Kontzeptua

Eragile Politikoak

Vallesek (2000) eragile politiko kolektiboak bereiztea ahalbidetzen duten baterako ezaugarri batzuk planteatzen ditu: (a) borondatezko elkarte izatea, (b) haren egonkortasun erlatiboa, eta (c) interesak eta helburuak dituen komunitate baten existentzia. Dena den, zailtasun nagusia ez da eragile horiek eta indibidualak bereiztea, aitzitik, eragile kolektibo ezberdinen arteko muga bereiztea da zailtasun nagusia.

Tradizionalki hiru mota identifikatu dira, hasiera batean argi definitzen direnak: interes-taldeak, alderdi politikoak eta gizarte-mugimenduak. Hala ere, hiru eragile mota horien arteko bereizketa teorikoa antolaketa-egiturek edota ekintza-errepertorioek ageri duten pluraltasunaren eta heterogeneotasunaren baldintzapean izaten da praktikan. Modu horretan, muga horiek nahikoa lauso agertzen zaizkigu kasu konkretuetara jotzen dugunean. Ildo horretatik, hainbat konbinazio identifika genitzake. Hala, hainbat alderdik, esate baterako, Ehiza, Arrantza, Natura eta Tradizioa (Caza, Pesca, Naturaleza y Tradición) alderdiak interes-taldeen ezaugarriak baitaratzen dituzte; beste batzuek aldiz, esaterako, Berdeak (Los Verdes), gizarte-mugimenduko ezaugarriak hartzen dituzte. Modu bertsuan, gizarte-mugimendu nazionalistek adierazpen alderdikoiak izan ohi dituzte, etab.

Argitze aldera, Ibarra eta Letamendiak (1999) eskema bat proposatzen dute, eragile horiek 8 aldaeren arabera identifikatzeko baliagarri dena: botererako orientazioa, alderdiekiko harremanak, bere antolaketa, ordezkatzen dituen interes eta taldeak, ordezkatzeko bitartekoak, ekintza kolektibo modua, estrategia eta azken helburuak.

Eskema horri eutsiz talde bakoitza bereizteko lagungarri diren (teorikoki bederen) hainbat ezberdintasun azaltzen zaizkigu:

  • Alderdi politikoak botere politikoa gauzatzen saiatzen dira, gizarte-mugimenduak hura aldatzen eta interes-taldeak botere horren jabe diren haien erabakietan eragina izaten saiatzen dira.
  • Alderdi politikoak eta gizarte-mugimenduak interes orokor eta zehaztugabeen (publikoak) arabera mugitzen dira eta interes-taldeak normalean interes zehaztuen (pribatuak) arabera.
  • Alderdien antolaketa hierarkikoa izan ohi da, gizarte-mugimenduena horizontala edo sare modukoa eta interes-taldeak bi mutur horietako edozeinetan barnera daitezke, nahiz eta formalizaziorako joera izaten den presioaren ondorioz lortutako etekinak maximizatze aldera.
  • Alderdi politikoak hauteskunde bidezko ordezkaritza-irizpideen arabera antolatzen dira, gizarte-mugimenduak deiera unibertsaleko eta nortasun zeinu kolektiboko interpretazio-esparruen arabera, eta interes-taldeak haietako kideek azaldutako lehentasunen arabera.
  • Alderdiak elkarren lehian izaten dira hauteskunde bidez eta kanpainak antolatzen dituzte botoak eskuratzeko. Gizarte-mugimenduak, normalean, botere formalaren aurkako gatazkaren alde agertzen dira. Eta interes-taldeek, berezko izaerari jarraiki, instituzioetako eragileetara bideratzen den lankidetzarako eta negoziaziorako oinarrizko estrategia bat, ezkutuko edo agerikoa, azaltzen dute: azken horien ekintza lobbying delakoa da, hots, erabakietarako benetako foroetan loturak egitea.
Eragile kolektibo motak
AlderdiakInteres-taldeakMugimenduak
Iturria: Ibarra & Letamendia, 1999.
Botere politikorako orientazioaGauzatzeaPresionatzeaAldatzea
Alderdiekiko harremanakOsagarriaGatazkatsua
AntolaketaHierarkia formalizatuaFormalizatuaHorizontala, informala, sarekoa
Ordezkatutako interes/taldeakZehaztugabeak, zehazgarriak Zehaztuak Zehatzezinak, zehaztugabeak
Ordezkatzeko bitartekoakHauteskundeakKonbentzionalakEz konbentzionalak
Ekintza kolektibo motakInteres orokorrak eransteaSektoreko interesak eransteaInteresak eta identitatea
EstrategiaLehiaLankidetzaGatazka
Azken helburuakSistemikoakAsistemikoakAsistemikoak nagusiki

Jarraian eragile kolektibo mota bakoitzaren ezaugarri garrantzitsuenak emateko elementu analitikoak deskribatuko ditugu.