Kontzeptua

Gaztaroa

Jokabide antolatua aztertzean, Bronislaw Malinowski antropologo funtzionalista ospetsuak erakunde mota unibertsalen zerrenda bat ezartzen du. Honako hauek sartzen ditu hor: familia, auzoa, sexu eta adin taldea, estigmatizatuak, boluntario edo elkar laguntzarako elkarteak, erakunde profesionalak, estamentu soziala, estratifikazio etnikoa eta kultur edo botere politikoaren testuingurua.

Pertsonak bizi-ziklo bat du adin-kategorietan zehar. Hona adin-kategoriak: jaiotza, haurtzaroa, nerabezaroa, gaztaroa, ezkontza, familia guraso, alargun, zahar eta hil edo arbaso. Kategoria batetik bestera igarotzeko, gainera, badira errito jakin batzuk. Bai ziklo horretan, bai errito horietan, banakoaren egokitze eta ez-egokitze batzuk ikusten dira etapa bakoitzeko gizarte eskaerekiko. Bestalde, urteko jai-garai guztietan zehar, adin talde bakoitzak baditu izendaturik eginkizun zehatz batzuk (jai-ekintzak, zeremoniak, erritoak...). Helburu zehatz bat dute guztiek, hots, ziklo kosmikoa berritzea edo birsortzea, guztiz beharrezkoa baita talde bizitzaren -edo are Naturaren beraren- jarraipen normalerako.

Atal honetan, adin taldeez ariko gara; gazte ezkongabeen edo gazteen elkarteez, zehazki. Talde informalak izaten ziren; berdinez osatuak eta erdi eratuak. Ia talde erabateko gisa aritzen ziren auzoaren edo udalerriaren esparruan.

Gaztaroan, talde-kontzientzia oso sendoa izaten da. Orduan, handitu egiten dira taldeetan aktiboki parte hartzea eta talde-leialtasun edo -batasuna. Adiskidetasunezko gazte talde horien ezaugarriak aldakorrak izaten dira, bai kideen kopuruan, bai haien kategoria fisikoetan nahiz sozialetan. Taldearen iraupenari dagokionez, permanentzia erlatibo bat gerta daiteke. Talde barruko harreman pertsonal sedentarioak ohikoak izaten dira. Taldeak ageriko helburu edo funtzio ugari ditu (josteta, adiskidetasuna, lankidetza...), eta funtzio estali batzuk (sozializazio informala). Sozializazio-prozesu hori bi eratara gertatzen da: norbere taldearen balioak eta idealak barneratuta, edo beste erreferentzia talde batenak hartuta. Prozesu horren bitartez, banakoak bere inguruneko balio soziokulturalak barneratzen edo bereganatzen ditu, eta, aldi berean, taldearen eta habitataren premietara egokitzen du bere nortasuna. Sozializazio-prozesu orok bitarteko sorta bat behar du, kideek gizartearen ohiturekin, arauekin eta balioekin bat egin dezaten. Kontrol sozialean daude oinarrituta horiek.

Gazte-elkarte horiek, beren aldetik, beren kideak sozializatzea zuten funtzio nagusi. Adinaren zikloan zehar, eta sexuka, poliki-poliki eratzen eta taxutzen dira gazteek etorkizuneko landa-gizartean edukiko dituzten funtzioak. Mutilak familian, gizartean eta lanean parte hartzeko prestatzen dituzte. Neskak, berriz, etxeko andrearen zereginetarako, haurrak hazteko zein hezteko, eta etxeko erlijio-eginkizunak zuzentzeko.

Gazte taldea, agerian, izaera sozialeko multzo bat da (jaiak antolatzen zituzten, gerta zitezkeen desbideratzeak kontrolatzen eta helduen kontrola eta aholkularitza jasotzen). Maila estalian, gazte taldeak beste kategoria batera igarotzea errazten du, hau da, ezkonduen kategoriara (bi sexuen arteko harremanez eta ezkontzez ari gara, beharrezkoak baitziren talde sozialarentzat, bereziki ezkontza emankorra).

Adin talde hori gizarte kontrolaz arduratzen da, eta talde sozialaren muga espazialak zaintzeaz edo zehazteaz. Gazte-elkarte horiek auzotasun oneko edo lehiazko harremanak ezartzen zituzten inguruko herrietako beste gazte talde batzuekin. Eta harreman onak, halaber, tokiko agintariekin edo herriko pertsona garrantzitsuekin.

Aurreko kasuan ikusi ahal izan dugunez, gazteak adin-talde kontzientziagatik biltzen ziren toki guztietan eta, bereziki, Euskal Herrian. Beren erakunde bereziak eratzen zituzten, eta zenbait eginkizun zeuzkaten (auzo, erlijio, jai eta harreman zereginak, erkidegoaren barruan eta kanpoan).

Gaiaz egindako ikerketa anitzek ideia nahiko osatua eskaintzen digute hizpide ditugun gazte elkarteen ezaugarriez, antolaketa-moduez, araudiez, funtzioez eta inguruneaz.

Gazte-elkarteek ohiturazko araudi bat errespetatzen zuten. Funtsean, honela zen osatua:

  • Eskubide eta betebehar jakin batzuk ziren, eta kide bakoitzak eta guztiek errespetatu behar zituzten.
  • Urtero sartzen ziren, nahita edo ez, kideak taldean, arrazoi ugariengatik (moralak, jokabidezkoak, arrazazkoak, geografikoak, etab.) baztertuak salbu.
  • Bazkideek kuota ordaintzen zuten, eta hainbat sistema erabiltzen ziren, taldearen gastu ugariak estaltzeko.
  • Onartze- eta izendatze-datak ezartzen ziren, eta hautagaiak aukeratzeko sistema erabakitzen zen.
  • Gazteen ordezkariak (maiordomoak, mutil nagusia, plaza-mutilak, etab.) izendatzen edo aukeratzen ziren, eta baita beste kargu batzuk ere.
  • Hautatutako kideen eskumenak eta zereginak erabakitzen ziren.
  • Talde barruan ezar zitezkeen zigorrak zehazten ziren.

Aipatu gazte-elkarteak (lagun artea, kintoak edo kintak, mutilak edo neskak, elkartea, mutil ardua, mutil koadrila, saragiak, eskotekoak, etab.) toki jakin bateko taldeak izan dira eta dira. Haztearen fase berezi batean dituzte kideak. Horregatik, halako izaera enigmatiko edo misteriotsu bat aitortzen zaie gizartearen barruan. Aipatu adin taldeei, gainera, autonomia edo askatasun handiagoa ametitzen zaie egiten dituzten ekitaldietan; adibidez, inaturietako ospakizun herrikoietan, Santa Ageda jai maitagarrian, San Joan bezperako eta eguneko ekitaldi magikoetan, herriko zaindariaren jai irrikatuetan, eta izaera informaleko edo jolaseko edozein jaitan (erromeriak, dantzaldiak, etab.).

Mende askoz, toki guztietan izan ziren gazte-elkarteak, eta aipatu ditugun ezaugarriak zituzten. 1770ean, eta Carlos III.aren erregealdian, kintoen sistema edo derrigorrezko soldadutza abiatu zen (zozketa bidez, herriko bost mutiletatik batek soldadutzara joan behar zuen). 1876an, Arabak, Bizkaiak eta Gipuzkoak (eta gero Nafarroak) Foruen ondorioak jasan zituzten. Cánovas del Castillok bultzatu zuen lege hura, Alfonso XII.aren erregealdian. Hor, Espainiako Armadan zerbitzatu beharra ezartzen da, tokiko ohiko ikuskapenen edo armen alardeen kaltetan. Bi kasuetan ere, erabakiak kritikak eta kontraesanak ekarri zituen.

Une horretatik aurrera, kintoen sistema edo errekrutatze-sistema berria gazte talde batekoa izate klasikoarekin hasten dira lotzen. Hortik sortzen da guztiok ezagutzen dugun ohitura bat, hau da, urte jakin bateko kide guztiak, mutilak zein neskak, halako kintokoak edo halako kintakoak jotzea. Hortik sortzen da, halaber, toki batzuetan erabiltzen duten soldadu izendapen bitxia edo zortziak izendapen txokokoagoa (beharbada, karten bidezko zozketa sistema klasikoekin lotua, eta bereziki txotarekin, infanteriaren sinbolo baita hori). Zortzi horrek gaztelerazko sorche hitzaren aldaera bitxia dirudi, zeinak errekluta edo soldadu esan nahi baitu.