Ikertzaileak

Marcaide Osoro, Jon

Astrofisiko. Elgetan (Gipuzkoa) jaio zen, 1950ean.

1991tik, Astronomia eta Astrofisikako katedraduna da Valentziako Unibertsitatean, eta Ikerketa Irakaslea, Ikerketa Zientifikoen Kontseilu Gorenean.

Fisika ikasi zuen Zaragozako Unibertsitatean, Madrilgo Unibertsitate Konplutensean eta Edinburgoko eta St. Andrewseko unibertsitateetan. 1975ean lizentziatu zen, Zaragozan. Massachusetts Institute of Technology (MIT) delakoan doktoratu zen (Ph. D.). Lanbide-jarduera Max Planck Institut für Radioastronomie (Bonn) institutuan, Siemens AGren laborategi zentraletan (Munich) eta Andaluziako Astrofisika Institutuan garatu zuen.

NASAko aholkularia izan zen, 1983tik 1985era bitartean. Espainiako Astronomia Elkartearen sortzaileetako bat da; izan ere, elkarte horretako presidenteordea eta presidentea izan da. Valentziako Unibertsitateko Astronomia eta Astrofisika Saila sustatu zuen, eta lehen zuzendaria izan zen. Irakasle bisitaria izan zen Harvard-Smithsonian Center for Astrophysics zentroan, eta astronomo gonbidatua, Observatoire de Paris delakoan.

NATOko ASI/AWRen Advisory Paneletako kidea izan zen, eta European VLBI Program Committee batzordeko kidea, Europako Espazio Agentziako Very Low Frequency Array Science Team taldeko kidea, X Dibisioko kidea, International Astronomical Union elkarteko 40 Batzordeko kidea eta Europar Batasuneko zenbait batzordetako kidea. Udako eskolak zuzendu ditu Madrilgo Unibertsitate Konplutensean eta Euskal Herriko Unibertsitatean.

3 patente egin ditu, eta horietako bat Tolosako astronomia-parkean eta Donostiako Estelarioan erabili zen. 9 doktoretza-tesi zuzendu eta 180 artikulu argitaratu ditu nazioartean: ehun artikulu inguru aldizkari nagusietan (Nature, Science...), eta gainerakoa liburuetan eta batzarretako ekarpenetan.

Interferometria interkontinentaleko (VLBI) irrati-teknikan espezialista da, eta ekarpen aitzindariak eta funtsezkoak egin ditu, doitasun handiko irrati-astrometria diferentzialaren eta irrati-supernoben ikerketaren arloetan. Halaber, ekarpen aitzindariak eta nabarmenak egin ditu arlo hauetan: uhin milimetrikoen VLBI, grabitazio-leiarrak, 4C39.25 quasarrari buruzko ikerketa, galaxiaren zentroari buruzko ikerketa, etab.

20 hitzaldi gonbidatu baino gehiago eman ditu Europako eta AEBetako unibertsitate- eta ikerketa-zentro nagusietan. Supernoben eztandei buruzko munduko batzarrik handieneko eta Espainiako irrati-astronomiako lehen topaketako chairman-kidea izan da, bai eta, horren ondorioz, Proceedings liburuen editorekidea. El gran viaje de los inkokerones dibulgaziozko liburua egin du.

2004an, Euskadi Ikerketa Saria eman zioten.

2003ko otsailetik, Zientzia Zehatz, Fisiko eta Naturalen Errege Akademiako osoko kidea da.

Gaur egun, Valentziako Unibertsitateko Astronomia eta Astrofisika Sailean eta Astronomia Behatokian egiten du lan, eta elkarte hauetako kidea da: International Astronomical Union, American Astronomical Society, Espainiako Astronomia Elkartea eta Espainiako Fisika Elkartea.