Kontzeptua

Hizkuntza ukipena

Soziolinguistika Klusterraren lankidetzarekin eta gidaritzapean

Munduan 6.000 hizkuntza inguru daude eta 200 estatu. Beraz, nazio-hizkuntzez gain, hizkuntza ofizialez gain, asko izan daitezke herri bateko hizkuntzak. Papua Ginea Berrian, adibidez, 800 hizkuntzatik gora daude eta lau miloi biztanle (Fèlix Martí eta beste, 2005: 69); Kamerun edo Kongon 200 hizkuntza baino gehiago daude (Louis-Jean Calvet, 2002: 93). Europan herri bat baino ez da gutxi gorabehera homogeneoa: Albania.

Munduko hizkuntzak, beraz, ez dira isolatuak, ukipenean dira. Albokotasunean izan ordez, zuzeneko harremanak dituzte nagusiki. Ondorioz, esan dezakegu mundua kokagune desberdinetan eleaniztuna dela eta hizkuntza-komunitateak etengabe gainjartzen direla.

Hizkuntza-ukipena adierazpena irudia da, ez baitira hizkuntzak beraiek kontaktuan. Hizkuntza desberdinen hiztunak dira kontaktuan daudenak, edo hizkuntza-komunitateak, aztertzailearen edo azterketaren ikuspegiaren arabera.

Hizkuntza-komunitate ezberdinetako hiztunak elkarrekin komunikatzeko gai ez baldin badira, elkarrekiko harremanik ez da. Hiztun-talde bakoitzak bere bizitza osoa bere hizkuntzan egiten du osoki eta beste taldeak berean. Horrelako kasu baten aurrean, ukipenik ez dagoela esan daiteke, baina lurralde berean guztiz isolaturik bi talde edo gehiago bizitzea pentsaezina da. Elkarren ondoan bizi diren taldeen artean, elkarren arteko harremanetarako bi hizkuntzak ezagutzen dituen jendea egoten da. Beraz, hizkuntzak hiztun elebidunen bidez izaten dira elkartuak.

Bere Languages in contact liburu fundatzailean, Uriel Weinrich-ek hizkuntza-ukipena honela definitu zuen: Bi hizkuntza edo gehiago ukipenean direla esanen da pertsona berek txandaka erabiltzen baldin badituzte (1953: 1).

Hizkuntza-ukipenaren ikerketa-eremua, norbanakoaz gain, komunitatea ere izan daiteke, edo bederen norbanakoarekin hasten bada, gizartera heda daiteke. Hizkuntzak eta hiztunak harremanetan daude, gizarte-mailako arrazoi ezberdinak direla medio, herriek topo egiten dutelako.

Horregatik, hizkuntza-ukipena hiru alderditatik azter dezakegu: norbanakoa (elebiduna, eleaniztuna edo hizkuntza-jabetze prozesuan dena), hizkuntza-komunitatea eta hizkuntza bera. Izan ere, kontaktuen eragina hizkuntzen forman ere agertzen da. Hizkuntza-ukipenak ondorio linguistikoak ditu. Azken alderdi hori soziolinguistikaren lehen ikergaietako bat izan zen.

William Mackey kanadar soziolinguistaren esanetan, elebitasunaren kontzeptua ere hiru mailatan aztertu behar da: Elebitasunaren alderdi horiek denek (hedapena, egonkortasuna eta funtzioa) norbanakoarengan, hizkuntzan eta taldean eragiten dute (1976: 37). Norbanakoaren baitan, hiztun elebidunen ezaugarriak ezberdinak direlako; hizkuntza-talde edo komunitatean, bi hizkuntzek gizarte horretan funtzio ezberdinak beteko dituztelako; hizkuntzen eta barietateen ezaugarrietan, bi hizkuntzen erabilerak bakoitzaren corpusean eragina duelako.

Halere, Joshua A. Fishman soziolinguista estatubatuarrarekin, eta behar bada Weinrichen ikusmoldearen aurka, bi hizkuntzak ez dira bi talde desberdin islatuko balituzte bezala ikusi behar, baizik eta talde bakar bat bezala (Ofelia García eta beste, 2006: 13). Elebidunek hizkuntza-komunitate bakar bat egiten dute. Erabiltzen dituzten hizkuntzak ez dira monolitiko eta isolatuak, hizkuntzarteko sartze-gradua dago, bi hizkuntzak erabiltzen dituztenek ezagutzen dituzten erabilera elebidun-ereduen arabera.

Horiek dira aipa daitezkeen elebitasunaren eta elebidunen lehen ezaugarri nagusiak.

Mackeyren norbanakoa, hizkuntza eta taldea bereizketa onartuz, hori da segituko den plana atal honetan: lehenik, hizkuntza-ukipenaren ondorio indibidualak aztertuko dira; bigarrenik, ondorio linguistikoak; eta, azkenik, ondorio sozialak. Bukatzeko, hizkuntzaren hautaketa, iraupena, ordezkapena eta hedapena landuko dira.

Hizkuntzen arteko ukipena ugarituz doa mundializazio edo globalizazio deitu den mugimenduagatik. Garraio modernoek eta informazioaren eta komunikazioaren teknologia berriek produktuen, biztanlerien, ideien edota jakintzen mugimenduak errazten dituzte, eta hizkuntza-ukipena ere bai.

Hizkuntza-ukipena: munduko hizkuntza gehienak ez dira isolatuak, kontaktuan dira. Hizkuntza-ukipena, gizarte berean hizkuntza bat baino gehiago hitz egiten direnean, hizkuntza horien artean sortzen den erlazioa da.

Hizkuntza-ukipena soziolinguistikaren ikergai nagusietatik bat da. Era orokorragoan, hizkuntza-ukipena hiru ikuspuntuz azter daiteke: norbanakoarena, hizkuntza-komunitatearena eta hizkuntzarena berarena.