Erakundeak

Nafarroako Gobernua

Nafarroako Foru Komunitateak, Konstituzioko 152.1 artikuluan aurreikusitako ereduaren arabera antolatu ditu bere autogobernurako erakundeak eta, ondorioz, konstituzioko artikulu hark jasotakoa bete beharra izan edo ez gainerako autonomia-erkidegoek egin dutenaren antzera antolatu ere erakunde horiek. Hain zuzen ere, 13/1982 Lege Organikoak, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzkoak (azken batean Nafarroako Foru Komunitatearen Autonomia Estatutuak, "Hobekuntza" delakoa), hiru erakunde aurreikusten ditu: Parlamentua edo Nafarroako Gorteak, Nafarroako Gobernua edo Foru Diputazioa, eta Nafarroako Gobernu edo Foru Diputazioko lehendakaria (NFEBHLOko 10. art.).

Hobekuntzak esapide eta kontzeptu ugari jasotzen ditu zertarako eta foru-erregimenaren jarraipena adierazteko asmoz (estatutuari eta komunitate politikoari berari emandako izena, jatorrizko eskubide historikoak, kontraforuari egindako aipamenak, eta abar). Ildo horretatik, autogobernurako erakundeei dagokienez ere, izen bikoitzak ematen ditu: Parlamentua edo Nafarroako Gorteak, Nafarroako Gobernua edo Foru Diputazioa. Alde batetik, "Nafarroako Gobernu" terminoak parlamentu-sistema modernoetako gobernu-erakunde karakteristikoa izendatzen du; bestetik, "Foru Diputazio" hitzak Nafarroan indarrean izan zen ordezkaritzako erakunde berezia izendatzen du, hain zuzen ere Nafarroak Erreinu izaera galdu eta Estatuko batasun konstituzionalean erabat txertatu ondoren jarri zena, toki izaera zuen erregimen ekonomiko eta administratibo bereziaren baitan sortua. Erakundearen, antolakuntzaren eta demokraziaren ikuspegietatik begiratuta, Nafarroako Gobernuak eta Parlamentuak ez dute zerikusi gehiegirik erakunde historikoak diren Foru Diputazioarekin eta Nafarroako Gorteekin. Hobekuntzaren testuaren zehar, izenik erabiliena "Foru Diputazioa" da: Konstituzioa eman aurretik toki-korporazio gisa jada existitzen baitzen Foru Diputazioa erakunde moduan. Ondoren emandako legediak, berriz, "Nafarroako Gobernu" izena erabiltzera jo du.

Hobekuntzak, beste autonomia-estatutuek bezala, ez ditu argi adierazten Nafarroako gobernu-organoaren inguruak eta funtzioak zein diren; zehazki, ondoren eman beharreko foru-legearen esku uzten ditu arautzea haren osaera, eskuduntzak, erregimen juridikoa eta funtzionamendua eta halaber kideen estatutua (NFEBHLOko 25. art.). Hobekuntzak aipatze bidez aurreikusitako legea den heinean, foru-lege hori onartzeko Nafarroako Parlamentuaren erabateko gehiengoa behar da (NFEBHLOko 20.2 art.).

Nafarroako Gobernuari buruzko lehen arauketa Foru Lege honek egin zuen: 23/1981 Foru Legeak, apirilaren 11koak, Foru Komunitateko Gobernua eta Administrazioa arautzeari buruzkoak. Haren ordez, gero, beste hau eman da: 14/2004 Foru Legea, abenduaren 3koa, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzkoa (NGFL). Ordutik, argi eta garbi bereizi dira, alde batetik, Nafarroako Gobernuaren arauketa (14/2004 Foru Legea) eta, bestetik, Foru Komunitateko Administrazioari buruzko arauketa (15/2004 Foru Legea). Hobekuntzako 25. artikuluan aurreikusitako gaiez aparte, interesgarriak diren beste kontu batzuk ere arautu ditu, hala nola, Parlamentua desegiteko Lehendakariaren ahalmena edo funtzioetan jarduten duen Gobernuaren egoera; baita ere izaera orokorreko xedapenak, lege-mailakoak edo erregelamendu-mailakoak, egiteko prozedurak: horien bitartez, organo exekutibo gorenaren bi ohiko funtzio burutuko dira, alegia, legeak egiteko ekimena eta erregelamenduak emateko eskumena.

Nafarroako Foru Komunitatean, azken buruan, estatutuak jasotako funtsezko organoa da Nafarroako Gobernua; berau, parlamentuan oinarritutako gobernu-sistema batean txertatzen da eta, beraz, botere politikorik nagusiena Nafarroako Parlamentua da, Nafarroako herria ordezkatzen duen bakarra baita (NFEBHLOko 11. art.). Nafarroako Gobernua 14/2004 Foru Legeko 2. artikuluaren arabera hau da: "Nafarroako Foru Komunitateko administrazioaren politika orokorra ezarri eta gidatzen duen kide anitzeko organoa da eta lehendakariaren agintearen eta zuzendaritzaren pean egiten du lan. Halaber, eginkizun hauek ditu: legegintzarako ekimena, betearazteko eginkizuna, erregelamendu-ahalmena, eta, Espainiako Konstituzioaren, Nafarroako foru eraentza berrezarri eta hobekuntzari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren eta foru lege honen arabera legez esleitzen zaion beste edozein eginkizun."