Kontzeptua

Autonomia Estatua (Estatu Motak)

XX. mendeko hirurogeita hamarreko hamarkadaren erdialdera Espainiako estatuan abiarazi zen demokratizazio politikoaren prozesua da Autonomia estatuaren sorreraren (Estatu formakoa) testuinguru historiko eta politikoa.

Europako testuinguruan (Portugal eta Greziak hirurogeita hamarreko hamarkadan eta Europa erdialdeko eta ekialdeko estatuek laurogeita hamarreko hamarkadan trantsizio-prozesuak bizi izan zituzten) demokratizazio-prozesu horrek hainbat berezitasun dauzka. Horietako bat, diktadura batetik demokrazia batera gauzatutako trantsizio-prozesu politiko baten eta lurralde barneko gatazken instituzionalizazioaren justaposizioa da.

Zalantzarik gabe inguruetako nazionalismoak eragin nabarmena izan zuen trantsizio-prozesu politikoan eta baita haren ondorioz sortu zen estatu eredua egituratzerakoan ere. Euskal Herriko eta Kataluniako indar politikoak funtsezko bultzada izan ziren lurraldeko egiturak eraldatzeari dagokionez. Euskal Herrian eta Katalunian soilik erabateko babesa ukan zuten sistema politiko autoritarioarekin hautsi nahi zutenek. Frankismoaren ondotik lurralde mailako gatazkak instituzionalizatu egin ziren eta, horrekin batera, erregimeneko erreformaren aldeko indarrak eta frankismoaren oposizio demokratikoa orekatu egin ziren. Estatuaren nazionalismo zentralista zen eskuin kontserbatzaileen eta autoritarioen ideologia nagusia. Horren aurrean bestelako proiektu autonomista, federal eta independentistak aurkezten zituzten nazionalismo etnikoak sortu ziren. Aurrez inguruetako nazionalismoetatik hartutako jarrera federal eta nazio anitzekoa zuen Espainiako ezkerrak Estatu-nazio tradizional baterako jauzi azkarra egin zuen, deszentralizazio politikoa eta nazionalitateen autonomia kulturala zilegitzen zituena.

Ezkerraren eta eskuinaren artean, erreformisten eta hausturaren aldekoen artean oreka gero eta handiagoa zen. Horrek ondorio nabariak izan zituen autonomiari dagokionez. Halaxe jaio zen "Autonomia estatu" izendatu zena. "Hitzartutako erreforma" delakoaren bidez estatua ulertzeko bi modu kontrajarri batzeko saiakera bitxia. Lurralde mailako hitzarmen horren ondorioz historikoki nagusitu zen Estatu-nazio unitario eta zentralista alde batera utzi eta nazio anitzeko federazioaren ideia alboratu egin zen; horixe zen, hain zuen, Espainiako ezkerreko zati baten eta inguruetako nazionalismoen helburuetako bat. Eskuineko blokea eta ezkerrekoa erreformari zegokionez ados jarri ostean, hitzarmenaren babes demokratiko nagusiaren alde egin zezaketen, nahiz eta Euskal Herriko eta Kataluniako indar politiko nazionalista eta aurrerakoiak Estatuaren egituraren erreforma zabalagoa nahi eta eskatu. Sistema politikoan aldaketa nabaria jazo bazen ere, inguruetako indar politikoek, prozesu hartan eta haren osteko ondorioan zituzten nahimen eta iguripenak ez ziren guztiz bete, eta diktadorea hil ostean nazionalitateen auziari behin betiko irtenbidea emateko oinarri sendoak finkatu ahal izateko aukera alferrik galdu izanaren kexu agertu ziren.

Autonomia estatua, estatu mota gisa, hiru indar-eremuren arteko justaposizioaren ondorioa da: zentralismoaren eta federalismoaren arteko liskarrak, homogeneotasunaren eta desberdintzearen artekoa, eta Espainia nazio bakar eta banaezin modura hautematen zuten eta Espainiaren ikuspegi nazio anitzekoa zutenen artekoa.