Kontzeptua

Hizkuntzaren aldakortasuna

Soziolinguistika Klusterraren lankidetzarekin eta gidaritzapean

Hizkuntzaren aldakortasuna da kapitulu honetan mintzagai. Chomskyren eskolako zenbait gramatikarik hizkuntza ez dela aldatzen aldarrikatu arren, beste batzuek onartu egiten dute hizkuntza benetan aldatzen dela, sakoneko egituretan ez bada ere, azaleko kontuetan behintzat bai.

Iritziak iritzi, ez da gaian aditua izan behar hizkuntza-komunitate bereko partaideek berdin hitz egiten ez dutela jabetzeko. Aldaerak norbanakoarenak izan daitezke, hiztunak parte hartzen duen taldearenak, geografikoak, testuinguruak eragindakoak... Hiztuna bera ere kontziente da ez duela lanean eta etxean, adibidez, berdin hitz egiten.

Aldaketak, bestalde, hizkuntza den sistema eta azpisistemen arteko harremanek sortutakoak izan daitezke, hau da, arrazoi linguistikoek eragindakoak, intralinguistikoak beraz; edo kanpoko arrazoiek sortutakoak, hiztuna bizi den gizartearen edo egoera komunikatiboaren eragileek bultzatutakoak, hots, estralinguistikoak.

Oro har, aldaera diatopikoa, diastratikoa eta diafasikoa ezberdintzen dira. Lehena dialekto eta azpidialektoetan islatzen da; bigarrena, soziolektoetan; eta hirugarrena, diskurtso-mota ezberdinetan.

Kapitulu honen helburu nagusiak bi dira: batetik, hizkuntzaren aldakortasuna zertan datzan azaltzea; bestetik, hainbatetan aldaera horiek gizartearen aldagaiek eragindakoak direla, hau da, hizkuntzaren, hiztunaren eta gizartearen arteko harreman korapilatsuan lotura eta ondorio zuzenak daudela erakustea. Izan ere, hizkuntzak hainbat helburu ditu, besteak beste, komunikazioa lortzea eta talde zein pertsonen identitatea eraikitzea. Helburu horiek lortzeko, gizarte-harremanak sortu behar dira. Hizkuntza horrela ulertuta, ekintza soziala da. Hori guztia dela eta, gizartearen egoera, gertakizun, mugimendu, helburu eta abarrei begira azal daitezke hizkuntzan gertatzen diren hainbat fenomeno.

Zeregin horretarako, adituen lan, metodo, pentsamolde eta iritziak ekarriko dira orrialdeotara, horrela irakurleak gaiaren ikuspegi orokorra izan dezan. Zer esanik ez, kapitulu honetan ez dira gaiaren nondik norako guztiak plazaratzen, helburua xumeagoa baita. Dena dela, inork interes handiagorik izanez gero, bibliografiara jo dezake informazio zabal eta zehatzagoren bila.