Kontzeptua

Hizkuntza ukipena

Elebitasun nozioa bi hizkuntza erabiltzeko gaitasuna duen norbanakoari aplikatzen zaiola esan dugu (3.1.1.). Batzuek izendapen hori komunitateari ere aplikatu diote, elebitasun soziala. Kasu horietan bi hizkuntza edo gehiago ukipenean daude komunitate edo gizarte berean. Hizkuntza-ukipen hori desberdina izaten da une eta toki bakoitzean.

Halere, elebitasun sozialaren edo gizarte-elebitasunaren ordez, diglosia da hedatu den terminoa. Fishman soziolinguista estatubatuarrak landu du bereziki kontzeptu hori. Elebitasuna, banako egitatea denez, esan nahi baita norbanakoaren gaitasuna, psikolinguistikari utzi zion, eta diglosia, hizkuntza bat baino gehiagoren erabilera gizarte batean, gizarte-egitatea izanik, soziolinguistikari (Fishman, 1972: 91).

Harentzat gizarte-faktore eta parametroak indibidualak baino interesgarriagoak ziren. Fishmanentzat norbanakoa, edozein, errore aldakorra besterik ez da gizarte-ikerketaren perspektiban (García eta beste, 2006: 17).

Diglosia, gertakari soziala bada, gizarte osoaren edo bederen gehiengoaren fenomenoa da, edo hizkuntza-gutxiengo batena, edo gizarte-klase batena.

Weinrichentzat elebitasuna fenomeno indibiduala zen bereziki. Jarraian Charles A. Ferguson elebitasun sozialari buruz interesatu zen, diglosia kontzeptua teorizatuz (Ferguson, 1959). Esan behar da Fergusonek baino lehen Jean Psichari (1854-1929) frantses helenistak diglosia (diglossie) terminoa, grekoz di- "bi aldiz" + glóssa "hizkuntza", erabili zuela bi greko-mota hauek sailkatzeko: alde batetik, katharevoussa, garbizaleek sustengatzen zuten hizkuntza jaso idatzia, eta, bestetik, demotikoa, eboluzioaren ondorengo gaur egungo forma arrunta (Henri Boyer, 2001: 48).

Fergusonen diglosia

Charles A. Fergusonen diglosia kontzeptuak arrakasta handia lortu du. Frantses diglossie hitza hartuz ingeles diglossia sortu zuen. Kontzeptua eraikitzeko lau kasu aztertu zituen, bakoitzean hizkuntza beraren bi barietate sailkatuz: Suitza alemanean, aleman estandarra eta tokiko aleman suitzarra; Egipton, arabiera klasikoa eta dialektala; Haitin, frantsesa eta kreolera haitiarra; eta Grezian greko garbitua eta demotikoa.

Ferguson diglosiaz mintzatzen zen hizkuntza beraren bi barietateen kasuan, eta horien arteko erabileren sailkatze funtzionala bereizi. Bata goi-barietatea (high variety) elizan, literaturan, mintzaldietan, unibertsitatean... erabilia dena, eta bestea behe-barietatea (low variety) eguneroko solasaldietan, literatura herrikoian... erabilia da. Goi-barietateak behe-barietateak ez duen prestigio soziala du, mirespen handiko literatura sortzen du, estandarizatua da (gramatikak, hiztegiak...), eskolan irakatsia da, etab. Behe-barietateak, aldiz, ez dauzka horiek oro; prestigiorik gabekoa da. Helduek haurrekin erabiltzen dute eta haurrek beraien artean. Behe-barietatea familiako transmisioaz ikasten dena da. Fergusonen hitzetan goi-barietatea gainjarria (superposed) dago, ikasia delako normalki eta era formalagoan.

Bederatzi dira Fergusonek goi (H) eta behe (L) aldaeren artean antzeman zituen ezberdintasunak:

  1. Funtzioak. Aldaera bakoitza gizarte-funtzio batzuetan erabiltzen da, beraz, egoera sozial ezberdinetan.
  2. Prestigioa. H-k L-k baino prestigio handiagoa izan ohi du.
  3. Literatur tradizioa. H-k tradizio hori garatua izan ohi du; L-k, ordea, ez.
  4. Eskuratzeko bidea. H barietatea hezkuntza sisteman ikasia izan ohi da: L, aldiz, berez haurtzaroan eskuratua.
  5. Estandarizazioa. H aldaeran oinarrituta egiten da. Dena dela, L-k ere izan dezake nolabaiteko forma estandarra.
  6. Ezegonkortasuna. Diglosiak aldatzeko joera izaten du.
  7. Gramatika. Sistema gramatikal ezberdinak izan ditzakete. L-rena ez da hain konplexua izaten.
  8. Lexikoa. Lexikoaren zati handia berdina bada ere, batzuetan forma ezberdinak erabiliko dituzte gauza berak adierazteko. H-k hiztegi garatuagoa izango du.
  9. Fonologia. Lexikoarekin gertatzen den bezala, sistema fonologikoa oro har berdina izanik ere, badira ezberdintasunak ere (batzuetan bilatuak).

Diglosia horri barne-diglosia edo endodiglosia deitu izan zaio, hizkuntza bereko bi barietateren artean gertatzen delako.

Halere, Fergusonen modelo horren ezaugarrietatik bat gaitzetsi izan zen bereziki: diglosia ez zela egoera egonkorra, ez denboran, ez funtzioen banaketan, hark esaten zuen bezala.

Hizkuntza-gatazka lerroaldean, hizkuntza-gatazka nozioa aztertuko dugu. Soziolinguista batzuek hizkuntza beraren barietateen edo ukipenean diren bi hizkuntzen egoera desorekatua dela azpimarratu dute.

Fergusonen diglosia egoeran, barietateen esparruak konpartimentatuak eta egonkorrak dira, bi barietateen funtzioak ongi banatuak. Aitzitik, hizkuntzen edo hizkuntza-barietateen bizikidetza dinamikoa da. Barbaroen hizkuntza gaitzetsia, adibidez, botere betearazlea indarrez hartu ondoan, prestigioduna bilaka daiteke goi-barietate berria izatera heldu arte.

Fishmanen diglosia

Urte batzuk berantago Joshua A. Fishmanek Fergusonen kontzeptua bereganatu zuen diglosia nozioaren eremua hedatuz "Bilingualism with and without diglossia: Diglossia with and without bilingualism" artikuluan (1972: 91-106). Alde batetik, elebitasuna, portaera indibiduala psikolinguistikari lotua dena, eta bestetik, diglosia, gizarte-fenomenoa dena, bereizi ditu. Diglosia bi hizkuntza edo hizkuntza-barietate baino gehiagorekin gerta daitekeela adierazi zuen.

Fishmanen ustez, diglosiarik gabe, esan nahi baita hizkuntza-funtzioen banaketarik gabe, orekatutako elebitasun sozial egonkorra ezinezkoa da (stable balanced bilinguism). Izan ere, norbanako elebidun orekatuak sortzen dituen gizarteak bi hizkuntzetatik bat bazter utziko du, funtzio-multzo batentzat eta berarentzat bi hizkuntza behar ez dituelako. Mackeyk ere esaten zuen komunitate elebidun independenteak ez duela elebiduna izateko arrazoirik (Mackey, 1976: 372).

Fishmanek honako sailkapena proposatu du elebitasun eta diglosia nozioen arteko erlazioak argitzeko (Fishman, 1972: 91-106):

6. taula: Elebitasun eta diglosia nozioen arteko erlazioak (Fishman, 1972)
ELEBITASUNADIGLOSIA
1. + Elebitasuna + Diglosia2. + Elebitasuna - Diglosia
3. + Diglosia - Elebitasuna4. - Diglosia - Elebitasuna
  • Elebitasuna eta diglosia. Hizkuntza-egoera honetan hizkuntza-komunitateko lagunak, kasik denak, elebidun izan behar dira. Fishmanek Fergusonen adibidea errepikatzen du, aleman estandarra eta tokiko alemana Suitza alemanean. Herri kasuak bakan direla azpimarratzen du, adibidetzat Paraguai jarriz, gaztelania eta guaraniarekin.
  • Elebitasuna diglosiarik gabe. Estatu Batuetako immigranteen kasua da, ingelesa ikasten dutelarik beren jatorrizko hizkuntza gordez belaunaldi batez edo gehiagoz. Immigrazio elebitasunak egoera-espektro biziki desberdina erakusten du, norbanakoarengandik talde immigratzaile osora heda daitekeelako. Elebitasuna diglosiarik gabe egoera aski iragankorra da Fishmanen ustez, funtzio nagusiak betetzen dituen hizkuntzak bestea ordezka dezakeelako, immigrazioaren kasuan harrera-herriko hizkuntzak, hain zuzen (1972: 105).
  • Diglosia elebitasunik gabe. Garatu gabeko herrietan aurki daiteke egoera hori, non nekazaritza-eremuko biztanleria elebakarra den eta kolonizazio-hizkuntza ofiziala.
  • Elebitasunik eta diglosiarik ez. Kasu hori aski teorikoa da; komunitate txiki eta isolatuena litzateke. Amazonian, adibidez, ezagun da holakorik badela oraino.

Orotara sailkapen hori aski artifizial eta determinista da, baina, halere, egoeren dibertsitatea hobeki ulertzen laguntzen du.

Diglosia kontzeptuaren kritika

Era orokorragoan, Fergusonenarekin gertatu zen bezala, Fishmanen diglosia nozioa ere kritikatua izan da. Kreolerekin lan egiten zuten ikertzaileek eta soziolinguista katalanek bereziki agertu dute desadostasuna. Diglosia-egoerek sortzen zituzten gatazkak txikiesten zituela estimatzen zuten.

Bestalde, diglosia dinamikoa da eta behe-barietate batzuen patua goi-barietate bilakatzea da. Hori argi da hizkuntza erromantzeekin latinaren parean (gaztelania, frantsesa, italiera...); latina behe-barietate bilakatu ez bada ere, betetzen zituen funtzio askotatik baztertua izan da.

Beste soziolinguista batzuek azpimarratu dute diglosiaren definizio horiek mekanizistak, deterministak zirela, batzuetan solaskideen askatasun banda handiagoa zela hizkuntza hautatzeko unean.

Oro har, halere, elebitasunaren eta diglosiaren arteko bereizketa baliagarria da soziolinguistikan

Elebitasuna vs. diglosia

Elebitasuna banako nolakotasuna da; bi hizkuntza jakitea eta txandaka erabiltzea da.

Elebitasun-mota asko badaude: hizkuntza-jabetzearen araberakoak (lehen hizkuntza, bigarren hizkuntza), hizkuntzen jabetze-ereduaren araberakoak (familian, eskolan, autoikaskuntzaren, zuzeneko esperientziaren bidez), hizkuntza-gaitasunen araberakoak, etab.

Diglosia edo elebitasun soziala gizarte-egoera da. Hizkuntza-komunitate batean bi hizkuntza edo bi hizkuntza-barietate desberdinen erabiltzea da. Hizkuntza edo barietate horiek esparru eta funtzio desberdinetarako erabiltzen dira; bata funtzio formaletarako (administrazioa, hezkuntza, ikus-entzunezko hedabideak...) eta bestea informal eta pribatuetarako (familia, lagunartea).

Maizenik egoera diglosikoa desorekatua da funtzio horien banaketa bidezkoa ez delako. Gainera egoera diglosikoa dinamikoa da, hizkuntza batek, menderatzaileak, hain zuzen, bestearen funtzio eta erabilera-eremu berri batzuk bereganatzen dituelako denboran zehar.

Txepetxek, diglosia kontzeptua onartuz, hiru diglosia-maila proposatu ditu (1987: 346-347):

  • Erdi-diglosia, Fergusonen arabiera klasikoa eta herri-arabiera adibideari lotzen dena.
  • Diglosia partziala edo funtzionala, Belgikan edo Danimarka eta Alemania artean gertatzen dena, non hizkuntza batek funtzio guztiak ez baditu ere, mugako beste aldean denak dituen.
  • Diglosia totala edo lurraldekoa da, Euskal Herrikoa, adibidez, non euskarak funtzio guztiak ez dituen baina erdarak bai, euskararen lurraldean eta kanpoan ere bai.

Azken hau diglosia glotofagikoa (diglosia glotofágica) deitu du, bere prozesuaren bukaera herri-hizkuntzaren desagerpena delako. Hizkuntza menderatzaileak egindako presioaren eraginez, hizkuntza menderatua desagertzeraino iristen da.

Hizkuntza-ukipenaz Euskal Herrian bi hitz. Euskara eta diglosia: euskalkiak, euskara batua eta erdara

Euskararen kasuan, Euskal Herriko lurralde, gune batzuetan Fergusonen araberako diglosia adibidea daukagula esan daiteke. Hori gerta daiteke bi euskara desberdinen arteko elkarbizitzan bata goi-barietate bezala erabilia bada eta bestea behe-barietate bezala. Euskara batua eta euskalki baten kasua izan daiteke, euskara batu hori ikasi ez duten euskaldun zahar batzuentzat. Euskara batua da euskararen barietate estandarra, euskalkietako hainbat elementu bateratuz Euskaltzaindiak proposatu eta arautua duena XX. mendean zehar. Euskalkiak, berriz, euskararen dialektoak dira (ikus 2. atala).

Baina egoera hori aski teorikoa da euskaldun guztiek gaztelania edota frantsesa erdarak ongi dakizkitelako. Euskal Herriko lurralde osoan egoera ez da berdina, eta badakigu lurralde zenbaitetan euskaldun zahar horiek euskara batua ulertzeko arazoak dituztela. Hori gerta daiteke aitona-amona, guraso eta haurren arteko harremanetan, haurrek eskolan euskara batua ikasten dutenean.

Zuberoan, adibide gisa, egoera diglosikoa Fishmanen adieran da eta ez Fergusonenean, zubereraren eta frantsesaren artekoa, biarnesa, aski galdua delako. Euskara batua sartzen baldin bada ere, bereziki lexikoa emendatuz, ezin da esan egiazko goi-barietatea denik. Frantsesa da funtzio hori betetzen duena.

Euskal Herrian euskarak funtzio guztiak inon betetzen ez baititu erabateko diglosia dagoela esan daiteke (gaztelaniaz diglosia total, frantsesez diglossie totale). Lurralde osoan egoera diglosikoa da, berdin-berdina ez izanik ere Euskadin, Nafarroan edo Ipar Euskal Herrian.

Ildo berean, noranzko bakarreko elebitasuna dagoela esaten dute (gaztelaniaz bilingüismo unidireccional, unilateral, frantsesez bilinguisme unidirectionnel, unilatéral), euskaldunak erdara ikastera behartuak izan direlako eta erdaldunak euskara ikastera, aldiz, ez. Aldiz, garai batean Euskal Herriko gune batzuetan bizitzeko, euskara ikastea beharrezkoa zen.

Euskara, gaztelania eta frantsesa ukipen-hizkuntzak dira. Baina euskara gutxiengoaren hizkuntza bilakatu da denborarekin; gaztelania edo frantsesa, aldiz, kanpotik etorri izanik ere, gehiengoaren hizkuntzak bilakatu dira, funtzio eta esparru formalez gain, funtzio eta esparru informalak bereganatuz euskaldunek euskara galtzen zuten neurrian.

Hizkuntzak gizarte jakin batean errealitatea eraikitzeko, komunikatzeko edo balio sinbolikoa bideratzeko funtzio-multzoa dauka. Hizkuntza-funtzio sozial horiek, hizkuntza bera bezala, hizkuntza-komunitateen arabera aldatzen dira.

Funtzioen zerrenda

Funtzioez hitz egitean, atal honetan ez zaie funtzionalistek egindako banaketari begiratuko, hau da, komunikazio-egoera bakoitzean hiztunaren helburu komunikatiboei begira egiten den banaketari (ikus adibidez Roman Jakobson, Closing statements: Linguistics and Poetics, 1960). Gizartean hizkuntzak dituen funtzio horiek bere estatusarekin ikustea izango da helburua, esan nahi baita gizarte jakin batean, egitura sozial jakin batean, hizkuntza horrek duen lekua, posizioa (hizkuntzaren estatusari buruz ikus 3.4.2 lerroaldean eta 5. atalean).

Fergusonek zazpi funtzio bereizten zituen: nazioartekoa, ofiziala, komunikazio-hizkuntza (ingelesez vehicular), taldekoia (gregarioa), eskolatze-hizkuntza, eskola-ikasgaia, erlijiozkoa; baina hiru hizkuntza-kategoria ere bereizten zituen: nagusiak, txikiak eta aparteko estatusekoak. Eta bost hizkuntza-mota: bernakularrak, estandarrak, klasikoak, pidginak, kreolerak.

William Stewart-ek (1968) Fergusonenei hiru funtzio emendatu zizkien 1968an: hiriburukoa, probintziala eta literarioa (capital, provincial, literary).

1984an Ralph Fasold-ek, aurrekoen lana baliatuz, zazpi funtzio definitu zituen atributu soziolinguistiko-sorta baten bidez: ofiziala, nazionala, taldekoa, komunikaziokoa, nazioartekoa, eskolakoa eta erlijiozkoa (The sociolinguistics of society).

Txepetxek ere zazpi funtzio horiek proposatu zituen hizkuntzen ezaugarriak definituz (Sánchez Carrión, 1987: 75): nazioarteko hizkuntza, zibilizazio-hizkuntza edo kultura-hizkuntza, hizkuntza nazionala, tokiko hizkuntza, lan-hizkuntza, familia-hizkuntza, nortasun-hizkuntza (identidad o lengua de pensamiento). Azken biak jabetze naturalaren mendean daude (adquisición natural); lehen biak, aldiz, bigarren ikaskuntzaren mendean (aprendizaje secundario).

Robert Cooper-ek aurkeztu zuen sailkapenean Stewarten ofizial kalifikatzailea hiru motatan bereizi zuen: hizkuntza ofiziala, lanekoa eta sinbolikoa (statutory, working eta symbolic) (1989: 99). Gainera beste bi funtzio gehitu ditu, mass media eta lan-funtzioak (mass media, work functions) (ibid.: 118).

Funtzio batak bestea estal dezake edo osa dezake, irizpide definitzaileak ez direlako berdin-berdinak adituen arabera.

Funtzioen adibideak: euskara eta beste hizkuntzak

Nazioartekoa

Herri askotako eliteek, kargudunek, erabiliak dira nazioarteko maila eskuratzen duten hizkuntzak. Hizkuntzaren hedapenaren faktoreak aztertuz ikusiko da zergatik hizkuntza bat nazioarteko hizkuntza bilakatzen den (3.4.3.). Europan latina eta ingelesa dira ezagunenak. K.a. III. mendean latina baserritar tribu txiki bateko hizkuntza zen, Erroma inguruko Latium eskualdekoa, etruskoen menpean zegoena. Orduan nazioarteko hizkuntza persiera bazen ere, hizkuntza xume hura Erromatar Inperio zabaleko hizkuntza bilakatu zen.

Halere, konkista militarrak ez du beti konkistatzaileen hizkuntza inposatzen. Erdi Aroan Eskandinaviatik jaitsi ziren normandiarrek Frantziako erreinu zati bat bereganatu zuten, eta frantsesa ere bai. Ondoren, hizkuntza hori inposatu zuten Ingalaterran, eta beraien jatorrizkoa galdu zuten.

Nazioarteko funtzioarekin batera, produkzio kulturalak, informazioa, ideiak, ohiturak, etab. leku askotara iristen dira. Horrek ere nazioarteko hizkuntza horren hedadura eta eragina indartzen ditu.

Ofiziala

Ofizialtasunak herritarrei izendapen hori eskuratu duen hizkuntza erabiltzeko hainbat eskubide aitortzen die; baina estatus hori oso ezberdina da herri bakoitzean.

Euskal Autonomia Erkidegoko 1982ko Euskararen Erabilpena Arauzkotzeko Oinarrizko Legeak dio: Euskal Herriko Autonomia Elkartearen hizkuntza-ofizialak euskara eta gaztelania dira. Nafarroako Foru Komunitatearen 1982ko Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Legeak dio: 1. Gaztelera da Nafarroako hizkuntza ofiziala. 2. Euskarak ere hizkuntza ofizial-maila izango du Nafarroako eskualde euskaldunetan. Bi erkidegoetan euskara hizkuntza ofiziala da, baina era ezberdinean (ikus 5. atala).

Herri batzuetan, elebitasun ofiziala indarrean da ez bi hizkuntzen erabilera bultzatzeko, baina bai elebakartasun indibiduala eta hizkuntza-komunitateen nortasuna zaintzeko. Belgikan, adibidez, hiztunek, oro har, ez dituzte herriko beste hizkuntza ofizialak ikasten. Hiru hizkuntzak, frantsesa, nederlandera eta alemanera, estatuko lurralde-eremuaren zati batean baino ez dira ofizialak. Beste hizkuntza batzuk, ordea, lurralde osoan dira ofizialak, hala nola, ingelesa eta gaelikoa Irlandan edo luxenburgera, frantsesa eta alemanera Luxenburgon.

Nazionala

Ofiziala eta nazionala ez dira kalifikatzaile sinonimoak. Estatus ofizialak herritarrei eskubideak aitortzen dizkie; nazional izendapenak, berriz, lurralde jakin batean bizi diren pertsonen berezko nortasunaren ezaugarri dela aitortzen dio hizkuntzari.

Deskolonizazioaren ondorioz, Afrikako, Hego Amerikako eta Asiako herri gazteek hizkuntza-plangintza honako arazo kezkagarria dute: zein nazio-hizkuntza hautatu? Zein hizkuntza administraziorako edota irakaskuntzarako? Kolonizatzaile ohiena (ingelesa, gaztelania, frantsesa...)? Tokiko hizkuntzetako bat? Baina, zein? Erabiliena?

Oro har, estatu kolonizatzailearena hartu izan dute, baina ez beti. Indonesian, adibidez, hizkuntza ofiziala eta nazionala indonesiera da, hizkuntza austronesikoa den malaysiararen aldaera. Kolonizatzaileen nederlandera kasik desagertua da orain.

Hiriburukoa

Stewarten sailkapenean funtzio horrek (capital) ez du ofizialtasunarekin ikustekorik. Hizkuntza hori hizkuntza nagusia da nazio-hiriburuan, komunikazio-hizkuntza. Zentro politiko eta ekonomikotik hiri-aldirira hedatzen da.

Probintziala

Stewarten sailkapenean hizkuntza probintzial bat ofiziala da lurralde jakin batean, euskara bezala Euskal Autonomia Erkidegoan.

Tokikoa

Tokiko izatea da sailkapen honetako maila geografiko apalena. Tokiko hizkuntza eta berezko hizkuntza esapideak ez dira sinonimo. Azken hori lurralde batek historikoki berezkoa duen hizkuntza da. Euskara Euskal Herriko berezko hizkuntza da, inguruan dituen hizkuntza indoeuroparrak geroago heldu direlako lurralde honetara, eta probintziala, Euskal Autonomia Erkidegoan bederen. Iparraldean, aldiz, berezkoa da, baina tokikoa baizik ez da.

Zibilizazio-hizkuntza

Munduko zibilizazio-mota batean nagusi den hizkuntza. K.a IV. mendean finkatu zen hizkuntza greko batua (koine), heleniar zibilizazioari lotua da; ingelesa, berriz, gaur egungo mendebaldeko zibilizazioari lotu zaio.

Kultura-hizkuntza

Kultura-adierazpenak sortzeko eta zabaltzeko gai den hizkuntzen funtzioa da. Kalifikatzaile hori konnotatua izan daiteke. Goi-mailako kulturak eta behe-mailakoak liratekeela ulertaraziko luke hizkuntza-funtzio horrek.

Hizkuntza bakoitzak kontzeptu, irudikapen, balio multzo bat dauka errealitatea ulertzeko. Hots, hizkuntza bat kultura bati lotua zaio. Norbanakoaren kontzeptu-kategoriak kulturari lotuak zaizkio eta denbora eta espazioarekin aldatzen dira. Balio-judizio bat da.

Gaur egungo munduan, kulturalki autosufiziente izatea garrantzitsua da hizkuntza-komunitateentzat, hiztunak autoestimua izateko, bere hizkuntzaz pertzepzio positiboa izan dezan eremu kulturaletan (prentsa, irrati-telebista, liburuak, zinema, zerbitzu kulturalak...).

Literarioa

Munduan zehar zenbait hizkuntza idazketarik gabekoak dira oraino, ez daukate ortografiarik. Besteak literatura sortzeko gai dira. Sarritan, funtzio horrek literaturan erabiltzeko moduko erregistro landua duen hizkuntza dela adierazten du. Beraz, apreziazio-gradua daukagu literatura-hizkuntza esapide horretan ere, zibilizazio- eta kultura-hizkuntza izendapenetan bezala.

Euskarazko literaturak heldutasun-maila eskuratu du eta euskara hizkuntza literarioa bilakatu dela esan dezakegu. Baina bere prestigioa munduko literaturan ez da latinak, grekoak, gaztelaniak, frantsesak, ingelesak edo errusierak eskuratu dutena.

Komunikazio-hizkuntza

3.2.4. lerroaldean ikusi dugu hizkuntza desberdinak zituzten gizabanakoek eta hiztun-taldeek elkar ulertzeko komunikazio-hizkuntza batzuk sortu dituztela, pidginak, hain zuzen. Baina nazioartekoak izan gabe, xede horrekin sortuak izan gabe, hizkuntza batzuk hauta daitezke elkar ulertzeko. Hizkuntza horiek komunikazio-hizkuntzak bilakatzen dira (lengua vehicular gaztelaniaz, langue véhiculaire frantsesez, lingua franca ingelesez).

Hego Amerikan XVI. mendean, adibidez, Andeetan misiolari espainiarrek kitxua, Inka estatuaren hizkuntza, eta aimara erabiltzen zituzten komunikazio-hizkuntza gisa, beren ebanjelizazio-lanean. Gaztelaniak funtzio hori geroago eskuratu du.

Halere, modu zabalagoan, hizkuntza komunikatzeko erabiltzen den edozein kasutan ere erabiltzen da izendapen hori. Irakaskuntzan, adibidez, jakintza transmititzeko irakasle eta ikasleek duten hizkuntzaren kasuan (ikus beherago eskolatze-hizkuntza).

Taldekoa

Stewarten sailkapenean talde kultural edo etniko batek, tribu batek, adibidez, komunikazio-tresna normal gisa erabiltzen duen hizkuntza da.

Eskolatze-hizkuntza

Irakaskuntzan, ikasleen eta irakasleen arteko harremanetan jakintza transmititzeko erabiltzen den hizkuntza. Euskal Herriko irakaskuntzan euskara B eta D ereduetan eskolatze-hizkuntza da. B eredua eredu elebiduna da, irakaskuntza euskaraz eta gaztelaniaz edo frantsesez ematen da. D eredua murgiltze-eredua da, euskaraz irakasten da.

Eskola-ikasgaia

Hizkuntza ikas-programako ikasgaia da bakarrik, euskara A ereduan bezala. Eredu horretan irakaskuntza gaztelaniaz edo frantsesez da eta euskara irakasgai bat besterik ez da.

Erlijiozkoa

3.4.3. atalean ikusiko dugu hizkuntza batzuk erlijioari lotuak direla eta erlijioari esker hizkuntza horiek hedatu egin direla; arabiera islamari, hebreera judaismoari eta latina katolizismoari esker, besteak beste. Era batez, erlijioek hizkuntza horiek aterpetu dituzte, erlijiozko funtzioa beraientzat kontserbatuz, bederen.

Baina erlijioak garrantzi handia izan du hizkuntza gutxitu batzuk aterpetzeko ere, jakinez erlijiozko funtzioa goi-mailako funtzioa zela Fergusonen hitzetan. Euskararen kasua izan da mende askotan, apaizek eta elizgizonek euskara baliatu dutelako latinarekin batera. Kristau-ikasbidea euskaraz irakasten zuten. Gehiago ere, euskara ikertu eta landu egin dute. XX. mendea arte euskarazko idazki gehienak erlijiozkoak ziren, testu sakratuen itzulpenak bereziki (Ebanjelioa, Bibliako Itun Zaharra eta Berria, besteak beste).

Bestalde, misiolariek kristau ez diren herrialdeetan ebanjelio-aldarrikapena tokiko hizkuntzetan egin zuten. Horretarako hizkuntza horiek ikasi eta sarritan lehen deskribaketak eta gramatikak idatzi zituzten.

Lan-hizkuntza

Lanean erabiltzen den hizkuntza da, laneko komunikazioa bideratzeko gaitasuna duena. Funtzio hori garrantzitsua da gaur egun. Ingelesak funtzio hori bereganatu du eta horrek munduan zehar hedatzen lagundu dio.

Funtzio horrek lexiko teknikoak inplikatzen ditu. Gainera, prestigiozko funtzioa dauka hizkuntzak, gora egiteko baliatzen delako.

Familia-hizkuntza

Etxean ez ezik, familia-giroan senitartekoekin hitz egiten den hizkuntza da. Funtzio hori garrantzitsuenetatik bat da, garrantzitsuena ez bada, hizkuntza gutxituen kasuan bereziki Fishmanen Belaunaldien Arteko Etenaren Neurria eskalako 6. gradua da (1991, 2001). Ama-hizkuntza edo lehen hizkuntza da normalean, belaunaldiz belaunaldi transmititzen den hizkuntza. Mendez mendeko euskararen transmisioa oroitaraz dezagun, beraz, bere jarraipena segurtatu duena.

Nortasun-hizkuntza

Jakina da umeak bere nortasuna hizkuntzaren bitartez garatzen duela. Gizarte-talde eta norbanako bakoitzak ere hizkuntza jakin batekin (gehiagorekin elebidun edo eleaniztunen kasuan) lotzen du bere identitatea.

Zergatik ez oroitarazi euskaldunek beren hizkuntza, euskara hain zuzen, nortasun-hizkuntzatzat hartu dutela hizkuntzarekin beren burua izendatuz eta halaber beraien herria Euskal Herria. Taldeek euren kideak eta besteak izendatzeko modua dute, euskaldun eta erdaldun izenak horren adibide.

Hizkuntza bakoitzaren funtzioen elkarbizitza

Esan bezala, Fishmanen ustez elebitasun soziala, beraz diglosia, fenomeno egonkortua izan daiteke bi hizkuntzen artean diferentziazio funtzionala baldin badago. Beraz, kontaktuan diren bi edo hiru hizkuntzen funtzioak banatuak izan behar dira. Funtzio horiek banaketa osagarrian izan behar dira.

Eginkizunak bereizi ezean, osagarrizko baliorekin, bi hizkuntzetatik batek, edo barietate batek hizkuntza bakarraren kasuan, bestea mugituko du, rolen eta balioak nahasi eta fusionatu direlako.

Gizarte jakin batean hiztunak elebidun orekatuak balira egoera guztietan, komunitatearen elebitasun hori desagertu egingo litzateke; izan ere, gizarterik ez da bi hizkuntza behar duenik funtzio multzo bakar batentzat.

Baina elebitasun soziala edo diglosia ez da beti istilurik gabeko harreman-egoera, aitzitik ere.

Gizarte batean bi hizkuntza edo gehiago ukipenean direnean lehian dira, ez dituzten funtzioak berenganatzeko edo dituztenak begiratzeko eta indartzeko. Soziolinguista batzuk hizkuntza-gatazkaz mintzatzen dira, zenbaitek gerraren irudia erabiltzen dute (ikus adibidez Calvet 1987, Toni Mollà 2002). Hizkuntzen existentziagatiko borroka ere aipatu da.

Hizkuntza-gatazkaren jatorri-puntua elebitasun soziala da; diglosia, beraz. Mundu elebakarrak ez luke horrelako gatazkarik ezagutuko, baina horrelako mundua ilusioa baizik ez da. Eleaniztasuna da errealitatea, gizarteen aberastasun kultural handienetatik bat. Gizakiak eta botereek ez dute ezberdintasuna ongi onartzen (Calvet 1987: 76); munduko historiak hizkuntza-desberdintasuna ez onartzearen adibide asko eman dizkigu. Euskaldunek pairatu dituzten adibide ugariak aurki ditzakegu Torrealdaik idatzitako El libro Negro del Euskera liburuan (1998).

Mundu eleaniztuna gatazka zabalen eremua da, tentsio iraunkorrena, gehiengoaren hizkuntzaren eta gutxiengoarenaren artekoa, boterearen hizkuntzaren eta hizkuntza gutxituaren artekoa edota bihotzeko hizkuntzaren eta ogikoaren artekoa.

Hizkuntza-gatazka modeloak ikuspegi diakronikoa hartzen du; modelo diglosikoa, aldiz, sinkronikoa da bereziki. Batzuetan hamarkada batzuk behar dira hizkuntza baten desagerpen- prozesuaz ohartzeko, zenbaitetan mende batzuk (Boyer: 53). Hizkuntza menderatzaileak egindako presioaren eraginez, hizkuntza menderatua desagertzeraino iristen da.

Hizkuntza-gatazka: bi hizkuntzaren edo bi hizkuntza-komunitateren artean gertatzen den lehia. Gizartean erabilera-eremuak eta funtzio sozialak eskuratzea eta, ondorioz, besteari nolabait kentzea da lehia horren funtsa.

Hizkuntza-normalizazio nozioa. Normalizazioa ordezkapenaren aurrean

Hizkuntza-normalizazio nozioa minorizazio-egoeran dagoen hizkuntza egoera horretatik ateratzea adierazteko erabilia da. Minorizazioak hizkuntza hori gizarte-esparru eta funtzio batzuetatik baztertzen du. Normalizazio prozesuaren bidez, hizkuntzak esparru eta funtzio horiek eskuratzen ditu.

Hizkuntza-normalizazioa: minorizazio-egoeran dagoen hizkuntza egoera horretatik atera eta gizarte-esparru eta funtzio guztietara hedatzeko prozesua. Bi hizkuntzaren edo bi hizkuntza-komunitateren artean gertatzen den lehia.

3.1.1. lerroaldean ikusi dugu nola Txepetxek elebidunak sailkatzen zituen lehen ikaskuntza- eta bigarren ikaskuntza-ereduaren arabera. A ikaskuntza, naturala, etxean, familian haurtzaroan egiten dena da; B ikaskuntza bigarrena edo kulturala da, eskolan edo autoikaskuntzaz egiten dena. Irizpide bera aplikatuz, Txepetxek hizkuntzak ere sailkatu zituen, une jakin batean zein egoeratan dauden azaltzeko: AB hizkuntzak naturalki eta kulturalki transmititzen direnak (gaztelania edo ingelesa, adibidez), A hizkuntzak soilik transmisio naturala dutenak (idazten ez diren hizkuntzak), B hizkuntzak soilik transmisio kulturala dutenak (latina, grekoa... ) eta mintzatzen ez direnak, galdu direnak, beraz.

Bere teorian, normalizazioaren helburua hizkuntzaren garapen osoa lortzea da; euskararen kasuan AB hizkuntza izatea da, funtzio natural eta kultural guztiak betetzen dituen hizkuntza izatea, garaian garaiko funtzio guztiak bete ahal izateko. Beraz, gaur egun informazioaren eta komunikazioaren teknologietarako hizkuntza egokia izatea, adibidez.

Soziolinguista batzuen ustez, gatazka hizkuntza-ukipenaren ezaugarri definitzaileetatik bat da. Mollà soziolinguista katalanak honakoa dio:?

Hizkuntza-komunitate gehienak gatazka egoeran daude beste batzuekin, fenomeno horrek aldaketa linguistikoak eragiten ditu (hibridazioa), baita gizarte-esferan erabileretan ere (ordezkapena) (Mollà, 2002: 58).

Ikusmolde horren arabera, hizkuntza-gatazka bi eraz burura daiteke: normalizazioaren bidez, esan nahi baita gutxitua zen hizkuntza komunikazio-eremu eta une guztietan nagusitzen dela lurralde jakin horretan, edo ordezkapenaren bidez, esan nahi baita hizkuntza nagusiaren garaipen osoa. Hizkuntza-ordezkapen eta iraupen nozioak 3.4.2. lerroaldean azalduko ditugu.

Halere, Georg Kremnitz-en ustez, komunikazio-egoera elebakarren normalizazio ustea, hau da, elebakartasuna egoera normala dela pentsatzea, baztergarria da. Banako elebitasunari buruzko atalean esan bezala, hiztunak hizkuntza edo hizkuntza-barietate bat baino gehiago dauzka eta bere gaitasunak asimetrikoak dira. Hizkuntzen kasuan ere, simetria orokorra ezinezkoa litzateke.

Hizkuntza berri bat komunikazio-esparru batean sartzeak ez die automatikoki beste hizkuntzei esparru hori kentzen. Komunikazio-batura osoa emendatzen da zenbaitetan. Interneten kasua ezaguna da, eta ohartzen gara euskarak, hizkuntza gutxitua baldin bada ere, leku aski handia eskuratu duela esparru horretan, erregistro mugatu batean izanik ere.

Azkenean, Kremnitz bat dator normalizazio terminoa begiratzearekin, baina ez hizkuntza baten monopolioaren adieran, baizik eta komunikazio-egoera denetan hizkuntza horren erabilera aukeraren adieran bakarrik. Horrela, definizioak gaur egungo komunikazio-egoera konplexu eta osagarriak kontuan hartzen ditu (2003: 18-19).

Ildo berean, Txepetxen ustez, euskararen normalizazioa ez da euskara botere-hizkuntza bihurtzea, boterea gaur egun ulertzen den bezala patologia kaltegarria besterik ez baita (Zalbide; Erize, 2008: 95). Helburua bikoitza da; alde batetik, hizkuntza gutxituaren komunitatea trinkotzea eta, bestetik, gizartean eragina lortzea, hizkuntza nagusiaren hiztunak etsaitzat hartu gabe. Azken helburu hori hizkuntzei buruzko printzipio ideologiko batean oinarritzen da, hizkuntza-komunitateen berdintasun- printzipioan, hain zuzen ere. Berdintasun horrek lurralde horretan botere politiko inpartziala izatea dakar.

Iduri luke horrela litzatekeela Finlandian, adibidez, finlandieraren (suomiera) eta suedieraren kasuan, bederen. Suediera, suediera-hiztunak biztanleriaren % 5 izanik ere, ofiziala da finlandiera bezala. Erakunde publiko guztiak elebidunak dira, haur-eskolatik unibertsitatera. Suediera nahitaezkoa da Finlandia osoko eskoletan. Anna-Riitta Lindgren soziolinguista finlandiarraren arabera, elebitasun paralelo eta berdina eraiki dute Finlandian.

Hizkuntza-motak hizkuntza-gatazkaren modeloan

Pentsamendu-korronte honetan bereziki, baina soziolinguistika-teoria gehienetan ere bai, hainbat esapide erabiltzen dira ukipenean diren hizkuntzak izendatzeko: gehiengoaren hizkuntza, gutxiengoaren hizkuntza (eremu urriko hizkuntza), hizkuntza menderatzaile, hizkuntza menderatu, hizkuntza gutxitu (mendeko hizkuntza), hizkuntza mehatxatu...

Hona definizio batzuk, gutxiengoaren hizkuntza eta hizkuntza gutxitu nozioak bereizi beharko ditugula azpimarratuz.

Hizkuntza menderatzailea: hizkuntza-gatazkako egoeran, hizkuntza menderatuaren hainbat esparru eta funtzio irabazi dituenez, gailen agertzen den hizkuntza.

Hizkuntza gutxitua: hizkuntza-gatazka egoeran, hizkuntza menderatzailearen esku hainbat esparru eta funtzio galdu dituen hizkuntza.

Gutxiengoaren hizkuntza: hizkuntza-ukipenean bizi den lurralde batean, gutxiengo batek erabiltzen duen hizkuntza.

Gehiengoaren hizkuntza: hizkuntza-ukipena bizi duen lurralde batean, hiztun gehienek erabiltzen duten hizkuntza.

Azken bi definizioak estatikoak eta neutroagoak dira, hiztun-kopuruak erkatzen dituzte bakarrik. Aldiz, lehen bietan ezegonkortasun dinamikoaren aurrean gaude, irabazteak eta galtzeak aldaketa suposatzen dutelako. Hizkuntza batek, gutxituak, erabilera-esparru eta funtzioak galdu ditu menderatzailearen mesedetan.

Halere, eta ildo berean, ohartu behar da erabilera-esparru berriak sor daitezkeela (teknologia berriak, inprimatze-teknika Erdi Aroan...). Horrelakoetan, hizkuntza menderatzaileak ez dio eremu berri hori gutxituari hartzen, beregaintzen baizik ez du. Kasu honetan ez dugu ordezkapenik, irabazte berri bat baizik.

Nozio horiek ukipenean diren hainbat hizkuntzari aplikatu zaizkie, berezko hizkuntza gutxituei bereziki, euskara, katalana, bretoiera, okzitaniera edo sardiniera bezalakoei.

Hizkuntza-gatazka ez da bakarrik linguistikoa

Fishmanen ildoan, Mollàk ohartarazten du, teorikoki, gatazkarik gabeko elebitasun soziala, gatazkarik gabeko diglosia, posible dela, hain zuzen diglosia orekatua (2002: 149). Kasu honetan botere sozial, ekonomiko eta politikoa, prestigioa, bidezkotasunean banatuak dira bi gizarte-taldeen artean, bi hizkuntza-komunitateen artean. Baina ohiko egoeran talde batek boterea dauka.

Mollàren ustez, hizkuntza-gatazka gainditzeko aterabide bakarra da hizkuntza-lurraldetasuna finkatzea (2002: 150); hizkuntza gizarte-egoera guztien erabilera-hizkuntza izatea, gizartearen bizitzako eremu publiko guztien hizkuntza. Mollàren esanetan horrek beste hizkuntzaren itzulera inplikatzen du (ibid.). Elebitasunaz eta diglosiaz hauxe da bere konklusioa: Gizarte-erabilera elebidunaren faltsutasunak eta elebitasun indibidualaren aldebakarrekotasunak erakusten dute elebitasuna irreala, mitikoa dela (2002: 159).

Munduan zehar hizkuntza gatazka-mota asko daude. Gehienetan gatazka ez da diglosikoa, linguistikoa, baizik eta politikoa, ekonomikoa, kulturala... Bi komunitateetatik batak bestearen mendekotasun politikotik libratu nahi du.

Hori zen Jugoslavia ohian Serbia eta Kroaziaren arteko kasua. Linguisten ustez, serbokroaziera hizkuntza bat baizik ez zen, nahiz maila tipologikoan, nahiz genetikoan. Baina kroaziarrek independentzia lortu nahi zuten eta hizkuntzak helburu horretan lagundu die. Serbian hizkuntza alfabeto zirilikoz idazten zen; Kroazian, berriz, latindarrez. Desberdintasun fonologiko, gramatikal eta bereziki lexikal batzuk ere baziren. Kroaziarren ustez, independentzia linguistikoak independentzia politikoa azkartu beharko zuen, batasun nazionalaren ezaugarrietatik bat berezko hizkuntza delako, nazio-nortasunarena.

Herriak nazio izatearen kontzientzia hartu eta estatu propioa eraikitzeko nahian hizkuntza propioa aldarrikatzeari hizkuntza-nazionalismoa dei dakioke. Horrelako hizkuntza-nazionalismoaren adibidea hizkuntza-leialtasunaren sailean sar daiteke, baina adiera zabalean; ez norbanakoak bere hizkuntza egoera guztietan erabiltzen duen hitzez hitzeko adieran.

Kasu horietan, ez dira hizkuntzak sortzen, kreolerekin gertatu bezala; ez dago hizkuntza-pizkunderik hebreerarekin bezala, baizik eta hizkuntza-bereizketaren prozesua. Hizkuntza bat ala biren existitzea ez da arazo teknikoa soilik, baita irudikapen arazoa ere. Herritarrek beren hizkuntza propioa izan behar dutela deliberatu dute eta helburu horretara behar diren ahalbideak indarrean ematen dituzte.

Azkenean, hizkuntza-gatazka hizkuntzaren erabilera-eremu denetan ager daiteke. 3.4.1. lerroaldean, adibidez, ikusiko dugu familia ere hizkuntza-gatazkaren eremua izan daitekeela. Argi da hizkuntza-gatazka kasuak ez direla hizkuntza-arazo edo komunikazio-arazo hutsak. Soziolinguista ezagunen artean, Robert Cooper da, beharbada, hori ondoen azpimarratu eta esplikatu duena: helburuak kontsumitzaileen babesa, harreman zientifikoak, kontrol politikoa, garapen ekonomikoa, elite berrien sorkuntza edo ohikoak gordetzea, talde gutxituak baketzea edota nazio-askapenerako altxatzea izan daitezke, besteak beste, eta ez bi hizkuntza-komunitateren edo gehiagoren arteko komunikazioa hobetzea edo hizkuntza-arazoak konpontzea.

Hizkuntza-gatazkaren modelotik gora

Hizkuntza-gatazkaren modeloak hizkuntzen arteko harremanak ulertzeko tresna bat aurkezten du. Baina, era batez, ez oso egokia. Hizkuntza gutxituaren sustapena ez litzateke egin behar beste hizkuntz(ar)en kaltetan. Bestalde, estatu-nazioaren hizkuntza bakarraren modeloa erreproduzituko litzateke berriro ere. Bestetik, eta nolanahi ere, hizkuntza-komunikazio bat beharrezkoa da hizkuntza-komunitate desberdinen artean.

Hizkuntzen arteko bizikidetza, hizkuntzen arteko elkarbizitza litzateke helburua. Diskurtso moralaz gain, planteamendu zientifikoa ere beharrezkoa da. Hau da hizkuntzen ekologia eraikitzen saiatzen dena (ikus 3.5. eta 5. atala).

Hizkuntza-aniztasuna: eremu jakin batean, hainbat hizkuntza desberdin hitz egitea.

Hizkuntzalariek hiru hizkuntza-aniztasun mota bereizten dituzte. Batetik, munduan dauden hizkuntza-familien kopurua finkatzen eta aztertzen dute, jatorri beretik sortu diren hizkuntzak multzokatuz; aniztasun genetikoa deitzen dena dute aztergai. Bestetik, aniztasun tipologikoa aztertzen da, esan nahi baita munduko hizkuntzen egitura gramatikalean, fonologikoan, lexikoan, semantikan izan daitezkeen bariazioak eta inbarianteak, unibertsalak. Azkenik, munduan hitz egiten den hizkuntza-kopuruaz interesatzen dira, bere osotasunean eta lurraldeka, gizarte-taldeka, etab. Hau da hemen aztertu gabe aipatzen duguna.

Esan dugun bezala, hizkuntza-aniztasunarengatik eleaniztasuna biziki hedatua dago munduan zehar. Halere, politika kolonizatzaileek eta, ondotik, asimilatzaileek kalte handia egin diote hizkuntza-aniztasunari, eta azken hori murriztuz doa. Koïchiro Matsuura jaunak, UNESCOko zuzendariak, 2006an adierazi zuenaren arabera, oraingo 6.000 hizkuntza ingurutik erdia desagertuko da mende honetan.

Hizkuntzak mantentzeko eta bizirik iraunarazteko hiztun-kopurua garrantzitsua dela jakina da. Kopurua erabakigarria izateko muga 10.000 hiztunetan baldin bada, orduan munduko 6.000 hizkuntza horietarik % 59,4 galduko dira (3.564 hizkuntza) (Fèlix Martí eta beste, 2005: 101). % 30,1ek (1.806 hizkuntza) 1.000 hiztunetik behera dituzte (ibid.)

Hona, besteak beste, Calvet (1987: 52-58) frantses soziolinguistaren herri-eleaniztasunaren tipologia bat: hizkuntza nagusi bakarrekiko eleaniztasuna (Espainia, Frantzia), hizkuntza nagusi gutxitu batzuekiko eleaniztasuna (Magrebiera klasikoa eta frantsesa eremu formaletan arabiera dialektalaren eta berberearen aurrean), hizkuntza nagusi gutxituekiko eleaniztasuna (Afrikan frantsesa edo ingelesa tokiko hizkuntzen aurrean), txandakako hizkuntza nagusiekiko eleaniztasuna (plurilinguisme à langues dominantes alternatives, kreolera, lehen hizkuntza, eta europar hizkuntza), eskualdeetako hizkuntza nagusiekiko eleaniztasuna (Belgika, Suitza).

Hizkuntza baten desagerpena ez da beti egiazko heriotza, transformazio prozesua paira dezakeelako edo, mintzatua izan gabe, hizkuntza idatzia egon daitekeelako. Hizkuntza-heriotza kausak hiru motatakoak izan daitezke.

  • Hizkuntzaren transformazioa.- Fenomeno hori denbora bitarte baten buruan ohartzen da, aldaketa progresiboa baita. Latin arrunta hizkuntza erromanikoen oinarria da; arabiera klasikoak arabiera dialektal modernoak eman ditu denbora-epe laburrago baten buruan. Oro har hizkuntza denak aitzinean mintzatzen ziren hizkuntzen bilakaeraren ondorioak dira. Mintzatzen ez diren hizkuntza idatziak aparte dira, aldatzen ez direlako; usuenik erlijiozko hizkuntzak dira (latin klasikoa, arabiera klasikoa, sanskritoa...).
  • Hiztunen iraungipena.- Hizkuntza galtzen da azken hiztunek, beraien hizkuntza belaunaldi berriei eman gabe, hitz egiteari uzten diotenean. Fenomeno hori aski azkar hedatu da. Bi astetan behin hizkuntza bat hil litekeela esaten da.
  • Hizkuntza-ordezkapena (ikus 3.4.2.).- Ordezkapen-prozesuaren bukaeran hizkuntza baten heriotza gerta daiteke. Hizkuntza menderatzaile batek hizkuntza menderatua ordezkatzen du. Iberiar penintsulan adibidez, erromanizazio aurretik hainbat tribuk egiten zuten hizkuntza, iberiera beste hizkuntza erromaniko batzuek ordezkatua izan zen.

Hizkuntza baten erregresio-indizea jatorrizko komunitatearen hizkuntzaz mintzatzen ez diren hiztunak kalkulatuz neur daiteke (indice de régression Calveten hitzetan, 1987: 147). Euskal Herrian, adibidez, indize hori 0,743 litzateke, biztanleen % 25,7 elebiduna delako 2006ko inkesta soziolinguistikaren arabera (Eusko Jaurlaritza, 2008). Baina erabileraren ehunekoa hartuko bagenu baxuagoa litzateke, zalantzarik gabe.

Hizkuntza-pizkundea

Hizkuntza berriak sortzeaz gainera, kreolerekin bezala, hizkuntza-bereizketaz gainera, serbokroazierarekin bezala, hizkuntza-"pizkunde" kasu bat maiz izaten da aipatua, hebreerarena. Hebrearren hizkuntza aitzina Palestinan hitz egiten zen, K.a. III. mendera arte. Baina aramera hizkuntzak baztertu egin zuen orduan. Zorionez, liturgia- eta literatura-hizkuntza gisa geratu zen eta XIX. mendetik aurrera berreskuratzeko mugimendua sortu zen. XX. mendean, yiddisha hizkuntza germaniarra baino hobetzat hartu izan da eta Palestinan bizi diren juduen eguneroko hizkuntza bilakatu da.

Nazionalismo azkarraren, hezkuntza-programaren eta eskolatze masiboaren bidez (haurtzaindegiak -1898-, bigarren mailako ikastetxeak -1906-), neologismoaren bidez (Hebraiera hizkuntzaren Akademia) hebreerak komunikatzeko eta balio sinbolikoa bideratzeko dituen gizarte-funtzio guztiak eskuratu ditu, berreskuratu. 1900-1910eko hamarkadetan hebreera baizik ez zakiten lehen hiztunak agertu ziren, 1.700 urte geroago (Cooper, 1989: 13).

Hebreeraren berpiztea eta eguneroko hizkuntza izateko berreskuratzea hizkuntza-politiken garaipen handienetakotzat emana da.