Auñamendi Eusko Entziklopedia
Bernardo Estornés Lasa Fondoa

Buscador

Hasiera > Enciclopedia Auñamendi > Folklore, etnografia, etnologia eta antropologia

Folklore, etnografia, etnologia eta antropologia


Espainiako Hizkuntzaren Akademiako hiztegiak zehazten du:

Folklore: Herri batean tradiziozko sinesmen, ohitura, ipuin, abesti, atsotitz, artisautza... multzoa. Gai hauek ikertzen dituen zientzia.

Etnografia: Herri zehatz baten (etnia) ohitura eta tradizioen ikerketa deskribatzailea.

Etnia deitzen zaio kidetasun jakin bat -bai arrazazkoa, hizkuntzazkoa edo eta kulturala- duten pertsona taldeari.

Etnologia. Herri baten tradizio eta ohituren arrazoi eta zergatiak ikertzen dituen zientzia.

Etnologia, beraz, giza talde jakin batzuen aspektu batzuk, oso edo partzialki, ikertzen dituen zientzia da.

Antropologia: Antropologia gizakiaren aspektu biologiko eta sozialak lantzen dituen zientzia da. Gizakiaren errealitatearen ikerketa, egon zirenena eta egungo herriena, eta beraien bizitzeko moduena.

Laburbilduz: folklorea herri baten mundu tradizionaleko sinesmen, ohitura eta elementuen multzoa da. Etnografia elementu hauek ikertu eta aztertzen dituen zientzia da. Etnologia aurrerago doan zientzia da eta aldarrikapen hauek sorrarazten dituen zergati, jatorri eta arrazoiak ezagutzen saiatzen da.

Azkenik antropologiak, gizakiren ikerketa (antrophos) hartzen du bere baitan. Harremanen mundua ikertzen badu gizarte antropologia edukiko dugu; sinesmenak eta herrien bizitzeko moduak, azken finean bere inguru kulturala eratzen dutenak, ikertu eta alderatzen baditu antropologia kulturala izango da; pertsonak bere itxura fisiko eta biologikotik ikertzen baditu antropologia fisikoa da; eta abar.

M. Harris (1990) egileak antropologia lau talde handitan sailkatzen zuen: Antropologia Kulturala, Arkeologia, Hizkuntza-Antropologia eta Antropologia Fisikoa (Biologia). Eta Antropologia Kulturala:

  1. Antropologia aplikatua.. Arazoen aurrean konponbideak ikertu, aztertu eta ematen dituenean, ondorioak balioztatzen dituen aldi berean.
  2. Medikuntza Antropologia: Osasuna eta bere inguruaren faktore biologiko eta kulturalak ikertzen ditu.
  3. Hiri-Antropologia: hiriekin erlazionatzen direnak.
  4. Garapenaren Antropologia: Azpigarapenaren fenomenoa ikertzen du bai taldeetan nahiz nazioetan.

Bestela ere, beste Antropologia mota ezberdin asko aipa daitezke: Filosofikoa, Psikoanalitikoa, Historikoa, Erlijiozkoa, Teologikoa, Artistikoa, Generozkoa, Industriala, Kriminala, Politikoa, eta abar.

Folklore hitza, hitzez hitz "herriaren jakintza" esan nahi duena, W.J. Thoms-ek 1846an sortu zuen.

Etnografia hitzak "herri baten irudikapen grafikoa" esan nahi du hitzez hitz. Honek ikerketa eremu zehatz bat zehazten du, "herria" hain zuzen, eta zehazkiago talde etnikoa, politikoki eta/edo geografikoki esparru edo eskualde ezberdinetan banatua egon daitekeelako.

Zenbait egileek etnologia, ethonos baten antropologia kultural gisa deskribatzen dute.

Antropologiak esanahitzat "gizakiaren ikerketa" eduki izan du. Hasiera batean atal psikikoaren aipamena egiten zuen eta ondoren fisikoarena. F. de las Barras de Aragon (1927) egileak zioen "herrien arima" ikertzen zuen antropologiaren atala etnologia deitzen zela, antropologia izena gizakiaren alde fisikoaren ikerketari eskainiz.

Hala ere, definizio hauek egileen arabera desberdinak izan direla adieraztea beharrezkoa da. Adibidez, J.R. Llobera (1990) autoreak zera dio: "antropologia teorikoki gizakia bere ugaritasun fenomenikoan azaltzearen premiazko zeregina duen diziplina da".

Antropologia terminoak bi ahots grekotan du jatorria: anthropos (gizakia) eta logia (zientzia eta ikerketa).

Argumentu hauek jarraiki eta ideiak argitzeko asmoz era orokorrean esan dezakegu:

  1. Giza talde baten abesti, ohitura eta elementu inmaterialen multzoa. Folklorea.
  2. Elementu hauen ikerketa, arrazoi eta jatorrien bilaketa: etnologia.
  3. Talde baten (material edo inmateriala) mundu tradizional osoaren multzoa, bere ikerketa eta interpretazioa: etnografia.
  4. Bi talde edo gehiago aztertzen baditugu, edo eta elementu baten esanahia hainbat ethnos desberdinetan: antropologia.

Kontuan hartzekoa da gaiaren ulermena errazteko asmoz asko sinplifikatzen ari garela bera.

Antxon Aguirre Sorondo
2009