Kontzeptua

Haur joku tradizionalak

Jolas tradizional asko dago eta are gehiago dira haien aldaerak. Azken horiek modu anitzetan egitura daitezke hartutako irizpidearen arabera: sexua, adina, egitura, jolasaren funtzionalitatea, elementu edo tresnak erabiltzea edo ez erabiltzea, musika edo erritmoekin lotutakoak, etab. Jakina denez, gizarte eta testuinguru bakoitzean modu berezi batean eta inguruneak ematen dituen aukeren arabera garatzen dira jolas horiek.

Haurrei gagozkiola, aipagai dugun testuinguruan era askotako jolasak agertzen direla adieraz dezakegu: musikarik gabeko jolasak, jolas musikadun batzuk, dantza-joko atseginak edota haur-dantza sorta handi samar bat. Halaber, haurren folkloreari dagozkion beste alderdi batzuk topa ditzakegu, esate baterako, bildumazaletasun anitza, bilketa ugari, jolas ludikoen eta jostailu soinudun edo musikadunen eraketa. Haur-kantu edo haur-esaera kopuru eta aniztasun handia (asmakizunak, zentzurik gabeko esaerak, aho-korapiloak, hitz-jokoak, etab.) eta zozketarako, parrastadarako edo isekarako formula ugari. Eta ez da ahaztu behar haurren munduan ipuin edo narrazio mitologikoek edo kondairazkoek garrantzia handia dutela norberaren garapen kognitiboan edo adostutako baloreen justifikazio sozialean. Gainera senitartekoen parte hartze aldizkako eta ziklikoen zerrenda luze bat aipatu behar da, festa edo eskeko kantuetan, errituetan edo gizarte horretan adierazgarriak diren bestelako ospakizunetan.

Momentuz haurren jolas tradizional sorta potoloa izango dugu aipagai eta horretan sakonduko dugu apurka-apurka. Jolas horiek ohikoak izan dira eta dira oraindik haurren munduan, jaiotzen direnetik nerabe edo gazte bilakatzen diren arte. Hala, jolas horietako trebetasunak haurren hazkuntza pertsonalari eskutik hartuta garatzen dira.

Une historiko guztietan eta edozein ingurune soziokulturaletan erreparatzen badugu, jolasa pertsonaren hazkuntza-prozesuarekin estu lotuta dagoela ikus dezakegu, garapen fisikoari, adimenaren garapenari eta gizarte-garapenari dagokionez.

Hasiera-hasieratik, oinarrizko mugikortasunari dagokionez gurasoek igorritako estimulazioen subjektu hartzaile dira haurrak (barrea eragiteko jolasak, ezkutatzea, hatzak eta eskuak erabiltzea, kulunkatze edo trosta mugimenduak eragitea, erritmo eta doinu sinpleak edo inguruan egon ohi diren izaki animatuen imitazioa barneratzea).



Hala, bizitzaren hastapenetik, oinarrizko psikomotrizitatearen estimulazioak jasotzen zituzten haurrek familia handietako kideen eskutik (gehienetan emakumezkoen eskutik, esate baterako, amak, amonak edo izebak). Familia-harremanen testuinguru horretan txikienek, hazkuntzaren heziketa prozesu oso horretan, garapen egokia izateko beharrezkoak ziren elikagaiak, jantziak, babesa eta maitasuna eskuratzen zituzten.

Jaio ondorenean, ama-kanten helburuak haurren ordutegiak egokitzea (jaterakoan entretenitzea edo lo kantak), kulunkatze leunaren bidez jaioberria lasaitzea (beldurra, negarra, etab.) edo, besterik gabe, haurrekin entretenitu edo jostatzea ziren. Pixkanaka, mugimenduen bidezko jolasen bidez psikomotrizitate mardula (hanketako, besoetako eta eskuetako mugimenduak) edo fina (oinak, hatzak, begiak, keinuak, etab.) garatzen zen; era berean, oreka sustatzen zen (zabuka eta irristaka aritzeko jolasak), harik eta ibiltzea edo hankabiko lokomozioa lortu arte. Ezkutatzearen, imitatzearen eta eszenifikatzearen nahiz mimika erabiltzearen bidezko lehen jolasen helburua haurtxoak bere nortasun indibidualaren eta ingurunearen kontzientzia hartzea zen. Bestalde, hizketa ahalbidetzen duen ahots- eta mugimendu-aparatua eta ezagutza kognitiboa ere garatu egiten dira hizkuntzazko jolas sinple batzuei, adimenezko formula batzuei, aho-korapiloei edo igarkizun eta asmakizunei esker. Jolas horiek guztiak, konplexuagoak bilakatzen dira denboraren poderioz.

Horrez gain, gizarte horretako abesti, erritmo eta doinu tradizionalez jabetzen ziren haurrak amaren besoetan dantzatuz edo kulunkatuz edo, behin eta berriz musika eta koreografia berdinak entzun eta ikuste hutsarekin. Finean, argi dago kidetasunezko giza komunitateetan txikienak barneratzeko metodologia oso gutxi aldatu dela (belaunaldiz belaunaldiko aldaketa batzuk salbuetsita eta gizarteratze-eragileak kontuan izan gabe).

Psikomotrizitatea lantzeko haur-jolas horien bidez garapena erdiesten da eta jostetako jarduera horien hartzaileei ingurunearekin elkarrekintzan aritzeko (giza harremanak, espazio fisiko naturalaren eta bertako berezitasunen ezagutza edo gizarte-bizitza arautzen duen sistema ezagutzea) aukera ematen zaie (osoko hazkuntza jasotzearekin batera). Horretarako, naturan edo bertako habitatean garatzen diren jarduerak hautatzen dira ia nahigabe (animaliekin edo landareekin zerikusia duten jolasak, eskuragarri dituzten materialekin jostailuak eginez, espazio naturalak erabiliz, etab.) eta, aldi berean, jolasarekin batera jolasa arautuko duten oinarrizko arau batzuk ezartzen dira (gizartearen baitako barneko baloreak, gizartean diren harremanetarako sistemak eta norbere- edo talde-garapenaren bilaketa islatuz).

Behar adina sendotasun fisiko, oinarrizko mugikortasuna, eta komunikazioaren eta adimenaren ulermen maila jakin bat lortu ostean, komunitate tradizionaletako norbanako txikienak berdinen araberako koadrilatan elkartzen dira (nagusiki kalean, eskolan edo doktrinan). Arrunki eskolako adinaren aro gisa ezagutzen zen garai hori.

Jolasari esker, barnean sortzen ari den jolaserako izaera hori indartu egiten da haurtzaroaren hurrengo aroetan. Norbanakoaren osoko garapena (hazkuntza fisikoa, intelektuala eta harremanezkoa) azpimarratuz eta taldekako edo banakako lehiakortasun saihestezinaren bidea urratuz. Aro hori nerabezaroan eta gaztaroan garatzen da gehienbat. Areriotasun horren erakusgarri dira lasterketa edo jauzirako jolasak, kulunkatze jolasak, jaurtiketazkoak, trebetasunezkoak eta, are, tokiko festen testuinguruan antolatzen diren jolasak. Hala, lehiaren eta espezializazioaren bidez kirol norgehiagoka herrikoietara iristen gara.

Adin-multzo horietan harremana gizarte-jolasean eta, pixkanaka, komunitatean eredu ziren taldeen (gazteak eta helduak) irudikapenean oinarritzen zen. Jostetako elkarrekintzetan jolasa zen jarduera ororen motorra, jolas-eremuak handiagoak ziren eta ingurunearekiko (soziala eta naturala) harremana hertsitu egiten zen. Hala, jolas tradizionalei zegokienez ugaritasun eta aberastasun gehien eragiten zuten gizarte-eragileak bilakatu ziren (jolas horiek mantenduz, birsortuz edo berriak sortuz) eta urtean zehar jolas horietan aritzen ziren aldizka edo zikloka. Gaur egun, helduaren eredua eliteko kiroletan topatzen dugu eta, jolas tradizionalean eredu hori agertzen bada, bat-batean agertu ohi da eta, batez ere, eragile soziokulturalen taldeek dinamizatuta.

Lekukoa hartuz edo haurtzaroko inertzia eskuratuz haurrak lehen aro horretako jolasetan aritzen dira oraindik (kulunkatzea, eskuen eta hatzen bidezko jolasak, hizkuntzazko jolasak, etab.) eta, gero, jostetako dibertimendu landuago eta konplexuagoen zerrenda luze baterako bilakaera gauzatzen da. Horrela, jarduera fisiko andana dago: ezkutaketa-jolasak (ezkutaketan, botean, San Juan de Matute jolasa, etab.), harrapaketa (itsu-itsuka), lasterketa-jolasak (polizia eta lapurrak, zapiarena, abiadurazko jolasak, etab.), jauzi-jolas ugari (asto-jauzia, soka-saltoa eta goma-jolasa, luzera-jauzia, etab.) objektuak zehaztasunez jaurtitzeko jolasak (txanponak, iturriak, kromoak, harriak, makilak, kanikak, pilotak, etab.) edo gero eta trebetasun gehiago eskatzen duten objektuak erabiltzea (ziban, kinkinka, yo-yoan, diaboloan, sehaskan, itzal txinatarretan, etab.), borroka-jolasak edo ingurunearekin elkarrekintzan edo harremanetan aritzeko jolasak (igeriketa, ibili eta orientatzea, animaliak harrapatu edo behatzea, tokiak arakatu edo miatzea, etab.) eta jolas erritmiko zerrenda amaigabe bat.

Adimen-trebetasunezko, memoria-trebetasunezko edo ahozko espresiozko jolasak ere baziren. Horietan haizea eta euria egiten zuenean jolasten ziren gehienbat, egoera horretan jarduera sedentarioek lehentasuna izaten baitzuten. Eszenifikatze eta deklamaziozko jolasek ere ageriko garrantzia zuten. Hori argi ikus daiteke asmatzeko jolasetan (ikusi-makusi, porran, etab.), asmakizun edo igarkizunetan, abesti eta parrastadatan, mahai-joko ezagunetan (kartak, oka-jolasa, loteria, artzain-jokoa, etab.), haurren ohiko bildumetan (kromoak, txanponak, postalak, harriak, etab.). Era berean, ezin ahantzi eskuz berezko jostailuen zerrenda luzea sortu, diseinatu eta fabrikatzeko abilezia (tiragomak, panpinak, arkuak, goitibeherak, pilotak, yo-yoak, soinuzko jostailuak, paperezko hegazkin edo itsasontziak, kometak, kaiolak, etab.).

Adin horretan taldekako eta berdinen arteko harremana areagotu egiten zen, horren ondorioz, ingurunearekin eta gizartearekin elkarrekintzan aritzen ziren, erreferentziazko komunitatean haiek ulertzeko moduen arabera. Horrela, jolasa hasi aurretiko ohiko hautaketa-prozedurak agertzen dira; jolasa eta haurren eguneroko harremanak arautzeko tratu, arau eta formulen antolaketa eta adostasuna (helduen gizartean indarrean zirenen isla) eta, halaber, komunitatea hartzen duen espazio fisikoarekiko (animaliak, landareak, hondarra, ura, etab.) harremanak arautzeko neurriak.

Nerabezaroan eta, gerora, gaztaroan sartzen ziren heinean, lehia agertzen zen eta jolasak joko itxura hartzen zuten. Orduan, erakusketak garrantzia gehiago zuen eta, are, oldarkortasun zantzuak ere agertzen ziren. Joko horiek leku publikotan (plazetan, sorotan, herriko jaietan, ermitatan, etab.) edo barruti pribatuetan (baserrietan, tabernetan, ostatuetan, etab.) egiten ziren, eta zenbaitetan joko horiek herri-kirol bilakatzen ziren (pilota- edo bolo-jokoak, lasterketak edo jauziak, aizkolari- edo traineru-apustuak, harri-jasotze edo harri-eramatea, etab.) eta haiekin batera diruzko apustuak agertu ohi ziren. Proba ikusgarriak ziren eta protagonistek ezaugarri bereziak zituzten, hori dela eta, joko horiek gizarte osoa erakartzen zuten eta, aldi berean, txikienen eredu edo erreferentzia bilakatzen ziren.

Dena den, askorentzat eredu ziren joko horiek ez zituzten alboratzen musikarik gabeko zenbait jolas (soka-saltoa, igel-toka, oin-lasterketak edo animalien arteko lasterketak, festatako jolasak, etab.) edo adin horretan berezkoak ziren jolas musikadun bereziak (bigantxak, antzara- edo oilar-jolasak, etab.). Baina horien presentzia garrantzitsua zen dantza-joko ikusgarriak (objektu baten inguruan jira-biran ibiltzea, zigorpeko imitazioak, mugimendu koordinatu edo erritmikoak, koreografia pilaketa gero eta handiagoa, etab.) edo dantza tradizionalen sorta andana egiterakoan, dibertitzeko edo kidetasunezko komunitatearen erritua egitekoak.

Helduen munduan berezko joko, dibertimendu edo kirolak egiten ziren eta horien bitartez egiten zituzten gizarteko aldarrikapenak. Neurri handi batean, gazteen jardunen antzekoak ziren baina gogortasun gutxikoak ziren eta azerikeriarako joera handiagoa zen, esperientzia gehiago baliatzen zen eta sedentarioagoak ziren.

Azken ezaugarri hori, sedentario izateari dagokiona, nagusienek jokatutako jokoen ezaugarri nagusia zen.

Begirada haurrengana itzulita, argi esan dezakegu jolasa izan dela sozializazio-prozesurako edo egituraketara nahiz gizartea arautzeko sistemetara (arauak edo kontratu soziala aplikatzearen bidez) egokitzeko tresna nagusia; era berean, jolasa izan da norbanakoa kidetasunezko kolektiboarekin eta hartako ingurunearekin elkarrekintzan jarri duen elementua. Olgetan oinarritutako jarduketari esker, haurren gaitasun fisikoa, psikikoa eta harremanezkoa garatu egiten da ia modu inkontzientean.

Egungo gizartean, jolas tradizionalek esparru mugatua dute, izan ere, hartarako prestatutako espazio fisikoak gero eta gutxiago dira, haietan aritzeko denbora gero eta murritzagoa da eta gurasoek eta haurrek gero eta ezjakintasun gehiago azaltzen dute jolas horiekiko. Jolas tradizionalen transmisio-katea (kidetasunezko ondare kulturaletako beste alderdi batzuetan gertatzen den bezala) oso kalteturik dago; hala, gizarteratze-eragile klasikoak (familia, adin-multzoa edo erreferentziazko taldea) atzean geratu dira eta eragile zehatzago eta espezializatuagoak azaldu dira (hezitzaileak, animatzaileak edo dinamizatzaile soziokulturalak, hedabideak, etab.). Azken horiek, olgetarekin eta pertsonen arteko harremanarekin lotutako helburu batzuk hartuta, jolasak ikaskuntza orokorrerako tresna gisa eta norbanakoak bizitzea egokitu zaien gizartean barneratzeko tresna gisa baliatzen dituzte.