Kontzeptua

Euskal nazionalismoa eta europazaletasuna

Lehen euskal alderdi nazionalista 1895ean sortu zen eta, Alexander Ugalde irakasleak erakutsi duen moduan, dagoeneko XX. mendearen hasieran joera europazaleak antzeman zitezkeen prentsa nazionalistako (Euskalduna, La Patria, Patria, etab.) artikulu askotan. Hala, 1913 eta 1914an Luis de Eleizaldek ("Axe" ezinenez) euskaldunentzat Europako testuinguruak zuen garrantzia azpimarratzen zuen. Hurrengo hamarkadan euskal nazionalismoa Europa osoko lehen proposamen garaikideei begira zegoen argi eta garbi. Uneko pertsonaia adierazgarriena Engracio de Arantzadi izan zen, haren iritziek eragina baitzuen Euzko Alderdi Jeltzalean (EAJ) nahiz Comunión Nacionalista Vasca (CNV) alderdian. Buruzagi nazionalista hark, 1926-1929 bitartean Euzkadi egunkarian argitaratutako artikulu batzuetan adierazten zuenez,

"alde batetik, nazioarteko batasuna norberak dituen desiretatik haratagoa doan gertakaria izango zen eta Europako kontinenteko testuinguruan paneuropeismoaren bidez gauzatuko zen; eta, beste alde batetik, nazionalisten idealak ez ziren murriztuko, aitzitik, zera berretsiko da (...) autonomismoaren eta independentismoaren artean kokatuta, eskakizun politiko handiagoz edo txikiagoz, beren eskubideak aldarrikatzen jarraitzen zuten nazionalitateak baitaratuko luketen europazaletasuna positiboa izango litzateke Euskadirentzat." (Ugalde 1994:6 eta 9)

Gainera, Arantzadik "berez Europako batasun bat bazela ulertzen zuen -Ortega y Gasset baino ia hamarkada bat lehenago (1997:44-46)- eta hura "munduko zonalde honetako seme-alabak elkarlotzen dituen Europako elkartasun lotura" modura definitzen zuen; hala eta guztiz ere, bazekien hura instituzioan gauzatzea oso lan nekeza izango zela. Hori dela eta, 1929ko irailaren 5ean Frantziako kanpo arazoetarako ministro Briandek Nazioen Elkartean "Europar Batasun baten proiektua" aurkeztu zuenean, euskal nazionalismoak proiektu hori xehetasunez aztertu zuen eta Aniceto de Rezolak (proiektua "ekimen zoriontsutzat" jo ostean) zailtasun handienak "estatuetako berekoikerietan" daudela ondorioztatu zuen.

"aldi beren, dotorezia handiz azpimarratzen zuenez, halako proiektu batek esfera ekonomikoa eta politikoa bateratu beharko lituzke; horretarako, eragozpen oro gainditzeko premian, helburu ekonomikoa eta pentsamendu politikoa batu egin beharko lirateke elkarren interesak defendatzeko". (Ugalde 1994:10) 1

Arantzadik, bestalde, "ziur zegoen europazaletasuna 'bereziki atsegina' izango zela gutxiengo etniko eta nazionalitate txikientzat eta kontinentea egituratzeko balizko modu berri horretan haiekiko 'errespetua' izango zela 'neurtezinezko balioa' izango lukeen abantailetako bat". Laburbiltzeko, hau eransten zuen: 'Nola ez dugu bada Europar Batasun hori desiratuko katolikoak eta erregimen inperialista eta axolagabe bateko indar gorenek zapaldutako nazionalitate bateko kide izanik?'. Guk bat egiten dugu Brianden ideiekin, aipatu arrazoiak direla eta (...)". (Ugalde 1994:10)

Tesi horiek "Agirre Doktrina" izenpean mantendu ziren gerra zibilaren osteko erbestalditik Agirre lehendakariak doktrina nazionalistari emandako nazioarteko bultzadari eta, batez ere, europazaleari esker.

"Hala, erbestean ziren euskaldun talde (gobernukoak) hartako kideek, dagoeneko garai hartan, oso gaurkoa den auzi bat plazaratu zuten: aurrera begira estatu-nazioa ahultzea eta estatuz gaindiko alternatiba bat bilatzea. Horrenbestez, Agirre Doktrina oinarri ideologiko bat da, egun Euzko Alderdi Jeltzaleko buruzagiek baitaratu dutena Europar Batasunaren barneko Euskal Herriaren etorkizuna zehazteko eta, zentzu orokorrago batean, Herrien Europa taxutzeko." (Galeote 1999:267)

Berrogeiko hamarkadaren erdialdera Europako mugimendu federalista sendotu egin zen eta 1948ko maiatzaren 7 eta 10 bitartean Hagan egindako Europako Kongresuan jo zuen goia. Kongresu hartan euskal nazionalista asko izan ziren, horien artean Agirre Lehendakaria bera (Ugalde 2001:82). Europako mugimendua sendotzen zen heinean euskal nazionalismoaren joera europazalea ere indartu egin zen, eta baita Euskadiko beste sektore politiko batzuena ere (Ugalde 1994:11). Berez, Bigarren mundu-gerraren osteko urteetan "EAJ alderdia Europan presentzia handiena zuen Frankoren aurkako Penintsulako indarra zen, hala, Europako gaietan aitzindaria zen eta, sarritan, estatuko ordezkari bakarra izaten zen kontinenteko erakundeetan" (Arrieta 2007:84).

Mendearen hasieran abiatutako joera horri erreparatuz, ez da harritzekoa, 1977an trantsizioak irekitako errealitate politikora alderdia egokitzeko emandako hitzaldi politiko batean, EAJ alderdiak hau adieraztea "garai absolutista eta liberalean sortutako eta egun oraindik indartsu diren Europari beha diren estatuko egiturak desegokiak dira egun dauden premiak asetzeko" (EAJ 1977:45). Horrenbestez, estatu horiek merkatu handiak eta teknologia modernoa maneiatzeko txikiegiak zirela ulertzen da eta handiegiak haien barnean garapen politiko demokratiko bat garatzeko. Ideia horiek sakon garatu ziren hitzaldi horretan:

"Europako estatuek, oraindik estatu-nazio egituretan ainguratuta daudelarik, dagoeneko ez dute duela gutxi arte zuten erabakitzeko gaitasun subiranorik. Potentzia handiak eta blokeen politika agertu dira eta, horren ondorioz, Bigarren mundu-gerrara arte zuten protagonismo politiko eta nazioartekoa galdu egin dute. Europako Parlamentu2 baterako hauteskunde orokorrak iragartzen dira, izan ere, Europako esparru ekonomiko berriak zalantzarik gabe esparru politiko berria eskatzen du. Britainia Handiak, Frantziak edo Alemaniak, dagoeneko ezin badute, orain arte egin duten bezala, haien egonkortasuna mantendu, guztiz logikoa da Euskal Herria ez saiatzea bere buruari iraungita eta zaharkitua dagoen estatuko egitura bat ematen. Borrokatu egin behar du eta lankidetzan aritu behar da Europako egitura politiko berri hori, oraindik gauzatzeke dagoena, demokratikoa eta nazio anitzekoa izan dadin. Europa berri bat, non herri bakoitza erabat gara daitekeen bere izatea eta berezitasuna abiapuntutzat hartuta, gainerakoekin eskutik emanda lan eginez Europa berri bat eraikitzeko, askea, aurrerakoia, demokratikoa eta munduari beha izango dena." (EAJ 1977:47)

Esparru politikoari dagokion azterketa hori egin ostean, alderdiaren helburu nagusiak finkatu ziren: 1) "jatorrizko botere politikoa berreskuratzea, gure herriak egun duen egoerari so egokiena izango den formula politiko batekin gauzatuko dena, betiere, egitura demokratiko baten barnean"; 2) Frantziako estatuaren barnean dauden euskal lurraldeekin harremanak sendotzea, horretarako ezinbestekoa delarik berezko departamendu bat sortzea (lurraldetasuna); baina helburu interesgarriena, artikulu honen ikuspegitik, hirugarrena da, hots, zerrendan atzean kokatzen dena. Bertan "Euzko Alderdi Jeltzaleak bere deiera europazalea berresten du, dagoeneko 1933ko Aberri Egunean Euzkadi-Europa aldarriarekin publikoki egin bezala...". (EAJ 1977:47-53). Izan ere:

"Herrien Europa horren esparruan gauzatuko da euskaldunen batasun politikoa eta hor erdietsiko da haien askatasuna, Europako gainerako herrialdeekin berdintasunean eta elkartasunean; eta hori euskaldun guztien borondatea aintzat hartuz sortutako berezko egitura politiko batekin." (EAJ 1977:55).

Hala autogobernua, demokrazia eta lurraldetasuna EAJ alderdian funtsezko helburu politiko bilakatzen dira, betiere Europako esparruaren barnean. Modu horretan, "Euskal Herriaren autogobernua berdintasunean eratutako nazionalitate eta herrialdez osatutako Europa federal baten testuinguruan garatu behar dela abiapuntutzat hartuta, eta estatu-nazio zentzu klasikotik eratutako euskal estatu batetik urrun, EAJ alderdia funtsean europazalea den alderdi gisa aurkezten da. Europako eraikuntzaren aldeko atxikimendu hutsetik haratago, alderdi horrek Europako esparruaren inguruan taxutu du berezko Euzkadiren proiektu politikoa". (Galeote 1999:268, gurea azpimarratuta).

1989ko Europako hauteskundeak izan ziren Espainiako Estatua Europako Erkidegoan sartu zenetik egindako lehenak. Aukera paregabea izan zen, besteak beste, asanblada nazionaletako, txostenetako edota hitzaldietako ekarpenak dokumentu bakarrean laburbiltzeko eta islatzeko. Han diagnosi bat hartzen zen abiapuntu, hau da, "politika modu tradizionalekin amaitzea eta goreneko politika moduarekin: Estatuarekin"; subiranotasuna gorantz lagaz "Europako eskualdeen eraketa batera so, lurralde antolaketa berri batetik haratago, kontzeptuzko parametro ezberdin batzuetan oinarritutako berrantolaketa berri bat bultzatzeko". Hori horrela izanik, EAJ alderdiak beti izan duen "aukera europazaleari eusten dio" eta gainera gauzatu egiten du.

"hamahiru izarretako Europaren sinboloa hartuta. Modu horretan, etorkizuneko Europako Estatu Batuen barnean Euzkadi Erkidegoko beste hamabi kideen subiranotasun berarekin kokatuko da, gainerakoak bezain estatu izanik. Ongi ulertuta Europan sartzeak ez duela esanahi bere subiranotasunari eta etorkizunean bere autodeterminazioa babesten jarraitzeko eskubideari uko egitea.
Esparru horrek egitura nazional euskaldunean aurrera egiteko abagune paregabea eskaintzen digula ulertzen da, estatuen arteko banaketak (Iparralde-Hegoalde banaketa) edo estatu baten barnean ezartzen diren banaketa juridiko-politikoak (autonomia erkidegoen banaketa Hego Euzkadin) gaindituz." (EAJ 1989:13)3.

Hau da, estatuen egituraketa klasikoa desagertze bidean dagoela eta estatuz gaindiko egitura federal batek ordezkatuko duela abiapuntutzat hartuta, azken horren oinarrizko printzipio demokratikoetako bat zehazten da: hura osatzen duten herrien autodeterminazio-eskubidea aitortzea.

Ikuspegi horretatik, EAJ alderdiak esparru politiko horrek egitura nazional euskalduna eraikitzeko "abagune paregabea" eskaintzen duela ulertzen du, estatuen eta banaketa juridiko-politikoen gainetik.

Alderdi hori izan da Euskal Autonomia Erkidegoa gobernatu duena sortu zenetik 2009. urtera arte eta gobernatzeko modu horretan europazaletasun zantzu argiak erakutsi ditu. Horren harira, azpimarragarria da Kanpo Harremanetarako Idazkaritza Nagusiaren barnean Europako Gaietarako Zuzendaritza sortu zuela, Lehendakaritzaren baitan zegoena. Horrenbestez, argi geratzen da eremu horri ematen zitzaion garrantzia politiko handia.

Horrez gain, aipagarria da, era berean, 1999an Juan Jose Ibarretxe Lehendakariak Josu Jon Imaz eurodiputatua deitu zuela gobernukide izateko Industria, Merkataritza eta Turismoko kontseilari modura, kabineteko bozeramaile izateaz landa. Zalantzarik gabe Europako diputatu hori zen erkidegoko egitura ongien ulertzen zuen pertsonetako bat eta abilezia aparta zuen. Bereziki azpimarratzekoa da, izendapen hori egin zenean, ETAren tregua erdian, Eusko Jaurlaritzaren helburu nagusia bakea eta normalizazio politikoa erdiestea zela eta, ikusi dugun moduan, horretarako, alderdiaren arabera, ezinbestekoa zen Europako esparruarekin bat egitea.

Hirugarren adibidea ere Josu Jon Imaz jaunaren ibilaldiarekin lotzen da, izan ere, Ibarretxe Lehendakariaren ordezko izateko hautagai nagusitzat jotzen zen, baina, iragarpen guztiak hautsiz, bere alderdiko sektore jakin batzuk bultzatuta EAJko presidentetza hartzeko aurkeztu zen. Argi dago sektore horien asmoa alderdi barneko zenbait diskurtso eta estrategia berritzea zela, Europako Konstituzioari buruzko eztabaidak markatzen zuen Europako testuingurura egokitze aldera (Filibi, 2007). Hauteskundeak zinez estuak izan ziren eta, azkenean, Imaz gailendu zen beste hautagaiaren gainetik, hots, Joseba Egibarren gainetik. EAJ alderdiaren presidente modura izandako garaian (2004ko urtarriletik 2007ko irailera) diskurtsoaren mamia eta alderdiaren ekintza gehienak Europari, hartako instituzioei eta esparru horretako baldintzei buruzkoak ziren, bere agintaldiko urteetan onartu ziren dokumentuetan eta hitzaldi politikoetan ikus daitekeenez (Filibi, 2008:20-21). Aipagarria da, orobat, euskal politikaren eztabaidan aldaketa ideologiko horrek izan zuen eragina.

Alderdi nazionalista guztiek agertu dute beren iritzia europar integrazio horri buruz. Eusko Alkartasuna 1986an EAJ alderdiaren barnean izandako zatiketaren ondotik sortu zen eta 1987ko apirilean alderdiaren eraketarako kongresuan azaldu zuen "beste nazio batzuekin harreman elkarkorrak izateko borondatea, bereziki Herrien Europa gisa zehazten den proiektu federal baten barnean, betiere, nazio guztien presentzia errespetatzen bada berdintasunean eta beti autodeterminaziorako eskubidea aitortzen bada" (EA alderdiaren identitate politikoari dagokion 1.1 ataleko sarrera).

Bigarren Kongresuan, Euskal Herriaren autodeterminazio-eskubidea aldarrikatzearen eta berezko estatua eratzearen kalterik gabe,

"EA alderdia Europako Batasun Politikorako proiektu baten alde agertzen da, non, egungo estatuez gain, nazio guztiak izango diren protagonistak, berdintasuna eta elkarren autodeterminazioaren aitorpen etengabea aintzat hartuz, elkartasunezko ahaleginean batuko diren herrien federazio bateko protagonistak." (EA 1989:11)

Dena den, EA alderdiak ez du ilusio gehiegirik egiten integrazio-prozesua dela-eta, hala, alderdiak aitortzen duenez, "Espainiako Estatua Europako Erkidegoetan sartzeak ez du aurrerapenik ekarri euskal kausa nazionalari dagokionez" eta "proiektu nazional euskaldun bat onartzeko Europa esparru egokia zeneko ideiaren mitifikazio inozo eta interesatuaren aurrean, aipagarria da, gutxienez epe labur eta ertainera begira, berriki gauzatu den txertatze horrek eragozpen gehiago baino ez dizkigula ekarriko". Hori dela eta, hau izan behar da jarraitu beharreko prozesua (EA 1989:47-49):

  • "Autogobernuan sakontzea eta Europan presentzia gehiago izatea.
  • Euskal Herriko lurraldeak pixkanaka hurbiltzea.
  • Euskal estatua.
  • Eraldatzen ari den Europa batean gure presentzia birplanteatzea".

Kongresu horretan EA alderdiak aldaketa pragmatiko bat eman zuela esan daiteke Europari buruzko ikuspegiari eta hark euskal nazionalismoarentzat ekar ditzakeen abaguneei so. Hala, bere jarduera politikoa Europako Erkidegoetan presentzia gehiago izatera bideratu zuen eta horri lortzeko estatuko borondatea eratzeko mekanismoak sortzera. Hori, azken helburu gisa euskal estatua erdiestea ahantzi gabe (betiere, erkidego barnean), eta Europak jasandako eraldaketari, bere dinamismoari eta hartako eraikuntza-prozesu bat eratzeko asmoari beha, Euskal Herriaren presentzia birplanteatzeko beharra hautemanez.

Eusko Legebiltzarrerako hurrengo hauteskundeetako (1990) hauteskunde-programan berriz ere "Europaren eraikuntza politikoaren ikuspegitik, egungo esparru politikoa berritzea" azpimarratzen zen (EA 1990:12). Baina, horrez gain, beste ideia bat eransten zen: "Autogobernuaren aldeko gure borrokak mugimendu bakezalearen helburu bera du abiapuntu: aniztasunaren batasunerantz gelditu gabe garatuko den mundu baten eraikuntza babestea" (EA 1990:24, gurea azpimarratuta). Hots, alderdiak "bakerako faktore modura, Europako Batasunaren prozesu politikoa bultzatzearen" aldeko konpromisoa hartzen zuen (EA 1990:26, gurea azpimarratuta). Ordura arte ez ziren horren argi elkarlotu Europako prozesu politikoa, autogobernuaren garapena eta bakerako faktorea.

1996ko martxoan hauteskunde orokorrak aurreratu egin ziren eta han aldarrikatzen zenez, "Europako beste alderdi nazionalista batzuekin partekatzen dugun 'Independentzia Europan' lema egia bihurtzeko itxaropena, XXI. mendeko egoera politikoekin bat egiten duen estatu modu baterako ezaugarriak hartzeko asmo legitimoa da. Euskal estatu baten ideia, anakronikotzat joz, iluntzera bideratutako edozein argudio baliagarri izan beharko litzateke, arrazoi bera dela medio, Batasuneko beste edozein estaturen zeregina zalantzan jartzeko" (EA 1996:48).

Urte hartan III. kongresua egin zen eta han Eusko Alkartasunaren estrategia politikoaren oinarri berriak finkatu ziren. 'Independentzia Europan' eta edozein indarkeria mota erabat ukatzea (ETAk nahiz Estatuak gauzatua) ziren EA alderdiaren ekintzako ardatz nagusi berriak (EA 1996:5).

Xehetasun jakin batzuk alde batera utzita, EAJ eta EA alderdiek ikuspegi ideologi antzekoa erakutsi dute Europari dagokionez. Hala, 1999ko Europako hauteskundeetan bi alderdiak koalizioan aurkeztu ziren. Hauteskunde-programa horretan Europako beren eredu politikoa garatzen zen. Horrela, estatuen eta herritarren Europa planteatzeaz gain "hirugarren proposamen bat barneratu da gero eta indar gehiagoz: Herrien edo Nazioen Europa". Fenomeno hori, neurri batean, esparru ekonomiko eta politiko berriak gainditzeari esker zen zilegi, baina baita "Europako estatuetako barne-bizitzan herriek eta nazioek gero eta garrantzia gehiago dutelako" (EAJ/EA 1999:29).

Dena den, alderdi nazionalista guztiek ez dute partekatzen europar integrazioari eta hartatik eratorritako abaguneei buruzko diagnosi hori. Hala, ezker abertzale ofizialak (antzina Herri Batasuna, gerora Batasuna) oso bestelako jarrera agertu izan du beti ikusi berri ditugun bi alderdiekin alderatuz gero. Soilik bi dokumentu hartuko ditugu alderdi politiko horrek Europar Batasunari dagokionez duen jarrera erakusteko. 1994an, HBk sei liburu editatu zituen "Europa, Kritika eta Alternatiba" izenburupean. Han, honakoa adierazten zen irmoki:

"Argi dago Eskuinak eta Kapitalak eraikitako Europaren arkitekturako oinarrizko elementuak estatuak direla, eta ez eskualdeak eta, are gutxiago herriak. Egungo erkidegoko estatuek, zeintzuen egitura politikoek sarritan haiek osatzen dituzten Herrien eta Nazioen eskubideak baliogabetzen baitituzte, Maastrichteko Tratatuan diseinatutako Europan gaitasun politiko eta ekonomiko oro ukatzen diete oraindik ere." (HB 1994:21)

Horren osagarri, Europar Batasuna "proiektu autoritario, insolidario, antisozial eta inperialista" modura hautematen zen. Horrela, Europar Batasunaren ideia "abstraktua eta funtsik gabea" bilakatzen zen. Horren ondorioz, proiektu horrekiko identifikaziorik eza zen nagusi eta demokrazia gehiago eskatzen zen Europako burokraziari zegokionez (HB 1994:22-23 eta 27).

Urtebete beranduago, 1995ean Oldartzen txostenean Europar Batasunaren eta Europaren arteko bereizketa egiteko egokitasuna adierazten zen, azken hori "estatu eta oligarkia jakin batzuen proiektua baino zerbait gehiago" baitzen. "Europa errealitate konkretu bat da (...) inork patenta ezin dezakeena" (HB 1995:13).

Horrez gain, estatuen egungo Europaren eta etorkizuneko nazioz gaindiko Europaren arteko bereizketa egiten zen. Bigarrenak ere, berez existitu baitzen, ez zuen izaera nazional hori aitortzen (HB 1995:14). Nolanahi ere, nazioz gaindiko fenomenoari dagokionez gero eta interes gehiago zegoela ikus zitekeen, nahiz eta oraindik kritikatu egiten zen bere zentralismoak eta demokraziarik ezak eraginda.

ETA erakunde armatuak ere gero eta interes gehiagoz begiratzen zion europar integrazioari, batez ere, Maastrichteko Tratatuaren ondotik eta Europar Batasunaren sorreraren ostean. Adierazgarria da 1998an ETAk tregua emateko taxututako dokumentuan, behin hura emateko arrazoiak azalduta, Euskal Herriaren egoera politikoaren bilakaerarekin batera, beste fenomeno garrantzitsu bat gertatzen ari zela adierazi zuela:

"Europa, gune politiko, sozial eta ekonomiko modura eraikitzen ari da, gai nagusiak jorratzeko erabaki-zentro modura, Madril eta Paris zeharkatuz, eta zuzen-zuzenean zanpatzen gaituzten estatuko egituretatik urrunduz. Eta independentziarako proiektu eraginkorrik izan ezean, Euskal Herriak pairatzen duen menderakuntza eta desegituraketa areagotu egingo da. Are gehiago, mundu mailako batasun kultural eta ekonomikorako proiektu erraldoiei aurre egingo dien baliabide eta alternatibarik gabe geratzen bagara."

Komunikatu hori agertu artean, ETAk kaleratutako idatzietan Europar Batasuna ia ez zen aipatu ere egiten. Eta agertzen bazen, fikziozko errealitate bati burla egiteko izaten zen, neurri ekonomiko neoliberal batzuk justifikatzeko zer etereo modura agertuz. Testu horren diskurtsoan beste aldaketa adierazgarri bat barneratu zen. Orain "Europa" berezko entitatea duen zer gisa azaltzen da eta, are, entitate ekidinezin modura. Dagoeneko ezinezkoa da mundu mailan inposatzen den (baita estatuen gaindik ere) eta "gune politiko, sozial eta ekonomiko" modura gero eta botere handiagoa eskuratuko duen errealitatearen aurka borrokatzea. Europari buruzko ikuskera berri horrek, munduko testuinguru batean barnean, ETAren diskurtso politikoa asko aldatzea eragin zuen. Berez, eraldaketa-prozesu hori "Alternatiba Demokratikoarekin" hasi arren (Filibi 1999).

1999ko otsailaren 26ko komunikatuan ETAk "gogoeta egiten du Euskal Herriak azken bost hilabetetan bizi izan duen egoerari eta horren harira hartutako erabakiari buruz". Lehen aldiz Europar Batasuna ez zen soilik mehatxu gisa ikusten eta euskal liberazio nazionala gauzatzeko laguntza edo babes modura hautematen zen nolabait. Testuan, itxura batean, soilik dimentsio ekonomikoa, eskualdearen tamainak ematen duen konparaziozko abantaila, aipatzen bazen ere, Europako eraikuntza-prozesuak abian jarraitzen zuela adierazten zen. Horrez gain, Euskal Herriaren ingurune berria Europa hori zen, dagoeneko komatxo artean ipini gabe, estatuak ordezkatzen dituena nazioarteko agertoki berriko erreferente modura.

1999ko maiatzaren 16an Gara eta Egunkaria egunkarietan ETAko zuzendaritzako hainbat kideri egindako elkarrizketa argitaratu zen (hemen Garan argitaratutakoa hartuko dugu). Elkarrizketa hori ETAren doktrina politikoa interpretatzea ahalbidetzen duen material gehigarria bilatzeko ezohiko parada da. Nazioarteko dimentsioari dagokionez, esan daiteke ETAk espero duela: 1) "beste Estatu batzuen presioak" izatea, Espainiako gobernua mugitzera derrigortzeko, modu horretan, gatazka ebatziko duen prozesu politiko bat irekitzeko eskaintzari erantzun diezaion; eta 2) nazioarteko komunitatea, era berean, garrantzitsua da azken unean "laguntza emango" duelako, betiere, Euskal Herria herri bat dela eta bere metodoak demokratikoak direla ikusten bada; horrenbestez, demokrazia nazioarteko laguntza jasotzeko ezinbesteko baldintza izateaz gain, prozesuaren amaieran maila horretan eskaintzen den bermea da. Elkarrizketako beste puntu batean ETAk etsipenez ikusten zuen Lizarra-Garazi akordioaren ostean baterako hautagaitzarik ez sortu izana Europako hauteskundeetan aurkezteko.

1998an tregua amaitu ondotik, ezker abertzalearen barnean eztabaida garrantzitsua izan zen. Horren ondorioz, bertako sektore kritiko batek, bereziki nafarra eta Patxi Zabaletaren ingurukoa zenak, berezko barne-korronte bat hartu zuen eta, azkenik, 2001eko uztailaz geroztik berezko erakunde independentea eratu zuten. Alderdi berriaren izena Aralar zen eta bere "Ildo Ideologiko" dokumentuan "ezkerreko alderdi abertzale eta independentista" modura aurkeztu zen, Euskal Herriaren Errepublika Federala sortzea zuena helburu eta, nazioarteko politikari so "herrien arteko elkartasuna izango da bere aldarria eta Europan herrien batasuna aldarrikatuko du" (Aralar dg:3). Autodeterminazio-eskubidea ere baliagarria izan behar da Euskal Herriari nazioarteko kontzertuan dagokion tokia zehazteko. Aralar "Europaren egituraketa politiko baten alde" agertzen bada ere, orduko integrazio-eredua gogor kritikatu zuen "herritarren kontrolari dagokionez defizita nabaria duten makroegituren mende" egoteagatik, horregatik euskaldunok "Europar Batasuneko kide izaten jarraitu nahi dugun ere erabaki beharko dugu". Horren harira, Aralarrek "Herrien Europa" aldarrikatzen du (Aralar dg:5).

2004an Nafarroako Foru Erkidegoan hainbat alderdi politikoren koalizioa gertatu zen. Koalizio hori Aralar, Batzarre, Eusko Alkartasuna eta Euzko Alderdi Jeltzaleak nahiz hainbat pertsona independentek osatu zuten eta Nafarroa Bai (NaBai) izendatu zen. 2007ko foru-hauteskundeetan Nafarroako bigarren indar politiko bilakatu zen. Hartako hauteskunde-programan argi eta garbi adierazten zenez "Nafarroa Bai alderdiak konpromisoa sendoa du Europa politiko eta sozial bat eraikitzearekin". Alde batetik "Europa demokratiko baten alde egiten du, autodeterminazio-eskubidea aitortuko duena eta kontinenteko herri guztien parte hartze egiazko batean oinarrituko dena. Halaber, Europa sozial baten alde agertzen da, herritar guztien ongizatearen zerbitzura jarriko diren politika ekonomikoak garatuko dituena" (NaBai 2007:6).

Dokumentu berean "Nafarroak erkidegoko instituzioetan (Batasuneko eta batzordeetako Ministro Kontseilua) parte hartzea" eskatzen zen eta "bere interes edo eskumenekoak diren gaiei buruzko zuzeneko instantzietan Nafarroak erabakitzeko gaitasuna eta presentzia zuzena izatea eskatzen da, horrez gain, Bruselan ordezkaritza iraunkorra izanik, gure interesak defendatuko dituena". Orobat, "Nafarroa Baik Nafarroaren, Akitaniaren eta EAEren arteko Lankidetzarako Protokoloa berreskuratzea (UPN alderdiaren gobernuak baliogabetu egin zuen) aldarrikatzen du, Europako eremuan gure aukerak hobetze aldera..." (NaBai 2007:7).

1Ikus "baterako interesaren" ideien eta integrazioaren izaera politikoaren aurrerapena, erabakigarriak baitira Jean Monneten pentsamenduan, zeina Bigarren mundu-gerraren ostean Europako Erkidegoen aita den.

2Testua 1979ko Europako Parlamenturako hauteskundeei buruzkoa da. Hauteskunde horietan, lehen aldiz, Asanblada zaharreko kideak Estatu kideetako herritarrek aukeratu zituzten zuzenean; modu horretan, instituzio horrek (ordura arte garrantzia gutxi zuena) legezkotasun demokratikoa ukan zuen eta, horren ondorioz, bere aginpidea eta botere politikoa areagotu egin ziren.

3Interesgarria da ohartaraztea programa horren titulua "y ahora Europa" dela, eta atzeko azalean honako titularra agertzen dela "La apuesta del Partido Nacionalista Vasco por la Unión Europea".