Lexikoa

Nafar gaita

dultzaina.

Pita, tutua eta tonua emateko eta aldaketarako zuloak dultzainak bezala dituen soinu-tresna. Kasu askotan, tutua behealdetik eta pita lotzen dituen mutur batean txapadun katea izaten dute. Dokumentu zaharretan ikus dezakegunez, aspaldidanik Euskal Herri osoan erabili da nafar gaita. Baina XX. mendearen hasieran atzerakada hasi zen eta oso gaitari gutxi geratu ziren, Lizarra aldean besterik ez ia-ia. Ondoren, han eta hemen, tresna bultzatzen ari diren talde berriak sortu dira. Gipuzkoa eta Bizkaian salbuespen gutxi izan ezik, gaiteroak musika ofizialetik urruti aritu badira ere, Araba eta Nafarroan gehienetan “musika-eskolako” musikariak izan dira, eta kasu askotan, banda edo orkestrako beste soinu-tresnaren bat ere jo dutenak. Inguru horretako herri eta hirietan entzuten da soinu-tresna honen hotsa festetako goiz-soinua ematen, erraldoi eta buruhandien konpartsak mugitzen, plazetan kontzertuak eta dantzarako musika eskaintzen... Antzinako errito edo ospakizunetako dantza askotan erabiltzen dela ere aipatu behar da.