ahalegin modura definitzea egokiagoa da, arazo linguistikoak konpontzeko saiakera-modua baino" (Cooper, 1997: 48).

Beraz, jarrerak ezagutzea ezinbesteko bihurtuko da jokaeran eragina izatea helburu bada.

Hizkuntza-jarreren inguruko azterketen garaiak

Oro har, hiru garai bereizi izan dira jarreren inguruko azterketetan (Lasagabaster, 2003: 31). Lehenean (1920-1935), jarrerak neurtzeko metodologia garatu zen. Bigarrenean (1945-1965), komunikabideek jarreretan duten eragina aztertu zen gehienbat. Azkenik, hirugarrenean, 1970etik aurrera, jarreren egitura, edukia eta funtzionamendua aztertu ziren.

Jarreren ikerketen esparruan sortzen den arazo nagusietako bat zera da: kontzeptu psiko-soziologikoa izanik, ezin direla jarrerak zuzenean behatu eta neurtu. Behaketa modu berezituen bitartez ondoriozta daitezke, inferentziaz, baina ez zuenean neurtu. Kontuan hartu behar dira, gainera, jarrerak baldintzatzen dituzten inguruko eragileak. Horien artean daude familia, lana, erlijioa, heziketa eta beste hainbat aldagai.

Hizkuntza-jarrerekin erlazioa duten kontzeptuak

Arestian esan denez, interes handia du hizkuntza-jarreren eta jokaeren arteko harremana ezagutzeak eta azaltzeak. Gaur egun nagusi den ikuspegi mentalistaren arabera, hizkuntza batekiko aldeko jarrerak hizkuntza hori erabiltzeko, transmititzeko edo ikasteko joera markatuko du, besteak beste. Hala ere, jakina da hainbat aldagaik oztopa dezaketela joera horrek seinalatzen duen jokaera eta, ondorioz, gerta daitekeela hizkuntza hori hainbat esparrutan ez erabiltzea, ez transmititzea edota ez ikastea.

Jarrera eta jokaeraren arteko harremana aztertzen hasi aurretik, jarrera kontzeptuaren sinonimotzat hartu izan diren beste hainbaten inguruko azalpen laburra eskaintzea komenigarria da. Esate baterako, kontuan hartzekoa da iritzi kontzeptua. Iritziak, berez, estimulu zehatz baten aurreko sinesmenak edo pentsatzeko moduak dira. Baina erantzuteko joerarik, berez, ez dute erakusten. Erramun Baxoken hitzetan: iritziak dira norbere sentimenduen eta ideien adierazpenak. Jarrera da zerbait egiteko dugun joera (Bachoc, 2008: 63). Gainera, iritziak ahoz eman daitezke eta, aldiz, jarrerak, egoera psikologikoak direnez, ez dira agerian egoten, estalita baizik (Baker,1992: 14).

Hizkuntzaren inguruko iritzia: hizkuntza horrekiko norbere sentimenduen eta ideien adierazpenak dira, ahoz adieraz daitezkeenak.

Motibazioa: ekintza edo jokabide baten iturburuan diren indar guztien bilduma.

Esate baterako, ohikoa izaten da jarrerak aztertzeko oinarrietan gai zehatzen inguruko iritziak biltzea. Adibidez, Eusko Jaurlaritzak buruturiko IV. Inkesta Soziolinguistikoan galdetzen zen zer-nolako adostasuna duen mota honetako baieztapenekin: Egiazki euskaldun izaiteko, euskaraz mintzatzen jakin behar da / Nahiago dut ingelesa ikasi, euskara ikasi edo hobetu baino / Nahitaezkoa da haur guztiek euskara ikastea eta abar. Erantzunak, kasu honetan, iritziak izango dira eta ez jarrerak, nahiz eta jarrerak eraikitzeko oinarria izango diren.

Jarrerekin harremanetan dagoen bigarren oinarrizko kontzeptua motibazioa da. Kontzeptu honen inguruko hainbat eta hainbat definizio bil daiteke, eta guztien artean komunean duten ia ezaugarri bakarra da eragina duela pertsonen jokaeretan. Motibazioak azaltzen du zergatik erabakitzen duen pertsona batek ekintza bat egitea, esate baterako, hizkuntza bat ikastea edo erabiltzea; zenbateko ahalegina egingo duen eta zenbat denboraz eutsiko dion ahalegin horri. Baxoken hitzak berriro ekarriz, motibapena da ekintza edo jokabide baten iturburuan diren indar guztien bilduma (Bachoc, 2008: 63).

Jarrera eta motibazio kontzeptuak psikologiaren eta psikologia sozialaren baitan daude. Biek jokaera zehatz baterako nolabaiteko prestutasuna adierazten dute, eta ez bata ez bestea ez dira ageriko jokaerak; jarrerak jokaeretarako norabidea seinala dezake; motibazioak, ordea, norabide hori markatua du.

Motibazio kontzeptua bigarren hizkuntz(ar)en jabekuntzaren inguruko ikerketetan baliatu izan da nagusiki, erabakigarria baita motibazio eraginkorra izatea ikasketa arrakastatsua izan dadin, aurrerago ikusiko denez. Aldiz, hizkuntza-plangintzaren inguruko ikerketetan, hizkuntzen arteko gatazken ingurukoetan, hizkuntza-galera aztertzen dutenetan eta hizkuntzen biziberritze-gaietan biltzen diren ikerketetan, jarrera kontzeptua hedatuago dago, nahiz eta, sarri, jarreren baitan motibazioa ere aztertzen den.

Hau da, jarrera eta motibazio kontzeptuen arteko bereizketa oso fina izan arren, badirudi ikerketa-tradizio zehatzei lotuta dagoela (Baker, 1992: 14).

Atal honi amaiera emateko, interesgarria izan daiteke Erramun Baxokek arestian aipatutako azterketan egindako konparaketari erreparatzea. Euskararen ikaskuntzari buruzko iritzien, jarreren eta jokaeren arteko desberdintasunak bildu zituen ikertzaileak. Horretarako, euskara eskolan ikastearen inguruko iritziak ematen dituzten esaldiekiko adostasun-maila neurtu zuen:

  • IRITZIA: Nahitaezkoa da haur guztiek euskara ikastea: ongi [iruditzen] zait, % 56.
  • JARRERA: Haurrik bazenu eskolan euskaraz edo bi hizkuntzetan [ikastea nahi zenuke] ongi [iruditzen] zait, % 48.
  • JOKAERA: Zein hizkuntzatan egin zenituen ikasketak 1. mailan?: euskaraz euskaldunen % 12, herritarren % 4.

Haur guztiek euskaraz ikastearen aldeko iritzia biztanlearen erdiak baino gehiagok aitortu dute; haurrik izanez gero euskaraz edo ele bietan ikasteko aldeko jarrera zortzi puntu beheragokoa da, eta errealitateak erakusten duenez, eurek euskaraz ikasi dutenen kopurua % 12raino jaisten da. Erramun Baxok honako interpretazioa eransten du:

"Urruntasun nabaria izanikan ere, iritzien ikerketak balio du, zeren-eta euskararen aldeko iritzirik gabe ez da jarrera baikorrik eta jarrera baikorra da, errealitatean, hautu eraginkorren iturburua" (Bachoc, 2008: 72).