Artikulugileak

Bilbao Elgezabal, Juan Bautista

Batxi

Marinela, idazlea, Jeltzaleen kronikagilerik onena. Arratzun jaio zen 1887ko irailaren 7an. Bizkaiko Golkoak hil zen 1916ko urtarrilaren 16an.

Oso gaztetik joan zen itsasoan lan egitera eta itsasoan eman zituen urteetan hornitzaile edo maiordomo lanak burutu zituen. 1916ko urtarrilaren 16an, Lehen Mundu Gerraren testuinguruan, "Bayo" ontzian zihoala, Frantziako Palice-tik 40 miliara zegoen mina alemaniarra jo eta ontzia ondoratzearekin batera hil zen. Mendatakoa zen Jesusa Zabala alarguna eta hiru alaba utzi zituen.

Kontzientzia abertzale handiko gizona, Gernikako batzokiaren inguruan aurki genezakeen hamalau-hamabost urte zituenetik.

Munduko itsas-portu ezberdinetatik bidali ohi zituen Batxik (ezizen horrekin sinatzen zituen kronikak) idaztzitako artikuloak. Kronikok Napartarra eta Euzkadi bezalako aldizkari abertzaleetan argitaratzen ziren.

Batxi, euskal kronikaren aintzindarietako bat izan zen. Bere idazlanak hiru atal nagusitan sailka daitezke: bertako kronikak, ipuin saioak eta atzerriko kronikak. Bertako kronikak orohar Gernika inguruko bizitza politikoko gora-beherei buruzkoak ziren. Ipuinak, berriz, saio moduan agertzen zituen, detaile autobiografikoak asmatuekin tartekatuz. Atzerriko kronikak dira zalantzarik gabe Batxiren lan nagusia suposatzen dutena. Estilo librekoak, kutsu abertzale dute, maiz topikoetan erortzen bada ere. Subjetiboak eta ironiaz beteak, bere aberriaganako maitasuna adierazten dute. Lehen Mundu Gerrari buruzko kronika gogoangarriak dira idatziok.

Kronika horietako asko Susa argitaletxeak argitaratu zuen Hau mundu arrano hau izeneko liburuan aurki daitezke.

  • ARANBARRI, Josu. Juan Bautista Bilbao "Batxi" (1887-1916). Donostia-San Sebastián: Eusko Jaurlaritzaren Argitalpen Zerbitzu Nagusia, 2003. Bilduma: Bidegileak
  • BILBAO, Juan Bautista, "Batzi". Hau mundu arrano hau. Zarautz: Susa, 1997.