Legelariak

Gómez Montoro, Ángel José

Errektorea. 1960an jaio zen. Zuzenbidean lizentziatu zen Madrilgo Unibertsitate Konplutensean, eta Zuzenbide Konstituzional eta Zientzia Politikoan diplomatu zen Ikasketa Konstituzionalen Zentroan. Unibertsitate Konplutenseko lizentziaturan, notarik altuena lortu zuen. Zuzenbideko doktorea da, Madrilgo Unibertsitate Autonomoan, aparteko saria lortuta. Madrilgo Unibertsitate Konplutensean eta Unibertsitate Autonomoan aritu da irakasle. 1992an, Unibertsitate Autonomoan, Zuzenbide Konstituzionaleko irakasle titularraren plaza lortu zuen, eta horrez gain, irakasleen dekano-ordea izan zen. Auzitegi Konstituzionaleko abokatua izan zen eta Zuzenbide Konstituzionaleko katedradun gisa gaitzeko probak gainditu zituen.

2001ean, Nafarroako Unibertsitatean sartu zen eta, gaur egun, unibertsitate horretako katedraduna da. Halaber, Zuzenbide Konstituzional saileko zuzendaria eta Zuzenbide Fakultateko dekano-ordea izan da. Nafarroako Parlamentuaren eta Nafarroako Unibertsitatearen arteko hitzarmen bidez sortutako Zuzenbide Parlamentarioko Ikasgelako zuzendaria da. 2005etik, Nafarroako Unibertsitateko errektorea da.

Kolonbiako Externado Unibertsitateko irakasle gonbidatua da. Hitzaldiak eta ikastaroak eman ditu Alemanian, Italian, Mexikon, Kolonbian eta Espainiako zenbait unibertsitate eta erakunde publikotan eta pribatutan. Espainiako Konstituzionalisten Elkarteko kidea da, eta Auzitegi Konstituzionaleko Abokatuen Elkartekoa eta Espainiako Alexander von Humboldt Elkartekoa. Zenbait aldizkari espezializatutako erredakzio-batzordeko kidea da.

2003an, Francisco Tomas y Valiente saria jaso zuen Asociación, Constitución, Ley liburuagatik. Sari hori bi urtean behin ematen dute Auzitegi Konstituzionalak eta Ikasketa Politiko eta Konstituzionalen Zentroak. Diputatuen Kongresuko, Hezkuntza eta Zientzia Ministerioko, eta Alemaniako Alexander von Humboldt Fundazioko bekaduna da. Izan ere, azken fundazio horren laguntzaz, egonaldiak egin ditu Alemaniako zenbait unibertsitatetan.

El conflicto entre órganos constitucionales (1992) eta Asociación, Constitución, Ley (2003) liburuak argitaratu ditu. La Reforma del Estado autonómico. Jornadas de Estudio sobre el Informe del Consejo de Estado (2007) delakoaren editorea da, eta M. Aragon Reyesekin batera, El Gobierno. Problemas constitucionales (2005) argitaratu du. Horrez gain, lau libururen egilekidea da. Hainbat lan argitaratu ditu hainbat egileren liburuetan eta Espainiako nahiz atzerriko aldizkari espezializatuetan.