Kontzeptua

Hizkuntza-politika eta hizkuntza-plangintza

Aurreko ataletan hizkuntza-politika eta plangintzari buruzko kontzeptuak azaldu dira. Atal honetan, berriz, hizkuntzak berreskuratzeko zenbait eredu aztertuko dira, arlo horretako ekimenak ulertzeko oinarri zientifikoa eskaintzeko asmoz. Batez ere Euskal Herrian eraginik handiena izan duten egileak aztertuko dira: Txepetx eta Fishman.

José María Sánchez Carrión "Txepetx" Cartagenan jaio zen eta batez ere 1980ko hamarkadan jardun zuen lanean Euskal Herrian. Bere lanik ezagunena Un futuro para nuestro pasado da (Sánchez Carrión, 1987). Liburu horrek eta Txepetxen lanak eragin handia izan du Euskal Herrian. Txepetxen lanaren inguruko dibulgazio liburu erakargarria egina du Xamarrek Orekan izenburuarekin (Juan Carlos Etxegoien "Xamar", 2001).

Txepetxek landu duen ezagutza-arlo berriari bi izen eman dizkio: Hololinguistika eta Hizkuntza Esperientziaren Teoria Autokonsistentea (Sánchez Carrión, 1999).

Txepetxek, Hizkuntza-ideologia atalean ikusi bezala, garrantzi handia eman dio hizkuntza bat ikastean eragiten duten faktoreak aztertzeari. Ikaskuntzaren Teoria osatu du eta hiru faktoreren bidez azaltzen du hizkuntza ikasteko egiten den ibilbidea: motibazioa, ezagutza eta erabilera.

Faktore horiek elkarri lotuta daude. Txepetxek ontzi komunikatuak balira bezala irudikatzen ditu.

Hala, hiru ontziek elkar elikatzen dute, betiere nahikotasun-mailatik gorago baldin badaude. Ontziren bat ez bada iristen nahikotasun-mailara ontzien arteko konexioa hautsi egiten da eta ikaskuntza prozesua eten. Hori gertatzen da, adibidez, hizkuntza ikasteari ekin dion pertsona heldu batek denbora aurrera joan ahala gogoa galtzen badu: bere motibazioa asko jaisten bada, eskoletara joateari laga egingo dio eta ezin izango du gehiago ikasi, ezta erabili ere. Oso garrantzitsua da hori kontuan hartzea hizkuntzak ikasteko prozesuak luzeak izan ohi direlako eta gorabehera handiak sor daitezkeelako bidean. Ikaskuntza prozesuan, beraz, hiru faktoreak dira zaindu beharrekoak.

Hizkuntzaren ikaskuntzan bi ibilbide mota bereizten ditu:

  • A ibilbidea: primarioa edo naturala; haurtzaroan gertatzen da eta hizkuntzarekiko motibazioa, ezagutza eta erabilera berezkoak dira; ibilbidea berezko erabilerarekin hasten da; izan ere, haurrak bere inguruan entzungo du hizkuntza eta poliki-poliki erabiltzen hasiko da. Horrek berezko ezagutza gero eta handiagoa ekarriko dio eta ingurukoekin komunikatzearen bidez bere beharrak aseko dituenez, berezko motibazioa indartuko zaio.
    Hizkuntza ikasteko ibilbide naturala (Etxegoien "Xamar", 2001).
  • 14. irudia
  • B ibilbidea: sekundarioa edo kulturala; heldu batek hizkuntza ikasten duenean gertatzen da eta motibazioa, ezagutza eta erabilera induzituak dira. Ibilbide honen hasieran motibazioa dago (lanerako behar duelako, norberaren arbasoen hizkuntza berreskuratu nahi duelako, bidaiatzeko, inguruan integratzeko...), horrek bultzatzen du hizkuntza ikastera. Ezagutza handitu ahala, erabiltzeko aukera handiagoa da eta erabilerak motibazioa sustatzen du. Horrela, zirkuituak etengabe jarraitzen du funtzionatzen.
    Hizkuntza ikasteko ibilbide kulturala (Etxegoien "Xamar", 2001).
  • 15. irudia

    Egoera normal batean, hiztun batek lehendabizi A ibilbidea egingo du, ibilbide naturala, alegia, baina gero B ibilbidearekin osatuko du eskolaren eta ingurune kulturalaren bidez. Horrela sortzen dira hiztun osoak, berezko ibilbidea eta kulturala, biak, eginak dituztenak. Hiztun oso horiek AB ikurrarekin adierazten dira. Baliteke prozesua alderantzizkoa izatea, hau da, heldu bat hizkuntza ikasten hasten denean lehendabizi B ibilbidea egiten du eta gero naturaltasunez barneratzera iristen bada, A ibilbidea. Beraz, mota horretako hiztunak BA hiztunak izango dira. Horiek ere hiztun osoak dira, AB motakoak bezalaxe. Hiztun osoak, AB zein BA, egon behar dira komunitatearen erdigunean, eta eurak izan behar dira gainerako hiztunen erreferentzia eta eredu.

    Laburbilduz, honela multzokatzen dira hiztunak:

    • AB, jatorrizko hiztun kulturizatuak: txikitan A ibilbidea egin zuten eta gero eskolan osatu zuten B ibilbide kulturalarekin; ama-hizkuntza dute eta eskolan ere hizkuntza horretan ikasi dute.
    • BA, heldu bertakotuak: heldu eta gero ikasi dute hizkuntza (B ibilbidea) eta naturaltasunez barneratzera iritsi dira (A ibilbidea).
    • A: jatorrizko hiztun primarioak; ez dute ibilbide kulturala egin eta, ondorioz, alfabetatu gabe daude. Ama hizkuntza dute, baina ez dute eskolan ikasi; duela gutxi arte euskaldun ia guztiak horrelakoak ziren, eskolatu gabeak zirelako edo eskolan erdaraz bakarrik irakasten zelako.
    • B: ikasle helduak; ikasten ari dira, baina oraindik ez dute hizkuntza naturaltasunez barneratu.
    • Ø: ez dakite hizkuntza.

    Hizkuntzen egoera sailkatzeko ere erabil daiteke terminologia hori. Mota hauetako hizkuntzak izan ditzakegu:

    • AB: naturalki eta kulturalki transmititzen diren hizkuntzak (ingelesa Erresuma Batuan, frantsesa Frantzian edo portugesa Portugalen).
    • A: transmisio naturala besterik ez duten hizkuntzak; eskolan ez dira irakasten (euskara duela gutxi arte, munduko beste hizkuntza asko).
    • B: transmisio kulturala besterik ez duten hizkuntzak, soilik eskolan irakasten dira (latina, greziera klasikoa...).
    • Ø: transmititzen ez diren hizkuntzak.

    Kasu honetan ere, AB egoera da orekatu eta osatu bakarra, eta, hain zuzen ere, egoera horretara iristea izango da hizkuntza-normalizazioaren helburua.

    Txepetxen lanaren beste osagai garrantzitsu bat esparruen edo funtzioen teoria da. Esparrua oinarrizko unitate bat da, eta bertan kokatzen diren hiztunen hizkuntza-portaera baldintzatu edo aldatzen du (Sánchez Carrión, 1981). Esparruak ez dira espazio fisikoak, burukoak baizik eta lotuta daude hizkuntzak betetzen dituen funtzioei.

    Hauek dira hizkuntzaren funtzioak:

    • Norberaren identitatea: funtzio hau soilik betetzen duten hizkuntzak ez ditu inork hitz egiten, soilik hiztun isolatuak dituzte; gaur egun gero eta hizkuntza gehiago ari dira egoera honetara hurbiltzen; hizkuntzaren funtzio hau hizkuntzaren ikasketa naturalari oso lotua dago. Hiztun guztiek dute euren burua talde baten barruan definitzeko beharra. Ez egitea antinaturala da.
    • Familia: gehienez ere funtzio hau betetzera iristen diren hizkuntzek desagertzeko arrisku handia dute eta egoera horretan daude leku askotan okzitaniera edo aragoiera, esate baterako.
    • Lana: globalizazioaren eraginez, hizkuntza-funtzioen eskalan lana mailaz igotzen ari da gero eta harreman gehiago dagoelako hizkuntza desberdina duten herrialdeen artean, enpresak nazioartekotzen ari direlako eta jendearen mugikortasun fisikoa askoz ere handiagoa delako orain.
    • Herria: gaur egun, herria ere aldatzen doa hizkuntza-funtzioen eskalan, jendea gero eta gehiago mugitzen delako bizilekuz eta mugikortasun sistemak indartu egin direlako.
    • Nazioa: adibidez, esloveniera, albaniera, estoniera gehienez ere maila honetara iristen dira.
    • Kultura edo zibilizazioa: bere lurraldetik kanpo irakasten eta ikasten diren hizkuntzak multzo honetan sartzen dira; adibidez, alemana, gaztelania, portugesa, italiera...
    • Nazioartea: funtzio hau betetzen duten hizkuntzak dira prestigiorik handiena dutenak; gaur egun, mundu-mailan nazioarteko hizkuntza nagusia ingelesa da, herrialde desberdinetako biztanleek elkar ulertzeko erabiltzen dutelako.

    Nazio-mailara arteko funtzio guztiak betetzen ditu normalizatuta dagoen hizkuntzak. Ordea, horietako baten bat betetzen ez badu, egoera gutxituan dagoela esan nahi du.

    Kontuan hartzeko hiru puntu azpimarratzen ditu Txepetxek hizkuntzen funtzioen inguruan:

    • Hizkuntzaren prestigioa lotuta dagoela betetzen dituen funtzioei, ez dela berezko ezaugarri bat eta denborarekin edo egoerarekin aldatu egiten dela; adibidez, errusierak oso nazioarteko balio handia zuen Europako herrialde komunistetan, baina ez zuen batere nazioarteko funtziorik hortik kanpo; gainera, erregimen komunistak erortzearekin batera errusieraren egoera ere asko aldatu da.
    • Hizkuntza guztiak daude besteren batekin lehian, nahiz eta kasu bakoitzean maila desberdinean gertatu lehia hori; frantsesa ingelesarekin lehian dago nazioarteko funtzioetan (gero eta gutxiago, borroka hori galtzen ari delako azken urteetan); alemana, berriz, lehian dago ingelesarekin kultura-mailan, baina hor ere ingelesa garaile ateratzen ari da; izan ere, alemanez ikasteko gero eta behar txikiagoa dago jakintza-arloetara iristeko.
    • Prozesua dinamikoa eta ezegonkorra denez, egoerak asko aldatzen dira.

    Horretatik guztitik, hizkuntzaren normalizaziorako bi ondorio ateratzen ditu Txepetxek:

    • Hizkuntza guztiak lehian daude hizkuntza erabiltzeko nazioarteko baldintzak aldatzen ez diren bitartean.
    • Hizkuntza batek hizkuntza nazionala izan behar du kultura-hizkuntzatzat onartua izan dadin; beraz, hizkuntza bat kultura gisa balora dezaten, bere hiztunek hizkuntza nazional bati dagozkion funtzio guztiak bete behar ditu; izan ere, bestela ondoko hizkuntza hartuko du komunitateak eta berea utzi egingo du.

    Txepetxen iritziz, oso garrantzitsua da hizkuntza-komunitatea. Hiztuna, hizkuntza eta gizartea lotzen dituen unitate soziala da hizkuntza-komunitatea.

    Hau da hizkuntza-komunitatearen egitura zirkulu zentrokideetan adierazita: erdian AB taldea eta ondoan BA taldea, hau da, hiztun osoak; gero A taldea (jatorrizko hiztun primarioak) eta ondoren B taldea (ikasten ari direnak); hizkuntza-komunitatetik kanpora Ø taldea geratzen da, hain zuzen ere hizkuntza hori ez dakitenak.

    Hizkuntza-komunitate egituratua (Sánchez Carrión, 1987).

    16. irudia

    AB eta BA taldeek osatzen dute komunitatearen zentroa eta horri deitzen dio Txepetxek gune sinbolikoa, hizkuntzari garapen osoa ematen diotelako. Zenbat eta handiagoa izan gune hori, orduan eta indartsuagoa izango da hizkuntza.

    Dena den, hizkuntza-komunitatea desartikulatuta dagoenean, egitura aldatu egiten da eta horren ordez erdian Ø taldea egongo da eta hizkuntza-komunitatea hutsune horren inguruan egongo da.

    Hizkuntza baten funtzioak beste batek hartzen dituenean hizkuntza-ordezkapena gertatzen da. Hizkuntza batek iraun dezan, berriz, oso garrantzitsua da gune sinbolikoaren indarra, eta gune horixe da, hain zuzen ere, hizkuntzaren normalizatzeko gakoa.

    Txepetxek lantzen duen beste kontzeptu bat estatu hedakorra da eta horrela definitzen du: estatu mota honek bide ematen du boterea duen gutxiengoak bere hizkuntza-komunitatea erabil dezan estatuaren barruan dituen bestelako hizkuntza-komunitate naturalak suntsitzeko eta deuseztatzeko.

    Estatu hedakorrek euren burua nazio-estatutzat aurkezten dute, baina Europan, adibidez, oso gutxi dira benetako nazio-estatuak (Islandia, Malta, Monako...), hau da, hizkuntza bakarra dutenak. Estatu hedakorrek hizkuntza bakarrari uzten diote lekua eta bestelako hizkuntzak dialektotzat eta kategoria gutxiagokotzat jotzen dituzte. Hori lortzeko, estatu hedakorrek beste hizkuntzen estandarren aurka egiten dute, estandar hori debekatuta edo estandarrik ez dagoen kasuetan ez utzita estandar hori garatzen.

    Estatu hedakorra oso garrantzitsua da hizkuntza-ordezkapenean; izan ere, bere erdigunean hizkuntza arrotzaren hiztunak daude eta hizkuntza horretan adierazten dira erabaki eta mezu guztiak. Hori dela eta, jendeak hizkuntza hori ikasten du eta kanpoko hizkuntza hedatzen da eta jatorrizko hizkuntza-komunitatea desartikulatuta geratzen da.

    Hizkuntza-ordezkapenetik normalizaziora jauzi egiteko, eskema batean jasotzen ditu Txepetxek galera eta normalizazio bilakabideen eskema:

    Galera- eta normalizazio-prozesuak (Sánchez Carrión, 1987).

    17. irudia
    • Galera-prozesua. Oklusio-puntuan hasten da eta urrats hauek ditu: funtzio-defizita, aldebakarreko elebitasun soziala, gutxiagotasun-konplexua, hizkuntza-komunitatea desegituratzea eta legezko diskriminazioa; urrats hauek elkarri oso lotuta daude eta Txepetxek traba deitzen die.
    • Normalizazio-prozesua: urrats hauek ditu: gune sinbolikoa nuklearizatzea, hizkuntza-komunitatea trinkotzea, legezko babesa lortzea hizkuntzarentzat, funtzioak berreskuratzea, lurraldetasunezko elebakartasuna lortzea, gutxiagotasun konplexua galtzea eta autokonfiantza berreskuratzea eta, azkenik, irekitasun puntu batera iristea.
      Ordena horri jarraitu ezean, alferlanean jarduteko arriskua dagoela dio Txepetxek. Normalizazioa lortzeko diskurtso berri bat behar dela aldarrikatzen du hiztun osoak batzeko eta gune sinbolikoa trinkotzeko, hizkuntza-komunitatea artikula dadin.
    • Haustura-tentsioa euskarak hiztunak galtzeari utzi eta hiztun komunitatea berreraikitzeari ekiten dion unea da; galera-prozesuaren zirkulu suntsitzaile hori apurtzen du menpekotasun-harremanari buelta emateko, baina horrek bi gauza eskatzen ditu: zirkulu horretan indarrez ekitea eta zirkulu horretako norantza aldatzea; horrela, diglosia glotofagikoari, alegia, hizkuntza desagertzea dakarrenari, aurre egingo zaio eta normalizazio-prozesuari ekin.
      Haustura tentsioak aldaketak eskatzen ditu hiru mailatan:
      1. Hizkuntzan: funtzio nazionala eta kultura-mailakoa lortzea edo berreskuratzea esan nahi du.
      2. Banakako hiztunengan: hiztun osoentzat hizkuntzaren gune sinbolikoan sartzea, ondo ez dakitenentzat ondo ikastea eta hiztun oso bilakatzea, umeentzat hizkuntzaren ikaskuntza naturalean haztea, ezer ez dakitenentzat ikasten hastea eta hizkuntza-komunitatetik zeharo kanpo geratu direnentzat motibazioa lantzea.
      3. Hiztun-taldeetan: AB eta BA hiztunek osatzen duten gune sinbolikoaren inguruan biltzea dakar.

    Beraz, normalizazioaren lehen pausoa da AB eta BA hiztun osoak trinkotzearena, eurak baitira hizkuntza horretan osorik bizitzeko moduan daudenak eta horregatik eurek sor ditzakete gainerako hiztunen egoera optimizatzeko erakundeak eta mekanismo sozialak. Era berean, garrantzitsua da normalizazio prozesuak baldintza batzuk betetzea: berdintasunaren diskurtsoan oinarritzea eta izateko nahia edukitzea (norberaren hizkuntzaren alde zerbait egiteko gogoa izatea, beste inoren zain egon gabe).

    Hizkuntza-komunitatea trinkotzean elementu hauek lotu behar dira, betiere, herri-mailatik hasita gero nazio-mailara iristeko:

    • Hizkuntzaren ikaskuntzaren ibilbide naturala eta kulturala.
    • Ezagutza eta erabilera, elkarrekin parekatzera iritsi arte.
    • Talde soziolinguistikoak, belaunaldien arteko loturak indartzeko.

    Haustura-tentsiora iristeko trabak bi motatakoak izan daitezke: alde batetik, hizkuntzarekiko motibazioaren eta ezagutzaren artean daudenak, eta, beste aldetik, hizkuntzaren ezagutzaren eta erabileraren artean daudenak. Ontzien arteko fluxua alde bietarakoa denez, trabak ere alde bietarakoak izan daitezke (motibaziotik ezagutzara eta ezagutzatik erabilerara, edo alderantziz).

    Normalizazio-prozesuan traba horiek hautsi eta hizkuntzaren garapen osora iristea da helburua. Hizkuntzaren garapen osoak AB motako hizkuntza izatea esan nahi du, hain zuzen ere, funtzio guztiak betetzea. Normalizaziorako hiru axioma nagusi ematen ditu Txepetxek:

    • Hizkuntza gutxiagotu bateko hiztunentzat hizkuntza-garapen osoa lortzea eta hizkuntza horretan lortzea garapen hori gauza berbera da.
    • Estatu baten barruan gutxiagotuta dagoen hizkuntza-komunitate batek ezin du espero izan bere egoeraren konponbidea estatu horren ekimenetik etorriko zaionik; izan ere, konponbide hori batez ere komunitatearen trinkotzetik etorriko zaio.
    • Arriskuan dagoen hizkuntza-komunitate baten normalizazioa ez zaie bakarrik komunitate horretako hiztunei interesatzen, baizik eta gainerako herritar guztiei eta gizateria osoari ere bai, gizartea giza garapenerako bidean jartzen duelako.

    Garrantzi handia ematen dio Txepetxek boterearen gaiari. Normalizazioa lortzeko hizkuntza-botereak eta botere politikoak bat egin behar dute, lurraldean garrantzirik handiena duten pertsonaiak hizkuntzarentzat ere garrantzitsuak izan daitezen. Bi botereak ez badatoz bat, botere politikoa hizkuntzaren zerbitzura jarri beharko litzateke.

    Goian esan bezala, Txepetxek diskurtso berri baten beharra sumatzen du normalizazioa lortzeko. Diskurtso berri hori berdintasunaren diskurtsoa da (Sánchez Carrión, 1999). Hizkuntza gutxituak funtzioak berreskuratu behar ditu, baina, gainera, hizkuntza nagusiak ez duen funtzio garrantzitsu berria lortu behar du, ez baita nahikoa hizkuntza nagusian egiten den guztia berdin-berdin baina hizkuntza gutxiagotuan egitea. Funtzio berri horrek hizkuntzen berdintasuna bultzatu eta eredu iraunkorra garatuko du herri, hizkuntza eta kultura guztien artean. Helburua, beraz, ez da hizkuntza gutxitua gehiengoaren hizkuntzaren ordez ezartzea; gainera, hizkuntza nagusiaren hiztunak ez dira etsaiak, eta normalizazioak ez du esan nahi inor baztertzea.

    Azken helburua, beraz, hizkuntza-nazioen elkarbizitza da, eta horrek bi forma izan ditzake:

    • Autonomia osoa (LAUS eredua edo TAU egitura): nazio bakoitza oso-osorik autonomoa da eta beste nazio batzuekin batzen da nazioarteko erakundeetan.
    • Konfederazioa (NYR eredua edo Hed egitura): kolinguismoa, hizkuntza-nazio bat baino gehiago elkarrekin federatzen dira, berdintasunean.

    Bere ekarpen teorikoak Bilbon nola gauzatu aztertu zuen Txepetxek (Sánchez Carrión, 1999). Lan horretan berretsi egiten du Bilbon euskararen normalizazioa lortzeko oinarria euskaldunen komunitatea trinkotzean oinarritu behar dela eta, gainera, oinarrizko baldintza kuantitatiboak (hiztun-kopurua) eta kualitatiboak (izateko nahia) badaudela horretarako.

Joshua A. Fishman mundu-mailan soziolinguistikako egilerik garrantzitsuenetakoa da. Aitzindaria izan da hizkuntzaren soziologian eta oso egile emankorra da. Euskal Herrian behin baino gehiagotan egon da, tartean Eusko Jaurlaritzaren aholkulari-lanetan, eta eragin handia izan du azken hamarkadetan egin den hizkuntza-politikan (Zalbide eta Erize, HIZNET argitaratu gabe).

Fishmanek kezka handia du munduko leku askotan gertatzen ari den hizkuntza-ordezkapenarekin (ingelesez language shift) eta kezka horri erantzun nahian argitara eman zuen hizkuntzak indarberritzeko bere eredua (ingelesez Reversing Language shift, RLS) (Fishman, 1991). Geroztik, eredu horrek oihartzun handia izan du eta duela gutxi berritu egin du (Fishman, 2001) zenbait hizkuntzaren egoera, tartean euskararena ere bai, bere ereduaren arabera aztertuta.

Bi hizkuntza lurralde berean dauden egoera hartzen du aztergaitzat: bat menpeko hizkuntza da (X-era eta bere hiztunak X-dunak) eta bestea hizkuntza nagusia (Y-era eta bere hiztunak Y-dunak). Hizkuntza-ordezkapena gertatzen da hiztun-talde batek hainbat funtziotan X-eratik Y-erara aldatzen duenean sistematikoki. Garrantzitsua da azpimarratzea aldaketa hori ez zaiola gertatu behar banakako hiztunari, baizik eta hiztun-talde bati. Gainera, hizkuntza-ordezkapena ez da bat-batean eta arlo guztietan batera gertatu ohi, jardungune batzuetatik hasita baizik (hauek dira jardunguneak: familia, auzoa, lana, aisia, eskola, eliza eta administrazio publikoa). Jardungune bakoitzean ere baliteke harreman sare guztietan ez gertatzea aldi berean hizkuntza-ordezkapena (adibidez, familiako harreman-sareak hauek dira: senar-emazteen artekoa, anai-arreben artekoa, gurasoen eta seme-alaben artekoa...). Hori guztia hizkuntza-trebetasunekin lotzen du Fishmanek eta hizkuntza-ordezkapena horietako bakoitzean gerta daitekeela azaltzen du (lau trebetasunak hauek dira: hitz egin, entzun, idatzi eta irakurri). Beraz, hizkuntza-ordezkapenaren ardatzetariko bat erabilera esparruena da, erabilera esparrutzat hartuta jardunguneak eta harreman sareak.

Hizkuntza-ordezkapenaren beste ardatza denborarena da, bat-batean ez denez gertatzen, garrantzitsua delako aztertzea urteetan zer-nolako bilakabidea izan duen hizkuntzaren erabilerak.

Fishmanen hizkuntza indarberritzeari buruzko teoriak oinarri bat du: hizkuntza bati eustearen zutabe nagusia belaunaldi arteko transmisioa da. Hizkuntza bat ez bada gurasoengandik seme-alabengana transmititzen ez du etorkizunik eta hori oso kontuan izan behar da hizkuntza indarberritzeko ahaleginak egiterakoan.

Bere ustez, hizkuntza-ordezkapena ez da isolatuta gertatzen, bestelako faktore eta egoerekin batera baizik. Hauek dira hizkuntza bat zergatik ordezkatzen den aztertzerakoan aurkitzen diren zenbait arrazoi:

  • Hizkuntza erabiltzeko eta defendatzeko debekua: hori bi komunitateen arteko egoera gatazkatsuaren erakusgarri da, hizkuntza nagusiko komunitateak menpeko hizkuntza duena ez duela errespetatzen adierazten duelako; hizkuntzaren gaian hala gertatzen bada, beste horrenbeste gertatuko da bestelako arloetan ere. Euskal Herrian hori gertatu da urte luzeetan bai Frantziako Estatuaren aldetik, bai Espainiako Estatuaren aldetik.
  • Dislokazio fisikoa eta demografikoa. Dislokazio honek hiru arrazoi fisiko izan ditzake: gosetea, katastrofe naturalak eta beste pertsona batzuek eragindako txikizioak (adibidez gerrak edo genozidioak); arrazoi demografikoen artean, berriz, migrazioak daude (etorkinak iristea edo bertakoek alde egitea), jaiotze tasak jaistea eta urbanizazioa. Oso garrantzitsua da fisikoki osasuntsuak eta demografikoki X-dunez kontzentratuak diren guneak izatea X-erak bizirik jarrai dezan. Gune horietan X-era izango da nagusi; hizkuntzaren arnasguneak izango dira. Arnasgune horiek ez dira ghetto isolatuak izango, are gutxiago gaur egungo gizarte globalizatuan isolatuta egotea ia-ia ezinezkoa delako.
    Hizkuntzaren arnasguneak: Fishmanek breathing space deitzen ditu. Hizkuntza gutxitua indarberri dadin ezinbestekoa da hizkuntza hori nagusi izango den gune geografikoak egotea. Ez dira ghettoak, ez baitira isolatuta egon behar. Gune horietako biztanle gehienek dakite hizkuntza gutxituan hitz egiten eta hizkuntza hori normaltasunez erabiltzeko baldintzak daude eta belaunaldiz belaunaldiko transmisioa naturaltasunez gertatzen da.
  • Dislokazio soziala askotan gertatzen da X-dunen taldea egoera sozial txarragoan dagoela, botere gutxiago daukalako; horrenbestez, X-dunei dagozkien elementuek ere, tartean hizkuntzak, prestigio txikiagoa izango dute eta egoera sozial hori hobetzeko Y-era ikasi beharko dute, sarritan X-dun izateari lagata eta suizidio kulturalari bide emanda. Horren aurrean, Fishmanek elebitasun egonkorra eta aniztasun kulturala proposatzen ditu, maila orokorrean ezin bada, gutxienez X-dunen artean. Komenigarria iruditzen zaio, gainera, X-dunen kontrolpean egongo den oinarri ekonomiko bat edukitzea; izan ere, oso garrantzitsua da X-era gizarteko ordainsari sisteman behar bezala txertatua egotea, X-dunen taldea ere erakargarria izan dadin.
  • Dislokazio kulturala modernizazioaren eta demokratizazioaren ondorioz eragin liteke dislokazio mota hau; izan ere, gizarte-mota desberdin asko elkarrekin harremanetan jartzen dituzte batak zein besteak eta ahuldu egiten dituzte tokian tokiko desberdintasun kulturalak eta homogeneizazio handia eragin hezkuntzaren eta komunikabideen bitartez, esate baterako. Dena den, irtenbide gisa Fishmanek dio menpeko hizkuntza duten komunitateek ezin diotela uko egin ez demokraziari eta ezta modernizazioari ere, eta horregatik lotu egin behar direla kultura eta hizkuntza indarberritzea modernizazioarekin eta demokratizazioarekin. Hizkuntzak aurrera egin dezan oso garrantzitsua da komunitateak sentimendu positiboa izatea hizkuntza horrekiko eta bere nortasun sozialarekiko.

Hizkuntza-ordezkapenaren prozesua gelditu eta buelta emateari Fishmanek Reversing Language Shift (RLS) deitzen dio, eta euskaraz hizkuntza indarberritzea esaten zaio.

Hizkuntza indarberritzeko, berebiziko garrantzia du diagnostiko egokia edukitzeak eta Fishmanek tresna bat eskaintzen du egoeraren diagnostikoa egiteko: belaunaldi arteko etenaren eskala (Graded Intergenerational Disruption Scale, GIDS). Lurrikarak neurtzeko Richter-en eskalaren antzeko funtzionamendua duen eskala da, zenbat eta handiagoa izan eskalan dagokion zenbakia, orduan eta larriagoa izango da egoera.

Hauek dira Fishmanen eskalaren zortzi mailak, larrienetik hasita (Fishman, 1991):

8. maila: hizkuntza berreraikitzea azken mohikanoen artean. Geratzen diren hiztunak zaharrak dira eta ez dute harremanik beste hiztunekin, ez dago hiztun komunitaterik edo sarerik. Horrelako egoera batean egin litekeena da adituek hizkuntza berreraiki eta ikasi nahi duten heldu batzuei irakatsi. Behin egoera honetara iritsiz gero oso zaila da egoerari buelta ematea. Maila hau gertatu zen Nafarroako edo Arabako zenbait herritan azken euskalduna isolatuta gelditu zenean.

7. maila: zaharrek bakarrik hitz egiten dute. Badago hiztun sare bat, baina hiztun gehienei seme-alabak izateko garaia pasa zaie eta ondorengoek ez dakite hizkuntza horretan hitz egiten. Gazteei hizkuntza irakasteko eta eurekin X-erazko harreman sareak sortzeko erabil litezke X-dun zaharrak. Helburua da seme-alabak izan ditzakeen belaunaldia X-eraz jakin eta egingo duena eta hurrengoei hizkuntza horretan egingo diona. Adibidez, Zeelanda Berrian haur eskola maorietan aitona-amonak erabili dituzte haurrek hizkuntza ikasi eta erabil dezaten (Benton eta Benton, 2001). Eskalaren maila hau Ipar Euskal Herriko herri askotan gertatzen ari da XXI. mendearen hasieran.

6. maila: belaunaldi arteko ahozkotasun informala, kontzentrazio demografikoa eta sustapen instituzionala lortzea. Egoera honetan belaunaldi guztietako jendeak daki X-eraz, baina gero eta sarriago egiten dute beste hizkuntzan euren artean, baita ingurunerik intimoenetan ere. Fishmanen ustez ezinbestekoa da hizkuntzari bizirik eustea etxe barruan eta lagun artean. Egoera honi aurre egiteko bi puntu ikusten ditu: gazteek X-eraz egitea lortu behar da eta demografikoki kontzentratua eta belaunaldien arteko etenik gabeko guneak sustatu behar dira. Gure kasuan gazteek arazorik gabe leku guztietan euskaraz egingo duten guneak dira horiek, batez ere euskaraz biziko diren guneak. Ezinbestekoa da hizkuntzarentzat arnasguneak izatea. Horrelako gunerik sortu ezin denerako, beste proposamen batzuk egiten ditu: ahal diren bide guztiak erabiltzea X-dunek elkarrekin harremana izan dezaten Internet bidez, telefonoz, elkarrekin egiteko ekintzak antolatuta... komunitate-sentimendua indartzeko eta horrekin batera familia barruko ekintzak eratzea X-eraz ez dakiten kideak hizkuntzara ahalik eta gehien hurbiltzeko. Seigarren maila hau funtsezkoa da, hori gainditu ezean ez dagoelako zereginik. Maila honetako egoera gaur egun Euskal Herriko toki askotan gertatzen da.

5. maila: X-dunak euren hizkuntzan alfabetatzea. Horretarako, kontuan hartu behar da seigarren maila gaindituta egon behar dela. Alfabetatzeak beste hizkuntzarekiko menpekotasunetik askatzen lagunduko die hizkuntza gutxituko hiztunei eta elkarrengandik hurbilago egoten. Azken hamarkadetan lan handia egin da alor honetan Euskal Herrian.

Hemen bukatzen da eskalako multzo bat eta beste bat hasten da. Hemendik aurrera ezinbestekoa da agintarien parte-hartzea, baina honainoko lau mailetan batez ere hiztun-komunitateak egin behar du lan eta izan behar du protagonista ezinbestean.

4. maila: lehen mailako derrigorrezko hezkuntza X-eraz. Bi motatakoa izan liteke maila hau: 4a) X-dunen kontrolpean eta X-dun irakasleekin dauden eskolak edo 4b) Y-dunen kontrolpean dauden eskolak X-era sartu dutenak. Fishmanentzat argi dago 4a motako eskolek aukera gehiago dutela hizkuntza indarberritzen laguntzeko. Maila honetan ere lan handia egin da Euskal Herrian, XX. mendeko 60ko hamarkadatik aurrera.

3. maila: hizkuntza lanean erabiltzea. Lagungarri da hau hiztunei oinarri ekonomikoa ematen dielako. Bi motatako enpresak bereizten dira: X-dunen esku daudenak eta Y-dunen esku daudenak nahiz eta X-dun langileak eduki. Dena den, arriskutsua ere izan daitekeela dio Fishmanek; izan ere, ekonomikoki arrakastatsua suertatzen bada komunitatearen lurraldea, baliteke Y-dun etorkinak iristea lan bila eta X-eraren egoera artean ere zailagoa bihurtzea. Berriro ere praktikotasunerako deia egiten du Fishmanek eta egingarritasunari arreta berezia jartzeko eskatzen du: hizkuntzaren arnasguneetan edo hortik hurbil daudenetatik ekiteko eta gogoan izateko familia eta lagunarte hurbila dela garrantzitsuena hizkuntzaren indarberritzean. Maila honetan, XX. mendeko azken hamarkadatik aurrera egin da lan batez ere Gipuzkoa eta Bizkaian, baina oraindik ere enpresa gehienetara ez da iritsi.

2. maila: hizkuntza administrazio publikoan eta tokiko komunikabideetan erabiltzea. X-dunentzako lanpostuak sortzen dira eta horrek X-dun izatearen bideragarritasun ekonomikoa handitzen du. Eremu honetan ere egingarrienetik ekiteko gomendatzen du, hain zuzen ere, hizkuntzaren arnasguneetan daudenetatik. Horrek arrisku bat duela esaten du, hain zuzen ere gorago egiteko Y-erazko lanpostuetara igaro behar izatea.

1. maila: hizkuntza goi-mailako hezkuntzan, lan-munduan, komunikabideetan eta administrazio publikoan. Hau da maila gorena hizkuntza indarberritzean, baina arriskua ez da desagertzen; izan ere, hizkuntza-ordezkapena gertatzeko arriskua ez da sekula desagertzen eta komunitateak erne egon beharko du.

Hizkuntza indarberritzea lortzeko, helburu errealistak jarri behar dituzte hizkuntza-politikako eragileek, duten boterearen, bitartekoen eta baldintzen arabera, hizkuntza-ordezkapenaren muina zein den ahaztu gabe, hain zuzen ere belaunaldien arteko transmisioa. Ahaleginak modu egokian sekuentziatu behar dira alferlanik ez egiteko.

Prozesuari buelta emateko oinarria hiztunen eta hizkuntzaren defendatzaileen autoantolamendua izan behar da; ezin da prozesua utzi hizkuntzaren biziberritzean interesik ez dutenen esku, Fishmanen ustez, oso garrantzitsua iruditzen baitzaio hizkuntza-komunitatearen zeregina. Plangintzaren eragin-eremuei dagokienez, garrantzi handia ematen dio familiari, norberaren hurbileko komunitateari (Gemeinschaft deritzon horri) eta identitateari; hain zuzen ere botereari eta kanpoko gizarteari (Gesellschaft deritzon horri) baino garrantzi handiagoa. Hizkuntza berarekin batera doan kultura osoarekin ulertu behar da. Etengabe gertatzen da kultura-aldaketa gizarte batean, baina gizarteak aldaketa hori gidatzeko ahalmena behar du, autoerregulatzeko, horrela X-erazko arnasguneak eta harreman sarea eraiki ahal izateko. Hizkuntza galtzen duen gizarteak, besteak beste, autoerregulatzeko gaitasuna ere galtzen du.

Hizkuntza-politika asko nazio-mailan bakarrik eztabaidatzen dira eta hori ez da maiz mailarik egokiena Fishmanen ustez; izan ere, makro mailako politikak baino mikro mailakoak beharko ditu oso egoera larrian dagoen hizkuntzak eta familietatik hasi beharko da, edo ahozkotik idatzizkotik baino lehentasun handiagoarekin, edo lehen mailako eskoletatik goi-mailakoetatik baino. Lehentasunak argi edukitzeari oso garrantzitsua deritzo Fishmanek hizkuntza indarberritzeari ekiteko orduan.

Fishmanek behin eta berriz dio ezerk ez duela ordezkatzen hizkuntza eguneroko bizitza informalean presente egotea, ezinbestekoa baita hori hizkuntzak bizirik iraun dezan. Dena den, arlo hori oso zaila da lantzen eta aurrerapenak ez dira errazak lortzen zenbait arrazoi direla medio: alde batetik, plangintzarako aukera handirik ez du ematen eremu informalak eta, beste aldetik, hizkuntza indarberritzearen aldekoek Y-dunak nagusi diren gizarte-eremuetatik aldentzea eskatzen du eta horien ordez X-eraz funtzionatuko duten sareak sortzea.

Gainera, RLSk askoz ere eragin handiagoa eta zabalagoa izan dezake gizateriaren arazo nagusiak konpontzen laguntzeko potentziala baitu. Izan ere, hizkuntzak ordezkatzeko prozesuak asko azkartu dira bizimodu modernoaren alderdi negatiboen ondorioz (aldaketa sozialeko eta botere teknikoko desberdintasun handiengatik) eta horren beste ondorio batzuk anomia eta alienazioa dira. Beraz, RLSrekin, hizkuntzaren gaiari heltzeaz gain, modernotasunaren dislokazio soziokulturala gainditzeko bidea irekitzen da.

RLS (Reversing Language Shift), hizkuntza indarberritzea: funtzioak eta erabilgarritasuna galduz doan hizkuntza batek hizkuntza-ordezkapeneranzko joera hori etetea eta egoera iraultzea. Joshua A. Fishmanek ordezkapena jasaten ari diren hizkuntzak indarberritzeko sortutako eredua da. Hizkuntza bat indarberritzeko, hiztunak eta jardunguneak edo eremuak irabazi behar ditu. Fishmanek zortzi mailako eskala sortu zuen hizkuntzaren egoeraren diagnostikoa egiteko eta maila bakoitzean hizkuntzaren ordezkapen prozesua geldiarazteko zeintzuk diren lehentasunak definitu zituen. Garrantzi handia ematen dio hizkuntza harreman hurbilenetan erabiltzeari.