Kontzeptua

Zuzenbide Estatua

Estatu orok Zuzenbidea dauka, sortzen du. Estatuaren teoriari jarraiki antolatutako indarrik ez badago ez dago estaturik, eta hala estatuaren antolamendua nola estatuaren boterea arau juridikoen bitartez, zuzenbidezko arauen bitartez, gauzatzen dira. Dena den, horrek ez du esan nahi estatu oro zuzenbidearen baitan dagoenik. Zuzenbide Estatua ez da estatuaren eta zuzenbidearen arteko batura; estatu oro ez da Zuzenbide Estatu. Zuzenbide Estatuaren kontzeptuak estatuaren ezaugarri jakin bat adierazten du, estatu askok ukan nahi dutena, baita nazioz azpiko erakunde batzuek ere. Europar Erkidegoetako Justizia Auzitegiak hastapenetik kontzeptua bereganatu zuen, agindu modura, Europar Erkidegoa "Zuzenbide Erkidego" bat zela adierazteko. Gerora Europar Batasuneko Zuzenbidean aldarrikatu denez "Askatasuna, demokrazia, giza eskubideen eta oinarrizko askatasunen errespetua eta zuzenbideko estatua dira Batasunak oinarri dituen printzipioak, eta printzipio horiek komunak dira Batasuneko estatuentzat" (Europar Batasunaren Itunaren 6.1 artikulua).

Sistema totalitario bat edo diktadura bat amaitzen denean eginkizun politiko nagusia Zuzenbide Estatu egiazkoa eta eraginkorra berrantolatzea edo, hala badagokio, eraikitzea da. instituzio, prozedura eta portaerazko jarraibide politikoz osatutako egitura bat, eskakizun etiko eta politiko nahiz juridiko eta formal jakin batzuei erantzuteko modukoa. Berez, Zuzenbide Estatua hedatu eta indartzea da nazioarteko erkidegoaren kezka nagusietako bat. Erdialdeko Europan eta Ekialdeko Europan bizi zen trantsizio politikoaren testuinguruan, 1990ean Zuzenbidearen bidezko Demokraziaren Europako Batzordea sortu zuen Europako Kontseiluak, "Veneziako Batzordea" izenez ere ezagutzen dena. Batzorde horren helburua estatuei instituzioen funtzionamendu demokratikoa bermatzeko garrantzitsuak diren legeen inguruan legezko aholkularitza ematea da. Lankidetza politiko eta juridikoaren esparru instituzional hori sendotu egin da eta beste gai batzuetara zabaldu da, esate baterako, konstituzioaren araberako justiziara eta hauteskundeen antolaketara. Halaber Europakoak ez diren estatuetara ere iritsi da. Gaur egun, Veneziako Batzordea 56 estatuk osatzen dute eta beste 8 estatuk behatzaile statusa dute.

Sarritan, Zuzenbide Estatuaren kontzeptuak ez du oso eduki zehatza diskurtso politiko eta filosofikoan, eta formula hutsal bilakatzeko arriskua dago: borondatearen arabera manipulatu daitekeena baina praktikoki erabilgarritasun urria duena. Nazioarteko esparru politiko eta juridikoan (ikus munduko konstituzioak) rule of law (hitzez hitz "legearen gobernu" esanahi duena) da erabiltzen den espresio baliokidea.